Iruñeko Udalak bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua handituko du beste 40 geltoki instalatuta eta 400 bizikleta erosita, zeinak egun eskuragarri dauden 62 geltokiei eta 640 bizikletei gehituko baitzaizkie. Zerbitzuaren hedapenak xede du hiriko auzo guztiei eta gehien erabiltzen diren abiapuntu- eta helmuga-tokiei zerbitzu ematea, barne hartuta sistema ondoko udalerrietara ere zabaltzea, garraiobide jasangarri horren erabilera sustatze aldera.
Tokiko Gobernu Batzarrak geltokien eta bizikleten hornidura Ride On enpresari adjudikatzea adostu du, 847.000 euroan. Hori bai, hornidura epeka eginen da, eta 2028ko maiatzaren 30ean amaituko da. Gainera, enpresa adjudikaziodunak bi urteko berme-epea eskaintzen du unitate kudeatzaileak 40 geltokiak eta 400 bizikletak modu egokian mihiztatu, muntatu eta martxan jarri direla egiaztatzen duenetik aurrera.
Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotziak eta Alexia Canto Álvarez Mugikortasun Zerbitzuko arduradunak prentsaurrekoan eman dute bizikleta elektrikoak hiriko auzo guztietara zabaldu eta hedatzeko helburuaren berri; gainera, Iruñerriko Hiri Garraioaren esparruan txertatuta dauden beste tokiko entitateetan jarriko da martxan zerbitzua. Zerbitzua hedatzeko proposamena urriaren 24an aurkeztu zitzaien Iruñerriko 16 Udalei, eta EMT (Empresa Municipal de Transportes de Madrid) enpresak Iruñerriko Mankomunitatearen enkarguz egindako azterketa bat du oinarri tekniko gisa. Iruñerriko Mankomunitateak bi agertoki posible planteatu zituen azterketa horretan. Alde batetik, egun Iruñean dauden geltokiak gutxitzea beste udalerri batzuetan banatzeko. Eta, bestetik, geltoki kopurua handitzea, bai Iruñean bai gainerako udalerrietan.
Iruñeko Udalaren ustez, dagoeneko instalatutako geltokiak gutxitzeko aukera ez da bideragarria, herritarren eskaera handia dela eta. Hori dela eta, Iruñerriko Udalek eskatutako hedapenarekin bat, Udalak geltoki eta bizikleta berrien hornidura lizitatu eta adjudikatu dio Ride On enpresari, egungo sistemarekin bateragarria izan zedin. Hain zuzen ere, 2024an zerbitzua azken aldiz handitu zenean Europako Next Generation EU funtsekin gauzatu zen, eta sistema gutxienez bost urtez martxan edukitzeko baldintza eskatzen zuten. Horregatik, aukera bideragarriena egungo hornitzailea mantentzea zen, teknologia bera erabilita eta egungo sistemaren erabateko bateragarritasuna bermatuta.
Abonua dutenendako tarifak
Zerbitzua handitzeko kontratua adjudikatzearekin batera, Iruñeko Udalak egun abonatuak direnendako eta abonatu berriendako deskontuen kanpaina bat jarri du abian. Hala, azaroaren 17an urteko abonua zutenek sei hilabete izanen dituzte doan. ‘Eskerrik asko’ izeneko kanpainaren xedea hauxe da: gorabeherak gertatu arren, azken urtean sisteman abonatuta egon diren pertsona guztiei eskerrak ematea.
Udalaren kalkuluen arabera, 3.160 lagun izaten ahalko dira kanpaina horren onuradun, eta horretarako, 55.317 euroko aurrekontua gaitu da. Fidelizazio-kanpaina hori bat dator bizikleta elektrikoen zerbitzuaren egoera hoberenarekin: 2021ean martxan jarri zenetik, inoiz baino bidaia gehiago egiten ari dira une honetan. Urrian, hain zuzen, 87.000 joan-etorri baino gehiago egin ziren, eta horietatik % 60 urteko abonuak zituzten erabiltzaileek egin zituzten.
Bestalde, abonatu berriak erakartzeko xedez, ‘Batuz’ kanpaina sortu da, eta urtean 500 abonu egitea aurreikusten da, kostuaren %50ean, hau da, 17,5 euroan; gainera, bost euro izanen dituzte abonatu berriek diru-zorroan, opari gisa, eta, sistemaren erabiltzailea bazara, plana erostean automatikoki abonatuko dira. Alta emanda ez izanez gero, 5 euroko gutxieneko karga ordaindu behar da promozioa aplikatu ahal izateko. Eskaintza abenduaren 31ra arte edo 500 abonuak amaitzen diren arte dago indarrean. Udalak 11.350 euro gastatzea aurreikusten du abonatuak erakartzeko kanpainan.
Abonu berrien kanpainak Garraioko eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren finantzaketa du, bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoak sustatzeko zuzeneko dirulaguntzen deialdiaren esparruan.
Ezaugarri teknikoak
Gaur egun, Iruñeko bizikleta elektriko partekatuko sistemak 62 geltoki ditu hainbat auzotan banatuta. Bakoitzak, oro har, 20 edo 24 ainguraleku ditu, eta, hori dela eta, oinarri berriak erdibana banatuko direla aurreikusten da. Bestalde, 400 bizikleta berriak eskuragarri dauden 640ei gehituko zaizkie. Bizikleta guztiek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte: 25 km orduko gehieneko abiaduran mugitzeko ahalmena, GPS integratua eta bandalismo-proba ziurtatuei aurre egiteko material antikorrosiboez eginak egotea.
Bizikletek 23,9 kilo pisatzen dute, eta grabitate-puntu baxua eta erdiratua dute, egonkortasun eta erraz maniobratzeko gaitasun handiagoa izan dezaten. Bateria erdian, aulkiaren azpiko konpartimentu baten barruan, kokatua egoteak, halaber, bizikletak egonkortasun eta erraz maniobratzeko gaitasun handia izatea eragiten du. Bizikletaren motorra aurreko gurpilean txertatuta egonen da. Pedalak metalezkoak dira, plastikozko estaldura dute, eta gurpilek 26 cm-ko diametroa dute, bi elementuek islatzaileak izanen dituzte, bizikletaren ikusgaitasuna handitze aldera.
Bizikletak eta geltokiak unitate kudeatzaileak adierazitako udal-biltegian mihiztatu beharko dira, hornidura jasotzeko. Esleipenduna arduratuko da elementu guztiak garraiatzeaz, bai udal-biltegira, bai, ondoren, geltokien behin betiko kokapenera. Garraio-gastuak elementu bakoitzaren prezioan txertatuta daude.
Interes publikoko arrazoiengatik, bizikleta partekatuak alokatzeko zerbitzua Ride On enpresak ematen du, eta horrek sor ditzakeen galerak konpentsatzen dira, Iruñeko Udalak zuzenean edo zeharka haren kudeaketa bere gain hartu arte. Egun, zerbitzua 60.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute, eta milioi bat joan-etorritik gora egin dira.
DESKONTUAK URTEKO ABONUETAN
‘Eskerrik asko’ kanpaina
o 2025eko azaroaren 17an urteko abonua dutenendako
o Sei hilabete doan
‘Batuz’ kanpaina
o Urteko abonatu berriak
o % 50eko deskontua tarifan eta 5 euro doan diru-zorroan
o Abonatu berriendako sustapen esklusiboa. ‘Erabili eta ordaindu’ plana aktibatuta izanez gero, aurrez utzi behar da bertan behera plan berria erosi ahal izateko.
o Deskontua lehen urtean soilik izanen da balioduna, eta plana ez da automatikoki berrituko.