Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Turismoa

2015eko bukaeran, Iruña bere hautagaitza prestatzen hasi zen, Baiona eta Hondarribiarekin batera, Europar Batasunak mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko ezarria duen diru-laguntza deialdi batera aurkezteko, 2020. urteari begira.  Proiektua POCTEFAri dago lotua, eta besteak beste, gotorleku-ondarea balorizatzeko lan-ildo bat sortu nahi du, kultur turismoko ekimenen bidez, turismo-ibilbide berriak diseinatuz eta hiriko seinaleztapena hobetuz.  Era berean, Iruñeak beste proiektu bat ere aurkeztu nahi du diru-laguntza horietara, Jaka eta Izurarekin batera landua, turismoaren arloan neurri barneratzaileak garatzeko, betiere Donejakue Bideari begira.

Deialdia turismo arloko elkarteei laguntzak emateko

2015ean, turismo arloko zazpi entitatek jaso zuten Udalaren diru-laguntza. Guztira 82.000 euro izan ziren, Iruñeko hiria turistendako jomuga gisa sustatzeko ekintzak egiteko.  Deialdiak denetariko jarduerak hartzen ditu bere baitan, hala nola sustapen- eta publizitate-ekintzak; turismo-produktu berriak diseinatzeko gastuak; jardunaldiak, lehiaketak, fam trip saioak, bilera profesionalak eta antzeko ekitaldiak, hiria turismo-jomuga gisa garatzeko.   35 jarduera egin ziren guztira.

SICTED programa

Iruñeko Udalak, Donejakue Bidean kokaturiko beste herri eta eskualde batzuekin batera, eta Turismoko Estatu Idazkaritzarekin nahiz Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioarekin elkarlanean, kalitate-sistema bat ezarri zuen 2006an Iruñeko eta Iruñerriko turismo arloko enpresa eta zerbitzuetan.  Donejakue Bidea, Kalitateko Jomugak produktuaren Kluba da, eta helburu du Iruña kalitatezko turismo-jomuga izatea, hiriko kultur turismoaren tipologiaren barruan.

Kalitate-sistemak Turismoaren Kalitatearen Plan Integralean sarturik daude. Planaren xedea da kalitatea kudeatzeko eredu erabilgarriak ezartzea, egiazko beharretara egokituak.  Lehen fasean, jardunbide onen eskuliburuak ezarri nahi dira, jomugen kalitatea oro har eta, bereziki, establezimendu parte-hartzaile bakoitzaren kalitatea handitze aldera. Iruñeko Udalak, 2015ean, aholkularitza, laguntza eta prestakuntza eskaini zizkien kalitatearen klubari atxikitako hainbat enpresari, jardunbide onen eskuliburuak ezartzeko.   Behin ebaluazioa gaindituta, enpresek kalitatezko bereizgarri bat eskuratzen dute, eta haien markak sustapen-gida batean argitaratzen dira.  2015ean, ebaluazioa 20 enpresak gainditu zuten.

Turismoaren Behatokia

Iruñeko Turismoaren Behatokiak aukera ematen du turismoak hirian zer-nolako egoera duen eta zer-nola bilakatu den jakiteko. Era berean, Iruñeko turismo-beharren gaineko azterketa eta jarraipena egiten du. Tresna horrek egiazko informazioa eta jarraitua eskaintzen die turismo arlo publikoari zein pribatuari, ikerketa-teknika kuantitatiboen bidez eta datuak eskuratzeko metodologien bidez, eta horri esker, turismo arloko adierazle-sistema alderagarri bat jarri da abian.

Sistemak, gainera, aukera ematen du txostenak Iruñeko Udalaren Turismo Atarian editatu, argitaratu eta zabaltzeko: hiruhilekoan behingo txostenak (4); behe-denboraldia eta denboraldi ertaina (urtearen gainerakoa); goi-denboraldia (uztaila, abuztua eta iraila) eta urteko txosten bat.

