Goizeko saioan, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak euskara itzultzaile aritzeko 3 lanpostu –funtzionario araubidekoak eta A mailakoak– oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi du. Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako Alorrari atxikita, lanpostuetako bat txanda irekian eta bi igoera-txandan izango dira. Nafarroako Gobernuak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edukitzea, edo ofizialki haren baliokide gisa aitortutako beste titulu bat, beharrezkoa da. Halaber, Lizentziadun, Arkitekto, Ingeniari edo Gradudun titulua edukitzea. Gainera, izangaiek ohikoak diren beste betekizun batzuk ere bete beharko dituzte: nazionalitatearena; adinarena; behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituen eginkizunetan aritzeko; eginkizun publiko horietan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea; eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizi ez izana.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak behin iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta aurkeztu ahalko dira. Epea 30 egun naturalekoa izango da, iragarkia argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabidea oinarrietako eranskinean jasotako ereduari lotuko zaio; eredu hori eskuragarri egongo da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta Bulegoetan edo www.pamplona.es webgunean. Deialdian izena emateko eskubide-tasa 25 eurokoa da.
Oposizioaren hasiera, 2020ko urtarrilerako aurreikusita
Oposizioa 2020ko urtarrilean hastea aurreikusi da. Lau proba izango ditu, eta gaindituz joateko bakoitzean puntuazioaren erdia lortu beharko da. Lehen proba praktikoa izango da, eta bi ariketa izango ditu. Lehen ariketa testu juridiko-administratibo bat eta teknikoa edo dibulgaziozkoa den beste bat gaztelaniatik euskarara itzultzea izango da. Bigarren ariketa antzeko beste bi testu euskaratik gaztelaniara itzultzea izango da. Ariketa bakoitzak 25 puntu ditu. Bigarren proba –praktikoa ere bai– aldibereko interpretazio-proba bat izango da, euskaratik gaztelaniara egitekoa, gehienezko puntuazioa 25 izango da. Hirugarren proban, teorikoa delarik, gaien inguruan gehienez ere 60 galdera erantzun beharko dira idatziz eta laburki. Gehienez ere 30 puntu eskura daitezke. Azkenik, laugarren proban –teorikoa ere bai– zozketaz ateratako gai bat garatu beharko da. 30 puntuz baloratuko da.
Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.