Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2022

ARTXIBO-PROZESUAK

DIRU SARRERAK

Udal-bulegoen artean, Gizarte Orokorreko Alorrak bakarrik egin dio dokumentazio-transferentziarik Udal Artxiboari; Akten departamentuak, hain zuzen ere.

  • — Tokiko Gobernu Batzarraren eta Eledunen Batzarraren akten liburu ofizialak, bai eta alkatearen eta zinegotzi ordezkarien eta alorretako zuzendaritzen 2021eko ebazpenak ere. 44 liburuki.
  • — Informazio-batzordeen 2021eko aktek liburu ofizialak: 7 liburuki.
  • — Osoko Bilkuraren saioen 2022ko 17 espediente.
  • — Osoko Bilkuraren, Tokiko Gobernu Batzarraren eta Eledunen Batzarraren akten liburu ofizialak, bai eta alkatearen eta zinegotzi ordezkarien eta alorretako zuzendaritzen 2022ko ebazpenak ere. 32 liburuki.
  • — Informazio-batzordeen 2022ko akten liburu ofizialak, Kontratazio Zaintzari dagokionak izan ezik: 5 liburuki.

Lekurik ez dagoenez, biltegian gorde dira koadernatu arte.

Fototekak, bestalde, ikus-entzunezko funts digitalen bi transferentzia jaso ditu, Kulturako eta Alkatetzako (Komunikazioa) alorrek bidaliak, Turismoko alorrak bultzatu eta finantzaturiko proiektuaren baitan, hots, Iruñeko Udaleko ikus-entzunezko funtsei kanpo-kontratazioaren bidezko artxibo-tratamendua emateko (ikus 3. puntua). Kulturako alorrak, guztira, 40.517 objektu digital bidali ditu (3977 GB). Komunikazioko Alorrak, bestalde, 2009tik 2019ra bitarteko argazkiak: 29.617 objektu digital (278,7 GB). Oraingoz, kanpo-gailuetan daude, tratamendua eman arte.

2023an, azkenik, 2022ko sanferminetako kartel-lehiaketaren proposamen irabazlea bidali (Beti Bezala, Olaia Merino Ervitik ondua) eta Sanferminetako kartel-bilduman sartu da. 2023an, hainbat dohaintza jaso dira; haien artean hauek dira nabarmentzekoak:

  • — Sanferminetako kartel-proposamena, 2014an bigarren saria eskuratutakoa, Estefanía Pazek egina.
  • Eusebio Minaren funtsa. 3.483 argazki dira, gehienak Hirugarren Zabalkundekoak eta XX. mendeko hirurogeiko, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetakoak.
  • Galbete Martinicorena anaien hainbat dohaintza. Construcciones Martinicorena enpresaren jabetzako argazkiak dira, XX. mendeko hogeiko hamarkadatik hirurogeikora bitartekora, Iruñeko hainbat eraikuntza-espaziori eta eraikini buruzkoak.

Era berean, Fototekak carte de visite moldeko 17 erretratu erosi, digitalizatu eta Udal Bilduman sartu ditu.

Azkenik, liburutegi osagarriaren funtsak 68 titulutan handitu dira: 9 Nafarroako Gobernuko Argitalpen Funtsak eman ditu dohaintzan; 6, Udalak berak argitaratu ditu eta, 53, liburu-dendetan erosi dira.

IDENTIFIKAZIOA-DESKRIBAPENA

Urte amaieran, Iruñeko Erregimentuaren Errege Hiletetako Hieroglifoen bilduma identifikatu eta deskribatu zen (91 hieroglifiko). NOVADOC programa artxiboaren baldintzetara egokitzeko zain, datuak Excel batean jaso ziren, ISAD (G) fitxa batean oinarriturik. Artxibo-signatura bat eman zitzaion, eta pergamino-gelako plano-altzariaren 26. eta 41-48. tiraderatan jarri ziren.