2015eko azken txostenaren arabera, 537.269 bidaiari izan ziren.  Iruña aldeko betetze-maila % 45 izan zen batez beste tokien arabera, eta % 53, logelen arabera. 2015ean, Iruñeko ostalaritza-establezimenduek % 4 bidaiari gehiago izan zituzten 2014an baino; atzerriko eskaria (% 6,4) gehiago igo zen nazionala baino (% 3,1), eta ostatu-gauek % 7,1 egin zuten gora.    Gainera, batez besteko egonaldia % 0,1 hazi zen; 1,8 egunekoa izan zen, zehazki.

Turistak honako arrazoi hauengatik nagusiki etortzen dira Iruñera: oporrak, aisia, atsedena eta Donejakue Bidea, bai eta ahaideak eta lagunak ikustea ere.   2015ean hirira etorritakoen % 72 Espainian bizi diren bidaiariak izan ziren, eta % 28, atzerrian.  Hirian dauden bitartean, jarduera ohikoenak izaten dira Sanferminei lotutako lekuetan ibiltzea (% 78); gastronomia gozatzea (% 77); katedrala ikustea (% 64); entzierroaren ibilbidea egitea (% 63); eta Ziudadelan eta harresietan ibiltzea (% 59).

Erromesendako bi aterpetxe daude Iruñean, Jesus eta Maria aterpetxea eta Paderborn aterpetxea. 2015ean, nazionalitate guztietako 26.019 erromesi eman zieten ostatu. Kopuru hori aurreko urtekoaren antzekoa izan zen. Jatorriari dagokionez, hiru talde ugarienak Espainia (% 31), Frantzia (% 11,4) eta Italia (% 9,3) izan ziren.

Inkestatuen % 51k ez zuen inolako euskarri informatiborik erabili hiriko turismoaz; eta eta hori erabilitakoen artean, % 38k hiriari buruzko informazioa bilatu zuen Interneten Iruña bisitatzeko.

Bisitariek hirian gastatzen dutenari dagokionez, kalkulu bat egin da ostalaritza-establezimenduetan lo egindako turisten gainean, haietako bakoitzak Iruñerrian batez beste egindako egonaldiarekiko; hots, 948.909, eta bakoitzaren gastua, batez beste, 90,48 €.   Iruñeari dagokionez, gutxienez 85.585.846 euro gastatuko ziren (*). Profil horri gehituz gero zenbat gastatzen duten bestelako ostatuetan (kolektiboetan edo pribatuetan) lo egiten duten turistek eta erromesek, kalkulua hurrenez hurren da 136.605.010 euro eta 2.468.290 euro. Horrela, azken kopuruari dagokionez, eta txangozaleak sartu gabe, hiriak 224.659.146 euroko diru-sarrerak izan zituen zuzenean, ostatu, erosketa, barne-garraio, gastronomia eta turismo-zerbitzuen artean.

Biltzar Turismoaren Sustapena Iruña, Biltzar-hiria

Iruñeko Udala Spain Convention Bureau biltzar-hirien sarean sarturik dago eta lankidetzan ari da Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioarekin eta sektore pribatuko beste erakunde batzuekin, Iruña eta Nafarroa biltzar-, bilera- eta pizgarri-turismorako jomuga gisara hedatzeko eta sustatzeko.

2015ean, Nafarroako Turismo Kontseiluak, hau da, Nafarroako Gobernuko organo aholku-emaileak, lan-batzordeak osatu zituen gai bakoitzeko. Horietako bat MICE Turismoa izan zen. Udala, Nafarroako Gobernua, NICDO eta Iruñeko Hotelen Elkartea dira kide. Urte bukaeran, SODENA enpresa publikoa ere foroan sartu zen, mundu korporatiboan nazioarteko ekitaldiak hirira ekartzeko eta Iruñeko aireportuaren aire-konexioak hobetzeko.   2015eko otsailean, Bilera Turismoaren Eragin Ekonomikoaren lehen azterlana aurkeztu zen. Azterlana Nafarroan egin zen, eta datuen arabera, 2014an, 20.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Iruñean nahiz Iruñerrian horrelako ekitaldietan. Guztira 123 ekitaldi izan ziren: % 40 eskualdekoak; % 31, nazionalak; eta % 20, nazioartekoak. Eragin ekonomiko positiboa 12,4 milioi eurokoa izan zen, eta 126 lanpostu sortu ziren.

