DONEJAKUE BIDEAREN HISTORIA

NOLA ETA ZERGATIK HASI ZEN ERROMESALDIA

Tradizioaren arabera, Santiago Nagusia Kristoren hamabi apostoluetako bat izan zen eta bere maisuaren irakatsiak aditzera eman zituen Iberiar Penintsulan zehar. Hain zuzen ere, Hispaniako ebanjelizatzaile handia izateagatik, gaur egun, Espainiako zaindaritzat hartzen da. Iria Flavia (gaur egun, Padrón herria) izeneko kokaleku erromatar baten ondoan ehortzi zuten, ahaztua, IX. mendean Pelayo izeneko ermitau batek izar batzuek argiztatutako zelai bat ikusi zuen arte, etorkizunean Compostela (Campus Stellae) izanen zena. Harrituta, Teodomiro apezpikuari deitu zion, eta hura fenomenoa aztertzera joan zen, lekua induskatu, eta apostoluaren hilobi ahaztua aurkitu zuen.

Asturiaseko monarkia aurkikuntza handi horretaz (edo, garai hartan esaten zen moduan, “inventio” horretaz) ohartu zen. Alfontso II.ak, Kastoa ezizenez ezagunak, kapera bat eraikitzeko aprobetxatu zuen aurkikuntza, handik gutxira tenplu bihurtu zena, erlikia gurtzeko eta Penintsulako iparraldean erromesbide bat sortzeko, musulmanen aurrerapena Kantauri isurialdera iristen ari zen garaian kristauen presentzia indartzeko balioko zuena.

Donejakue bidearen ospea areagotu egin zen X. eta XI. mendeetan, eta XII. eta XIII. mendeetan goia jo zuen. Horren ondorioz, hura erromesaldi kristauen helmuga bihurtu zen, Erroma edo Jerusalem bezain garrantzitsua.

Horrela eraiki zen gaur egungo katedrala, Europako arkitektura erromanikoaren mugarria, bi apezpikuen babespean: Diego Peláez, obrak hasi zituena, eta Diego Gelmírez, haren ordezkoa eta bultzatzaile nagusia. Era berean, katedralaren inguruan hirigune bat sortu zen, Donejakue bideko herri askotan gertatu zen bezala; izan ere, herri horiek Donejakue bideak ekarri zuen motor ekonomikoak erakarritako beste leku batzuetako jendearen etorrerarekin handitu ziren.

Izaera militarreko erlijio-ordena batzuk erromesak arriskuetatik babesten eta bideak bidelapurrez garbitzen aritu ziren. Hori da Maltako Ordenaren, Hilobi Santuko kalonjeen eta zaldun tenplarioen kasua. Bokazio abegitsuak, era berean, ibiltariak hartzeko ospitale garrantzitsuak sortzea ahalbidetu zuen, nobleen, erregeen eta kleroaren eskutik jasotzen zituzten dohaintza mamitsuei esker.

ERROMESALDIAREN BILAKAERA URTEETAN ZEHAR

Ikusi dugu dagoeneko X., XI., XII. eta XIII. mendeak Santiagorako erromesaldiaren urrezko garaia izan zirela. Baina, une horretatik aurrera, egoera pixkanaka gainbehera joan zen, nahiz eta erromesaldiak ez ziren inoiz erabat desagertu. Honako hauek izan ziren gainbehera horren arrazoi nagusiak: Mendebaldeko Zisma 1378an, izurrite beltza eta XIV. eta XV. mendeetako Europa txikitu zuten garestitzeak, Erreforma protestantea eta, ondorioz, XVI. mendeko erlijio-gerren ezegonkortasuna eta Indiekin egindako merkataritza-bidaiek sortutako abenturarako grinak. 

Denbora jauzi bat egiten badugu, eta 1884. urtera bagoaz, ikusiko dugu León XIII.a Aita Santuak “Deus Omnipotens” bulda promulgatu zuenean, Donejakueren erlikiak benetakoak zirela ziurtatuz, erromesaldiak berriro gora egin zuela. Horrela iritsi gara azken 30 urteetara, Compostelara doazen ibiltarien kopuruak esponentzialki handitu baino ez baitu egin. Halaber, Joan Paulo II.aK eta Benedikto XVI.aK Bidea behin betiko bultzatu zuten 1982., 1989. eta 2010. urteetan, Compostelako hiria pertsonalki bisitatu ondoren. Estatistikak horren adibide ona dira: 1985ean Santiagora 1.245 erromes heldu ziren, eta 25 urte geroago, berriz, 2010ean, erromes-oldea 272.703ra handitu zen.