Horrez gain, plano-altzarian gordeta dauden pergaminoen, dokumentu solteen eta bestelako materialen inbentarioa egin zen, kokapen egokia emateko eta altzari hori mapa, plano eta marrazkien bilduma ezartzeko erabiltze aldera.

Halaber, plano, mapa eta marrazkien bildumako 26 plano katalogatu dira.

Era berean, eta erabiltzaileek gehien eskatzen duten dokumentazioa non dagoen gordeta errazago jakiteko, administrariek deskribapen-lanetan lagundu dute, bai udal-erroldako liburuak indexatuz (404 liburu), bai atal hauetako paper-sorten edukiaren inbentarioa eginez:

  • Irekierak: 12 paper-sorta
  • Udalaren Ondasunak: 12 paper-sorta
  • Irakaskuntza Publikoa: 94 paper-sorta
  • Arte eta Lanbideen Eskola: 9 paper-sorta
  • Iturengo Eskola: 3 paper-sorta
  • Musika Eskola: 14 paper-sorta
  • Inprimatuak eta Foiletoak: 170 paper-sorta
  • Udal Obrak: 9 paper-sorta
  • Aginduak eta Zirkularrak: 1 paper-sorta
  • Langileak eta Ondarea: 8 paper-sorta
  • Irekiera- eta eskualdaketa-lizentziak: 87 paper-sorta
  • Merkataritza-lokalak berritzeko lizentziak: 35 paper-sorta
  • Elkarteak: 5 paper-sorta
  • Gertakari Politikoak: 3 paper-sorta
  • Hiri Garraioa: 1 paper-sorta
  • Hirigintza: 15 paper-sorta

Fototekari dagokionez, honako funts eta bilduma hauek digitalizatu, deskribatu eta jendaurrean jarri dira:

  • Arazuri Bilduma, 2021ean hasitako lanari jarraipena emanda: 1.264 dokumentu-unitate.
  • Eusebio Mina funtsa: 402 dokumentu-unitate.
  • Udal Bilduma: 16 dokumentu-unitate.

Artxiboan gauzak gordetzeko leku falta izugarria dagoenez, ezin da barnealdeko transferentziarik jaso eta, aldi berean, udal-bulegoak goraino betetzen duen ondare-baliorik gabeko dokumentazioa dela eta, 2023an berrikusten hasi ziren Nafarroako Gobernuko Ebaluazio Dokumentalerako Batzordeak hartutako akordioak, betiere Toki Entitateei buruzkoak edo aplikatzekoak. Bere osoan edo zati batean ezabatzeko moduko hainbat serie identifikatu ziren.

Lan horri jarraipena emateko eta bukatzeko asmoa dago, akordio horiek Iruñeko Udalaren balorazio-egutegietara eramate aldera.

Urtean zehar, Haur Eskoletako eta Turismoko alorreko bulegoek dokumentazioa ezabatzeko beharra jakinarazi diote Artxiboari.

SARBIDEA

A) KONTSULTAK ARETOAN

Urtean zehar, 1.685 erabiltzailek kontsultatu zituzten funtsak han bertan: 1.545 kanpoko erabiltzaileak izan ziren (herritarrak) eta 140 barnekoak (Udal barnekoak). Aurreko urteko antzeko kopuruak dira.

Funtsik kontsultatuenak Fototekari dagozkionak izan ziren; gero, Eraikuntza Lizentzien espediente-serieak, biztanleen udal-erroldakoak eta katastrokoak, eta bilduma hemerografikoa.

Aurrez aurreko kontsulta-datuei gehitu beharko litzaizkieke Novadoc aplikazioaren bidezko sarrerak, dela Fototekako funtsetara, dela Hemerotekako eta Liburutegiko bildumara. Programak ez digu hori kuantifikatzea ahalbidetzen.

B) MAILEGUAK

Urtean zehar, dokumentazioaren barne-maileguko 140 eskari artatu dira, 172 espedienteri dagozkionak. Era berean, 174 itzuli dira. Gehienak, Hirigintzako alorretik datoz.

Artxiboa, halaber, Udalak berak antolatutako zabalkunde-jardueretan eta erakusketetan aritu da lankidetzan. Horrela, Protokoloko alorrak eskaturik, irailaren 1etik 7ra, Batasunaren Pribilegioaren ale bat (R.205) mailegatu eta, guk teknikoki gainbegiraturik, udaletxeko harrera-aretoan jarri zen ikusgai.

Artxiboak, era berean, sanferminetako hogei kartel mailegatu zizkion Kulturako alorrari, Kondestable jauregian ikusgai jartzeko ekainaren 26tik irailaren 29ra; 2000tik 2019 urtera bitartekoak, hain zuzen.

Azkenik, honako mailegu hauek baimendu zitzaizkien artxibo- edo museo-erakundeei, erakusketetan ikusgai jartzeko:

  • Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari Biba Konstituzioa! Liberalak eta liberalismoa Nafarroan (1812-1876) erakusketarako (2023ko azaroak 23 - 2024ko apirilak 21), 5 dokumentu eta 4 prentsa-ale:
    • • Nafarroako Milizia nazionalaren indarraren egoera. 1836ko abenduaren 12a. (AMP; Gerra eta miliziak, 23. paper-sorta, 2. zk.).
    • • Nafarroako probintziako Gobernu Zibilaren jakinarazpena, Iruñeko Klub Errepublikanoaren Erregelamendua onesteari buruzkoa. 1869ko abenduaren 30a. (AMP, Elkarteak, 1841-1918, 19. zk.).
    • • Iruñeko Askatasunaren Boluntarioen Batailoiaren indarraren egoera. 1872ko irailaren 14a. (AMP, Gerra eta Miliziak, 1. paper-sorta, 9. zk.).
    • • Iruñeko Udal errepublikanoaren aldarrikapena absolutismoaren defendatzaileek mantendutako gerraren aurka. 1873ko ekainaren 28a. (AMP, Gertakari Politikoak, 2. paper-sorta, 5. zk.).
    • • Luis Martinez de Ubago Iruñeko jarduneko alkatearen bandoa, bizilagunak Errepublikaren defentsan armak hartzera gonbidatzeko. 1873ko uztailaren 13a (AMP, Gerra eta Miliziak, 1. paper-sorta, 9. zk.).
    • • Iruñeko Aldizkari Ofiziala, 1837ko urtarrilaren 30a.
    • • Iruñeko Aldizkari Ofiziala, 1842ko abenduaren 9a.
    • • Nafarroako Probintziako Aldizkari Ofiziala, 1854ko uztailaren 31.
    • • La Montaña. Egunkari errepublikano-federala, 1873ko ekainaren 8a, 117. zk.
  • Madrilgo Cerralbo Museoari, Sebastián Taberna: gerraren aurpegia (2022ko urriaren 17a - 2024ko urtarrilaren 28a): 1936ko sanferminetako kartela.

C) ERREPRODUKZIOA

Artxiboak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, bertako funtsen erreprodukzioa dago. 2023an, Hemerotekako 45 eskaera bideratu ziren eta, Fototekako 69 (1.502 irudi). Halaber, 507 plano digitalizatu ziren Repronet bidez, 110 erabiltzailek eskaturik.

