
III. Minaberri bekaren helburua da itzultzaile hasiberri batek nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzea, eta jakin berri da nork irabazi duen hirugarren edizioa: Epaimahaiak Arkaitz Uranga Urbieta hautatu du aurkeztutako sei lanen artean: Jürg Schubiger idazle suitzarraren Als die Welt noch jung war liburua euskaratuko du, eta Naroa Zubillaga Gomezen laguntza izanen du, mentore gisa; Naroa Zubillaga itzultzailea eta EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko graduko irakaslea da.
Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak, Ibai Sarasua Garciak eta Naroa Zubillaga Gomezek osatutako epaimahaiak adierazi duenez, aurtengo edizioan proposatutako lanaren ezaugarriak ahozkotasuna eta hizkera herrikoitik gertu dagoen erregistroa dira. Istorio laburrek osatzen dute Jürg Schubiger-en testua, eta haien bidez, elkarrizketa biziak eta adeitsuak sortzen dira narratzailearen eta irakurleen artean. Itzultzaileak ederki islatu du hori guztia alemanetik euskaratutako pasartean, dagokion adierazkortasun linguistikoa erakutsi baitu. Testuaren erritmoa errespetatu du, eta naturaltasunez bete du, hizkera freskoa eta sinesgarria erabiliz.
Aipatu moduan, Arkaitz Uranga Urbieta (Mendaro, 2002) izan da itzultzaile saritua: EHUko Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua ikasi zuen 2020tik 2024ra bitarte, eta ondoren, Euskal Kulturaren Eragiletza Masterra Arrasateko Unibertsitatean. 2025az geroztik euskara teknikaria da Eibarko Udalean.
Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du liburua, eta, harekin lankidetzan, Iruñeko Udalak eta EIZIE elkarteak urtero antolatzen dute Minaberri beka: gehienez 30 urte dituzten itzultzaile hasiberriei dago zuzenduta, itzulpena sustatu, itzultzen diren testuen eta lanen kalitatea bermatu eta irakurketa bultzatzeko. Bekaren irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, CEDRO erakundeak babestutako mentoretza jasoko du, eta hark itzulitako lana argitaratuko da.
Idazle suitzarra, alemanez
Jürg Schubiger (Zürich, 1936-2014) da hirugarren edizioaren protagonista: psikologo eta idazle suitzarrak alemanez idazten zuen, eta filologia alemana, psikologia eta filosofia ikasi zituen. Psikoterapeuta gisa lan egin ondoren, idazle aritu zen bizitzaren amaierara arte. Poesia eta narrazioa landu zituen, bereziki haur eta gazteei zuzendutakoa, baina adin guztietako irakurleek gozatzen dute idazlearen lanez. Idazkietan arreta berezia eskaintzen dio hizkerari, baita pertsonaiek munduari buruz duten ikuskerari ere.
Schubiger-en lanak askotan izan dira itzuliak, bereziki Als die Welt noch jung war (1995) (Mundua oraindik ere gaztea zenean) ezaguna, III. Minaberri bekaren itzulgaia. Munduari buruzko hausnarketa originalak eta irudimentsuak islatzen ditu lanak, narrazioa eta elkarrizketa uztartzen dituzten istorio laburren bidez, zeinak modu soil eta sakonean azaltzen baitira. Lanak Rotraut Susanne Berner artista alemanaren ilustrazio adierazkorrak ditu.
Liburu horri esker, Jürg Schubiger-ek Alemaniako Gazte Literaturako Saria (1996) irabazi zuen, eta bere obrak, osotasunean, Hans Christian Andersen saria jaso zuen 2008an: IBBYk ematen du sari hori, eta erakunde horretako epaimahaiak hitz hauen bidez goraipatu zuen idazlea: «Schubiger-en istorioak pentsarazteko istorioak dira. Istorio sinpleak dira, eta eguneroko gertakariak kontatzen dituzte (...); Schubiger-en indar poetikoak irakurleak sorgintzen ditu. Idazlearen hitzetan, “behin eta berriz kontatzen ditut gehienok haurrak ginenean bizitzen genituen gauzak”».
Bestalde, aurreko edizioan proposatutako liburua itzulpen-prozesuan dago: Marie-Aude Murail idazle frantsesaren Sauveur et fils liburua: Leire Errandonea Garcia-Larratxeri eman zioten itzulpena egiteko beka, eta Xabier Olarra Lizaso itzultzaile eta argitaratzailea ari da mentore-lanetan. Euskarazko bertsioa datorren udazkenean argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak.