European City Facility

Zer da EUCF

EUCF Europako ekimen bat da tokiko udalerriei/agintariei, horien elkarteei eta Europa osoan udalerriak/tokiko agintariak elkartzen dituzten tokiko erakunde publikoei laguntzeko, energia jasangarriari lotutako inbertsioak azkartzeko inbertsio-kontzeptuak garatu ditzaten.

Proiektu honek Europar Batasuneko Horizonte 2020 Ikerketa eta Berrikuntza Programaren finantzazioa jaso du, 864212 zenbakiko dirulaguntza-hitzarmenaren bidez.

Bigarren deialdi honetan, aurkeztutako 240 proposamen baino gehiagoren artean, Iruña eta Europar Batasuneko 19 herrialdetako beste 70 hiri hautatu dira inbertsio-kontzeptu hori garatzeko. 

Proiektuaren iraupena

Inbertsio Kontzeptua 2022an garatu zen, eta 2023ko lehen hiruhilekoan lana ebaluatu eta baliozkotu zuten EUCFko adituek.

Aurrekontua

60.000 euroko dirulaguntza baten bidez EUCFk inbertsio-kontzeptuen garapena bultzatzeko zerbitzuak eta jarduerak finantzatzen ditu, hala nola bideragarritasun azterketak (teknikoak), merkatu-azterketak, alderdi interesdunen azterketak, analisi juridiko, ekonomiko eta finantzarioak, arrisku-azterketak eta beste laguntza-lan batzuk.

Jarduketak

EUCF-European City Facilityk emandako euskarri tekniko eta ekonomikoari esker, Iruñeko Udalak aurretiazko azterlan batzuk egin ahal izan zituen, energia-komunitateen potentziala eta toki Administrazioak katalizatzaile gisa duen rola aprobetxatuz, Energia Positiboko Auzoetara bidean urratsak egiteko beharrezkoak ziren energia-proiektuak garatzeko eta ezartzeko (bai sorkuntzari dagokionez, bai energia-eraginkortasunari eta mugikortasunari dagokionez).

Hala, zenbait erakunde aditurekin batera, honako azterlan tekniko, legal, ekonomiko eta sozial hauek egin ziren:

  • Hirian proiektuen sustatzaile nor izaten ahal diren aztertzea, adierazitako profiletarako aurreikusitako jarduerak zein diren kontuan hartuta. Olivo Energy Strategy Consulting izan zen azterlanaren buru.
  • Proiektuen inplementazio eta funtzionamendu egokirako eragileen mobilizazioa aztertzea, batez ere energia-komunitateen inplementazioari eta Energia Informazioko Bulegoak sortzeari begira. Azterlan horietan Artelanek eta Ecoserveis Elkarteak parte hartu zuten.
  • Auzoetako berokuntza-instalazioen egoera eta hobetzeko aukerak aztertzea. GE & Asociados SL izan zen azterlanaren buru.
  • Proiektuen legezko bideragarritasuna aztertzea, kasu bakoitzerako balizko figura juridikoak ere barne. Arankoa bulego juridikoa izan zen azterlan horren buru.
  • Proiektuen bideragarritasun ekonomikoa aztertzea, kontuan hartuta inbertsio publikoak eta pribatuak, bai eta amortizazio-aldia eta barne-itzulera tasa ere, besteak beste. Ascellence Consulting izan zen azterlanaren buru.
  • Era berean, Iruñeko Udala proposatutako gainerako bektore teknikoetarako beharrezkoak diren azterlan teknologikoen buru izan zen, hala nola mugikortasun jasangarriarena, birgaitzearena eta energia elektriko berriztagarrien sorkuntzarena, eta aktiboki parte hartu zuen gainerako lanetan, bai Iruñeko Udal Energia Agentziatik (AEMPA), bai hiriko Partaidetza eta Dinamizazio Zerbitzutik.


Azpimarratzekoa da azterlanak Iruñeko hiru auzotan proiektuak nola ezarri ziren kontuan hartuta egin zirela: Arrotxapea, Zabalgunea eta Milagrosa dira, eta hainbat arrazoirengatik aukeratu dira. Alde batetik, Milagrosarako eta Zabalgunerako Hiri Jarduketarako Plan Estrategikoak garapen prozesuan daude, eta beraz, une egokia da horietan jarduteko. Gainera, horietarako eginiko azterketa erraz estrapola daiteke etorkizunean horrela jardun behar duten auzoetara.

Emaitzak

EUCFren proiektuaren esparruan egindako azterlanen emaitzek adierazten duten bezala, eta dokumentu honetan deskribatzen den bezala, energia positiboko auzoetarantz urratsak egiteko energia-komunitateen eredua baliozko eredu gisa ikusten da, eta gai da Udalak eremu hauetan finkatutako helburuak betetzeko: klima-aldaketa, hornidura-segurtasuna eta tokiko jarduera ekonomikoaren garapena. Era berean, aztertutako estrategia eta/edo inbertsio mota guztiak bideragarriak dira, bai ekonomikoki, bai teknikoki, eta errentagarritasun-maila desberdinak dituzte, bai aztertutako auzoetarako, bai Iruñeko beste auzo batzuetara eta, aldi berean, nazioko eta nazioarteko beste udalerri batzuetara estrapolatzeko

Bestalde, identifikatu ahal izan denez, estrategiak behar bezala ezartzen direla bermatzeko funtsezkoa dela Toki Administrazioaren bultzada, eta, horrela, auzoen dinamizatzaile gisa funtsezko eginkizuna betetzen duela, merkatuan betetzen duen zeregin neutrala aprobetxatuz, funtsen mobilizazioa errazteko eta sustatzeko, bai eta aktoreak energia-trantsizio zuzen baterantz mobilizatzeko ere.

Azterlanean, halaber, oztopo garrantzitsuak identifikatu dira, eta horietako batzuk berehalakotzat jotzen dira, asko mugatzen baitute energia-komunitateen hedapena. Horregatik, estrategiak ezartzearekin batera horiek lantzen jarraituko da. 

Azpimarratu behar da energia-komunitateen ezarpenarekin zuzenean lotuta dauden inpaktuetatik harago –esaterako, energia-aurrezpena, berriztagarrien ekoizpena eta CO2 isurketen murrizketa–, ingurumenaren, tokiko ekonomiaren eta gizartearen gaineko inpaktu positiboak ere identifikatu ahal izan direla. Hala, energia positiboko auzoetara bidean, energia-komunitateen eredua baliozkoa eta eraginkorra da, klima-aldaketari aurre egiteko arintze-ekintzak sustatzen ditu eta tokiko ekonomia eta gizarte-ongizatea sustatzen ditu, bidezkoa eta jasangarria den energia-ereduaren aldaketa batetik abiatuta. Funtsezkotzat jo da toki administrazioak eredu horren sustatzaile gisa duen eginkizuna.
 

Bukatzeko, lehen azaldu bezala, dokumentu hau udal-alorrekin adostu beharreko proposamen gisa aurkezten da, eta aplikatu ahal izateko behar besteko babes politikoa eta zuzkidura ekonomikoa izan beharko ditu.