Hiru merkatu ditu Iruñeak: Alde Zaharrekoa, II. Zabalgunekoa eta Ermitagañakoa, Comiruña SA udal-enpresa publikoari atxikiak hirurak ere. Kalitateko elikagaiak eta produktu freskoak eskaintzen dituzte hirurek; haien osagarri, berriz, elikadura-, gastronomia- eta osasun-alorrei buruzko animazio-, trebakuntza- eta dibulgazio-jarduerak, eta bezeroendako zenbait zerbitzu.
Hiru merkatuak
San Domingoko merkatua
Iruñeko Alde Zaharrean dago merkatu hori, eta hiriko zaharrena da, 1877. urtean eraikia. Era guztietako produktu freskoak, fruitu lehorrak eta ozpinetakoak saltzen dira hango postuetan, eta taberna-kafetegi bat ere badu. Horiez gain, supermerkatu bat eta aisialdi-, gastronomia- eta kultura-eremu bat ere badu (Zentral Kafe teatro).
Zabalguneko Merkatua
Iruñeko II. Zabalgunean dago merkatu hori, eta hiriko handiena da, bai azalerari bai postu-kopuruari dagokienez. 1949an ireki zuten azoka. Haren eskaintza komertzial zabal eta ugariaren osagarri da merkatuaren albo batean dagoen El Mercao jatetxeko gastronomia. Lore- eta prentsa-postuak, kafetegia eta okindegia ere baditu azokak.
Ermitagañako merkatua
Ermitagaña auzoan dago, eta hiru merkatuetatik txikiena da. 1970eko hamarkadan eraiki zuten, hiria izaten ari zen garapena zela-eta auzoari zerbitzu ematearren. Tamainaz txikia da, baina ondo egokitu da garai berrietara: baditu onlineko denda, erosketak etxera eramateko zerbitzua, supermerkatu bat, galeria komertzial txiki bat eta "sukaldaritza-gela" deritzon eremu bat, non gastronomiaren arloko zenbait jarduera egiten baitira.
Animazioa, sustapenak eta bisitaldi gidatuak
Urte osoan hiru azoketan egiten diren animazio-jarduera, sustapen, hitzaldi, lantegi eta abarri esker, gastronomiari eta elikadura osasungarri eta jasangarriari buruzko topaleku eta ikasleku (eta saltoki) bihurtzen dira merkatuak.
Bestalde, bisitaldi gidatuak eskaintzen zaizkie ikastetxeei eta zenbait kultura-talderi.
Bisitaldi gidatuak egiteko informazioa eta helbidea: comercioyturismo@pamplona.es