Hona berriz ere uda Iruñean, inoiz baino ‘Txankleta’ gehiagoz: 2.500 toki eskuragarritik gora aurreko programaren jardueren eskaintza hirukoiztuta

Hona berriz ere uda Iruñean, inoiz baino ‘Txankleta’ gehiagoz: 2.500 toki eskuragarritik gora aurreko programaren jardueren eskaintza hirukoiztuta
14 eta 30 urte bitarteko gazteek aukera izanen dute bihar arratsaldetik aitzina izena emateko ekainaren eta irailaren artean gauzatuko diren proposamenetan

 

 

Iruñeko Udalaren gazte-aisialdiko programak, duela orain bost urte abiatuak, 2020an baino % 50 toki gehiago eskainiko du saio honetan 19 jardueraz osatutako askotariko eskaintza batean; iaz, 2020an, ordea, 9 jarduera eskaini ziren. Gazteriaren Mahaian gazteek egindako ekarpenek eta Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeen aurrekontu-hitzarmenak egin dute hori posible.

Gaur goizean, Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta Fernando Aranguren Gazteriako zinegotzi bereziak aurkeztu dituzte udal-programa honen berritasunak, non jada finkatuta dauden edukiak, hala nola, zinema, piraguismoa, urpekaritza edo ihes-jokoak mantentzen baitira, baina kirol-jarduerak areagotzen ditu, kultura-jarduerak bost aldiz biderkatzen ditu, zazpi txango gehitzen ditu, eduki ezberdinetakoak eta ekainetik irailera egitekoak, eta ‘Hamaika plan!’ proposamena finkatzen du, hilabete eta erdiz egunero Gaztediaren Etxean egin beharreko jarduerez.

Bihar, ekainak 15, arratsaldean zabalduko da epea, Iruñeko Udalak udarako eta 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta aurten eskaintzen dituen 2.591 tokitarako izena emateko. Erroldaturik daudenentzako epea ekainaren 21ean amaituko da, eta biharamunetik aitzina zabalduko da gainerako gazteentzakoa. Izen-ematea aurrez aurre egin beharko da, Gaztediaren Etxean (Zangoza kalea, 30), eta egiteko NANa aurkeztu behar da. Adingabeek baimen idatzia eduki beharko dute parte hartu ahal izateko; horren eredua Gaztediaren Etxean har daiteke.

Programazioan badira doaneko jarduera batzuk eta ordainpekoak, honako prezio hauekin: ‘Zinema euro 1ean’, jarduera-abonamenduak, 5 euroan, eta joan-etorria eskatzen duten txangoak, 15 euroan. Programaren aurrekontua 2020ko 23.207 euroetatik 2021eko 44.200 euroetara igaro da, aurrekontu-aldaketa onesteari esker.

Kirol jarduerak: 705 aukera

Aurten, berriz ere eskainiko dira zaldi gaineko ibilaldiak; jarduera hori 2020an gehitu zitzaion ohiko eskaintzari –jauziak ohe elastikoetan, Salting Iruñan, urpekaritza-bataioa Aranzadin eta Piraguismoa Caparrosoren errotan–. Aurten, bestalde, Rocópolisen abentura parke handiaren ordez eskalada jasangarria eskainiko da. ‘Txankletak’ edizio honetan bada beste berritasun bat, ‘Jauziak, kirola eta akrobaziak’, non zenbait jarduera ezberdin biltzen baitira: ohe elastikoak, apar-blokez egindako igerilekua, gladiadore-borroka eta Cardio Wall. Jarduerak Saltokan eginen dira.

Eskaladan izan ezik, jarduera horietan aritzeko 5 euroko abonamendua hartu behar da, eta gero horietaz baliatu ekainaren 15etik irailaren 30era, jarduera egiten den tokian. Iruñeko Udalak 125 abonamendu jarriko ditu gazteen eskura jarduera bakoitzeko (guztira, 625 toki), zeinen iraunaldia 60 eta 120 minuturen artekoa izanen baita.

Eskalada jasangarriaren kasuan, jarduera egin baino lehenago hitzaldi teoriko bat izanen da, eta barne hartzen ditu eskalada bertikala zein rappela. Lau hitzordu izanen dira, 120na minutukoak: ekainak 30, uztailak 28, abuztuak 18 eta irailak 8; saio bakoitzeko 20 toki daude, hau da, 80, guztira.

Kultur jardueren indartzea

‘Zinema euro 1ean’ jardueran urtero agortzen dira sarrerak. Kasu honetan, 1.300 saiotarako tiketak eskainiko dira, Golem Baiona ea Golem Yamaguchi zinematokietan trukatu daitezkeenak, ekainaren 15etik irailaren 30era. Baina, aurtengo programazioan kultur jarduerak indartu egin dira, eta doako lantegiak ere eskainiko dira.

‘Ahozko narrazioari hurbiltzea’, ‘Aurpegiak, aurpegihandiak eta itsusiak’ (2 saio bereizita) eta ‘Irakurtzetik kontatzera’, horra hurrenez hurren ekainaren 24an, uztailaren 1ean eta abuztuaren 5ean, eta abuztuaren 25ean eginen diren jarduerak. ‘Gorputz-perkusioa eta kotidiofonoak’ 10 orduko lantegia ere eskainiko da, uztailaren 19tik 23ra. Guztira 101 toki eskaini dira lantegiotan, eta zenbait tokitan eginen dira: Kondestable Civivoxean, Nafarroako Unibertsitateko Museoan eta Gaztediaren Etxean. FIRA eta MUNeko espezialistek eta Txus Eguílaz perkusio-jotzaile, dantzari, aktore eta pedagogoak emanen dituzte.

