Endika Basaguren artistak gogoeta artistiko bat proposatzen digu, martxoaren 21era arte, Ziudadelako Labean, COVID-19aren mundu-pandemiaren ondorioak direla-eta gizartea bizitzen ari den garaiaren inguruan. ‘Beldurrak, irrintziak, maskarak eta ogi beltza’ erakusketa garai hori ulertzeko eta geure beldurrak zein denonak bideratzeko beharretik sortzen da, azken urteotako garai latzekin lotuz, hala nola 1936ko Espainiako Gerra Zibilak utzitako egoera sozialarekin.
Erakusketak azaltzen duen ideiaren abiapuntua Espainian bizitako gerra ondoko egoeran, Gerra Zibila ondoren, kokatzen da. Egileak gogoratzen du nola historiaren etapa horretan bere aiton-amonen belaunaldiak gosea, gabezia eta beldurrak igaro zituen, eta herritar askok txanponak edo urrezko bitxiak ogi beltz zati batengatik aldatzera behartuak izan ziren. Muturreko egoerak izan ziren, batzuk kuarteletara apurrak eskatzera joanarazi zituztenak edo emakume askok janari pixka batengatik prostituitzera behartu zituztenak. Gizon eta emakume horiek beren beldurrei aurre egin behar izan zieten modua, haurtzarotik heldutako eszena horiek, duela hilabete gutxi batzuk arte “heroikoak eta ulergaitzak” iruditzen zitzaizkionak, egungo egoeran, Basagureni “gertukoagoak” egiten zaizkio eta “tunelaren bukaeran argia ikusten dela” gogoratzen du. Eta hori, hain zuzen, da ‘Beldurrak, irrintziak, maskarak eta ogi beltza’ erakusketaren bidez helarazi nahi duen sentimendua.
Proiektua instalazio bakarra osatzen duten hainbat piezak osatzen dute. Pintura, eskultura zein instalazio formatuan aurkeztutako hainbat bideo-performance erabiltzeak zati desberdinen arteko elkarrizketa sortzen du eta horrek obraren irakurketa orokorrean laguntzen du, ia formatu eszenografikoan, non ikuslea murgiltzen baita. Elementu multzo horren helburua da ikuslea obraren beraren barruan dagoela sentiaraziko duen ingurune bat sortzea. Horretarako, atmosferaren protagonismoari ematen dio lehentasna Basagurenek, banakako piezarenaren gainetik, soinua ere erakusketaren koprotagonista gisa eginez.
Erakusketa-ibilbide luzea nazio zein nazioartekoa esparruan
Endika Basaguren Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn eta Ikerketa-nahikotasuna eta Doktoretzako Programa egin zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Bere obra zenbait herrialdetako galerietan erakutsi izan du, hala nola Londreseko Tate Modern Gallery-n, New Yorkeko Living Gallery Oupost-en eta Lisboako Ana Lama muturreko arte-galerian. Estatuan areto ezagunetan egon da, hala nola, Bilboko Rekalde eta Geroarte Efimerart Gallery-n, Madrilgo Art Room esperimentazio gunean eta Galería Fomentarte/Zapadores Ciudad del Arte-n, Oviedoko Palacio de la Lilan eta Coruñako La Doce galerian.
Esparru kolektiboan zein lankidetzakoan, Basagurenek parte hartu du nazioartean ospe handia lortu duten hainbat jaialditan, hala nola Veneziako Contemporary Venice jaialdian, New Yorkeko Itinerant-en, Santa Cruz de la Sierrako Latitudesen, Bolivian, eta Madrilgo Hybrid Fair-en. Halaber, erakusketa kolektiboak ere egin ditu, nazio esparruan zein nazioartekoan, adibidez, Veneziako Oratorio di Spinean, Londreseko Oxford Housen, Miamiko Museo de las Americasen, eta gertuago, Bilboko Ondare Aretoan eta Zaragozako Galeria A del Arten.
Ziudadela, erakusketa-espazio osoa Iruñeko erdigunean
Erakusketa honek bat egiten du Ziudadelako hainbat erakinetan gaur egun dauden beste erakusketa batzuekin, zeinak doan bisitatu baitaitezke asteartetik larunbatera, goizez, 11:30etik 13:30era, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, goizez, 11:30etik 13:30era.
Arma Aretoak 80ko hamarkadako artearen eklosioari begiratzea proposatzen du ‘Los Bragales’ bildumaren eta Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako Pi Fernandinoren Legatuaren bidez Mistoen eraikineko beheko solairuan Javier Esquírozek ‘Irunberriko arroilaren formak’ aurkezten digu, 147 obretako erakusketa bat, eta bertan arroilaren xehetasunak erakusten ditu ibaiaren ibilguaren ondoan sortzen diren barrunbeen bidez. Eraikin bereko lehen solairuan Alfredo Sada elkarteko kide diren 24 artistek edertasuna eta suntsiketaren arteko harremanaren inguruan gogoeta egin ondoren sortutako obrak aurkezten dituzte, prozesu suntsitzaileetan agertzen diren elementu estetikoen inguruko ikuspegi pertsonal batean. Azkenik, Bolborategian, Sagrario Azcona artistak intuiziotik abiatutako sormenaren alde eginen du ‘Zirkulua ixten den unea’ erakusketarekin.