ZABALKUNDEA

A) eRAKUSKETA

Batasunaren Pribilegioa eman zeneko seigarren mendeurrena zela eta, Udal Artxiboak A vida de paz et concordia. Batasunaren Pribilegioaren 600 urte izenburuko erakusketa antolatu zuen. Irailaren 6tik azaroaren 30era bitarte egon zen ikusgai Kondestable Jauregiko Areto Gotikoan, Artxiboko zuzendaritzak komisariatua. Honako pieza eta dokumentu hauek jarri ziren ikusgai:

  • 24 pergamino: 23 udal-artxibokoak eta 1 Iruñeko Katedraleko Artxiboak mailegatua.
    • • Iruñeko Katedraleko Kabildoak mailegatua. Haren bidez, Antso Ramiritz erregeak jabetzak berretsi zizkion apezpikuari 1092an, Iruña hiria barne (ACP; B2).
    • • Gainerako pergaminoak (23) 1129tik 1423 urtera bitarte zeuden datatuak eta, haien artean, Batasunaren Pribilegioaren jatorrizkoa zegoen: R001, R008, R009, R010, R013, R016, R018, R021, R031, R047, R057, R063, R067, R068, R071, R072, R099, R102, R106, R183, R195, R204 y R206.
  • 4 artxibo-liburu:
    • Batasunaren pribilegioaren notario-kopia, eskuz idatzia (1533)
      • Kontsulta-liburua (1556-1561)
      • • Iruña hiriko artxiboan dauden pribilegioen, eskrituren, patenteen eta paperen inbentarioa, Martin Senosiainek egina. 1597
      • Udalaren osoko bilkuraren akta liburua (1834-1836)
  • 2 dokumentu grafiko: marrazkiak eta grabatua, 1766ko Aita Moreten Anales lanaren edizio ilustraturako:
    • • Iruña Antso Jakitunak goraipatua. Egilea: José Lamarca
  • 2 ale bibliografiko:
    • Nafarroako Erresumako Hiriburua den Iruña Txit Prestu eta Leialeko Batasunaren Pribilegioa. 1619. Lehen ale inprimatua
      • • Iruñeko gerra zibila Anelierren poema Azterketa eta edizioa: Pablo Ilarregui 1847
  • Karlos III.aren erretratua, Enrique Zubirik margotua. 1923
  • Iruñeko armarri brodatua, karmin-koloreko hondoaren gainean.XVI. mendea
  • Turuten oihala, Iruña hiriaren armarriarekin. 1768
  • Artxiboko dokumentazioa gordetzen zen kutxa gotorrari dagozkion hiru giltza metaliko.

Aipatu materialen erakusketarako, segurtasunezko 10 beira erosi ziren. Batasunaren Pribilegiorako, udaletxeko atarteko arasa erabili zen, propio horretarago lagata, Beirari led zerrenda erregulagarri bat jarri zitzaion.

Erakusketa diseinatu eta koordinatzeko, Murariaren zerbitzuak kontratatu ziren, eta Josemi Parrarenak, berriz, diseinu grafikorako. 12 panel jarri ziren, azalpen-testuekin eta argazkien bidez ilustratuak, pieza bakoitzari buruzko informazioa zuten 10 arasa, 2 roll-up eta kanpo-olana bat.

Segurtasunaren indargarri, Intro-rekin aurrez aurreko zaintza kontratatu zen erakusketaren irekiera orduetan (10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara).

Erakusketa ikusteko bisita gidatuak eskaini ziren doan, euskaraz eta gaztelaniaz, DINAMIC Eventos enpresarekin kontratatuak. Guztira, 24 bisita eta 451 bisitarirentzat izan ziren. Era berean, artxiboko langileek bisita gidatuak egin zizkieten hala eskatu zuten zenbait kolektibori.

Erakusketaren katalogo bat ere argitaratu zen, 500 ale plazaratuta, 6na eurotan salduta, bai Martzeliano Etxean, bai Kondestable Civivoxen.

Erakusketak 5.705 bisitari izan zituen guztira, eta leku nabarmena izan zuen tokiko prentsan eta irratian. Bisitarien artean, nabarmentzekoa da Espainiako errege-erreginek eta beste agintari batzuek irailaren 8an egindako bisita.

Erakusketaren kostua 37.350,23 €-koa izan zen, zaintza, diseinua, bisita gidatuak eta katalogoa barne.

