Iruñeko Udal Artxiboa

Iruñeko Udal Artxiboa
Helbidea

MERKATU KALEA 11, 1. SOLAIRUA
31001 - IRUÑA

Telefonoa
Helbide elektronikoa
Ordutegia
- Astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.
Beste zenbait datu
. ARTXIBOZAINA: Beatriz Marcotegui Barber.

Iruñeko Udal Artxiboa Iruñeko Udalak ente juridiko, politiko eta administratibo gisa sortu eta jasotako agiri-ondarea antolatzeaz, kontserbatzeaz, eskuragarri jartzeaz eta hedatzeaz arduratzen den zerbitzua da, hasieratik gaur egunera artekoa; baita beste erakunde eta partikular batzuek sortutakoa ere, eta udal-erakundeak eskuratutako ondare bibliografikoa, ikus-entzunezkoa, artistiko higigarria, etnologikoa eta industriala ere.
Artxiboaren historia 1423an hasi zen; une hartan Karlos III.a Prestuak, Iruñeko burguen bategiteaz arduratu zenak, antolaketa xehe batez hornitu zuen udalerri berria, zeinak, denboraren joanarekin eta funtzio eta eskumen gehiagoren garapenarekin batera, funts dokumental aparta sortuko baitzuen, aparta bolumenaren ikuspegitik, sei mila metro linealetik gorakoa baita, eta informazio-edukiagatik. Erregeak hiru giltzako haritz-zurezko kutxa bat egiteko agindu zuen, hiru herriek beren dokumentu, zigilu eta estandarte komunak gorde zitzaten, biztanle guztien erabilerarako eta onerako. Errege-agindu hori Nafarroan artxibo-agiriei buruzko lehen lekukotza idatzia ere bada, eta horrek azaltzen du 1423 baino lehenagoko 271 dokumentu-unitate kontserbatzea, pergamino-euskarrian. Hala, dokumentu zaharrena 1129koa da.
Iruñeak hiriburu gisa edo «Nafarroako Erresumako buru» gisa zuen garrantzia nabarmentzen du kontserbatutako dokumentazio historikoak. Serie batzuek etenik gabe iraun dute gure garaira arte. Hori gertatzen da, esaterako, Udalaren akta-liburuekin, ordaintze-librantzen edo -manamenduen liburuekin eta kontabilitate-liburuekin, besteak beste, jada 1547ko Gobernu Onerako Ordenantzetan agindutakoak. Beste serie batzuen prozedura, aldiz, ez da arautu, eta horrek izapidetze akastunak edo nahierako administrazio-praktikak erraztu ditu; horren ondorioz, dokumentu-multzo gisa iritsi dira, eta identifikazioa zaildu da. Hala gertatzen da mapa, plano eta marrazkien bildumekin, kartelenekin eta grabatuenekin.
Udal Artxiboak hiriarekin lotutako partikular, entitate eta erakundeen beste funts eta bilduma dokumental batzuk ere gordetzen ditu, Iruñeko agiri-ondarearen parte direnak, hala nola San José eta Santo Tomás Ermandadearen Funtsa (1587-1900), Zilargileen Kofradiaren Funtsa (1691-1832) edo Pablo Sarasateren testamentu-ondarea (1832-1908).
Fototekak aipamen berezia merezi du, bai jatorriarengatik, bai materialen antzinatasun, izaera eta morfologiagatik. Iruñeko Udalak sortutako argazki-funtsa eta udalarenak ez diren beste funts eta bilduma batzuk jasotzeaz, instalatzeaz, antolatzeaz, deskribatzeaz, ebaluatu eta hautatzeaz, eskuragarri jartzeaz eta hedatzeaz arduratzen da; funts eta bilduma horiek interesgarritzat jotzen dira Iruñeko historia garaikiderako eta argazkigintzako teknikaren eta haren egileen historiarako, tokiko argazki-ekoizpenari argazkigintzaren historiaren esparruan dagokion lekua emateko ahaleginean. Aquilino García Deán argazkilari iruindarraren ekarpena oinarri hartuta, etengabe hazten da: bulego-artxiboetako agiriak transferituz, bai espedienteekin batera, haien zati banaezina direlako, bai administrazio-unitateek -Prentsa Bulegoak, adibidezsortutako argazki-artxiboak osatuz; edo dohaintza, gordailu edo erosketen bidez, argazkilari afizionatuen jardueraren emaitza direnak, hala nola Aquilino García Deán eta F. Veramendirenak, eta profesionalenak, hala nola Julio Cía, José Galle edo Francisco Zubietak eta Andrés Reteguik osatutako sozietatearenak, eta tokiko bildumarienak, hala nola José Joaquín Arazuri, Javier Soria, Martín Sarobe eta Rodríguez-Zunzarren anaienak, besteak beste. Osatzen duten piezek batez ere irudi finkoak dituzte, prozedura fotografiko, fotomekaniko edo digitalen bidez lortuak, 1850etik gaur egunera arteko aldian.
Udal Artxiboak liburutegi osagarri eta espezializatu bat ere badu, 25.000 obra orokor eta erreferentziazko baino gehiagok osatua, eta, batez ere, Iruñeko eta Nafarroako gaiekin lotuta argitaratzen diren lanez hornitua. Hemerotekak XIX. mendean eta XX.aren hasieran argitaratutako aldizkako argitalpen historikoez gain, Nafarroan 1924tik gaur egunera argitaratutako egunkari eta aldizkari ia guztiak hartzen ditu. Aleen inbentario-prozesua oraindik amaitu gabe dagoela, 900 erreferentzia inguru identifikatu dira, eta bihurketa digitala egiten ari da; oraingoz, Udal Artxiboko egoitzan aurrez aurre bakarrik kontsulta daiteke.
Garrantzi historikoagatik, beste hainbat elementu ere gordetzen dira, hala nola dominak, txanponak, trokelak, zigiluak, likidoen, aleen eta luzeraren hainbat neurgailu, kaleetako errotulu zaharrak eta aipamen luzea eskatuko luketen beste asko; argi dago ez direla artxibo-metodologiaren xede, baina bai museo batean jartzeko modukoak.


EKIPAMENDUAK: bi irakurketa-gela, ikertzaileari laguntzeko liburutegi osagarri eta espezializatua, hemeroteka eta fototeka. Erreprografia-sistemak (fotokopiagailua, mikrofilmen eta formatu digitalen irakurgailu-erreproduzigailua).
ZERBITZUA ERABILTZEKO BALDINTZAK: bat ere ez.
NORI ZUZENDUA: herritarrei, oro har.