Iruñaldia jaialdiaren hirugarren edizioan, euskarazko kultura garaikidearen inguruko hamar bat hitzordu antolatu dira azaroaren 5etik 14ra bitarte

Iruñaldia jaialdiaren hirugarren edizioan, euskarazko kultura garaikidearen inguruko hamar bat hitzordu antolatu dira azaroaren 5etik 14ra bitarte
Musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza eta performanceak antolatu dira ‘Euskarak edertzen du Iruñea’ lelopean
Irudia
Irudia
Irudia

Hirugarren urtez jarraian, Iruñeko Udalak Iruñaldia jaialdia antolatu du Loraldiarekin elkarlanean, hirian euskarazko kultura garaikideari protagonismoa emateko xedez. Azaroaren 5etik 14ra, jaialdiak hamar hitzordu barne hartuko ditu musikaren, dantzaren, antzerkiaren literaturaren, bertsolaritzaren eta performance artistikoaren inguruan, hamar bat kokagunetan. 

Maider Beloki Unzu Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak xehe-xehe azaldu du aurtengo edizioa, zeinak Euskarak edertzen du Iruñea baitu izenburu. Harekin batera, ekitaldiaren babesleen ordezkariak izan dira: Javier Arakama Urtiaga Euskarabideko zuzendari kudeatzailea eta Maitane Bueno Zabalza Nafarroako Laboral Kutxaren burua; Imanol Agirre ere bertan izan da, Loraldiko programazio artistikoaren arduraduna baita. 

Aipatutako lelo horrekin bat, Iruñaldiak hamar kultur hitzordu proposatzen ditu Iruñeko erdigunean, herritarrei euskarazko sorkuntzen aniztasuna, kalitatea eta egunerokotasuna hurbiltzeko. Izan ere, jaialdia euskaldunei dago zuzenduta, baina baita euskara atsegin dutenei eta hizkuntza guztiz menperatu ez arren euskal kulturako kalitatezko proposamenez gozatu eta horiek ezagutu nahi dituztenei ere. Horientzat guztientzat, diziplina anitzeko programazio bat antolatu da, honako hauek barne hartuta: dantza, gastronomia, umorezko bakarrizketak eta kontzertuak, artista gazteen eta erreferentziazko sortzaileen eskutik; hala, tradizioaren eta abangoardiaren arteko elkarrizketa sortzen da.

Proposamenak hamar kokagune hauetan eginen dira: Pompelo Civivoxean eta Kondestable Civivoxean, Udaletxe plazan, Gayarre antzokian, Laban, Katakraken, Geltokin, Karrikirin, Nafarroako Antzerki Eskolan eta Euskalerria Irratian.

Hasteko, bideo mapping-a eta literatura
Iruñaldia azaroaren 5ean jarriko da abian, Euskalerria Irratian: bideo DJen eta bideo mappingaren inguruko hitzaldi bat eta proiekzioak eskainiko dira. Hitzordu horretan, Iker Oiz eta Martintxo Etxauri Txo, Ana Ventana Arsenyke eta Adriana Urmeneta arituko dira, eta erakustaldiak eginen dituzte zuzenean, ikus-entzunezko sorkuntza-lan digitalak eta Nafarroan emakumezko DJ euskaldunek duten papera uztartuta. Egun horretan bertan, Irati Jimenezek Gau-pasa Kluba aurkeztuko du Katakraken, literatura eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen proposamena.

Hurrengo egunetan, askotariko hitzorduak: Geltokin, umore-bakarrizketa eta dastaketa-esperientzia Ane Lindane-ren eskutik; Pompelo Civivoxean, Marie de Jongh konpainiaren Amour antzezlana; Nafarroako Antzerki Eskolan, Galbahe taldearen poesia- eta musika-proposamena; Laban, Olatz Salvador-en eta Alaia Martin-en 1.1 Eskala; Kondestable Civivoxean, Musika Bulegoaren erakusketari emanen zaio hasiera; Karrikirin, Maddi Etxeberriaren eta Txomin Hegi-ren Amaitasuna; Gayarre antzokian, Nogenen kontzertua, taldearen X. urteurrenaren karietara; Udaletxe plazan, kaleko dantza Kresala Dantza Taldearen eskutik; eta Pompelo Civivoxean, Lur izeneko kontzertua Maddi Oihenart-en y Juantxo Zeberioren eskutik.

Programazio osoa Iruñaldiaren webgunean kontsultatzen ahal da. Webgune horretan bertan sarrerak egonen dira eskuragarri, baita bide hauen bitartez ere: Iruña Kultura da webgunean, Civivox sarean egiten diren jardueretarako; eta aurrez aurre Nafarroako Antzerki Eskolan eta Gayarre antzokian, bi gune horietan egiten diren ekitaldi guztietarako sarrerak erosteko. Jaialdiko ekitaldietako batzuk doan izanen dira, eta ‘Lorazainek’ prezio bereziak izanen dituzte ordainpeko ekitaldietan.

Iruñaldia Iruñeko Udalaren eta Loraldiaren arteko lankidetzari esker sortu zen. Aurtengo edizioan, Euskarabidea, Nafarroako Gobernua eta Laboral Kutxa dira babesleak. Gainera, NAIZ ari da jaialdiarekin elkarlanean, baita Iruñean euskararen eta kulturaren alde diharduten eragile hauek ere: Euskalerria Irratia, Katakrak, Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topagunea, Laba eta Geltoki.


2026KO IRUÑALDIA. AZAROAK 5–14

  • Azaroak 5, osteguna

    • DJ festa, musika eta irudia jauzika, Iker Oiz eta Martintxo Etxauri Txo, Ana Ventana Arsenyke eta Adriana Urmeneta. Euskalerria Irratian, 19:00etan. Doan 

    • Gau-pasa Kluba, Irati Jimenez. Katakraken, 20:00etan. Doan

  • Azaroak 6, ostirala

    • Umore-bakarrizketa eta dastaketa-esperientzia, Ane Lindane. Geltokin, 20:30ean. Prezioa: 25 euro

  • Azaroak 7, larunbata

    • Amour, Marie de Jongh. Familia-antzerkia. Pompelo Civivoxean, 19:00etan. Prezioak: 10 eta 8 euro

  • Azaroak 8, igandea

    • Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko, Gotzon Barandiaranen Galbahea liburuaren inguruko poesia eta musika. Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Prezioak: 10 eta 8 euro 

  • Azaroak 10, asteartea

    • 1:1 Eskala, musika eta bertsolaritza Olatz Salvadorren eta Alaia Martinen eskutik. Laban, 19:30ean. Prezioak: 10 eta 8 euro 

  • Azaroak 12, osteguna

    • Amaitasunaren lorratzak, musika eta poesia Maddi Etxeberriaren eta Txomin Hegiren eskutik. Karrikirin, 19:30ean. Prezioak: 10 eta 8 euro

  • Azaroak 13, ostirala

    • Nogen. 10. urteurrena kontzertua. Gayarre antzokian, 20:00etan. Prezioak: 15 eta 12 euro 

  • Azaroak 14, larunbata

    • Aztarnak. Mihise gaineko dantza, Kresala Dantza Taldearen performancea. Udaletxe plazan, 12:30ean. Doan

    • Lur kontzertua, Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio. Pompelo Civivoxean, 19:30ean Prezioak: 10 eta 8 euro 

¿Te ha sido útil esta página?