B) ELKARLANA IKASTETXEEKIN

Batasunaren Pribilegioaren seigarren mendeurrena zela eta, eskaintza didaktiko baten diseinua kontratatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Didaktika sailarekin Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleendako, Batasunaren Pribilegioa lantzeko. Aurreikuspenen arabera, 2024ko otsailean da aurkeztekoa.

Era berean, hiru bisita antolatu dira:

  • Maiatza: Nafarroako Unibertsitateko Historia Graduko ikasleak.
  • Urriak 9: NUPeko Historiako 4. mailako taldea.
  • Azaroa: Nafarroako Unibertsitateko Artearen Historia ikasgaiko ikasleak

C) ARTXIBOA IKUSTEKO BISITAK

Hiru bisita gidatu Udal Artxibora, udal funtsetan interesa duten taldeekin.

KONTSERBAZIOA

PREBENTZIO-KONTSERBAZIOA

Artxiboak gordetzeko espazioen tenperatura- eta hezetasun-baldintzak kontrolatze aldera, uztailean eguneroko datuak hasi ziren sistematikoki hartzen bi unetan (8:00 eta 14:00).

Izan ere, hamar termohigrometro jarri ziren: hiru 4. solairuan (bertan gordeak daude sanferminetako kartelen bilduma eta Zubieta eta Reteguiren argazki-bildumaren zati bat), beste bat kaperan, sakristian (ondare historiko-artistikoa), pergaminoen gelan, Pablo Sarasateren liburutegian, Ganbera Korazatuan eta armairu trinkoen bi aretoetan. Abendutik aurrera, datuak hartzeko bi tresna berri jarri dira Fototekako bi bulegoetan (beheko solairua).

Berretsi dira 4. solairuko baldintzak oso txarrak direla, eta komeni da bertan dagoen materiala baldintza egonkorragoak dituen beste leku batera eramatea. Gainerako geletan ere ez da aldeko emaitzarik izan.

ZAHARBERRITZEAK

Batasunaren Pribilegioaren erakusketa zela eta, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren lankidetza eskatu zen, eta honako dokumentu hauek zaharberritu zituen kosturik gabe:

  • Batasunaren Pribilegioaren lehen edizio inprimatua, 1619an egina.
  • Batasunaren Pribilegioaren Iruñeko Zigilu Handia (192B). Zatiak berrintegratu eta zigilatzea

Halaber, 1909ko El Pensamiento navarro egunkariaren liburuki koadernatu bat zaharberritu eta desazidotu zen.

Azkenik, Udal Artxiboa Amsterdam Unibertsitateko (UVA) Advanced Professional Programme in Conservation and Restoration programako Paula Ogayar ikaslearekin aritu zen lankidetzan. Ikasleak, izan ere, Zubieta eta Retegiren Funtseko beirazko 17 plaka zaharberritzeko tratamendua eskaini zuen. 1949ko taldeen erretratuak ziren.

instalaZIOA

  • Luis Pareten iturri-proiektuak biltzen dituzten 6 laminari markoa kentzea (NEAN)
  • Marko estanko bat enkargatu zen 1990eko sanferminetako kartelerako (Mikel Urmeneta), Izan ere, plastilinaz egina dagoenez, sufrea eta toxikotasun handiko beste elementu kutsagarri batzuk darizkio. Abenduaren 18an ezarri zen gordailuko plano-atzari batzuetan.
  • Eusebio Mina funtsa: 402 dokumentu-unitate kontserbazio-kutxetan eta hesi-paperarekin.

DIGITALIZAZIOA

Mírame comunicación. Iñaki Azkonaren ikus-entzunezko materialaren digitalizazioa.

