Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2022

MERKATARITZA

MERKATARITZA DINAMIZATZEKO ETA ANIMATZEKO KANPAINAK

STOCK AZOKA (2023). XVII. Iruña Stock Azoka martxoaren 2an, 3an eta 5ean egin zen, Iruñeko merkatari-elkarteekin elkarlanean antolatua, eta ehun saltokik parte hartu zuten Edizio horretan, azoka merkataritza-aretoetan beraietan egin zen, eta Merkataritzako alorrak komunikazio-kanpainan lagundu zuen (kartelaren diseinua, prentsa-oharra, informazioa eta irudia sare sozialen bidez zabaltzea).

LIBURUAREN ETA LOREAREN EGUNA. Liburuaren Eguna (apirilak 23) igandea izan da 2023an. Hasieran zalantzan ibili baziren ere, Diego de Haro Liburu-denda Elkarteak eguna igande horretan ospatzea erabaki zuen, merkataritza-eguna ez izanik ere. Halaber, jarduera hasi zenetik, lehen aldiz lorea ez da oparitu liburu bat erostearekin batera, prezio sinboliko batean saldu baita (0,50 zentimo). “París 365” gizarte-erakundeak egiten du salmenta, postua boluntarioen bidez artatuta, eta biltzen den dirua erakunde horri ematen zaio, dirua bere lokalarendako liburuak erosteko konpromisoa harturik. Herritarrek oso erantzun ona eman diote ideiari eta, zenbaitek diru gehiago eman dute loreendako ezarritakoa baino.

17 liburu-denda parte-hartzaileak pozik agertu dira, bai giro ona izan delako, bai salmenta onak izan direlako, jaieguna izanik ere. Liburu-saltzaileek, egun horretan ohi denez, % 10eko deskontua egiten dute beren salmenta guztietan.

HIRU BURGUEN ERDI AROKO AZOKA. Pandemia dela eta, hiru urtez Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan egin eta gero, Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka bere hasierako lekura itzuli, eta 100 postuak Iruñeko Alde Zaharreko kale eta plazetan barna ezarri dira. Izan ere, Merkatari kalean, kale Berrian, Kontseiluko plazan, San Frantzisko plazan, Eslava kalean eta kale Nagusian, herritarrek eta turistek denetariko produktuak izan zituzten erosgai, Erdi Aroko giroa berregiteak dakarren erakarpenarekin batera. Udaletxe plazako postuak beste leku batzuetara eraman dira, Espainiako errege-erreginak bisitan etorri direlako Batasunaren Pribilegioaren egunean.

TOKIKO PRODUKTUEN VIII. ASTEA 2023ko urriko 9tik 15era, tokiko produktuari eskainitako astearen zortzigarren edizioa egin da. Ekitaldi nagusia tokiko produktuen merkatua izan zen, Gazteluko plazan kokatua eta, horren osagarri, jende guztiarendako jarduera ugari egin ziren, guztiak ere tokiko produktuei lotutakoak. Haien artean tokiko produktuari buruzko pintura-lehiaketa da nabarmentzekoa, eta Foru Komunitateko hainbat pintura-eskolatako ikasleek parte hartu zuten.

Hainbat arlotako lau entitatek dihardute tokiko produktua marka sustatzen. Laurek ere lankidetza-hitzarmena sinatua dute Iruñeko Udalarekin. Honakoak dira: Nafarroako Artisau Elikagaien Elkartea, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK), Intia-Reyno Gourmet eta Bizilur. Entitateok arduratzen dira Gazteluko plazan paratzen diren postuak eta espezialitateak ekartzeaz, horrela ekoizleen eta azken kontsumitzailearen arteko kontaktua sustatuta.

2023-2024KO GABONETAKO KANPAINA

EGUBERRIETAKO ARGIAK. Sektoreko hiru enpresa aurkeztu dira hornidura kontratatzeko lehiaketa publikoan, eta Iluminaciones Ximénez S.A enpresari adjudikatu zaio 268.500 euroan (+BEZa), prozedura negoziatuaren bidez. Aurreko kanpainatik (2022-2023) 2023kora, % 68 igo da argietarako aurrekontua. Aurrekontua handitzeko arrazoia izan da azterlan bat eginez jakin dela Iruña antzeko zenbait hirik gutxienez 400.000 euro bideratzen dituztela Eguberrietako argietarako eta ziur gaudelako aurreko urtean ez zela inor aurkeztu, arrazoi ekonomikoek eraginda.

Iluminaciones Ximénez enpresarekin egindako kontratuak hiru aldiz luzatzeko aukera du, aurrez aldeak ados jarririk.

— EGUBERRIETAKO APAINKETA-EGITURA HANDIEN EROSKETA 2021. urteko Next Generation neurrien barnean, badago partida bat Merkataritza Hirigintza 5. ardatzean: “hiri-apaingarrietarako inbertsioa goi dentsitateko merkataritza-ardatzetan”. Bada, horren baitan, tamaina handiko 9 gabon-apaingarri erostea erabaki zen, photocall moldekoak, Iruñeko auzoetako merkataritza-ardatz nagusiak apaintzeko. Kontratua Artesanía Rodríguez enpresari esleitu zitzaion 57.390€-an (+BEZa). Gainera, kalkulu automatikoko irizpideetan, enpresak beste 3 egitura eskaini zituen. Udalak, hortaz, 12 egitura ditu jabetzan.  

EGUBERRIETAKO APAINKETA SALTOKIEN ATARIETAN. Hiriko merkatarien elkarteetako kide diren merkataritza-establezimenduei 300 irudi baino gehiago banatu zitzaizkien, hiriko merkataritza-ibilbide nagusietako establezimenduetako sarrerak argitzeko eta apaintzeko.

IZOTZ GAINEKO PATINAJE-PISTA GAZTELUKO PLAZAN. Jende guztiarendako entretenimendu berritzaile bat eskaintzeko asmoz, izotz gaineko patinaje-pista baten instalazioa eta ustiapena atera da lizitaziora, Gazteluko plazan paratzeko. Kontratazioa bide publikoa okupatzeko espediente baten bitartez egin da. Udalak, horrenbestez, ez du dirurik bideratu jarduera horretara eta haren errentagarritasuna enpresa adjudikaziodunaren arrisku eta menturara gelditu da. Pistak 390 metro koadro ditu luze-zabaleran, Karlos III.aren etorbidetik hurbilen dagoen aldean jarri eta 35 egunez egon da jendearendako zabalik. 21.782 lagunek erabili dute.

EGUBERRIETAKO AZOKA. Aurten, bi aldaketa garrantzitsu gertatu dira ohiko Eguberri Azokaren aldean: batetik, kokaleku aldaketa eta, bestetik, antolamendu moldea. Azoka Sarasate pasealekuan jarri da eta lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatu da, Iruñean eta Nafarroan tokiko produktu mota guztien sustapenean diharduten erakunde guztiei zabalik. Sarasatera eraman da, enpresa gehiago etorriko direlakoan. Guztira, 38 etxolak osatu dute Azoka, bai eta txurro-dendak Reyno Gourmetek (bi solairuko bus ingelesa) kudeatutako gastronomia guneak ere. Ohikoa izaten ari denez, Iruñeko Udalak Setem-Bidezko Merkataritza GKEri laga dio etxola bat. Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak, gainera, bere merkataritza-sustapenerako kanpaina jarri du guneetako batean, 20.000tik gora lagun bertaraturik.

ANIMAZIO ETA DINAMIZAZIO GUNEA AUTOBUS-GELTOKI ZAHARREAN. Lehen aldiz, autobus-geltoki zaharrean, haurrendako animazio eta dinamizazio jarduera entretenigarriak egin dira haurrak erakartzeko eta haien bidez, herritarrak Iruñeko erdigunera etortzea eragiteko. Iruñeko Udalaren iritziz, hura aukera izan zitekeen familiak erakartzeko eta, horrela, periferiako beste merkataritza-formatu batzuetara ez ihes egiteko. Guztira, 18.878 lagun bertaratu dira jardueretara, 1. nasan ezarritako jolas-parkearen osagarri. Era berean, Askatasun plazan ezarritako Coworkids gunearekin aritu gara lankidetzan, bertako karpa argituz.

AUZOETAKO MERKATARITZA SUSTAPEN, ANIMAZIO ETA DINAMIZAZIOA. Iruñeko auzoek ere beren animazio eta dinamizazio kanpaina dute merkataritzari begira. 30.000 poltsa berrerabilgarri erabili dituzte Oparitu Iruña leloarekin. Musika-emanaldiak eskaintzeaz gain, zaldiko-maldikoak jarri, gaztaina erreak banatu eta, auzo batzuek kabalgatako banderadunen bisita izan dute.