2015ean, Iruñeak, gainera, nazioarteko azoka batzuetan parte hartu zuen.  Urtarrilean, Madrilgo FITUR edo Nazioarteko Turismo Azokara joan zen; ondoren, beste batzuetara, hala nola IMEX Frankfurt eta IBTM Barcelona azoketara. Horiez gain, SCB erakundeak antolatutako jardunaldi nazional eta nazioartekoetara, eta Turespañara, bai Sevillan, bai Parisen.  Gainera, fam trip bat egin zen Espainiako DMCs Elkartearekin (Espainiako bidaia-agentzien elkarte ofiziala, irabazi-asmorik gabea).

Ekintza orokor horiez landara, Udalak bi sektoretan jardun zuen ahalegin handiz: osasun-turismoan eta turismo gastronomikoan. Lehenari dagokionez, 2015ean eutsi egin zitzaion 2013az geroztik egindako ahaleginari osasun-turismoa sustatzeko.  Izan ere, Osasun Turismoa Iruñean Garatzeko Ekintza Planari jarraiki (Zinkea enpresak landutakoa), udal-langileak Espainiako osasun arloko azoketara joan ziren (Madril, Bartzelona, Lloret del Mar eta Marbella), bai eta nazioartekoetara ere (Mosku, San Petersburgo eta Lisboa).   Udalak, halaber, bost fam trip espezializatu antolatu edo antolatzen lagundu zuen, eta laguntza ere eman zuen informazio- eta sustapen-materiala argitaratzeko (zabalkunde digitala barne) eta hainbat ekintza mota egiteko.    2015ean, eragin ekonomikoei buruzko azterlan bat argitaratu zen, 2015/2016 aldikoa.

Turismo gastronomikoari dagokionez, Iruña Espainiako Jomuga Gastronomikoen Elkartean sarturik dago laugarren urtez jarraian. Elkarteak gastronomia-eskaintzari begira lantzen du turismo-jomugaren kontzeptua.   Estatu mailan, Saborea España proiektuaren bidez bultzatzen da gastronomia. Proiektua Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak sustatzen du, eta 17 jomuga daude, horien artean Iruña. Helburua da produktu klub bat abiaraztea, turistak urtaroz gaindiko eskaintza dibertsifikatu baten bidez erakartzeko, gastronomia-produktuak balio handiko turismo-esperientzia bihurtuta, esperientzia paregabeak eta espezializatuak izan daitezen. Espainiak 6 milioi turista inguru jaso zituen 2015ean, soil-soilik gastronomiak eraginda, eta Saborea España proiektuak produktua sortzen eta sustatzen jardun nahi du bereziki (TourSpainek ematen duen euskarri guztiarekin). 

2015ean, Iruñean, Taparen 4. Mundu Eguna egin zen, sareko beste hiri batzuetan bezala, tapa/pintxoa gastronomia nazionalaren ezaugarri gisa sustatzeko asmoz.  Iruñeko Udalak, gainera, lehiakortasuna hobetzeko lan-foroetan parte hartzen du, eta sustapen-ekintzak egiten ditu Estatuan eta nazioartean, hala nola blogari gastronomikoen fam tripak. Udala, halaber, Platea Madrid zentroan izan zen La Capilla jatetxeko sukaldariekin, eta  Madrid Fusión/Saborea España biltzarrean ere, Enrique Martínez de Maher sukaldariarekin.  Ekintzak beste merkatu batzuetan ere egin ziren, hala nola Londres, Brusela eta Milanen, non nabarmentzekoa izan baitzen La Capilla jatetxeko sukaldari Iñaki Andradasen presentzia, 2014an nafar sukaldari errebelazioa izandakoa. 

