Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Zirkulazioa eta mugikortasuna

Seinaleztapen horizontala eta bertikala

2013an Díez y Compañía, S.A. enpresari esleitu, eta gero, luzatu zitzaion kontratuaren baitan, 2015ean seinaleztapena mantendu, garbitu eta birjartzeko 1.176 jarduketa egin ziren, bai eta aldaketa txikiak ere hiriko hainbat tokitan. Jarduketarik gehien urrian egin ziren (218), eta ondotik, uztailean (155) eta abuztuan (154). Horrela, oinezkoendako pasabideak, sinboloak, hiribusen geltoki-marrak, geziak, etab. garbitu, mantendu eta margotzeko ekintzak izan ziren. Adibidez, asfaltatze-kanpainen ondotik, zola berriz ere margotu, eta Arrotxapean kanpaina berezia egin zen.

Semaforo-instalazioak eta CCTVren kamerak jarri eta zaintzea

Indra Sistemas, S.A. enpresari 2012an esleitutako kontratuaren baitan egin ziren jarduketa horiek ; azken luzapena 2015ean izan zen. Horregatik, 2015eko urrian, hiriko zirkulazioa erregulatzeko instalazioak zaindu, konpondu eta muntatzeko lanen kontratuaren lizitazioa onetsi zen. Horren baitan hainbat elementu daude, hala nola semaforoak, kamerak, radarrak, aparkalekuetako seinaleztapena eta zutoin atzera-irisgarriak.  Espedientean barne daude hala lehendik dauden elementuak mantentzea nola berriak jartzea eta, era berean, behar diren azterlanak egitea zirkulazioa kudeatu eta kontrolatzeko sistemen funtzionamendua optimizatzeko.  Lizitazio berriaren aurrekontua 950.000 euro da 2016rako, honela banatuta: 600.000 euro, zainketa- eta konponketa-gastu arruntetarako; 150.000 euro, istripuek eragindako kalteak konpontzeko, eta 200.000 euro, instalazio berriak jartzeko.

Iruñean 180 bidegurutze daude semaforoen bidez erregulaturik; hau da, 2012an lizitatutako aurreko kontratuan baino 16 gehiago.  Haietatik, 163 semaforoak kudeatzeko sistemaren bidez daude zentralizaturik, eta horri esker, haien artean koordinaturik daude. Bestalde, 17 deszentralizaturik daude, periferiako eremuetan kontaturik baitaude, eta ez baitaude loturik hurbileko beste bidegurutze batzuekin.  Espedientean bestelako datuak daude jasota; adibidez, hirian 1.100 semaforo baino gehiago daude; 739, zutabeetan; eta 402, berriz, euskarrietan. Bestalde, semaforo guztiak 121 erregulatzaileren bidez daude antolatuta. Enpresa esleipendunak, halaber, bestelakoak hartzen ditu kontuan mantentze-lanak egiteko, hala nola itsuendako modulu akustikoak eta atzera kontua duten kontagailuak oinezkoentzat, jendeak jakin dezan bai itxaron-denbora, bai zenbat denbora duen kalea gurutzatzeko. 

Kontratuaren arabera, hiri osoan banaturik dauden 194 kamerak ere kudeatu behar dira (169, aurreko espedientean), herritarren segurtasuna eta zirkulazioa begiratzeko. Era berean, 9 informazio-seinale finkoak mantentzeko lanak daude aurreikusita, ibilgailuek Iruñeko beste hainbeste bidetan daramaten abiadurari buruzkoak (radarlux), bai eta haietan jartzen diren 11 kabinak eta 3 radar birakariak ere.

Barne dago, halaber, zutoin atzera-irisgarri automatikoen sarea kudeatzea, bost sistemaz osaturik dagoena. Hauek dira: Estafeta eta Ahumada dukea kaleen artekoa; Ahumada dukea eta Espoz y Mina kaleen artekoa; Comedias kalearen eta Sarasate pasealekuaren artekoa; Curtidores aldaparen eta San Domingo kalearen artekoa; eta Curtidores aldaparen eta Portale Berriaren artekoa.

Azkenik, enpresa esleipenduna 31 informazio-seinaleen kudeaketaz arduratzen da, zeinen bidez hiriaren erdigunean dauden txandakatze-aparkalekuetako okupazio-mailaren berri ematen baita. Bi seinale mota dira: 28k lekurik libre ote dagoen adierazten dute seinale argitsu gorri eta berdeen bidez, eta 3k testu aldakorra dute, zehatz-mehatz zenbat toki dagoen libre adierazteko.

2015ean, gainera, ezkerrerako biraketa erregulatu zen semaforo bidez, Sanduzelaiko etorbidearen eta Fleming Doktorea kalearen artean, auzokideek zuzeneko sarbidea segurtasunez egiteko, eta halaber, semaforo bidez erregulatzaile berri bat paratu zen Zaragozako etorbidearen eta Labiano kalearen arteko bidegurutzean, oinezkoendako pasabideari zerbitzua emateko.  Azkenik, Sarrigurengo errepidean, Erripañaga eta Mendillorri auzoen artean, itsuendako modulu akustikoak paratu ziren, eta era berean, atzerako kontua duten kontagailuz hornituriko semaforoak oinezkoentzat.

Instalazioetako 410 tresna konpondu ziren, matxuratuak eta istripuek kaltetuak: hau da, semaforoak, cctv kamerak, zutoin pneumatikoak, zinemometroak eta neurgailuak.  Atal honetan, led optikoak aldatzea dago barne. Izan ere, IDAEk 2009an doan eman zituen, eta garantia-epealdia igarota ere, matxuratu izan dira, eta horregatik, berriak jarri behar izan dira, kalitatez handiagoak eta fidagarriagoak.

Semaforo osagarriak jarri ziren Alde Zaharreko sarrerak kontrolatzen dituzten zutoin pneumatikoen ondoan, erabiltzaileak segurtasun handiagoa izan dezan zutoinak igotzen diren unean.   Zehazki, Estafeta, Ahumada dukea eta Comedias kaleetan jarri dira.

Bestalde, cctv kamerak ere jarri ziren: La Olivako Monasterioa eta Belateko Monasterioa kaleen elkargunean; Marcelo Celayeta etorbidearen eta Barkazio Gurutzeko kalearen elkargunean; Zaragozako etorbideko biribilgunean, Sadar kalearen ondoan; eta azkenik, Redin eta Cruzatarren jauregiaren kanpoaldean. Gainera, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorraren eraikinaren barrualdeko eta kanpoaldeko kamerak zentralizatu ziren.

Kaleko plakak eta norabidezko-orientaziozko seinaleztapena aldatzea

Urriaren 21eko Osoko Bilkurak Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izateaz hartutako erabakia betetze aldera, hainbat plaka sorta aldatu ziren Alde Zaharreko, I. Zabalguneko, Txantreako eta Arrotxapeko kaleetan. Era berean, aipatu erabakia betetzen ez zuten auzoetako norabide-seinaleak aldatu ziren, eta honela izendatu ziren: Casco Antiguo/Alde Zaharra; Chantrea/Txantrea; Etxabakoitz; Erripagaña; Rochapea/Arrotxapea; San Jorge/Sanduzelai eta San Juan/Donibane.

Bestalde, Alde Zaharreko ibilgailuen eta oinezkoen erabilera ezartzen duen seinaleztapena argiagoa eta ulergarriagoa izate aldera, informazioa emateko kartel berriak paratu ziren auzoko 9 sarbidetan.

Gune arriskutsuak ezabatzea

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren inguruan bide-segurtasuna hobetze aldera, ikasgelategira doazen ikasleek gehien erabiltzen dituzten oinezkoendako ibilbideak aztertu ziren. Ikasleek, gehienbat, bi pasabide erabiltzen zituzten Katalunia kalea zeharkatzeko, hots, Fernando Remacha eta Sebastián Albero kaleetarako sarbideetako pasabideak, hain zuzen.   Horrenbestez, erdiko bi pasabideak ezabatu, eta espaloian babes-hesiak paratu ziren; tokiz aldatu zen, halaber, ikasgelategiaren irteeran oinezkoendako kokaturik zegoen pasabide semaforoduna (Blas de la Serna kaletik hurbilekoa), eta abiadura mantsotzeko gailuak jarri ziren, kuxin berlindar motakoak, Fernando Remacha kaleko biribilgunearen ondotik errepidea zeharkatzen duten oinezkoak babesteko.

Urdazubiko Monasterioa kaleko tarte berriak lau errei ditu, bina norabide bakoitzean. Tartea, zehazki, Pio XII.a etorbidearen eta Fuente del Hierro kalearen artean kokatua dago, eta oinezkoen segurtasuna eta ibilgailuen maniobrak hobetze aldera, semaforo berriak jartzeaz gain, seinaleztapen horizontala ere sendotu zen.

Gipuzkoako etorbidean -Kale Nagusitik Kosterapeko pasealekura bitarte- bidegorri bat moldatu ondoren, Kale Nagusiko irteerako seinaleztapen bertikala sendotu zen, hesiei atxikitako norabide-panel islatzaileen bidez.  Panelak jartzeko soldadura-lanak Arantzadiko Parkea Udal Lantegi Eskolako ikasleek egin zituzten.

Oinezkoen segurtasuna hobetzeko ekintza pasiboak

2012/15eko Bide Segurtasuneko Plana betetze aldera, oinezkoendako 7 pasabide berri sortu ziren, beharrei erantzuteko, eta kontuan hartuta, halaber, pasabideek gehienez 100 metrora egon behar dutela elkarrengandik. Kaleotan margotu ziren, zehazki: Iratxeko Monasterioa, Media Luna, López Sanz Doktorea, Basiano Pintorea, Doneztebe, San Roke eta Labrit.

Pasabide asimetrikoak bultzatzeari eutsi zitzaion, ibilgailuaren eta oinezkoaren arteko tartea handitzen baitute, baita galgatze-tartea ere.   Oinezkoek galtzada pasabideko beheragunetik igaro dezaten, eta ez ordea, alde luzatuaren ondoan babes-hesiak paratzen diren aldetik. 2015eko berriak Serafín Olave, Nazario Carriquiri, Zangoza, Pedro I.a eta Ezkaba kaleetan paratu ziren.

Era berean, gune arriskutsuetako ikusgaitasuna hobetze aldera, motozikletendako aparkalekuak sortu ziren, bai oinezkoendako pasabide aurreko eremuetan, bai garaje-irteeren alboetan.  Zehazki, aparkatzeko 180 leku berri moldatu ziren motozikletentzat, 44 aparkalekutan banaturik.   Bestelako aukerak ere erabili ziren, hala nola seinaleztapen bertikala eta horizontala jartzea, espazio jakin batzuetan ez aparkatzeko, eta horrela, ikusgaitasuna hobetzeko.

Zamalanetarako aldeak

Bi espazio-erreserba berri sortu ziren, inguruko establezimenduak salgaiz hornitzeko lanak ahalbidetzeko, eta zirkulazioari ahalik eta trabarik gutxien egiteko. Erreserba bat, Eneko Aritza kalean, eta bestea, Iratxeko Monasterioa kalean.

Aparkatzeko lekuak minusbaliatu fisikoentzat

Ofizioz jokatuta edota herritarrengandik jasotako eskabideei erantzunda, aparkatzeko 35 leku berri sortu zituen Udalak 2015ean minusbaliatuentzat, ondokoetan: Benjamin Tuterakoa,  Iturrama, Juaristi Doktorea, José Alonso Doktorea, Bartolomé de Carranza, Irunlarrea, Marcelo Celayeta, Sarrigurengo errepidea, Canalejo Doktorea, Izaba, Iruñerria, Ramón Aguinaga, San Pedroko Monasterio Zaharra, Serafín Olave, Sarasate pasealekua, Santa Alodia, Lizarra, Artika, Larrabide, Mendaur Mendia, Carmen Baroja Nessi, Antso Azkarra, Larrasoaña, Juaristi Doktorea, Jose Migel Barandiaran, Goizueta, Bernardino Tirapu, Mendigorria, Valtierra, Premin de Iruña pasealekua, Amaia eta Ugaldeko Andre Maria.

Eskualdeko Hiri Garraioa: geltoki berriak

Eskualdeko Hiri Garraioko bi geltoki berri moldatu edo aldatu ziren Monjardín kalean -Media Luna ondoan- eta Artika kalean.

Jarduketak aparkatze-eremu arautuetan

Nafarroako Ospitalegunean larrialdietarako eraikin berria ireki ondoren, 20 leku arautu berri moldatu, txartelak saltzeko makina berri bat jarri, eta seinaleztapen horizontala eta bertikala aldatu zen.  Eremu berean antzeko jarduketa bat egin zen, sukaldeen atzealdean, zehazki; hau da, motozikletendako aparkalekua moldatu zen, eta aparkatzeko bi leku erreserbatu ziren mantentze-zerbitzuentzat.

Gainera, Santa Zezilia plaza barneko lerroko aparkalekua ezabatu zen; Irunlarrea kaleko aparkalekua birdefinitu zen, aparkatzeko lekuen neurriak handituta; oinezkoendako pasabidea moldatu zen Zidacos Erreka kalean; eta azkenik, Altzania Erreka kaleko orube txiki batean aparkatze-eremu berri bat moldatu zen. 

Aparkatze arautuko txartel kopurua eta TAO lekuak

2015ean, 26.830 bizilagun-txartel eta 617 jarduera-txartel egin ziren. Sektorez sektore, lehenean (Alde Zaharra) 2.008 egin ziren; bigarrenean (Zabalgunea), 4.816; hirugarrenean (Milagrosa-Azpilagaña), 3.669; laugarrenean (Iturrama), 6.734; bosgarrenean (Mendebaldea-Ermitagaña-Ipar Etxabakoitz), 4.932; eta seigarrenean (Donibane), 4.671. Jarduera-txartelei dagokienez, 4. sektoreak 223 ditu; kopuruz, ondotik, seigarren sektorea heldu da (162), eta gero, bosgarrena (158).

TAOk aparkatzeko 21.227 leku ditu guztira araututa; 10.463 urdinak dira; 171, gorriak; eta 10.593, laranjak.

Eremu laranja 2015eko sanferminetan

Aurreko urtean bezala, 2015ean, uztailaren 6tik 14ra, urte osoan aparkatze arautua duten eremuek alde laranja gisa funtzionatu zuten. Xedea da jaietan zehar ibilgailuek hobeki aparkatzea hiriaren erdigunean, etxebizitza-autoak eragoztea, automobilaren erabilera arrazionalizatzea eta mugikortasun iraunkorra sustatzea. Aldi berean, auzo berrietako disuasio-aparkalekuen erabilera sendotu zen, seinaleztapen berezi baten bidez sendotu ere, aparkatzeko leku asko baitaude, eta jende gutxi bizi baita, hala nola Lezkairu eta Arrosadia. Neurri hori Iruñerriko Mankomunitatearen ekimen bati lotuta egon zen; hau da, autobus-linea bat jarri baitzuen martxan auzo horiek hiriaren erdigunearekin lotzeko. 

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala