
Iruñeak Sexu eta Genero Aniztasunaren eta LGTBI+ Berdintasunaren lehen Plana egin du, eta agiri horrek berdintasunaren eta sentsibilizazioaren aldeko eta LGTBIfobiaren aurkako ekintzarako tresna izan nahi du datozen urteetan. 2028 denbora-muga gisa hartuta, plan hau Iruñeko Udalak sexu- eta genero-aniztasunaren zeharkako ikuskerari heltzeko ematen duen lehen urratsa da, udal-politiketan eragiteko, gizartea inplikatzeko eta LGTBI+ kolektiboak eta elkarteak ikusarazteko bidean.
Zaloa Basabe Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, Elian Peña Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zuzendariak eta Vanesa Eguíluz Berdintasuneko udal-teknikariak gaur goizean aurkeztu dute dokumentua; Tokiko Gobernu Batzarraren onespena du dagoeneko eta gaur arratsaldean bertan berretsiko du Osoko Bilkurak. Planak herritarren eta LGTBI+ kolektiboen mila ekarpen baino gehiago izan ditu, eta lau helburu orokor biltzen ditu: administrazio inklusiboa bermatzea; LGTBI+ entitateen eta pertsonen baliabideak indartzea eta haien ikusgarritasuna sustatzea; herritarren artean gizarte-aldaketa sustatzea; eta sexu-orientazioagatiko, genero-adierazpenagatiko eta sexu- eta genero-identitateagatiko diskriminazioa eta indarkeria ezabatzea. Horri beste 27 helburu estrategiko gehitu behar zaizkio. Horiek lortzeko, Udalak 109 ekintza diseinatu ditu.
Sexu eta Genero Aniztasunaren eta LGTBI+ Berdintasunaren Planak esku-hartzeko lau esparru ezarri ditu bere helburuak lortzeko. Alde batetik, udal-jardueran jartzen du arreta. Haren erantzukizuna da herritarren eta LGTBI+ biztanleriaren sexu-aniztasunaren beharrak eta interesak jasoko dituen administrazio inklusiboa bultzatu eta bermatzea. Helburu horrekin, Udalak udal-araudian sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia txertatzeko asmoa du, eta, horrez gain, LGTBI+ unitate bat sortzea udal-organigramaren barruan, eta prestakuntza-ibilbideak ezartzea bai langileei, bai Udalbatzari. LGTBI+ Udal Kontseilua sortzea ere proposatzen du, LGTBI+ pertsona eta entitateek parte hartzeko organo gisa.
Entitateak eta kolektiboak
Hain zuzen ere, planak jasotzen duen esku hartzeko beste esparru bat LGTBI+ pertsonak eta entitateak dira. Esparru horretan, haien ahalduntzea, parte-hartze soziala eta ikusgarritasuna sustatzea da helburua. Horretarako, hogei bat ekintza proposatzen ditu datozen bost urteetan gauzatzeko. Ekintza horien artean daude, besteak beste, Harrotu bultzatzea, Iruñeko LGTBI+ pertsonen eta baliabideen egoeraren mapa egitea, LGTBI+ pertsonen errealitateak eta beharrak ezagutzeko azterlanak eta diagnostikoak egitea eta sexu- eta genero-aniztasunari buruzko prestakuntza-moduluak garatzea. LGTBI+ gaietako kultura-ekintzak programatzea, data esanguratsuetan ekitaldi instituzionalak egitea eta hiriko LGTBI+ mugimenduaren genealogian oinarritutako kultura-erakusketa bat sortzea ere aurreikusten ditu.
Horrekin guztiarekin batera, informazio-kanpainak eginen dira osasuna zein arrisku-jokabideen prebentzioa sustatzeko, LGTBI+ pertsonei eta kolektiboei laguntzeko sareak sortzeko eta kolektibo horiei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egiteko, hirian LGTBI+ programak antola ditzaten.
Aldaketa sozialerantz
Herritar guztiei dagokienez –planaren beste ekintza-esparruetako bat da hori–, Udalak sentsibilizazioaren bidez gizarte-aldaketa sustatzearen aldeko apustua egin nahi du, sexu- eta genero-aniztasuna eta errespetua berezko baliotzat har daitezen. Hori lortzeko, Sexu eta Genero Aniztasunaren eta LGTBI+ Berdintasunaren lehen Planak herritar guztiei zuzendutako berrogeita hamar ekintza inguru biltzen ditu. Jarduera horiek hezkidetza, kirol-jarduera, jaietako jarduerak, aisialdiko jarduerak eta denbora libreko jarduerak izanen dituzte ardatz, baina, era berean, arreta jarriko dute adineko LGTBI+ zein desgaitasunen bat duten LGTBI+ pertsonen inklusioan eta sentsibilizazioan.
