
Berdintasunerako udal-egiturak finkatzeko helburuarekin, Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorrak taldea handitu zuen 2016an, Berdintasuneko teknikari bat izatetik hiru izatera pasatuz (gaur egun denak daude plantilla organikoan). Modu horretan, genero-ikuspegiaren zeharkakotasunerako laguntza teknikoa bermatzeko gaitasuna duten berdintasunerako teknikarien talde bat eratu da, udal-alor bakoitzean erreferenteak dituena.
2016an, Emakumearen Udal Kontseilua hiru aldiz bildu zen biltzar arruntetan: martxoan, ekainean eta urrian. Beste batzuen artean, honako gai hauek zeuden gai-zerrendan: III. Planaren dokumentuaren aurkezpena Kontseiluak oniritzia emateko eta ondorengo Gobernu Batzordearen eta Udalbatzaren onespen-proposamena eta Eraso Sexisten aurrean izan beharreko Jarduketa Protokoloaren onespena.
Udalaren intraneten, online bidezko sentsibilizazio-modulu bat dago jendearen eskura Berdintasun arloaz. Ez dago daturik, ordea, hartan izaniko bisita kopuruaz. Berdintasuneko Alorrak garaturiko sentsibilizazio-jarduketa guztiak berariaz bidaltzen zaizkie udal-langile guztiei barne-postaren bitartez, sentsibilizazioaren berri emateko eta hartan parte hartzera gonbidatzeko.
Halaber, udal-alor guztietarako urtero aurreikusitako bi ekintza egitea mantendu egingo da: batetik, berdintasunaren printzipioa mantentzea bai deialdian bai udal-langileen hautapen- eta sustapen-prozesuan; eta bestetik, Udaleko informazio-sistemetan datuak sexuaren arabera bereizi beharra.
Iruñeko III. Berdintasun Plana 2016-2022, Udalbatzak onartu zuen apirilaren 7an. Hona agiriaren oinarrizko premisak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gobernagarritasun-printzipio gisara; genero-zeharkakotasuna politika publikoetan esku hartu eta haiek eraldatzeko estrategia gisara; oraindik desberdintasunek irauten dutelako egiaztapena, emakumeek baliabideak eskuratu eta kontrolatzeko orduan; jokaleku eta manera berriak ezartzeko beharra, demokrazia parekide eta parte-hartzaile baterantz aurrera egingo bada.
Horretarako, zazpi printzipio gidari identifikatu ditu, egin beharreko jarduketak markatzen dituztenak eta zentzua ematen dietenak. Hauek dira printzipioak: Genero-ikuspegia, Dibertsitatea, Parte-hartzea eta Gidaritza, Neutraltasunik eza, Erantzunkidetasuna, Aurrekontu-bermea eta Gardentasun-bermea. 4 esku-hartze esparruk eta 15 ildo estrategikok (IE) zedarritzen dute III. Berdintasun Planaren agiri estrategikoaren egitura. Esparru bakoitzean zehazten dira helburu orokorrak (HO), helburu zehatzak (HZ) eta proposatutako jarduketak. III. Planaren garapena urteko planetan zehazten da, udal-alor guztietan onartutako aurrekontuekin eta Planaren lau esparruetan proiektuak garatzen dituzten zeharkako proiektu komunekin: Gobernantza eta konpromiso politikoa berdintasunarekin; Emakumeen ahalduntzea eta balio-aldaketa; Zainketa-lanen eta erantzunkidetasunaren aitortza, bizitzaren sostengarritasunerako gako-elementu gisa, eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza hiri seguru batean.
III. Berdintasun Plana plan orokor gisa sortu da, eta hirian berdintasunaren arloan aurrera egiteko zedarritu diren erabaki estrategikoen inguruan eraiki da, bere planteamenduan udal-egitura gaindituz eta administrazioko eta udal-kudeaketako arlo ezberdinak elkar hartuta engaiatzen dituzten lan-esparruak eta helburuak ezarriz. Atal horretan daude jasota batez ere berdintasunarekiko gobernantzaren eta konpromiso politikoaren esparruan gauzatutako jarduketak Berdintasuneko Alorraren erantzukizunpekoak direlako; izan ere, beste alor batzuek -horiekin koordinatuta lan egiten da- garatutako ekintzek memorien parte izango dira.
Gobernantza eta Berdintasunaren aldeko Konpromiso Politikoa esparruaren asmoa da Udaletik emakumeen berdintasunarekiko benetako konpromisoa bermatzea, printzipio hori gobernagarritasun-printzipio bihurtuz. Horretarako, 3 lerro estrategiko definitu ziren berdintasunaren kudeaketarako egituren eta koordinazioaren inguruan, gaitasun politiko eta teknikoaren inguruan eta berdintasun-printzipioa osatzen duten lan- eta administrazio-prozeduren inguruan.