Turismoa dinamizatu eta sustatzeko kanpainak

Iruña atsegin dut- Ziudadelartea 2015eko uda

Udan etortzen da turistarik gehien Iruñera, eta hiriak, aisia- eta kultura-jardueren artean, besteak beste, bisita gidatuak, ardo- eta olio-dastatzeak, kontzertuak eta kaleko ekitaldiak egiten ditu, baita bi ekitaldi nabarmen ere: Harresiak kandelen argipean eta Gastro-bar Fortius izenekoak. Laugarren urtez jarraian, udako programa Ziudadelartea izenburupean antolatu zen.

Nafarroako ardo-dastatzeen hamargarren edizioa egin zen 2015ean, Descalzos kaleko udal-eraikineko erakusketa-gelan (2. solairua).  12 saioetan, guztira 689 lagunek parte hartu zuten, bost ardo dastatzeko: bi zuri, gorri bat eta bi beltz, guztiak ere hiru gazta motarekin uztartuak: Idiazabal, Idiazabal ketua eta Erronkari.   Ekitaldia Reyno Gourmetekin eta Kontseilu Erregulatzailearekin elkarlanean egiten da.  2015ean, gainera, lehen aldiz olio-dastatzeak egin ziren, eta 640 lagunek parte hartu zuten.

Udan hiru bisita-modalitate egiten dira.  Harresien zaindariak antzerki erako ibilaldia da familientzat, eta hartan, 326 lagunek parte hartu zuten. Iruña goitik behera eta Bidaia bastioien barnealdean zehar, biak ere Pilareko eta abenduko zubian eskainitakoak (905 leku) eta udan ere bai (2.143). Bisitetan, guztira 3.374 leku bete ziren urte osoan.

Halaber, bosgarren urtez jarraian, Harresiak kandelen argipeanprograma egin zen, zeina, Ziudadelako Gastro-bar Fortius bezalaxe, FORTIUS mugaz gaindiko lankidetza-proiektuan sarturik baitago.  Abuztuko larunbatetan (hilaren 22an izan ezik, eguraldi txarrak eragotzita), hiriko gotorlekuetako bi tarte beste argi batekin ikusteko molde bat eskaini zitzaien iruindarrei nahiz bisitariei. Ekimen horren baitan, gainera, kontzertuak eta Nafarroa Jatorrizko Deiturako ardo-dastatzeak egin ziren, eta Zaldi Zuria ostatuak tapak eskaini zituen.   El Cubo Blanco, Díper eta Brio de los Artistas aritu ziren ibilbideak apaintzen: horretarako, 300 pale eta 7.000 kandela erabili ziren, eta era berean, agertokiak eta hainbat kokapen Gotorlekuen Interpretazio Zentroaren eta Zaldi Zuriaren artean, harresien iparraldeko aurrealdean.

Gastro-bar Fortius deritzon establezimendua Catering Cock-ek kudeatu zuen, ustiapen-lehiaketaren esleipenduna izan baitzen kanon baten truke.  Establezimendu hori astelehenetik larunbatera bitarte dago zabalik, Ziudadelan kontzertuak dauden egunetan.  Modulua Armen Aretoaren kanpoaldean dago kokatua, eta inguruan 100 m2-ko terraza-eremua du. Baditu mahai karratuak, mahai eraisgarriak, pufak, eguzki-oihalak eta eguzkitakoak, eta  janari eta edari sorta zabala.

Informazio-foiletoak

Uztailean, Udalak hiriko turismo-foiletoa berrargitaratu zuen. Iruñean barnako zazpi ibilaldi bildu ziren, eta lehen aldiz, ibilbide bat museoetan eta erakusketa-zentroetan zehar.  Iruñeko Turismo Bulegoak 50.000 foileto baino gehiago banatu zituen gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez, italieraz eta alemanez.  Honatx ibilaldiak: Iruña, hiri gotortua (Gaztelukook), Entzierroa eta Sanferminak (¡Viva San Fermín! Gora San Fermin!), Iruña monumental eta artistikoa (Ibilaldi bat historian barrena), Iruña berdea (Hartu arnasa!), Donejakue Bidea (Bide on!), Iruña, erakusketa-hiria (Begira!) eta Gastronomia, erosketak eta aisialdia (Hemen  – oso – ondo jaten da).

Jardunaldi gastronomikoak

Ahogozatu Iruña hiriko gastronomia-marka da, eta hiria Nafarroatik kanpo aurkezteko txartela.    Iruñeak Ahogozatu Iruña standean parte hartu zuen otsailaren 2an eta 3an, Madrid Fusión gastronomia-biltzarraren baitan.  Biltzarrean hiriko tapa berariazko bat aurkeztu zen; 150 ale dastatu ziren, Bodegas Otazuko ardoek lagunduta.  Iruñeko gastronomia ekainean itzuli zen Madrilera (Platea zentrora, zehazki), Saborea España elkartearekin batera, nafar sukaldari baten platera aurkezteko. Iñaki Andradas eta Guillermo Llorente sukaldarien zainzuri-mamia nafar amuarrain ketuarekin platera show cooking batean egin zen, eta ondotik, dastaketa. Eta uda igaro ondoren, gastronomia-hitzordua Milango Expoko Espainiako Pabilioia izan zen (iraila).  Berriz ere Saborea España ekimenaren eskutik, gure hiria aurkeztu zen, eta hiriak jomuga gastronomiko gisa duen marka ere bai.

Enologiari eta gastronomiari lotutako jardueren artean, eta Picnic Fortius, Bizi harresiak izenarekin, hiru dastaketa-egun egin ziren apirilean, Zaldi Zuriaren Zokoan, eta mugaz gaindiko produktuak ere saldu ziren.  Reyno Gourmet (Nafarroa) eta Baionako produktuak 12 postutan paratu ziren, eta horrez gain, ardo-dastatze uztartuak eta haurrendako lantegiren bat egin ziren, hori guztia musikak girotua. Hilabete horretan berean, ardoa, gazta eta txokolatea Nafarroa Jatorrizko Deiturako ardo-dastatzeen erdigunea izan ziren, Zaldia Zuria tabernako lehen solairuan.  

Donejakue Bideko erromesak hartzeko zerbitzuak

Jesus eta Mariaren turismo-aterpetxea

Jesus eta Maria erromesen aterpetxea (Compañía kalea, 4) 2007ko abuztuan zabaldu zen, eta Aspace Fundazioak kudeatzen du.  Handik egiten dira Donejakue Bideko erromesen aterpetxera doazenen harrera-, abegi-, informazio- eta laguntza-lanak, betiere Donejakue Bideko aterpetxeetan ohikoak diren usadioekin eta praktikekin bat.  2015ean, guztira 20.534 erromesek erabili zituzten aterpetxeko 114 oheak eta zerbitzu osagarria (arropa garbitzeko gela, 3 garbigailu eta 2 lehorgailurekin; ederki hornituriko sukaldea; egongela eta internet-zerbitzua).

Aterpetxea urte osoan dago zabalik, sanferminetan (uztailaren 4tik 15era bitarte) eta abenduaren 24tik urtarrilaren 15era bitarte izan ezik. Ordutegia: eguerdiko 12:00etatik 23:00etara, baina lo egiten duten erromesek goizeko 8etan utzi behar dute aterpetxea.  Abuztua eta iraila izan ziren jendetsuenak 2015ean, 3.302 eta 3.099 bisitari izan baitziren, hurrenez hurren. Nazionalitateen arabera, honatx ugarienak, hurrenkeran: Italia, AEB, Korea, Frantzia eta Alemania.

Jesus eta Maria erromesen aterpetxea. Okupazio-maila

Hilabetea

Erromes kopurua

Urtarrila

221

Otsaila

285

Martxoa

964

Apirila

2.405

Maiatza

3.152

Ekaina

2.840

Uztaila

1.865

Abuztua

3.302

Iraila

3.099

Urria

1.643

Azaroa

564

Abendua

194

Guztira

20.534

Paderborn erromesen aterpetxea

Halaber, beste aterpetxe bat dago erromesen eskura 2006az geroztik, eta Iruñeko Udalak Donejakue Bidearen Lagunak-Paderborneko Elkartea Donejakue Ermandadearekin egina duen lankidetza-hitzarmenaren bidez dago kudeatua.   Bigarren hitzarmena 2015ean sinatu zen, eta gehienez ere 5 urterako izanen da. Aipatu behar da 5.485 erromesek hartu zutela ostatu.

Iraizoz txaletean kokatua, 26 ohe ditu logela bereizietan, eta horrez gain, gosariak emateko egongela, eta sukalde bat garbigailuarekin eta lehorgailuarekin.  Paderborneko aterpetxeko ospitalariak arduratzen dira aterpetxeaz. Halaber, instalazioak garbitu, eta  garbiketa-gastuak ordaindu eta mantentze-lan arruntak egiten dituzte. Aterpetxea martxoaren 1ean irekitzen da, eta urriaren bukaerara arte ematen du zerbitzua.  Abuztuan eta irailean izaten da eskaririk handiena, baina hurbiletik maiatza eta ekaina heldu dira.

Paderborneko erromesen aterpetxea Okupazioa

Hilabetea

Erromes kopurua

Martxoa

361

Apirila

714

Maiatza

819

Ekaina

819

Uztaila

733

Abuztua

839

Iraila

741

Urria

459

Guztira

5.485

Turismo-informazioko zerbitzuak

Iruñeko Turismo Bulegoa

Enpleguko, Merkataritzako eta Turismoko Alorraren eskumenen artean daude neurriak hartzea eta jarduketak egitea turismoa Iruñean planifikatu, bultzatu, dinamizatu eta sustatzeko.   Horrela, etengabea izan da bai bisitariarenganako informazio-isuria, bai Udaleranzko datu-itzulera; lehenik, 2006an sortutako Turismoko Argibide Zerbitzutik, eta gero, 2014an zabaldutako Iruñeko Turismo Bulegotik.  2015ean, lehen aldiz Turismo Bulegoa urte osoan zabalik egon zen ordutegi ezberdinetan, kasuan kasuko turismo-denboraldiaren arabera.

2015ean, 133.948 turista artatu, eta 49.904tik gora gestio egin ziren. Gehienak Espainiakoak dira; bereziki, Madrilgoak (14.495 bisitari) eta Bartzelonakoak (12.176 bisitari). Halaber, Nafarroako turistak nabarmentzekoak dira, 2015ean 7.873 izan baitziren.  Horrela, turista nazionalak guztien % 61,3 izan ziren; 2014an baino gutxixeago, guztien % 63,7 izan baitziren. 

Bulegora joandako nazioarteko bisitarien artean, gehienak frantsesak izan ziren.  Zehazki, 15.774 frantziar etorri ziren; gero, 5.745 estatubatuar, eta 4.450 italiar. Zenbakietan laugarren nazionalitatea alemana izan zen, italiarrengandik oso hurbil.

 

Guztira

2014

2015

Nazionalak

71.624

82.179

Atzerritarrak

44.360

51.769

Artatutako turistak

115.984

133.948

Arreta kopurua

37.439

49.904

Uztailaren 6tik 14ra, sanferminetan, Turismo Bulegoan, 2014an baino % 11,6 bisitari gehiago artatu zituzten; 9.214 lagun guztira (% 53,4 nazionalak).

Interpretazio Zentroa, bisitaria artatzeko zerbitzuak.

2015ean, 3.476 lagunek  bisitatu zuten Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa/San Bartolome gotorlekua. 2011ko martxoan ireki zen, antzinako bastioi militar batean, hots, San Bartolome gotorleku aurreratuan; ibai gaineko muin batean kokatua dago, Arrieta kalean, Aralar kalearekiko izkinan. Zentroaren xedea da hiriaren historiaren gaineko ulerkuntza orokorra erraztea, Iruñeko gotorleku-barrutiaren garrantzia nabarmentzea eta ibilaldiaren abiapuntua izatea.  Dinamic Imízcoz Servicios Culturales S.L.U enpresa arduratzen da Interpretazio Zentroa kudeatu eta artatzeaz, 2011ko uztailaren 1az geroztik.  2015ean, kontratuaren aurrekontuak 32.064 euro jo zuen (BEZa barne).

 

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala