FITUR Nazioarteko Turismo Azoka Madrilen eginen da bihartik aurrera (asteazkena) eta maiatzaren 23ra arte (igandea). Iruñeak ostegunean aurkeztuko du bere proposamen turistikoa bi saiotan, bata aurrez aurrekoa IFEMAko esparruan Ultreia –Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroari buruzkoa, Xakobeo Urtearekin bat, eta bestea birtualki, zeinetan teknologia berriak ondarearekin eta aisialdiarekin uztartzen baitira mota orotako publikoari zuzendutako harresietako ihes-joko interaktiboaren bidez.
Biak proposamen berritzaile, irisgarri eta seguruak dira COVID-19aren pandemiaren ondorioek markatutako urte batean. Pandemiak datozen aste eta hilabeteetan izanen duen bilakaerak zehaztuko du, halaber, turismo- eta kultura-eskaintza zabalago eta zehatzagoa antolatu daitekeen, adibidez, udara begira. Hala Ultreia zentroak nola harresietako ihes-jokoak faktore esperimentala dute, bizipenei lotutakoa, bikoteka, taldeka edo familiartean erronkak partekatzekoa, baita azken belaunaldiko osagai teknologiko bat ere, Iruña bere ondarearen eta historiaren bitartez ezagutzeko.
Carmen Alba Turismoko zinegotzi berezia eta Silvia Azpilicueta Merkataritza eta Turismoko zuzendaria izanen dira Iruñeko Udalaren ordezkari instituzionalak Nazioarteko Turismo Azoka honetan. Agendak barne hartzen du RENFErekin lan-bilerak egitea urteko lankidetza-hitzarmena amaitzeko eta beste hiri batzuekin topaketak izatea balizko lankidetza turistikoak egiteko, Donejakue bideari lotutakoak edo besterik gabe hurbileko tokiekin mugikortasun arinagoa sustatu eta, horren ondorioz, bisitari gehiago izateko. Iruña Nafarroako Gobernuak Nazioarteko Turismo Azoka honetarako diseinatu duen standean izanen da.
Ultreia: Donejakue Bidearen Zentro fisiko eta birtuala
Ultreia – Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa, 2019an abiatu zen Donejakue bidea eta hark Iruñearekin duen lotura teknologia berrien bitartez hurbiltzeko xedez . Jacob@ccess proiektu europarraren bidez finantzatua, aurten Kale Nagusiko espazio fisikoa eta www.pamplona.es/caminodesantiago webguneko eta https://blogcaminodesantiago blogeko espazio birtuala uztartzen dituen kontzeptu bat estreinatuko du.
Ultreia erreferentziazko gune bilakatu da Donejakue bideak ekarrita hiria bisitatzen duten erromes eta turistei ongietorria egin eta informazioa emateko. Iruñeak bere burua Frantziako 'Bidearen lehen hiri' gisa sustatu du, hainbat aukera dituen erromesbide baten unibertsaltasuna ahaztu gabe, zeinak interpretazio-zentroan ere ikusgai baitaude. Ultreiak 45 minutuko bisita eskaintzen du, eta horri esker, ibilbidea egiten duena murgilduko da hala Donejakue bidearen historian nola Iruñearen konfigurazioan eta bilakaeran duen garrantzian. Bisita gaztelerazko, euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko audiogida-sistema bidez egin daiteke.
Jacob@ccess ekimenak xede du mugaz gaindiko sare bat sortzea Donejakue bideak igarotzen dituen lurraldeetako kultura eta ondarea irisgarriak izan daitezen desgaitasunen bat dutenentzat. Horregatik, Ultreia zentro irisgarria da, eta hainbat baliabide ditu hura bisitatu nahi eta desgaitasunen bat duen ororen eskura (seinale podotaktilak, orientazio beaconak, bideoak azpitituluekin, arrapalak, ukipen-pantailak ikusmen-desgaitasuna dutenendako...).
Iruñeko udalak Xakobeo Urtearekin lotutako proposamenak batu ditu “Bidea etxean hasten da. Bidea zugan hasten da” lemapean. Haietan Iruñeko Hotelen Elkarteak ere laguntzen du erromes eta turistei zuzendutako hainbat tarifa eta zerbitzu berezirekin.
Gamifikazioa harresiak, historia eta aisialdia uztartzeko
“Ihesaldia harresietan: Iruñearen blokeoa” joko interaktibo bat da eta, besteak beste, bilaketa eta logika probak eta ukipen-igarkizunak gainditzean datza, gailu mugikorra erabilita. Gamifikazioaren bidez ondarea interpretatzeko proposamen bat da, eta erabiltzailearekin hartu-emanak izatea eta ikaskuntza ahalbidetzen ditu. Jokoa 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta ezin hobea da bikoteka, taldeka edo familiartean jolasteko 7 urtetik gorako haurrekin.
Ihesaldia benetako gertakari batean oinarrituta dago, armada karlistak Iruña blokeatu zuenekoa 1874ko irailetik 1875eko otsailera bitartean, eta hiriko pertsonaia historikoek kontatzen dute. San Bartolome gotorlekuan hasi eta Iruñeko harresietako hainbat gune igarotzen ditu. Aipatzekoa da haren estetika, ilustrazio, argazki eta grabatuak, historia azpimarratu eta kontakizunean sakontzen dutenak. Jokalariei ikuspegi berriak eskaintzen zaizkie 360º aireko argazki eta bideoei, 3D irudiei eta ikus-entzunezko baliabideei esker.
Jokoaren helburua harresiak herritarrei eta turistei hurbiltzea da, Iruñearen garapenean eta egungo konfigurazioan duten garrantzia ezagutu eta uler dezaten, baita gertakari historiko garrantzitsuak ezagutaraztea ere. Informazio guztia https://escapemurallas.es webgunean eskura dago.