2016an, gobernantza eta berdintasunaren aldeko konpromiso politikoaren arlotik egindako jarduketen pisua lotuta zegoen Berdintasunerako III. Planaren dokumentu estrategikoa amaitzearekin eta -onartu ondoren- hura aurkeztearekin eta 2017rako urteko laneko lehen plana egitearekin. 3 elkartek eta 14 teknikarik (12 emakume eta 2 gizonezko) egindako 70 ekarpen jaso ziren. Iruñeko III. Berdintasun Plana 2016-2022, Emakumearen Udal Kontseiluan aurkeztu zen 2016ko martxoaren 17an oniritzia jaso zezan. Kontseiluak Gobernu Batzordeari eta Udalbatzari proposatu zion onespen formala eman ziezaioten.
III. Plana abian jartzeari eta garatzeari dagokionez, Udalak plana egiteko prozesuari laguntzen dion laguntza teknikoaren zerbitzuak kontratatu zituen hura martxan jartzen lagunduko duten ekintzak eta baldintzak diseinatzeko eta urteko laneko lehen plana behin betiko gauzatzeko: Aurretiko fasea. Fase horretan 9 koordinazio-bilera egin ziren eta aurrez aurreko 2 saio Batzorde Teknikoarekin. Sortutako lau lantaldeei zuzendutako hiru prestakuntza-saio eta emakume-elkarte eta/edo elkarte feministentzako saio bat ere egin ziren. Saio horien emaitza proposamenak sistematizatzeko dokumentu batean zehaztu zen, zeinak 2017an gauzatu beharreko proposatutako lehentasunen berri emango baitu.
Gastu- eta sarrera-politiken eragina genero-ikuspegitik aztertu eta ebaluatzeko helburuarekin, Udalak genero-inpaktuari buruzko txostena egitea eskatu zuen Udaleko sarrera eta gastuen aurrekontuetan.
- Sanferminetako kanpaina:‘Por unas fiestas libres de agresiones sexistas - Eraso sexistarik gabeko jaien alde’.
Hona kanpainaren helburuetako batzuk: udal-konpromisoan aurrerapausoak ematea festetako eraso sexistak ezabatzeko; jaietan, emakumeendako segurtasuna hobetzea hala jai-guneetan nola hiriaren gainerako lekuetan; herritarrei jakinaraztea zer-nolako baliabideak dituzten eskura jaietan aholkularitzaz, laguntzaz, eta eraso sexistak salatzeko; jendea sentsibilizatzea eraso sexisten aurkako herritarren erantzunak duen garrantziaz, eta pertsonek, elkarteek, tabernek, peñek eta abarrek duten ardura partekatuaz jai-guneak leku seguruak izan daitezen.
Urtean zehar, hainbat lan-saio egin ziren ‘Sanferminen Liburu Zuria’ izango den amaierako dokumenturako proposamenak jasotzeko xedez. Herritartasuna, Dibertsitatea eta Berdintasuna lantaldearen barruan, jaiaren hedapenarekin, bertan parte hartzearekin eta haren antolaketa eta gozamenarekin lotutako esparruetan egindako proposamenen zerrenda egin zen.
Sanferminen aurreko sentsibilizazio-jardueren artean, batetik, herritarrentzako zumba-saio irekia egin zen Udaletxe plazan eta, bestetik, DesenCORSEtándonos saioa, emakumeei jaian askatasunez bizitzen eta parte hartzea galarazten dieten kortseak erakusten zituena. Bi jarduerak herritar guztientzakoak ziren eta ikusle ugari izan zuten.
Jaietan indarkeria matxistaren aurkako arbuioa adierazteko esku gorriaren irudia erabili zen (Familia eta Berdintasunerako Nafarroako Institutuak Nafarroako udalei egindako proposamena) Udaletxe plazako lepoko zapien atzealdea gehituta. Ezpainzapiak, kartelak eta banderolak diseinatu, egin eta banatu ziren balkoietan paratzeko; seinaleztapen-oihalak egin ziren; ‘Eraso sexistarik gabeko jaien alde’ izeneko gidak lau hizkuntzatan argitaratu ziren indarkeria sexista identifikatzeko argibideekin eta hura geldiarazteko, hari erantzuteko edo laguntza eta arreta eskatzeko proposamenekin; lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa) idatzitako ‘Festetako eraso sexisten aurkako dekalogoa’ duten txartelak; arreta eta larrialdietarako telefonoak; eta esku gorrien 20.000 pin.