KOMUNIKAZIO KANPAINA: ZORIONAK IRUÑA, EGUBERRI ON. Turismo Sustapeneko eta Merkataritzako Alorra lankidetza aritu da Zorionak Iruña. Eguberri On Eguberriko kanpaina orokorrarekin, La Llorona agentziak gidaturik, Iruñeko Udalaren komunikaziorako esparru-akordioaren adjudikazioduna baita. Horrela, hondo berdeko eta urre-koloreko xehetasunez osaturiko irudi berdina dutela, hainbat bitarteko erabili dira mezua hedatzeko: 90 bandera, tamaina handiko 6 olana autobus-geltoki zaharrean, kartelak Descalzos kaleko igogailuko atean, aparkalekuetako edikuluak, eta 26 mupi eta 30 hesi, autobus-geltoki zaharreko gune guztiak antolatzeko.

Era berean, paperezko 10.000 poltsa ekoiztu dira, kanpainaren irudia agerian dutela, sarasate pasealekuko Eguberri Azokan banatzeko eta, mezua erosketen bidez mantentzeko.

LAGUNTZA EKINTZAILEEI ETA ENPRESEI

Hitzarmena Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Zentroarekin (CEIN)

Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen hirian ekintzailetza bultzatu eta sustatzeko. Iruñean duen bulegoan ekintzaileei arreta ematea agindu zitzaion CEINi eta, horrez gain, hirian enpresak sortzera eta ETEak garatzera eta prestakuntza sustatzera bideratutako programak eta ekintzak kudeatzea.

Belaunaldi-aldaketa dendetan. Dendetako belaunaldi-aldaketa proposamenaren helburu da bi kolektiboren, ekintzaileen eta beren negozioa eskualdatzeko edo hari jarraipena emateko interesa duten denda-jabeen parte-hartzea sustatzea, Iruñeko jarduera ekonomikoa berritzen eta indartzen laguntze aldera. Sareetan komunikazio-ekintzak egin ziren, interesdunak erakartzeko; halaber, informazioa emateko jardunaldi bat jende guztiarendako zabalik, belaunaldi-aldaketak negozioan zer esan nahi duen azaltzeko. Saioa 2023ko azaroaren 6an egin zen, Kondestable Jauregian. 68 lagunek eman zuten izena eta, azkenean, 50 pertsona agertu ziren. Aldaketa gauzatzeko benetako interesa izan zutenek aholkularitza pertsonalizatu eta espezializatua jaso zuten, egungo denda-jabeek lagundurik.

Iruña, ekintzaile 2023. Iruñeko Udalak, CEINekin elkarlanean, hiriko jardueraren hobekuntza bultzatu eta laguntzeko asmoa izan zuen 2023an, aukerak eskainiz Ekonomia Berdeari lotutako arloetan enpresak sortzeko interesa zuten pertsonei. Xedea da bultzada eta ekintzailetza susta lezaketen ekintzen bidez sor litezkeen ekimen eta dinamika berriak sortzea, betiere aurreko programetan testatutako metodologia berritzaileak erabiliz. 25 parte-hartzaile aukeratu ziren, eta haietariko 16k programa bururaino eraman zuten. 45 prestakuntza-saio eman eta 17 proiektu sortu ziren.

Imajinatu Iruña. Imajinatu Iruña ekimenaren hasierako helburua izan da helburu batzuk lantzen laguntzea Iruñeko Hiri Agendaren Estrategia Bulegoari eta Iruñeko Udaleko GJHri, hots, ekintzailetzarekin lotutako jardueren bidez identifikatutako helburu batzuk lantzea, ekintzailetzarako ekimena duten pertsonek jorratu ditzaketen erronketan oinarriturik. Open Innovation saio bat egin zen CEINen egoitzan, (Leire kalea), 2023ko azaroaren 9an. Dinamika Iruña Ekintzaile ekimenean parte hartu duten pertsona batzuekin egin zen.

Emakumeak eta berrikuntza jardunaldia. Jardunaldiaren helburuak dira emakume ekintzaileen ekosistema bultzatzea eta emakumeen enplegagarritasuna hobetzea. Palankak izenburuko lantegi-jardunaldiak egin ziren lanbide- eta ekintzailetza-aldaketa jorratzeko, maiatzaren 5ean, ostirala, Kondestable Jauregian (hitzaldi aretoa). 30 emakume bertaratu ziren. Haietariko 25ek azken inkestari erantzun eta gogobetetze-maila handia adierazi zuten.