 

PROIEKTUAK

Udal Artxiboa, bestalde, Artxiboak eta Turismoko alorrak (María Bezunartea) koordinatutako honako proiektuetan ari da, Europako Next Generation funtsei loturik:

  • San Fermin 360: Sanferminei buruzko proiektua da artxiboak digitalizatzeko, erakunde publikoetako, pribatuetako eta herritarren funtsek osatua. Laguntza teknikoko kontratu bat argitaratu zen, Gesardoc enpresari adjudikatua, artxibo hori elikatu dezaketen agenteak eta elementuak aurkitu, identifikatu eta deskribatzeko, domeinu eta hosting bat gaiturik: archivosanfermines.eu. Azken txostena ekainaren 30ean aurkeztu zen.
  • Hainbat gailu eta unitatetan barreiaturik, bikoizturik eta deskribatu gabe dauden Iruñeko Udalaren argazki eta bideoei artxibo-tratamendua emateko proiektua. Urte bukaeran, lankidetza hasi zen Turismoko alorrarekin laguntza teknikoko kontratuaren plegu teknikoa idazteko (2024an argitaratzeko asmoa dago), Udalaren argazki- eta ikus-entzunezko dokumentuei artxibo-tratamendua emateko: identifikazioa, sailkapena, deskribapena, balorazio-proposamena eta kontserbazioa. Era berean, jabetza intelektualeko eskubideen eta argazkietan ageri diren pertsonen ohorerako eskubidearen arloan arazoak dituzten dokumentuak identifikatuko dira. Oraingoz, kontratuaren xedea Turismoko, Kulturako eta Komunikazioko alorretako dokumentuei dagokie.

ONDARE HISTORIKO-ARTISTIKOAN ESKU HARTZEA

Artxiboak Udalaren ondare historiko eta artistikoa osatzen duten ondasun higigarrien multzo handi bat zaindu eta kudeatzen du. Material hori inbentariatu eta kontrolatzeko asmoz, argazkiak egiteko enkargua egin zitzaion José Luis Larrioni. 100 pieza inguru erretratatu ziren, kaperaren ondoko biltegi batean gordetako margolanei dagozkienak.

Lan horien ondorioz, Napoleonen garaiko bonba bat identifikatu zen, langileen segurtasunerako arriskutsua izan zitekeena, ez baitzekiten zer egoeratan zegoen. Udal Artxiboko zuzendaritzak Espainiako Poliziaren GEDEX taldeari eman zion (abenduaren 18an) eta, aurreikuspenen arabera, 2024an desaktibatuko da. Bonbaren karkasa kontserbatuz gero, Artxibora itzul dadila eskatu zen.

Artxiboak, gainera, udaletxean zeuden honako ondare-ondasun hauen zaharberritzea kudeatu zuen:

  • XVIII. mendeko kasulla, udaletxeko kaperaren apaingarrien artean zegoena. Ikerlari batek huraxe aztertzeko eskatu izanaren ondorioz, bere markotik atera eta intsektuak atzeman zituzten. Vianako Printzea erakundeak halaxe agindurik, kasulla ateratzeko eta azala garbitzeko enkargua eman zitzaion Cyrpa enpresari. Pieza orain Udal Artxiboaren geletan dago gordea.
    Hiriko armarriak. Batasunaren Pribilegioaren erakusketa antolatzearen karira, udaletxeko kapera apaintzen zuten Iruñeko bi armarritan esku hartu da: horietako bat XVI. mendekoa da, karmin-koloreko belusean brodatua; bestea, XVIII. mendekoa. Biak markotik atera eta kontserbazio-kaxetan sartu ziren Artxiboko geletan; XVI. mendekoa soilik (ikusgai jarri zena) askatu zuten bere euskarritik, eta azala garbitzeko tratamendu bat eman zitzaion (CYRPA).
    Karlos III.aren erretratua, Enrique Zubiri pintoreak 1923an egina, Batasunaren Pribilegioaren 500. urteurrena zela medio. Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan dago kokatua. Haustura txiki bat zuen mihisean, eta Cyrpak zaharberritu zuen, Kondestable Civivoxean ikusgai jartzeko.
    Udaletxeko fatxadako beirateetan eta elementu metalikoetan esku hartu da, baina Ondareko alorraren aurrekontuaren kargura.