Keinu horren bidez, Iruñeak gaurtik aurrera bat egiten du 1978ko Konstituzioari eskainitako plaza duten Espainiako hiriekin. Baluarte Biltzar Jauregia eta Auditoriouma kokatuta dagoen oinezkoendako plazak gaur goizean estreinatu du Konstituzio plaza izendapena, Konstituzioari eta ‘Trantsizioaren espiritua’ delakoari omenaldia eta aintzatespena egiteko. Iruñeak berriz ere Konstituzio plaza bat du; izan ere, XIX. mendeko aldi batzuetan Gazteluko plazak izen hori hartu zuen.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Udalbatzako hainbat kidek hartu dute parte gaur goizean ‘Konstituzio plaza’ izena daraman plaka estalgabetzeko ekitaldian. Plaka Baluartek txarteldegi gisa eta sarrerak saltzeko erabiltzen duen edikuluan jarri da. Eduargo López-Dóriga ideia hori sustatu duen Nafarroako Gizarte Zibila erakundeko lehendakariak ere parte hartu du. Alkateak ‘Trantsizioaren espiritu’ hura gogora ekarri du, eta esan du: "Espainia Konstituzio batez hornitu zen, ezberdinen arteko elkarbizitza babestu zuen eta babesten jarraitzen duena eta, batez ere, herritar guztien eskubide eta askatasunak babesten dituena”.
Ekitaldira bertaratu dira, besteak beste, Javier Remírez Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, José Luís Arasti Gobernuaren ordezkaria Nafarroan eta Estatuak Nafarroan dituen segurtasun-kidego zein indarren ordezkariak, Juan Carlos Zapico foruzainburua, José María Borja Nafarroako Polizia Nazionaleko buru nagusia, José Santiago Guardia Zibilaren koronel burua Nafarroan, Francisco Germán Martínez Lozano komandante militarra eta Javier Goya Iruñeko udaltzainburua.
Izen hori emateko ekimena Nafarroako Gizarte Zibila elkarteak abiatu zuen, zeinak Udalari proposatu baitzion izen hori oraindik izenik ez zuen gune baterako. Izendapen hori berreskuratuz, herrialdean elkarbizitza mantendu eta herritarren eskubide eta askatasunak babesteko legeen lege bat lortzeko ‘Trantsizio Demokratikoa’ deiturikoan gizarteak egindako ahalegina irudikatzen da. Hainbat hirik, hala nola, Madrilek, Sevillak, A Coruñak, Valentziak, Zaragozak, Logroñok, Valladolidek, Toledok, Donostiak, Vigok, Jaének, Málagak, Cádizek, Almeríak, Albacetek eta Ceutak, 1978ko Espainiako Konstituzioaren omenezko plaza edo kale bat dute.