Sanferminetan eraso sexistei buruzko informazio-etxola bat jarri zen Gazteluko plazan. Guztira 7.475 pertsona artatu ziren informazio-gune horretan (5.412 emakume eta 2.063 gizonezko). Artatutako herritarren % 58 Iruñekoak dira. Herritarrak kanpainari buruz informatzeaz gain, informazio-gidak banatu ziren, dauden baliabideei buruzko orientazioa eskaini zen eta intentsitate baxuko gorabeherei buruzko 41 galdetegi anonimo jaso ziren.
Gainera, 2016an ‘Eraso sexistei erantzun politikoa eta herritarrena emateko protokoloa’ berrikusteko prozesua jarri zen martxan. Azaroan lehen lantegi bat egin zen komunikabideekin, elkartze-mugimenduarekin eta herritarrekin. Lantegi horretan, Sanferminetan emakumeen aurkako indarkeria-kasuetarako informazio-tratamenduari buruzko gomendioak jasotzen zituen eskuliburua nola egin erabaki zen (aldi berean azaroaren 25aren inguruko jardueretan kokatuta).
Udalak laguntza teknikoa kontratatu zuen emakumeen ikuspegitik Sanferminetan hiriko puntu beltzei eta jaiari buruzko diagnostikoa egiteko modu parte-hartzailean. Jaietan hiriko puntu beltzak -espazioari eta gizarteari dagokienez- identifikatzea eta emakumeek eta indarkeria patriarkalei aurre egin behar dieten beste identitate batzuek jaiak askatasunez gozatzea errazteko proposamenak egitea zen helburua. Horren ondorioz, txosten hau egin zen: ‘Puntu kritikoak Sanferminetan. Segurtasunari buruzko diagnostikoa emakumeen ikuspegitik’. Txostenean hiriko ezaugarri arkitektonikoekin zerikusia duten 24 puntu kritiko diagnostikatu dira, eta Sanferminetan izaten diren testuinguru jakin batzuk, leku arriskutsuak direnak, eta eremu orokorrekin arazo bihurtzen diren egoerak, hiriko leku jakin batzuetara murrizten ez direnak.
Eraso sexistek jai inguruneetan duten inpaktua analizatzeko azterketa bat ere eskatu zuen Udalak, eta 2016an, Berdintasun-taldeari aurkeztu zioten Sanferminetako sexu-indarkeriari eta indarkeria sexistari buruzko, droga-kontsumoarekin duen loturari buruzko, bere jatorriari buruzko eta gaueko aisia-testuinguruetan droga-kontsumoaren eta sexu-abusuen arteko loturaren inguruko prebentzioari buruzko ikerketa kualitatibo horren lehen aurrerakina.
- Azaroak 25 kanpaina:
Hau da azaroaren 25eko kanpainaren goiburua: ‘Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko INPLIKATUTAKO herritarrak... egunero, leku eta esparru guztietan, behartutakoak babestuz behartzen dituztenen aurka’. Data horren inguruan eta goiburu horrekin antolatu ziren herritarrentzako lantegiak emakumeen aurkako indarkeriari buruzko albisteen aurrean komunikabideek duten jokabidea aztertzeko eta eztabaidatzeko. Gainera, Udalak Komunikabideekiko I Elkarretaratzea antolatu zuen emakumeen aurkako erasoen inguruan Sanferminetan zehar eta ondoren azaldutako albiste eta informazioen analisia haiekin partekatzeko eta komunikazio-esparru etiko partekatuetarantz joateko aukera emango lukeen eztabaida proposatzeko helburuarekin.
Udalak, gainera, Nafarroako Berdintasun Teknikarien Sareak adostutako manifestua zabaldu du eta udaletxearen fatxada morez argitu zuen eta goiburu hau zuen pankarta jarri zuen: ‘No a las agresiones sexistas. Eraso sexistarik ez’. Genero-indarkeriaren aurkako esku moredun 18.000 pin banatu eta herritarrei gonbidapena luzatu zitzaien erakundeen elkarretaratzeetan eta Emakume Plataformak indarkeria sexistaren aurka deitutako manifestazioan parte hartzeko. Martxoan bezala, emakume-elkarteek Azaroaren 25eko agendan antolatutako jarduera guztiak Udalaren webguneko egutegian sartzeko aukera mantendu zen.
- Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna
Martxoaren 8ko oroitzapenezko programan ekitaldi hauek zeuden: bi hitzaldi, konferentzia bat, erakusketa bat, bakarrizketa bat, haur-ipuinen hainbat kontalari, antzerki bat eta ‘Iruña, molde femeninoan’ argazki-lehiaketa. www.pamplona.es webgunean agenda berezi bat ere moldatu zen, Udalaren eta Iruñeko talde nahiz kolektibo guztien programazioaren berri emateko.
