
Sanferminetako gunerik zaharrenetakoa da, eta urtez urte haur eta gazte gehiago erakartzen ditu. Hauek festak hauek! gunea Askatasun plazako aisialdi-proposamena da: hogeita hamar bat atrakzio, jolas, puzgarri eta jarduera eskainiko dira, eta uztailaren 6an (igandea) irekiko dute, 18:00etatik 21:00etara; uztailaren 7tik 14ra, berriz, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egonen da zabalik.
Plaza eta plazaren ingurua hainbat eremutan daude banatuta, eta askotariko atrakzioak eskainiko dira eremu horietan. Plazaren aurreko aldean goma elastikoen gunea egon ohi da, jauziak eta piruetak egiteko ezin hobea; halaber, adingabeei zuzendutako beste atrakzio batzuk daude bertan, txalupako paseoak eta tren txikiak kasurako. Beste eremu batean honako hauek jarriko dituzte: futbolinez betetako karpak, punteriako eta trebetasunezko jolasak eta hainbat puzgarriz osatutako abentura-eremu bat.
Atzeko aldean ere, Serapio Esparza parkean, jarduerak eta aisialdirako guneak egonen dira. Hainbat adinetarako puzgarriak egonen dira, baita haurtxo eta haur txikiendako jolasak eta egonlekuak ere. Bestalde, kirolgune bat jarriko dute, futbol- eta saskibaloi-trebetasunak erakusteko, baita surflarien gune bat ere, arrapalak eta beste elementu batzuk eta guzti.
Navar Producciones SLU enpresak kudeatzen du gunea, Lacturale, BM, Rural Kutxa eta Diario de Navarrarekin lankidetzan. 2024an 69.700 lagun izan ziren Hauek festak hauek! gunean, aurreko urtean baino % 36 gehiago.
Txotxongiloak eta tren txikia
Era berean, haurrendako eta familiendako txotxongilo-ikuskizunez gozatzeko aukera paregabea izanen da Askatasun plaza: egunero eginen dituzte, 20:00etan, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Sanferminetako ohiturari jarraikiz, Gorgorito eta Maese Villarejo ez dira faltako: abenturak eta istorioak kontatuko dituzte uztailaren 7an, 8an, 9an eta 10ean. Uztailaren 6an (igandea) Bihar Taldeak emanen dio hasiera txotxongilo-antzerkiari; uztailaren 11tik 14ra bitarte, berriz, Teatro Firulete taldeak hainbat antzezlan taularatuko ditu.
Hauek festak hauek! guneko jarduerak osatze aldera, Askatasun plaza eta Merindadeen plaza lotuko dituen doako tren txiki bat jarriko dute martxan. Hala, bi plazen arteko joan-etorriak erraztuko dira, 500 metro baino gutxiago baitaude bata eta bestearen artean. Tren txikia antolatutako atrakzioen parte da. Hauek festak hauek! gunea irekita dagoen ordutegian arituko da tren txikia: uztailaren 6an, 18:00etatik 21:00etara, eta uztailaren 7tik 14ra bitarte, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara