Bihartik (osteguna) urte amaierara bitarte, erremonteko hamar jaialdi eginen dira Labrit pilotalekuan, IRHUBI Pilota proiektuaren barruan. Europako funtsen bidez finantzatuta dago IRUHBI Pilota proiektua, eta euskal pilotaren sustapen kultural eta turistikoaren alde egiten du. Bi taldetan banatutako hamazazpi erremontistek binakako txapelketa batean parte hartuko dute, eta abenduaren 20an (igandea) jokatuko da txapelketa horren finala. Jaialdia bihar (osteguna) abiatuko da 19:00etan, eta sarrera librea izanen da.
Jaialdi bakoitzean, erremonteaz gain, euskal pilotako beste modalitate batzuetako partidak eta erakustaldiak eginen dira, baita banakako zehaztasun-txapelketak eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronkak ere. Bihar, ostegunarekin, zesta-puntako erakustaldi bat eginen da, amerikar erako kinielak barne, eta datozen egunetan, pasaka, joko garbi eta xare erakustaldiez gozatzen ahalko da, baita emakumezkoen gomazko paleten txapelketa batez eta pala motzeko, emakumezkoen zesta-puntako eta larruzko paletako partidez ere. Halaber, jaialdi bakoitzean, askotariko eskaintza gastronomikoa dastatzen ahalko da.
Iruñeko Udalak antolatu ditu jaialdiak, Euskal Herriko Pilota Konfederazioari adjudikatutako 40.000 euroko laguntza teknikoko kontratu baten bidez eta Labrit Multimedia eta Berriozar Jai Alai entitateekin batera. Jaialdiek xede dute jendea euskal pilotan ohikoak ez diren beste modalitate batzuetara erakartzea, eta horretarako, astero eginen dira ekitaldiak eta etorkizunean ustiatzen jarraitzeko kirol- eta turismo-proposamena diseinatuko da. Egun hauetan eginen dira jaialdiak: urriak 15, 22 eta 29, azaroak 5, 19 eta 26 eta abenduak 3, 10, 17 eta 20.
Bi talde, finalerdia eta finala
Hamazazpi erremontistak bikoteka arituko dira, bi taldetan. A taldean, honako hauek lehiatuko dira: Uterga, Baztan, Leatxe, Sagaseta, Ion, Zeberio II.a, Barricart eta Zelaieta. B taldean, berriz, honako hauek: Matxin III.a, Mitxeo, Otxandorena, Ilarregi, Agirrezabala, Mitxelarena, Otano, Oses eta Ezkurra III.a. Bi taldeetako partidak urriaren 15etik azaroaren 26ra bitarte jokatuko dira.
Abenduaren 3an eta 10ean finalerdien txanda izanen da, eta bi partida horiek talde bateko lehenbizikoak eta besteko bigarrenak jokatuko dituzte. Finalerdietan galtzen duten bikoteek hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko kontsolazio-finala jokatuko dute abenduaren 17an. Txapelketaren finala abenduaren 20an (igandea) jokatuko da: finalerdiak irabazten dituzten bi bikoteek txapela izanen dute jokoan.
IRUHBI Pilota mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren xedea da euskal pilotaren inguruko ondarea ustiatzea ikuspegi kultural eta turistiko batetik abiatuta. Iruñeko Udalak gidatzen du proiektua, eta Uharteko eta Biarritzeko udalek, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak, Iparraldeko Pilota Batzordeak eta Biarritz Athletic Clubek ere parte hartzen dute. Proiektuak 3.602.895,50 euroko aurrekontua du, eta % 65 EGEF funtsekin finantzatu da, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bitartez.
ERREMONTEKO JAIALDIAK. LABRIT PILOTALEKUA. URRIAK 15–ABENDUAK 20
Urriak 15, osteguna
Zesta-puntako erakustaldia: amerikar erako kinielak
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko erronka
Erremonte-txapelketa. A taldea: Uterga-Leatxe & Sagaseta-Ion
Urriak 22, osteguna
Pasaka erakustaldia
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronka
Erremonte-txapelketa. B taldea: Matxin-Mitxeo & Otxandorena-Agirrezabala
Urriak 29, osteguna
Joko garbi erakustaldia
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronka
Erremonte-txapelketa. A taldea: Zeberio II.a-Barricart & Zelaieta-Ion
Azaroak 5, osteguna
Xare erakustaldia
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronka
Erremonte-txapelketa B taldea: Otxandorena-Ilarregi & Mikelarena-Otano
Azaroak 19, osteguna
Emakumezkoen gomazko paleta. Euskal Herriko Pilota Konfederazioak antolatutako txapelketa. Nafarroa-Iparralde
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronka
Erremonte-txapelketa. A taldea: Zeberio II.a-Barricart & Uterga-Baztan
Azaroak 26, osteguna
Emakumezkoen gomazko paleta. Euskal Herriko Pilota Konfederazioak antolatutako txapelketa. Euskadi-Iparralde
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronka
Erremonte-txapelketa. B taldea: Oses-Otano & Ezkurra III.a-Mitxeo
Abenduak 3, osteguna
Emakumezkoen gomazko paleta. Euskal Herriko Pilota Konfederazioak antolatutako txapelketa. Nafarroa-Euskadi
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronka
Erremonte-txapelketa. A taldeko lehenbizikoa B taldeko bigarrenaren aurka
Abenduak 10, osteguna
Emakumezkoen zesta-punta. Nafarroa-Euskadi
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronka
Erremonte-txapelketa. B taldeko lehenbizikoa A taldeko bigarrenaren aurka
Abenduak 17, osteguna
Pala Motzeko Nafar Txapelketako finala
Banakako zehaztasun-lehiaketa eta lagun-taldeen arteko trebetasun-erronka
Erremonte-txapelketa. Kontsolazio-finala (abenduaren 10eko eta 17ko finalerdietako galtzaileen artean)
Abenduak 20, igandea
Larruzko paleta: Iruña-Mundua
Proben finala eta sari-banaketa
Erremonte-txapelketa. Finala (abenduaren 10eko eta 17ko finalerdietako irabazleen artean)