Udalak herritarrei eta erakundeei zuzendutako elkarretaratzea antolatu zuen goiburu honekin: ‘Feminismoa ez da matxismoaren kontrakoa, ezberdintasunaren antidoto onena baizik, orain inoiz baino beharrezkoagoa!’ Nafarroako Berdintasun Teknikarien Sareak proposatuta, Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen osoko bilkuran, Udalaren konpromisoa adieraziz: ‘tokian tokiko ekintzen bidez emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko; mugimendu feminista bere eskaera eta borroketan babesteko; politika publiko guztietan berdintasun-printzipioa txertatzea bermatzeko; eta udal-jarduketa guztietan genero-harremanak kontuan hartzeko’.
- Compañía Zentroa
Emakumeen presentzia eta parte-hartze aktiboa sustatze aldera, eta zehazki, eten digitala murrizte aldera, Compañía Zentroan 47 informatika-ikastaro eman ziren 2016an hainbat talderentzat, bai oinarrizko mailan, bai maila aurreratuetan: 55 urtetik gorako emakumeak, 55 urtetik beherako emakumeak, emakume-elkarteak, enpresa txikien buruak, merkatariak eta profesional autonomoak, graduko ikasleak (LH edo unibertsitatekoak), emakume langabeak, enplegua hobetu nahi dutenak, adingabeak eta gazteak.
Zentroko Online Informazio Sistemak IKTei eta aukera-berdintasunari loturiko bilduma eguneratua eskaintzen du: dokumentuak, artikuluak, web-estekak, software libreko programak, legeria, eskuliburuak. Urtean 5.023 erabilera izan ziren. Compañía Zentroak 305 jarraitzaile ditu Facebooken, eta 117 Twitterren. 2016an, 264 argitalpen egin ziren. 3.491 lagunek jo zuten zentrora, eskura dituen ekipamendu libreak erabiltzeko.
- Lankidetza-hitzarmena IPES Dokumentazio Zentroarekin
Hitzarmenari esker, emakumeei eta genero-ekitateari buruzko zerbitzu espezializatu gisa finkatu egin zen Iruñean IPES Elkarteko Emakumeen Liburutegia-Dokumentazio Zentroa. Era berean, ikusezina ohi den, sakabanatuta ohi dagoen edo sekula eman ohi ez den informazioa jarri zen jendearen eskura, edota zenbaitetan, sarbide zaileko zentroetan dagoen informazioa ere bai. 2016an Udalak lagatako leku batera lekualdatu zen zentroa, eta Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko beheko solairuan kokatu zen. 585 dokumentu berriri eman zitzaien alta (liburuak, liburuxkak, ikus-entzunezko materiala edo material elektronikoa), eta 4.056 sarrera izan ziren dokumentazio-funtsean (2.314 kontsulta aretoan; 1.742 kontsulta online katalogoan, eta 1.157 mailegu etxerako).
- Diru-laguntzak
Udalak 140.000 euro eman zizkien irabazi-asmorik gabeko 20 elkarteri, Berdintasun Plana garatzeko programak gauzatzera bideratutako proiektuak abian jartze aldera. Proiektuek hainbat gai jorratzen dituzte: generoen arteko ezberdintasunari buruzko sentsibilizazioa; emakumeak ahalduntzeko baliabideak ikasi eta garatzea; jarrera positibo eta aktiboak sustatzea, genero-indarkeriari aurrea hartzeko, familiako bizitza eta bizitza pertsonala eta profesionala bateragarri egiteko eta erantzunkidetasuna lantzeko. Erakundeek ikerketa, prestakuntza, jardunaldi, topaketa eta hainbat jardueren bidez garatzen dituzte proiektu horiek.
-Feminismoen eskola
Batik bat ikuspegi dinamiko eta parte-hartzaile batetik abiatuta, Feminismoen Eskolan ere hasi zen. 55 orduko iraupena zuen, 22 saiotan banatuta. 18 plaza zeuden (pertsona interesdunak askoz gehiago izan ziren). Prestakuntza 2017ko martxoan amaitu zen.
