Alkatearen agurra

Udalak etengabe dihardu proiektuak eta jarduketak abian jartzen, memoriotan jasoa dagoen bezalaxe, hiriaren eta herritarren alde ari den udal-jardueraren erakusgarri. Ez da erraza udal-jardueraren urtebetea laburbiltzea, baina hala ere, memoria honek nahikoa fidel jaso du urte osoaren emaitza.
Zalantzarik gabe, 2015a urte gogorra izan da gizartean eta ekonomian. Hori dela eta, Iruñeko Udalak neurriak hartu ditu gizarte-premiazko egoerak, ahal den neurrian, arintzen saiatzeko. Horretarako, Pobreziaren Foroa sortu da, udal-etxebizitzak zaharberritu dira eta etxebizitzaren aldeko laguntzak handitu dira. Halaber, etxebizitzak arautzen dituen ordenantza onetsi da, gizarte-premian bizi diren familiei udal-etxebizitzak eskuratzeko aukera emateko.
Baina zailtasunak zailtasun, Iruña ederki erakusten ari da kulturan, ekonomian eta hirigintzan daukan indar handia. Turista kopuruak gora jo zuen 2015ean, ostatu-gauek ere % 7 gora, eta % 4 bidaiari gehiago etorri zitzaizkigun bisitan, Udalaren Turismo Bulegoak jasotako datuen arabera. Gure hiriko harresi-barrutiak gauza erakargarrienetako bat izaten jarraitzen du, hartan antolatzen diren jarduera ludikoek (Ziudadelartea eta 360 Jaialdia, besteak beste) are gehiago nabarmendua, gainera.
Administrazioari dagokionez, Udalak aurrerapausoak ematen jarraitu du are gardenagoa eta arinagoa izateko. Horretarako, hainbat ekimen abiarazi dira, ETEak kontratazio publikoan sar daitezen errazteko, administrazioan ordainketak arintzeko edota kanpo-kontratazioen jarraipen zorrotzagoa egiteko.
Ekonomiari dagokionez, Udalak 7,2 milioi euroko superabitarekin itxi zuen aurrekontua 2015ean, eta 8 milioitan murriztu zuen zor bizia. Bestalde, aipatzekoak dira jende gazteenaren jarrera ekintzailea eta prestakuntza bultzatzeko ekimenak, bai eta hiriko ostalari eta enpresaburuekiko elkarlana ere. Udalari, beste gai batzuen artean, bizikidetza zaio kezkagarri, bizikidetza-eredu berrietarantz jotzea, zehazki; aisia gatazka-iturri izan daitekeen auzoetan, bereziki.
2015. urtearen azaleko laburpen honetan, ezin utzi Sanferminak lerrootara ekarri gabe, haiei esker oso entzutetsua baita gure hiria nazioartean, eta aipatzekoa da, halaber, jaiei buruzko irudi arduratsua eskaintzeko lana. Era berean, harremanak sakontzen jarraitu dugu gure hiri senidetuekin; horrela, Baiona, Paderborn eta Yamaguchiko ordezkariak hartu ditugu, gure arteko lokarriak are gehiago estutzeko.
Horrenbestez, ezin zertzelada laburretan bildu zer izan den 2015a Iruñearentzat, urte intentsua izan baita, baina argibideak oro Udal Memoria honen edizio berrian topatuko dituzue.
Joseba Asiron Saez
Iruñeko Alkatea
