Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Merkataritza

Merkataritza dinamizatu eta sustatzeko kanpainak

Urtean zehar, Iruñeko Udalak hainbat kanpaina bultzatzen ditu. Kanpaina haietakoren batek hamar urtetik gorako ibilbidea egina du.  Proposamen bakoitzak bere data zehatzak izaten ditu, eta askotan, egun seinalatuak erabiltzen dituzte merkataritza-proposamenak egituratzeko.

Iruña Stock Aukera Feria (martxoa) Iruñeko Udalak antolatzen du, Nafarroako Merkatarien Federazioarekin eta hainbat merkatari-elkarterekin elkarlanean: Alde Zaharreko elkartea, Zabalgunekoa, Iturramakoa, Martin Azpilcuetako elkartea, Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldekoa, Mendillorrikoa eta El Salvador-Arrotxapekoa.  2015eko bederatzigarren edizioan 20.000 bisitari inguru jaso zituen.   Horrela, martxoaren 5etik 8ra, 44 dendak parte hartu zuten Baluarteko 63 standetan.  Bigarren urtez jarraian, ludoteka-zerbitzua eskaini zen, 200 haurrek erabili zutena, eta animazio osagarri gisa, DJ emanaldiak programatu ziren.

2008az geroztik, Liburuaren eta Lorearen Eguna ospatzen da (apirila), Letren Nazioarteko Egunarekin bat, eta Diego de Haro Liburu-saltzaileen Elkartearekin elkarlanean. Aurreko urteetan bezala, 2015ean Karlos III.aren etorbideko oinezkoendako eremuan egin zen, Orreaga etorbidearekiko elkargunean. 14 liburu-dendak % 10eko deskontuak eskaini, eta bezeroen artean, 3.200 lore banatu zituzten; hau da, aurreko urtean baino 1.200 gehiago.

Merkataritzarekin, hiria, hiriago ekimenak (ekaina-uztaila) hamar urtetik gora darama abian, karrika beste merkataritza-erakarpen baten gisa nabarmentzeko, eta horretarako, hainbat jarduera antolatzen dira, merkataritzaren presentzia hiriaren bizitzan sustatzeko eta bezeroen fideltasunari eusteko eremuko merkataritzarekiko. Ekain osoan eta uztailaren lehen bi egunetan, jende guztiarendako jarduerak eskaini ziren, hala nola puzgarriak, haurrendako lantegiak, dastatzeak edo musika.  Horren baitan, Alde Zaharrean Gau Zuri Gorria ekimena ospatzen da; hau da, 70etik gora dendak moda-desfileak, lantegiak, kalejirak, kontzertuak eta deskontu bereziak eskaintzen dituzte eta gaueko hamarrak arte zabalik egoten dira. Udalak merkatari-elkarteekin batera antolatzen du programa hori. Hona elkarteak: Mendillorrikoa, Zabalgunekoa (Area Comecial Ensanche), El Salvador-Arrotxapekoa,  Alde Zaharrekoa, Martin Azpilcuetakoa (La Zona Martín Azpilcueta), Iturramakoa, eta Donibane Ermitagaña eta Mendebaldekoa. 

Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka (iraila) irailaren 4an, 5ean eta 6an egin zen, Batasunaren Pribilegioa ospatzeko ekitaldien barruan. 100etik gora postu paratu ziren Alde Zaharreko karriketan, txokolateak, hestebeteak, ardoak, gaztak, opilak, barkilloak, marmeladak edota sendabelarrak eskaintzeko.  Horrekin batera, antzinako lanbideen erakusketa egin zen: ontzigileak, zeramikagileak, kopistak, zilarginak, lurringileak, zurginak edo zapatariak. Halaber, lore, forja edo musika-tresnen lantegiak, falkoneria-erakustaldi bat eta ardi-mozte saioak egin ziren. Eskaintzaren osagarri, San Frantzisko plazan Erdi Aroko taberna bat paratu zen. 2015ean, azoka Nafarroako Elikagai Artisauen Elkarteak kudeatu zuen, esleipena lehiaketa publikoaren bidez jaso ondoren.

Egun haietan bertan, gainera, Sortzaile Gazteen Merkatu bat jarri zen Burgoen plazan lehen aldiz, iraileko asteburu horretan Alde Zaharra funtsezko merkataritza-gune gisa indartzeko.

Ensanche la Nuit (urria) ekimenak Japonia aukeratu zuen, seigarren ediziorako gai gisa. Iruñeko Udalak eta Zabalguneko Merkatari Elkarteak 57 establezimendu bildu zituzten urriaren 2an, arratsalde-gau batez gaueko 23:00ak arte zabalik, bezeroei detaileak eta deskontu bereziak eskaintzeko. Horrekin batera, hainbat estilotako kontzertuak izan ziren Zabalguneko zenbait tokitan, eta horrez gain, girotze berezia aire japoniarrekin, eta jende guztiarendako jarduerak ere bai. 

2015ean, Black Friday’ (azaroa) ekimenaren bigarren edizioa egin zen hilaren azken ostiralean, 170 establezimendurekin, hau da, 2014an baino 20 gehiagorekin, bezeroak deskontu nabarmenen bidez erakartzeko. Hil horren beraren hasieran, Yamaguchi plazan lehen aldiz dinamizazio-jarduerak egin ziren.  Izan ere, inguruko hainbat establezimenduk eskaturik, Halloween jaia ospatu zen Donibaneko plaza horretan, bolero-kontzertu baten bidez.

Eguberrietako Kanpaina 2015-2016

Beste behin ere, Eguberrietako kanpaina Gabonetako argiztapena piztuz abiatu zen azaroaren 29an, San Saturnino egunean, hiriko 36 kale eta tokitan.  2015ean, diseinua Blachere Iluminación España S.A enpresarena izan zen, eta argiak urtarrilaren 6ra arte egon ziren piztuta. Argiarekin batera, dendetako apainketa aipatu behar da, Iruñeko Udalaren eguberri-irudiekin hein batean egiten dena; irudiak 200etik gora establezimendutan banatzen dira. Era berean, 378 eguberri-apaingarri zintzilikatu ziren Zabalgunean eta Martín Azpilcueta eremuan.

Alorra, halaber, hiriko merkataritza-eremuak girotu eta dinamizatzeaz arduratzen da; Alde Zaharrean eta Zabalgunean, batez ere.  Leku horietako ikusizko erakarpenak sendotzeaz gain, jarduerak ere programatu ziren, eta lehen aldiz, Txantrea auzoan eta Yamaguchi plazan apaingarri bereziak paratu ziren.

2015ean, Eguberrietako Azoka Gazteluko plazan jarri zen, bi urtez han egin gabe egon ondoren.  24 artisauk beste hainbeste etxola paratu zituzten, askotariko produktuak eskaintzeko, bai eta txurro-denda bat eta haurrendako lantegiak ere, 2015eko abenduaren 18tik 2016ko urtarrilaren 6ra bitarte. Alde Zaharreko Merkatari Elkarteak Gazteluko plazan egin zituen bere jarduera guztiak, bazterrak girotzeko eta merkataritza sustatzeko.  Etxolen ustiapena eta txurro-dendaren instalazioa nahiz ustiapena lehiaketa publiko baten bitartez egin zen, eremu publikoa okupatzeko lizentzia emateko.  Hiriko beste eremu batzuetan, elkarteen ekintzekin elkarlanean, hainbat gune ezarri ziren zenbait jarduera eskaintzeko, hala nola jolas tradizionalak, paseoak segwayz, eta bi zaldiko-maldiko. 

Zinema euro batean kanpaina ere egin zen familientzat, Saide Carlos III eta Golem Baiona zinema-tokietan.  Ia 13.000 lagunek ikusi zituzten goizean emaniko 11 filmak (lehen aldiz ere helduentzat). Hirugarren urtez jarraian, Eguberrietako Ibilaldi Gozoak antolatu ziren, antzerki moldeko bisita gidatuak hiriko hainbat gozodendatan geldialdia eginik. 200 leku eskaini, eta denak agortu ziren.

Udal-merkatuak

Urtean barna, hainbat prestakuntza-, sustapen- eta animazio-jarduera egiten dira Ermitagañako eta Zabalguneko merkatuetan. Otsailean eta azaroan, Merkatuen Erruleta jokoa egiten da. Horrela, erosketa-tiketak aurkezten dituzten bezeroen artean, merkatuetako espezialitate guztietako produktuak zozketatzen dira. 2015ean seigarren edizioa egin zen.  

Apirilean Ahogozatu Udaberria ekimena egin zen; zehazki, garaian garaiko produktua sustatzen da, elkartasunezko xede bat gogoan: hots, euro batean ardoa eta pintxo bat dastatu, eta biltzen den dirua xede sozialetara bideratzen da. Ekimena urrian ere egiten da, onddo- eta ziza-erakusketa bati lotua, Ahogozatu udazkena izenburupean.  Bi edizioen artean, 900 pintxo dastatu ziren, guztiak ere merkatuetako produktuekin prestatuak.  Bildutako dirua (1.350 euro) Gurutze Gorria eta París 365 gizarte-entitateei eman zitzaien.

Eta maiatzean, Merkatuko errezeta-lehiaketarako deialdia egin zen, ajoarrieroaren inguruan egin ere.  Hiru sari eman ziren; hots, merkatuetan gastatzeko hiru txartel, 200, 150 eta 100 eurokoak, eta ondoren, ajoarriero-dastaketa bat prestatu zen bezero eta bisitarientzat. 

Bestelako hitzorduak merkatuetan Udaren etorrerarekin, bezeroei 4.200 lore eman zitzaizkien merkatuetako postuetan eta, horrez gain, hainbat jarduera berezi egin ziren haurrentzat, ikasturte bukaera zela eta (puxika-banaketa, mago baten eta aktore baten emanaldia, eta musikak merkatu inguruak girotu zituen).   Ikasturte hasieran haurrak ere izaten dira ardatz, eta haurrek parte hartzeko moduko bi lantegi antolatu ziren janari osasungarriari buruz.  Urtea bukatzeko, Eguberrietako Kanpaina egin zen, 11.800 egutegi banatu baitziren. Halaber, haur-gastronomiako lantegi gehiago egin ziren, Gabonak gai hartuta, 9 eta 12 urte artekoentzat; guztira, 50 haur aritu ziren.

Laguntza Iruñeko ekintzaile eta enpresei

2015eko apirilaren 30ean, hitzarmena sinatu zen Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroaren artean, Nafarroako ekintzaile eta enpresei laguntza bideratzeko.  2015eko aurrekontua 253.927 euro izan zen. Udalak % 49 eman zuen.

Hitzarmenaren ondorioz, lehenik, CEINek egoitza bat ireki zuen Iruña erdigunean (Leire, 20), eta bertan, Iruña, ekintzaile programaren bi edizio egin ziren (204 ordu), hots, prestakuntza-programa bat da jarrera ekintzailea duten 22 laguni negozio-ideia bat bilatzen eta garatzen laguntzeko. Horren baitan, 17 enpresa-ekimen berri abiatu ziren gure hirian; besteak beste, proteina berriak garatzea elikaduran erabiltzeko; aholkularitza marketinean; entrenamenduak elektroestimulazio hari gabearen bidez, webguneak diseinatzea eta nazioartekotze-proiektuak.

Metodologia gaikako prestakuntza-lantegietan datza (sormena eta berrikuntza, negozio-eredua, marketina, sare sozialak, enpresak sortzea, salmentak, besteak beste). Halaber, taldeka ikasteko saio praktikoak egiten dira, bideratzaile batek zuzenduak, eta beste jarduera osagarri batzuk, hala nola topaketak ekintzaileekin.

Halaber, prestakuntza- eta zabalkunde-ekintzak egin ziren, Iruñeko enpresa-proiektu berrien bideragarritasuna hobetzeko.  Ekintzak merkataritzari, ostalaritzari, eta merkataritzarekin nahiz turismoarekin loturiko beste jarduera eta zerbitzu batzuei daude zuzenduta; zehazki, 21 prestakuntza egin ziren (102,5 ordu) 272 lagunekin, hainbat gairi buruz: e-commerce, bezeroari arreta egitea, sorkuntza eta berrikuntza, joerak eta merkataritza-marjinak. 

Ekintzaileendako laguntza, hots,Iruñeko Udalaren Ekintzaileei Laguntzeko Bulegotik eta Udaleko beste alor batzuetatik bideratutakoentzat.

Lantegi praktikoak (hiru, 13,5 ordu, guztira) enpresa-planei buruz, Iruñeko Udalaren ekintzaile gazteendako laguntzetarako deialdian proiektuak aurkeztu zituztenentzat.

Iruñeko Merkataritzaren Mahaia

2009an, Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak Iruñeko Merkataritzaren Mahaia sortu eta abian jartzea erabaki zuen; hau da, aholkularitza- eta informazio-izaerako foro bat da, merkataritza bultzatu eta sustatzeko ekintzak aztertu eta proposatze aldera, eta era berean, interes orokorreko hainbat kontu aztertzeko ere. Udaleko hainbat zuzendarik nahiz teknikarik eta udal-talde politikoetako ordezkariek osatzen dute, bai eta merkataritzako kideek ere (eremuan eremuko merkatari-elkarteak, udal-merkatuak eta gremioak).

2015ean, bi aldiz elkartu ziren hainbat gai aztertzeko: Merkataritza Jarduketako Plana, laguntza-deialdiak, Merkataritza Erakartzeko eta Antolatzeko Plana, merkataritzarako ildo estrategikoak zehaztea Tokiko Ekonomia Jasangarriko Alorraren eskutik, eta sektorearen proposamenak jasotzea.  Halaber, Iruñeko Udalak akzesit bat eskuratu zuen Barne Merkataritzako Sari Nazionaletan, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak emanak, hiriko merkataritza berritzeko egindako jarduketen aitortzan.

Udal-arauak

2015ean, merkataritzari buruzko bi ordenantza berri sartu ziren indarrean. Otsailean, Merkataritza ez-egonkorra  arautzen duen udal ordenantza berria onetsi zen. 2014an hasi zen tramitatzen, eta aurreko arauketa ordeztu du, 1989koa baitzen.  Ordenantza otsailaren 5eko Osoko Bilkuran onetsi zen behin betiko.  Martxoaren 3ko 42. NAOn argitara eman zen behin betiko.

2015ean, halaber, Eremu publikoan kioskoak instalatzea arautzen duen ordenantza onetsi zen. 2014an hasi zen tramitatzen.  Maiatzaren 7ko Osoko Bilkuran eman zitzaion behin betiko onespena, eta maiatzaren 19ko 95. NAOn argitaratu zen behin betiko. Arlo horretako aurreko arauketa 1997koa zen, urte hartan Eremu publikoan prentsa eta litxarreriak saltzeko kioskoen ordenantza sartu baitzen indarrean.

 

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala