Eremu publikoaren kudeaketa
Jarduerak eremu publikoan
2015ean, 907 jarduera baimendu ziren eremu publikoan, 2014an baino gehiago (831), Iruñeko karriketan egiten den jardueraren erakusgarri. Baimena eman aurretik, auzokideei erasaten ez dietela baieztatzen da, edo, bestela, erasanak ahalik eta txikienak izan daitezen behar diren neurriak exijitzen dira. Eremu publikoan jarduerak egin dituzten entitateek, pertsonek eta elkarteek oro legearen arabera eratuak egon behar dute, eta izena emanik egon Herritarren Segurtasuneko Alorreko Ikuskizun eta Josteta Jardueretarako Enpresen Erregistroan.
Udalak eremu publikoan antolatzen dituen jardueren adibide bat San Blas eguna da, egun horretan 21 postu jartzen baitira San Nikolas plazan eta San Migel kalean, Sarasate pasealekuaren eta San Nikolas plazaren artean, opilak eta gozoak saltzeko, goizeko 09:00etatik gaueko 09:00etara. Beste adibide tradizional bat gaztainen salmenta da. Udalak, izan ere, 12 kokaleku eskaintzen ditu; gehienak, Alde Zaharrean daude.
Halaber, Udalak urtero baimenak ematen ditu produktuak postu finkoetan eta salmenta ibiltarian saltzeko sanferminetan, hiriko auzoetako jaiak ospatzeko, inauteriak ospatzeko, eta Landabengo azokan, etab.etan saltzeko.
|
Baimendutako jarduerak |
2011 |
2012 |
2013 |
2014 |
2015 |
|
Kirol-jarduerak |
52 |
38 |
64 |
52 |
61 |
|
Eskeko mahaiak eta mahai informatiboak |
30 |
44 |
51 |
54 |
67 |
|
Kultur jarduerak |
3 |
26 |
12 |
5 |
15 |
|
Erakusketak eta publizitate-kanpainak |
14 |
15 |
40 |
33 |
43 |
|
Informazio- eta publizitate-autobusak |
29 |
31 |
27 |
48 |
33 |
|
Merkataritza-jarduerak |
25 |
36 |
20 |
33 |
38 |
|
Festa-ekitaldiak |
200 |
208 |
235 |
274 |
254 |
|
Desfileak |
66 |
55 |
50 |
59 |
90 |
|
Filmaketak |
6 |
13 |
15 |
17 |
19 |
|
Auzoetako festak |
10 |
12 |
11 |
11 |
12 |
|
Askotariko baimenak |
32 |
72 |
9 |
54 |
30 |
|
Terrazak |
177 |
73 |
117 |
147 |
174 |
|
Jarduerak sanferminetan |
83 |
91 |
91 |
44 |
48 |
|
GUZTIRA |
727 |
714 |
742 |
831 |
907 |
Terrazak eta elementuak eremu publikoan
2015eko bukaeran, 656 lizentzia emanik zeuden eremu publikoa terrazen bidez hartzeko, eta 75 lizentzia, bestelako okupazioetarako (loreontzi-euskarriak, erakustokiak, etab.), Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari nahiz dendei lotutako beste elementu batzuk jartzea arautzen duen ordenantza 2013ko urtarrilean indarrean sartu zenetik, data hori baino lehenagoko lizentziak berrikusten ari dira, ordenantzarekin bat datozen ikusteko.
Manifestazioak eta elkarretaratzeak
Bilera Eskubidea arautzen duen eta apirilaren 21eko 9/1999 Lege Organikoak aldatu zuen uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoa betez, Herritarren Segurtasuneko Alorrak txostena ematen du Gobernu Ordezkaritzak Iruñean baimendutako elkarretaratze eta manifestazio guztiei buruz, eta, zirkulazioa kontrolatzen du haietan, normaltasunez egin ahal izateko. Guztira 984 ekitaldi egin ziren: 854 elkarretaratze eta 130 manifestazio.
Sanferminetan
Sanferminetarako plan orokorrak babes zibilaren ekintza nagusiak zehaztu ditu; hots, egitarauan ageri diren ekitaldiak eta jaietako eguneroko bizitza babestu eta zaintzea, bai eta ekintza zehatzagoak ere, hala nola bide-zirkulazioa berregituratzea. Babes zibileko 101 laguntzaile kontratatu ziren jaietarako (naranjito deritze), sarbideak kontrolatzeko lanetan, zaintzan, hainbat ekitaldiren laguntzan eta objektu galduen bulegoan aritzeko. Halaber, berezko bi kontratu egin ziren, obra-hesien eta osagarrien inguruan, hainbat eremu babesteko, hala nola harresiak, su artifizialak, ganadu-feria, Gaseko eskortak, hiribus-geltokiak eta lorategiak; kontratu bata hornikuntza eta garraiorako da; eta bestea, berriz, hesiak nahiz osagarriak jarri, mantendu eta kentzeko.
Feria-lekua, seigarren urtez jarraian, Runa parkean ezarri zen, 30.000 metro koadrotik gorako azalera batean, Arrotxapeko eta El Vergel zubien artean, hitzarmen bidez Erruki Etxeari lagata. 76 atrakzio ezarri ziren. Aurreko urteetan bezala, salmentarako postu finkoak ere baimendu ziren kalean. Zehazki, 160 postu Taconeran jarri ziren; 7, II. Zabalguneko hainbat tokitan; eta 5, San Nikolas plazan.
Gainera, 4.200 m2-tan baino gehiagoan handitu zen eremu publikoan festari eskainitako aldea, betiere kontuan hartu gabe Antoniuttiko ostalaritza-instalazioak eta eskualde-etxeenak, horiek ere baimendu baitziren. Zehazki, 10 terraza handitze, 3 karpa barradun eta 2 mahaitxo-karpa barradun, Erriberri kalean; 5 karpa, Joan Labritekoaren kalean; Ikastolen Elkarteak Taconeran jarritako instalazioak; Foruen plazan ezarritako ostalaritza-gunea; etab.
Eraso sexistarik gabeko jaien alde kanpainaren baitan, parte-hartzaile guztiei gogoratu zitzaien Udalak konpromisoa daukala ez onartzeko, eta irmotasun handiz jazartzeko, festak gozatzean emakumeen askatasuna, segurtasuna eta berdintasuna kaltetzen ahal dituzten portaerak oro.
Ganadu-feriak
Sanferminetako ganadu-feria tradizionala uztailaren 7an egiten da, San Fermin egunean, Iruñeko Agustindarren industrialdeko 14.300 m2-ko lursail batean; Espainiako iparraldeko garrantzitsuenetako bat da. Zaldi-aziendari soilik dago eskainia; hau da, zaldiak, behorrak, zaldikoak, behokak, astoak eta mandoak biltzen dira. Hainbat autonomia-erkidegotako abeltzain, tratulari eta zaldi aleak bertaratzen dira.
Urteko bigarren ganadu-feria sanmigeletakoa da, irailaren 29an egiten dena, hori ere Iruñeko Agustindarren industrialdean. Feria horretarako, Udalak 106 ukuilu soil eta 12 bikoitz prestatu zituen animaliak hartzeko, baita hipodromo bat erakustaldia egiteko. Abeltzainek 3 eta 8 euro arteko tasak ordainduta erabiltzen ahal dituzte ukuilu horiek. 2015ean, 260 abelburu erregistratu ziren, eta 207 salmenta izan ziren.
Erregeen Kabalkada
Segurtasun-neurriak hartzen dira, kabalkadak egiten duen ibilbidean istripurik ez izateko. Ibilbidea Foruen plazatik Gazteluko plazaraino doa. Adibidez, babes-hesi bat paratu zen; guztira 1.350 hesi iraulezin. Halaber, orgetan lurrerainoko oihalak jartzea exijitu zen, eta kabalkadako mutilek alboak zaintzea.
Landabengo azoka
Beste urte batez ere, Landabengo azokak jardunean jarraitu zuen. Guztira 172 salpostu ipini ziren beste horrenbeste titularri esleituta, eta 10.000 pertsona inguru bertaratu ziren egun bakoitzean. Zehazki, 70 postu produktu jangarrien eremuan jarri ziren, eta 102 jangarriak ez diren produktuak saltzeko izan ziren. Ostalaritza-jarduerak ez daude baimenduak. Urteko igande guztietan dago zabalik, uztail eta abuztukoetan izan ezik, 09:00etatik 14:00etara.
Objektu galduak
Herritarrek horra eramaten dituzten objektu guztiak erregistratu egiten dira datu-base bakar batean. Polizia-gorputzek, posta-bulegoak, eskualdeko hiri-garraioaren enpresa esleipendunak eta merkataritza arloko beste entitate batzuek –hipermerkatuek kasu– entregatzen dituzte gehienak. Objektuak udal-egoitzetan gelditzen dira gordailuan, eta langileak jabeak aurkitzen saiatzen dira. 2015ean, 6.895 objektu erregistratu ziren; 2014an, berriz, 6.594. Jabeei 3.227 itzuli zitzaizkien (2014an, 3.182).
