XX. Urrezko Baba saria jaso du ANFAS desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten pertsonen aldeko Nafarroako elkarteak, duela 60 urte bultzatzen duen lanagatik. Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak jada duela bi hamarkada ematen duen sari hori bultzada animiko eta ekonomikoa da jasotzen duten elkarte eta entitateendako, eta xede du egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeen alde egiten duten lana saritzea.
Epaimahaiaren aktan, saria emateko arrazoien artean, besteak beste jasota daude egunero desgaitasuna dutenen eskubideak bultzatu eta defendatzea, bai eta Nafarroa gero eta inklusiboagoa izate aldera egiten duten kontzientziazio lana ere. Testuak hala dio: “ANFAS elkarteak funtsezko laguntza eskaintzen digu pertsonak gure bizitza proiektuak garatzen eta ingurunearekiko harremanak egiten hasten garen etapan” eta nabarmentzen du ANFASek egindako lana garapen arazoak dituzten edo horiek izateko arriskua duten haur eta nerabeak laguntzeko programetan. Horren haritik, aktak balioa ematen dio “gizartearendako eredu izateari eta pertsonendako ezinbestekoak diren balioak irudikatzeari, hala nola, askatasuna, justizia, ardura eta errespetua”.
Saria emateko ekitaldia gaur goizean egin da Kondestablearen jauregiko patioan. Bertan parte hartu dute Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Mamen Sádaba Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteko lehendakariak. Saria Javier Goldáraz Prados ANFASeko lehendakariak jaso du. Halaber, ekitaldian izan dira Udalbatzako eta sari hau eman duen epaimahaiko hainbat kide, eta saritutako entitateko zenbait ordezkari.
Dibertsitate funtzionalarekin inklusiboa den gizarte baten alde
ANFAS Nafarroako elkarte-mugimendu bat da, eta, 1961etik, desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten pertsonei eta horien senideei laguntza eman eta haien eskubideak defendatzen ditu, haur eta gazteak lagunduz eta haien lana eta bizitza pertsonala bateratzea erraztuz, horrela bizi-kalitatea hobetzeko. Hori guztia, gizartea engaiatzea helburu duen esparru etiko batetik, dibertsitate funtzionala dutenak bidezkoagoa eta solidarioagoa den Nafarroan herritar gisa txertatzeko.
ANFASek desgaitasun intelektuala edo garapen-arazoak dituzten pertsonei zuzendutako programak antolatzen ditu, haien bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, haien bizitzako etapa guztietan zehar beharrezko laguntza eta zerbitzuak izan ditzaten bermatzeko. Helburua da desgaitasun bat duten pertsonen maila kognitiboa eta komunikazio- eta mugikortasun-maila mantentzea, eta laguntza akademikoa eta gizarte-trebetasunak ematea.
Halaber, entitateak senideei laguntzeko programak ere baditu, zeinetan informazioa, aholkularitza, prestakuntza eta laguntza emozionalean eta kontziliazioan hobetzeko neurriak ematen baitizkiete. Baina desgaitasun intelektuala edo garapenekoa dutenekin eta haien inguru hurbilarekin lan egiteaz gain, ANFASek gizarte sentsibilizazioa lantzen du, izan ere, hitzaldiak ematen ditu, baita eskatzen duten ikastetxe eta kolektiboengana bisitak antolatu ere.. Entitateak, gainera, boluntarioendako programa bat dauka eta bazkideetako batzuk Lizarrako Donejakue Bideko erromesendako aterpe bat kudeatzen egiten dute lan.
Adingabe zaurgarrienen alde lan egitea
Urrezko Baba sariak egoera zaurgarrian dauden adingabeen eta gazteen alde hainbat esparrutan diharduten pertsona eta erakundeen lana aitortu eta saritzen du. Saria, urrezko baba delakoa, intxaur baten tamaina duen baba bat da, 18 kilateko urre trinkoz egina, eta 50 bat gramoko pisua du. Babak hiru brillante ditu, hiru Errege Magoak irudikatzeko: Meltxor, Gaspar eta Baltasar.
Urrezko Baba sariaren edizio honetako epaimahaia zortzi pertsonak eratu dute hainbat erakunde eta entitateren izenean. Honako hauek izan dira: Enrique Maya Iruñeko alkatea; Izaskun Azcona ‘La Caixa’ Fundazioaren ordezkaria Nafarroan; Rafael Ruiz de la Cuesta Nafarroako Auzitegi Nagusiko ordezkari gisa; Javier Leoz Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzako ordezkari gisa eta Olga Torrecilla ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko zentroaren izenean, azken horrek Urrezko Baba saria jaso baitzuen aurreko edizioan.
Epaiaren parte ere izan ziren Luis Campos Gizarte Errealitatearen eta Gizarte-politiken Plangintza eta Ebaluazioaren Behatokiaren zuzendari nagusia; Mamen Sádaba Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteko zuzendaria eta Leticia Vergara epaimahaiaren idazkari lanetan.
20 urte, 20 aintzatespen
Lehenengo Urrezko Baba saria Hijas de la Caridad kongregazioari eman zioten 2002an, La Providencia instituzioagatik. Hurrengo urtean, Mensajeros por la Paz fundazioak jaso zuen, Punto de Encuentro instituzioagatik; 2004an, ADANOk (Minbizia duten haurrei laguntzeko Nafarroako elkartea); 2005ean, Compartir Navarra GKEk; 2006an, Ciganda Ferrer fundazioak, El Molino ikastetxea instituzioagatik; eta 2007an, Nafarroa osoko guraso adoptatzaileek.
2008an, Cardenal Ilundain ikastetxe publikoak jaso zuen saria; 2009an, orduan Bideko Ama Birjina Ospitalea zeneko haurrendako ikasgelak; eta 2010ean, Atena Psicoballet fundazioak. Hurrengo bost Urrezko Baba sariak ere adingabeen alde diharduten bost erakundek jaso zituzten. 2011n, Nafarroako familia harreragileentzat izan zen; 2012an, Isterria ikastetxearentzat; 2013an, Centro Puente hezkuntza zentroarentzat; eta 2014an, Navarra Nuevo Futuro elkartearentzat. Epaimahaiak Itaka Eskolapioak Fundazioari eman zion 2015eko Urrezko Baba saria; eta 2016koa, Ilundain Haritz Berri fundazioari.
Zerrenda osatzen dute, Xilema Fundazioak 2017an eta Kultura Arteko Hezkuntzarako Zerbitzua (SEI) 2018an; 2019an 3/12 Hiru Hamabi garuneko kalteak dituzten haurren elkarteak jaso zuen; 2020an ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko zentroak, eta aurten ANFAS Desgaitasun Intelektuala edo Garapenekoa duten Pertsonen aldeko Nafarroako elkarteak.
URREZKO BABA SARIAK
• 2002: Karitateko Alabak, La Providencia instituzioagatik
• 2003: Mensajeros por la Paz, Punto de Encuentro instituzioagatik
• 2004: ADANO elkartea
• 2005: Compartir Navarra GKE
• 2006: Ciganda Ferrer fundazioa, El Molino ikastetxea instituzioagatik
• 2007: Nafarroa osoko guraso adoptatzaileak
• 2008: Cardenal Ilundain ikastetxe publikoa
• 2009: Bideko Ama Birjina Ospitaleko haurrendako ikasgela
• 2010: Atena Psicoballet fundazioa
• 2011: Nafarroako familia harreragileak
• 2012: Isterria ikastetxea
• 2013: Centro Puente
• 2014: Navarra Nuevo Futuro elkartea
• 2015: Itaka Eskolapioak Fundazioa
• 2016: Ilundain Haritz Berri fundazioa
• 2017: Xilema Fundazioa
• 2018: Kultura Arteko Hezkuntzarako Zerbitzua (SEI)
• 2019: Hiru Hamabi/ 3-12
• 2020: ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko zentroa
• 2021: ANFAS