MERKATARITZA-SEKTORERAKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Deialdi honek prozedura bat garatzen du Animazio eta Dinamizazio, Sustapen eta Komunikazio, Enpresa Sustapen eta Asoziazionismo Komertzialeko eta Hirigintza Komertzialeko jarduerak egiteko dirulaguntzak norgehiagoka araubidean emateko, bai eta Iruñeko Udalaren Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean xedatutakoa betetzeko ere. Ordenantza hori hasiera batean onartu zen Udal honen Osoko Bilkurak 2005eko azaroaren 3an hartutako erabakiaren bidez.

Deialdiaren xedea da Iruñean presentzia handiena duten Iruñeko merkatarien elkarteak diruz laguntzea –eremukoak zein gremioetakoak–, merkataritza-sektorea sustatzeko jarduerak eta merkataritza dinamizatzeko eta bultzatzeko jarduerak diseinatu, garatu eta horien jarraipena egin dezaten, 2022ko urriaren 16tik 2023ko irailaren 30era bitarte.

Hurbileko merkataritza sustatzea da Iruñeko Hiri Agenda-2030 Estrategiaren helburu estrategikoetako bat. 2. Dimentsio estrategikoaren barruan (“Iruñea Sozialki Inklusiboa”) “L6. Iruñea, hurbileko merkataritza eta zerbitzuekin".

Merkataritza-sektoreko 11 elkarte aurkeztu ziren guztira deialdira. Deialdiaren hasierako aurrekontua 100.000 eurokoa izan zen, eta onuradun bakoitzari jarduera bakoitzeko gehienez onartutako aurrekontuaren % 80 eman ahal izango zaio. Guztira 38 proiektu aurkeztu ziren,eta hasierako gastuaren aurrekontua 94.288,08 eurokoa da, nahiz eta, parte hartzen duten elkarteek benetan gauzatutako ekintzengatik aurkeztutako justifikazioaren ebaluazioa amaitu ondoren, guztira 64.918,43 euroko laguntzak eman ziren.

AUTOBUS-GELTOKI ZAHARREKO NASEN ERABILERA-LAGAPENAK

Autobus-geltoki zaharreko nasak erabiltzeko baimenak kudeatu ziren, udal-webean argitaratutako erabilera-irizpideen arabera. 2023an, guztira 27 jarduera baimendu ziren urtean zehar.

GELTOKI ESPAZIOA

Koordinazioa dago GELTOKIren arduradunekin eta, administrazio-emakidako pleguan aurreikusia dagoen bezala, espazio horretako esleipen-hartzaileak 2023. urteko jarduera-txostena aurkeztu zuen eta hura espedientean sartu zen.

IRUÑEKO MERKATARITZAREN MAHAI TEKNIKOA

Merkataritzaren Mahai Teknikoa lan-talde bat da eta hiriko merkatarien elkarteetako nahiz Udaleko Merkataritzako Alorreko teknikariek osatua dago. Aholku-emailea da, eta Merkataritza eta Turismoko Alorreko jardueren garapenari buruzko informazioa emateko sortu zen, bai eta horri buruzko iradokizunak jasotzeko eta kontsultak ebazteko ere.

BIDE PUBLIKOAREN OKUPAZIOARE BURUZKO TXOSTENAK

Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko alorrak hiriko merkataritza inplikatzen duten jarduera guztiei buruzko txosten teknikoak egiten ditu, eremu publikoaren okupazioari dagozkionak, Herritarren Segurtasuneko Alorrak eskaturik, 2023an, guztira, 42 txosten egin dira.

EREMU PUBLIKOAN JARDUERAK EGITEKO APLIKAZIOAREN KUDEAKETA

Kaleko ekitaldi guztietako jarduera guztiak antolatu eta muntatzeko (merkatuak, azokak, Eguberriko argiak jartzea, etab.), Herritarren Segurtasuneko alorraren eremu publikorako aplikazioarekin lan egiten da. Tresnak ekitaldiei buruzko informazio guztia jasotzen du eta, haren bidez, Udaltzaingorako interesekoak diren datu guztiak sartzen dira: okupatuko diren espazioak, materialak, produktuak, zamaketa-lanetarako ibilgailuetako matrikulak, ordutegiak...