
Eremu andeatua izatetik ibai-erreserba izatera; Barañaingo mugan, jarduerarik gabeko, sarbide zaileko eta irteerarik gabeko zoko bat izatetik, oinez ibiltzeko eta aisialdirako espazio jasangarri eta berde izatera. Iruñeko Udalak Ilundaindarren errotaren ingurua suspertuko du, eta balioa emanen dio ekologiari eta ingurumenari dagokienez. Jarduketa-proposamenak uholde-eremu zabala berreskuratuko du ibaiarentzat eta ibaiaren dinamiketarako, eta horiez gain, berdeguneak, ibilbide didaktikoak eta habitat natural berriak sortuko ditu.
Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak eta Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak jarduketa bat aurkeztu dute; ostegunean emanen dute horren berri Kondestablen, herritarren parte-hartzeari irekitako jardunaldi batean. Proiektuaren arabera, Ilundaindarren Errotako ibai-erreserba Arga ibaiaren ezkerreko ertzeko gunean eginen da, Landabengo zubiaren eta Barañaingo udalerriarekin muga egiten duen erriparen artean.
Jarduketaren helburua da ingurumena berroneratzea garai bateko nekazaritza-jarduerak Ilundaindarren errotaren ondare-multzoaren inguruko eremua eraldatu eta andeatu zuen gunean. Garai hartan egin ziren betelanek gaur egun lurzatiaren uholde-arriskua eragozten dute , eta mugatu egiten dute ekosistema-gune gisa duen ahalmena. Harri-lubetak eta betegarriak kenduta, uraldietan ura sartzea ahalbidetuko duen topografia berri bat eratuko da. Hainbat motatako inguruneak izanen dituen gune bat egokitu nahi da, baso-landare autoktonoak landatzeko, eta horrela, ibaiarendako eta bertako faunarendako ibai-habitata berroneratu eta handitzeko. Horrela, Arga ibaiak eremu horretan duen dinamika naturalerako uholde-eremu zabal bat berreskuratuko da.
Jarduketa horiekin batera, ibilbide bat eginen da, ibai-pasealekuari segida eman eta zenbait interesgune edo mugarri lotzeko (ingurumenekoak, ondarekoak, erabilera publikokoak), herritarrak sentsibilizatzeko eta bertara hurbildu eta ezagutu dezaten. Azken batean, Arga ibaiaren inguruko eremu hori eraldatu nahi da, ibai-ibilguak hiri-bilbearen eta ekosistema naturalaren arteko elkargune gisa erabiliz, eta, aldi berean, azpiegitura berdeak eta urdinak sustatu nahi dira hiri-espazio baten ardatz egituratzaile gisa.
XVI. Mendeko errota eta ubidea
Berroneratze esku-hartze horrekin batera, herritarrak oinez ibiltzeko moduko espazioak egokituko dira, eta, horiekin batera, eremuaren potentzial ekologikoa eta ondare arkitektonikoa interpretatzeko aukera ematen duten elementuak. Ilundaindarren errotaren hondakinak XVI. mendekoak direnez, errota sendotzea eta estaltzea proposatzen da, haren kontserbazioa ziurtatzeko. Era berean, errotaren hornidurako ubidearen aztarna proiektuan txertatuz babestu nahi da, interes arkitektonikoa duten hormak sendotuta.
Ilundaindarren errotako ibai-erreserbaren proiektuaren idazketa eta, hala badagokio, obra-zuzendaritza David Serrano Amatriain, Maier Vélez Olabarria, Soil Arquitectura del Paisaje S. Coop. Pequeña, Goñi & Legarreta SL eta Monkaval Soluciones de Ingeniería SL elkarteari esleitu zitzaion 108.350,78 euroan. Jarduketa hori RUNA 2025 proiektuaren barruan sartuta dago eta 2,7 milioi euro jaso ditu Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitatea Fundazioaren laguntzen deialdian, Europar Batasunak eta Next Generation EU funtsek finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Proiektua aurkezteko jardunaldia ostegunean
Jarduketa hori ezagutarazteko eta herritarrak haren garapenean engaiatzeko, Ilundaindarren errotako ibai-erreserbaren proiektua aurkezteko jardunaldi bat eginen da urriaren 17an, ostegunarekin. Kondestableko Civivoxean izanen da, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Sarrera librea izanen da, baina aldez aurretik izena eman behar da 010 – 948 420 100 telefonoan edo esteka honetan: https://es.surveymonkey.com/r/RUNAB8.
Jardunaldian, proiektua idatzi duen taldeak eta udal teknikariek jarduketa horren testuingurua eta abiapuntua azalduko dituzte, baita ingurumena eta ondarea uztartzen dituen esku-hartzearen baldintzatzaileak eta ezaugarriak ere. Proiektuaren xehetasunak eta zer eginen den azalduko dute, eta, azkenik, parte hartzeko deia eginen diete ingurumenaren eta hiri-espazioaren arloan diharduten elkarte eta kolektibo profesionalei, eragile espezializatuei, inguru horretako herritarrei eta hiriaren eraldaketan eta birnaturalizazioan interesa duen beste edonori.
Jardunaldian, gainera, haurrak zaintzeko zerbitzua izanen da, aurkezpenera joateko interesa dutenek erabil dezaten. Kontziliazio zerbitzu horretan izena emateko, 010 telefonora deitu behar da, edo Erabaki Iruña plataforma erabiltzen ahal da.