Iruña ezagutu...

2017az geroztik, ‘Txankletak’ programak ihes-jokoak antolatzen ditu. ‘Verboomen legatua’ (gotorlekuei buruzkoa) eta Ziudadelako bi ‘Apokalipsi zonbiak’ jokoei aurten ‘San Ferminen sekretua’ gehituko zaie, Escape the city Iruña enpresa gazteak prestatutako jarduera bat. Enpresa hori, hain zuzen, Udalak ekintzailetza sustatzeko emandako dirulaguntzetatik sortu zen. Kasu honetan, osasun-segurtasunagatik ihes-jokoa kanpoaldean izanen da, eta San Ferminen pertsonaia edukiko du jomuga. Ekainaren 15etik irailaren 30era, gehienez 125 gaztek parte hartzen ahalko dute jarduera honetan, gutxienez 4 laguneko taldeetan.

Eta ihes-jokoari 90 toki gehituko zaizkio, ostiraletan eginen diren antzerki erako bisita gidatuetan, hiriko historia protagonisten beraien eskutik ezagutzeko. Hiru proposamen egonen dira: ‘Iruña, hiri menderaezina’, ‘Galdutako erromesa gidatzen’ eta ‘Iparraldeko perlaren istorioak’. Lehenbizikoan, erdi aroko zaldun batek hiriaren historiaren berri emanen digu, eta azalduko zergatik erabiltzen den izenondo hori Iruñearentzat; bigarrenean, Esteban Perdido edo Jacoba Turuleta XVI. mendeko erromesek Iruñeko Donejakue bidean barna gidatuko dituzte parte-hartzaileak. Antzerki erako hirugarren bisita, ‘Iparraldeko perlaren istorioak’, Victor Hugo idazlearen eta beste literatur sortzaile batzuen oinetakoetan jartzen da, Iruñean barna egiteko, idazleok hiriaz esan zutena abiapuntu harturik.  Hala ihes-jokoetan nola bisita gidatuetan, abonamenduak 5 euro kostatuko dira pertsona bakoitzeko.

Eta inguruetan

Lehenbiziko aldiz eta gazteek beraiek hala eskaturik, udal-aisialdiko programak ibilbide batzuk eskaini behar ditu kultur eskaintza eta abentura uztarturik, eta horiek egiteko Iruñetik kanpora joan beharko da. Denak larunbatetan izanen dira.

Jardunaldi batzuk Sendavivan eta Irisarri Land-en izanen dira, ekainaren 26an eta uztailaren 10ean, eta Irati ibaian barnako ibilaldia eginen da baltsa pneumatiko batean Irunberriko arroilan, eta BTT ibilbide bat, Bidasoako bide berdean, uztailaren 31n eta abuztuaren 21ean, hurrenez hurren. Historian interesaturik dauden gazteentzat, hiru proposamen aurreikusi dira: lehena, abuztuaren 1ean, 5,5 kilometroko ibilbide zirkular bat, Azkonako galtzada erromatarraren inguruko biaduktu erromatarraren ibilbidetik, non, eguraldiak lagun, Ubagua ibaiaren uretan murgilduko baitira. Beste bi ibilbideek Erdi Arora eramanen dute. Lehena, ‘Inkisidoreak eta indianoak: Elizondo, Urdax eta Zugarramurdi’ izenburukoa, sorginkeria-jazarpenetarako bidaia da, “inkisidore” baten eskutik, Sorginen Museoan (irailak 4), eta bigarrenean Eunateko baseliza bisitatuko dute, Lizarran eta Irantzun barnako paseoa barne, non sinbologia inguruko igarkizun eta erantzun enkriptatuak helaraziko diren Donejakue Bidean zehar (irailak 11).

Txangoek joan-etorriak eraginen dituztenez, 15 euro kostatuko dira toki bakoitzeko, eta taldeak 30 eta 50 lagunen artekoak izanen dira, jardueraren arabera. Jarduera egiteko, parte-hartzaileen gutxieneko kopuru bat beharko da, eta hori aldatuko da edukiaren arabera.

Hamaika plan, baita uztaileko 2. hamabostalditik aitzina

Eta ‘Hamaika plan’ ekimena berriz ere handitua eskainiko da, iaz bezala. Doaneko jardueren proposamena da, arratsaldero, astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 19:00etatik 20:30era, Gaztediaren Etxean. Uztailaren 16an hasiko da, eta abuztu bukaera arte hartuko du, uda bukaeran guztira eduki askotako 33 saio eskainita. Parte hartzeko interesa dutenek saioa hasi aurretik eman beharko dute izena (izena emateko epea aurreko egunean irekiko dute).

Proposamenetan aukera izanen da honako hauetan ikasteko: mota guztietako eskulanak, hainbat estilotako dantzak, magia, antzerki-inprobisazioa; psikologia-lantegi laburrak; teknologia berriekin lotutako jarduerak eta jolasak, besteak beste. ‘Dastaketa menu’ honek balio dezake gazteak jarduera-estilo ezberdinetan ari daitezen, eta, bidenabar, hobby berriak topatzeko ere. Jarduera horietako askok jarraipena dute Gaztediaren Etxeko udaberri, udazken eta neguko programazio iraunkorrean.

¿Te ha sido útil esta página?