Beste jarduketa batzuk

Garapenaren aldeko Lankidetzako Udal Kontseilua

Garapenaren aldeko Lankidetzako Udal Kontseilua udalaren partaidetza-organo bat da, eta hau du eginkizuna: sustatzea Udalaren lankidetza Zerbitzuaren eta alor horretan lanean diharduten erakundeen arteko trukea eta lankidetza. 

Udal-talde bakoitzeko zinegotzi bat dago Kontseiluan, eta elkarteen Udal Erregistroan izena emana duten GGKE-etako beste horrenbeste ordezkari. Gainera, Erakundeen arteko Harremanetako eta Kanpo Ekintzako Alorra zuzendaritzak eta GNLUPeko teknikariak. 

Urtean bi aldiz, gutxienez, biltzen dira Kontseiluko kideak. Bilera horietan, garapenaren aldeko lankidetzaren arloko berariazko arazoen berri ematen diete GGKE-etako ordezkariek udal-organoei, eta egoki deritzen neurriak proposatzen dizkiete. Udalaren ordezkariek, berriz, alor horri dagokionez udalak egindako kudeaketaren berri ematen dute.

 

 

Ebaluazioa

Garapenaren aldeko Lankidetza Zerbitzuak lanerako oinarrizko tresnatzat dauka bere alorrean garatzen diren politiken ebaluazioa. Honetarako erabiltzen da tresna hori: planifikazioa hobetzeko, esku-hartzeen kudeaketan diharduten eragileen gaitasunak areagotzeko, eta eragile guztien partaidetza eta haien arteko adostasuna bultzatzeko.

Garapenaren aldeko Lankidetzarako Udal Programak lan-ildo berri bat jarri zuen martxan 2010ean, programak bultzatutako jardueren ebaluazioa sustatzeko, haren berezko elementu gisa. Hauek dira lan-ildo horren helburuak: egiten diren jardueren kalitatea hobetzea, eta esku hartzen duten eragile guztiak trebatzea, bai eta iraganeko esperientziak baliatzea ere etorkizuneko esku-hartzeetarako.

 

Argibide Bulegoa

Iruñeko Udalak, Nafarroako GGKEen koordinakundearekin batera, informaziorako bulego bat sustatu du garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan.

Bulego honen xedea da Iruñeko Udalaren eta GGKEen arteko komunikazio, partaidetza eta informazio bideak sustatzea, nazioarteko lankidetza eta elkartasunaren arloan toki esparruan lan jarraitua egiten duten talde eta entitateen artean. Ikuspegi horretatik, garapenerako nazioarteko lankidetzarako egiten ari diren jarduerei buruzko informazioa eta zabalkundea hobetu nahi dira, bai eta GGKEen arteko eta horien eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatu ere, elkarlana eskatzen duten ekimenetan.

Nafarroako GGKEen koordinakundeak kudeatzen du, urteko lankidetza hitzarmenen bidez.

Udalaren jardueren hedapena eta komunikazioa

Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzarako Udal Programaren eginkizunen artean daude hauek: programaren edukiak jakinaraztea udaleko beste instantzia batzuei, garapenaren aldeko lankidetzarekin eta nazioarteko elkartasunarekin lotura duten beste entitate publiko eta pribatu batzuei, taldeei, GGKE-ei eta, oro har, herritarrei. 

Udalaren www.pamplona.es webgunean, zerbitzu-memorietan eta hedabideetara zein informazio-tratamendua egiten duten erakundeetara bidaltzen diren jakinarazpenetan dago informazio hori.

Harremanak erakundeekiko

Garatzen den arloa dela eta, ezinbesteko estrategia du Garapenaren aldeko Lankidetzak erakundeen arteko koordinazioa eta haiek elkar ezagutzea. Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzarako Udal programari dagokio kudeaketa- eta jarraipen-lanak egitea, arlo horretako Udalaren politikak gainerako erakundeenarekin errazago koordinatzeko. 

Helburu bikoitz hau dute harreman horiek:

  1. Informaziorako nahiz parte hartzeko bideak sustatzea, Iruñeko Udalaren eta garapenaren aldeko lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren esparruan lanean ari diren erakunde eta GGKE-en artean. 
  2. Erakundeen arteko harremanak sustatzea Iruñeko Udaleko Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetza Programak lan egiten duen Hegoaldeko entitateekin; hain zuzen, zeharka edo zuzenean lan bateratua egiten duen haiekin.

Jarduera hauek proposatzen dira horretarako:

  • Informazio teknikoa trukatzea  garapenaren aldeko lankidetzaren arloan diharduten beste erakunde batzuekin.
  • Harrera bisitei eta hainbat ordezkaritza, entitate eta pertsonari (Hegoaldeko udalak, hiriko GGKE-en kontra-parteak, etab.).

 

KOORDINAZIO TEKNIKOA

Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Udal Programak dagozkion batzorde eta lantaldeetan hartzen du parte, garapenaren aldeko lankidetzan diharduten beste erakunde eta profesional batzuekin esperientziak trukatzeko eta alderatzeko. 

Halaber, garapenerako lankidetzaren alorreko beste udal-instantzia eta bestelako erakunde batzuekin koordinatuta jarduten da (Nafarroako Gobernua, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioa, zenbait udal eta abar.)

PRESTAKUNTZA/DOKUMENTAZIOA

Garapenaren aldeko lankidetzarekin lotura duten jardunaldiak, topaketak eta abar antolatzen ditu Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzako Udal Programak, hor lan egiten duen talde teknikoan ezagutza-, informazio-, gogoeta- eta eztabaida-mekanismoak sustatzearren. 

Era berean, bibliografia eta dokumentazioa eskuratzen du, hainbatean behin, dokumentu- eta bilbliografia-funts xume bat osatuz joateko.