- Emakumeak hirian izendatzea
Hainbat espazio publiko izendatzeaz gain, beste espazio publiko batzuk emakume-izenekin izendatzera gonbidatu zituen Udalak entitate publikoak zein pribatuak, emakumeek Iruñeko garapenean arlo guztietan (gizartean, kulturan, ekonomian eta politikan) bete duten eginkizuna aitortzeko. Emakumeak Hirian Izendatzea lantaldeak emakumeek hirian duten presentzia bistaratzeko ekarpenak egiten jarraitzen du. Pompaelon azaldutako emakumeen lehen izenekin Andre Maria Erreginaren plazan abenduan inauguratutako hilarri bat nabarmentzen da. Hilarria jartzeaz gain, Pompelori buruzko, hango hileta-ohiturei buruzko eta Iruñea erromatarrean emakumeek zuten rolari buruzko hitzaldia ere egon zen.
-Civivox programazioa
2013az geroztik izandako ohiko lankidetzaz gain, ‘Generoa eta Berdintasuna’ izeneko atal espezifiko bat dago Civivoxen hiruhileko programazioan. Horren barruan zineforum feministak programatzen dira eta baita genero-ikuspegia duten ikus-entzunezkoetako diskurtsoen gaineko zinema eta begiradari buruzko ikastaroa ere.
- Jardunaldiak
2016ko irailean ‘Etxeko ekonomia eta lana’ gaiari buruzko jardunaldiak egin ziren. Ekonomia feministari buruzko lantegiak eta gizakien salerosketari eta etxeko enpleguko zapalkuntzari buruzko hitzaldiak eta ondorengo lantegiak osatu zituzten jardunaldiak. Urrian,‘Miradas VIHvas’ izenburupean, bi jardunaldi batzen zituen elkarretaratzea egin zen Iruñean: GIBa eta hiesa ikusarazteko eta horien inguruan sentsibilizatzeko II. Jardunaldiak, sexu-osasuneko profesionalei zein aktibistei zuzenduak, eta GIBa eta hiesa ikusarazteko eta horien inguruan sentsibilizatzeko II. Astea, herritarrei, oro har, zuzendua. Izaera nazionaleko bi ekitaldietan, izaera profesionaleko bost mahai-inguru eta hainbat hitzaldi, antzezlan bat eta hiru film (bi estreinaldiak ziren) aurkeztu ziren. ‘30 urteko borroka eta kontzientziazioa’ erakusketa ere inauguratu zen.
- ‘Bono Demuestra’ Gabonetako kanpaina
Gabonetako kanpaina egin zen zaintza-zeregin eta -lanen ezinbesteko banaketa zuzenaren inguruan. Horretarako, etxeko eguneroko lanak eta zaintzak, tradizionalki eta gehienetan emakumeek egiten dituztenak, bistaratzeko, balioesteko eta, ondorioz, banatzeko proposatu zitzaien herritarrei. Bonu horiek hainbat Civivoxetan banatu ziren 2017ko udal-egutegiarekin batera.
-Etxeko zereginei aurre egin eta bizirik irauteko ikastaroak
Etxeko lanak egiteko orduan erantzunkidetasuna eta estereotipo-haustura indartzeko helburuarekin, bi ikastaro hauen bi edizio egin ziren: autonomia pertsonalarena eta zaintzarekiko konpromisoarena, gizonezkoentzat eta ahalduntze pertsonalarena, emakumeentzat. Ikastaro horietan, gizonezkoek sukaldaritzako, lisaketako eta autonomia pertsonaleko beste hainbat trebetasunetako oinarrizko kontuak ikasten dituzte eta zaintzarekiko konpromisoa hartzen dute; emakumeek, berriz, brikolajeari, elektrizitateari eta autonomia eta ahalduntze pertsonaleko beste trebetasun batzuei buruz ikasten dute. Gainera, berdintasunari, erantzunkidetasunari eta maskulinotasunei/feminitateei buruzko prestakuntza eskaintzen zitzaien bi sexuei. Talde bakoitzak 16 kide ditu (hiru adin-taldeko osaera orekatua), eta deialdi guztietan, eskura dauden tokiak halako hiru izaten dira eskariak.
Urtean zehar, LGTBI zentroaren mendeko ‘Sexu- eta genero-aniztasunari buruko informazio eta arreta’ zerbitzuaren laguntza teknikoa kontratatzeko eskaintza egin du. Zerbitzua San Gregorio kalean kokatuko da eta lokala birgaitzeko lanak hasi dira. LGTBI zentroak sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazioa eta prestakuntza eskaintzen dizkie herritarrei eta profesionalei eta jarduketak egiten ditu homofobia, lesbofobia eta transfobia arloan prebenitu eta sentsibilizatzeko. Modu horretan, Udalak zerbitzua eskaini nahi die sexu-orientazioari dagokionez edo arau heteronormatiboekin bat ez datozen eta zentzu askotan mendekotasuna duten pertsonei, genero-eraikuntzari dagokionez.