Hori horrela, sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazio-gune espezifikoak prestatuko dira, sentsibilizatzeko eta ikusarazteko kanpainak eginen dira, eta kiroleko eta aisialdi-guneetako LGTBIfobiari buruzko azterlanak eginen dira. Material pedagogikoa argitaratuko da, kirol arloan LGTBI+ erreferenteak ikusarazteko kanpainak eginen dira eta kolektibo horiek Sanferminetako Mahaian parte hartzea sustatuko da.
Planaren beste apustuetako bat da sexu-afektibitate berdintasuna sustatzeko eta LGTBIfobia prebenitzeko sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea hiria garatzen ari den hezkidetza-ereduan. Ildo horretan, programa espezifikoak sortuko dira hiriko guraso eta Gurasoen Elkarteendako, eta prestakuntza-curriculum bat lantegi-eskoletarako. Horiez gain, haur eta gazteendako programak ere eginen dira, eta LGTBI+ nerabeen eta gazteen harremanetarako eta topaketarako guneak prestatuko dira. Era berean, diskriminazioaren aurka borrokatzeko akordioak eginen dira.
Planean jasotako azken ekintza-esparrua LGTBIfobiarik gabeko hiria lortzea da, eta horretarako, sexu-orientazioagatiko, genero-adierazpenagatiko eta sexu- eta genero-identitateagatiko diskriminazioa eta indarkeriak ezabatzea. Azken batean, hiri aske, seguru eta anitza lortzea da helburua. Horretarako, informazioko eta sentsibilizazioko 21 ekintza finkatu ditu, eta LGTBIfobia kasuetarako salaketa- eta laguntza-mekanismoak indartuko dira. Segurtasun-politikek eta Udaltzaingoak berak salaketen eta LGTBIfobia kasuen aurrean duten erantzuna ere hobetuko da.
Herritarrek 1.100 ekarpen baino gehiago egin dizkiote plan berriari
Plana orain egin da, eta horretarako 2021ean egindako parte-hartze prozesu batean lortutako datuak eta pertzepzioak eguneratu dira. Orduan, metodologia ezarri ondoren, 80 ekarpen inguru lortu ziren online galdetegien, hamabost bat elkarrizketa sakon, hogeita hamar bat gizarte-ordezkariren eta lau lantegi tematikoren bidez. Horrekin guztiarekin, Iruñeko Udalak planari ekiteko txosten bat osatu zuen.
Hala ere, hiru urte geroago beharrezkotzat jo da plana arau-aldaketetara egokitzea, modu parte-hartzailean kontrastatzea, baliozkotzea eta azken onarpena eman aurretik jendaurrean aurkeztea. Horretarako, parte hartzeko prozesu berri bat egin da aurtengo lehen hilabeteetan. Guztira, 1.179 ekarpen egin dira online, eta kontraste-jardunaldi bat ere egin da, LGTBI+ entitateetako eta entitate sozialetako 19 ordezkariren laguntzarekin. Erabaki Iruña udal webgunearen bidez jasotako parte-hartze erregistrorik onenetako bat izan da parte-hartze honetan. Horren guztiaren emaitza da plan hau, Udalak arlo horretan egiten duen lehena.
SEXU- ETA GENERO-ANIZTASUNAREN ETA LGTBI+ BERDINTASUNAREN I. UDAL PLANA
Denbora-eremua: 2024tik 2028ra
Jarduketa-esparruak
- Iruñeko Udala: Udal-administrazio inklusiboa bultzatzea eta bermatzea, Iruñeko herritarren eta LGTBI+ biztanleen sexu-aniztasunaren beharrak eta interesak jaso eta horiei erantzuteko.
- LGTBI+ pertsonak eta entitateak: Hiriko LGTBI+ pertsonen eta entitateen baliabide pertsonalak eta sozialak indartzea, eta horien ikusgaitasuna sustatu eta gizarte-partaidetza bultzatzea.
- Herritarrak: Aldaketa sozial bat sustatzea herritarrek sexu- eta genero-aniztasuna balio propiotzat har dezaten, baita LGTBI+ eskubideen errespetua eta sustapena ere.
- LGTBIfobia: Sexu-orientazioagatiko, genero-adierazpenagatiko eta sexu- eta genero-identitateagatiko diskriminazioa eta indarkeriak ezabatzea, eta Iruña hiri aske, seguru eta askotarikoa izateko baldintzak sortzea.
Ehun ekintzatik gora
- 16 ekintza Iruñeko Udalean bertan gauzatzeko
- 22 ekintza LGTBI+ pertsonak eta entitateak ahalduntzeko
- 50 ekintza herritarrei zuzenduak
- 21 ekintza LGTBIfobiarik gabeko hiria erdiesteari begira