Hala ere, eta erlijio-motibazioa alde batera utzita, gaur egun jende asko abentura horretan murgiltzen da beste arrazoi batzuengatik, adibidez: kultur turismoa, esperientzia ezberdin bat bizitzea, jendea ezagutzea, espiritualtasuna bilatzea, kirola egitea (oinez, bizikletaz edo zaldiz), mundua ikustea, produktu gastronomiko berriak dastatzea, nor bere burua topatzea eta eguneroko estresatik deskonektatzea. Eta, atzerritarrendako zehazki, Europako txoko hau ezohiko moduan ezagutzea. Arrazoi horien guztien ondorioz, atzerriko erromesek nazionalak gainditu dituzte jada, eta duela mende batzuk imajinaezina zen nazioarteko proiekzioa lortu du Bideak.

Azkenik, nabarmentzekoa da, maila handiko erakundeek, hala nola Europako Parlamentuak eta UNESCOk, Europako Lehen Kultur Ibilbide eta Gizateriaren Ondare izendatu dutela Santiagorako erromesaldia, hurrenez hurren.

BIDEAREN HAINBAT IBILBIDE ALDATU ZITUZTEN ERREGEAK

Donejakue bidean pentsatzen dugunean, askotan, gure oroimenak biderik ezagunenera eramaten gaitu: Frantziako bidea. Baina ikertu ahala, beste bide asko daudela ohartzen gara, erromes bakoitzak bere jatorriaren arabera aukeratuak.

Horrek honako galdera hau egitera garamatza: Frantziako bide hori izan al zen beti bide nagusia?

Erantzuna, bitxia bada ere, ezezkoa da. XI. mendera arte, Bidea Nafarroako beste herri batzuetatik igarotzen zen, hala nola Irurtzunetik, Uharte-Arakiletik, Agurainetik, Gasteiztik eta Miranda de Ebrotik (azken hiru horiek nafarrak ziren garai hartan).

Erresuma kristauak hegoalderantz zabaldu zirenean, musulmanei lurraldea irabazten joan zitzaien; konkista hori Donejakue bidea aldatzeko eta eremu horietan biztanleria kristaua eta nagusitasun politikoa finkatzeko baliatu zen. Horrela, Antso III.a Nagusiak ibilbidea Garesetik, Lizarratik, Vianatik, Naiaratik eta Santo Domingo de la Calzadatik desbideratu zuen, Frantziako bidea –dagoeneko milaka urte dituena– sortuz.

Baina Antso III.a Nagusia ez zen horretan bakarrik aritu. Leóngo Alfontso VI.ak eta Aragoiko eta Iruñeko Antso Ramírez I.ak bultzada handi horretan lagundu zuten.

Errege kristau hauek azpiegitura hobetzeaz gain –monasterioak eta erromesendako ospitaleak sortu eta eraiki zituzten, baita zubiak egin eta bideak konpondu ere–, zenbait zerga-eskakizun (bidesariak eta zubisariak kentzea) deuseztatu zituzten eta Bideko segurtasuna zaindu zuten. Halaber, errege horiek foruak eta pribilegioak eman zizkieten Europa osotik zetozen biztanle berriei, Bidean finkatzeko.

Azkenik, aipatzea, Aymeric Picaud izeneko fraide frantsesa Compostelara erromes joan zela 1140-1160 urteen inguruan, eta, Kalisto II.a aita santuaren enkarguz, Codex Calixtinusa idatzi zuen.

Donejakue bideari buruzko lehen gida da eta, bertan, Picaudek Frantziako bidea zeharkatzen duten hainbat lurraldetatik igarotzean bizi izan zituen esperientziak islatzen ditu. Horietako batzuk deskribapen oso interesgarriak dira, eta beste batzuk, oso dibertigarriak, nafarrei buruz kontatzen duen gertaera, adibidez.