Iruñeko Udalaren 2014ko Memoria

Zirkulazioa eta mugikortasuna

Aparkatze murriztua

Udalak hainbat aldaketa egin zituen aparkatze arautuko txarteletan 2015erako, hala egoiliarrendako nola jardueretarako txarteletan, eta gutxienez hiru urteko iraupena izanen dute.  2015era arte, txartelak urtero bidaltzen ziren, baina urte bukaeran igorritakoek hiru urterako balio dute gutxienez; beraz, txartel berrietan ez dago urte zehatzik inprimaturik.  Txartelak, gainera, urdinak dira eta ez dira autoetako haizetakoan narriatzen.  Urteko tasaren zenbatekoa 48,35 euro da.

Sektorez sektore, eremu arautuetako auzokideek guztira 25.707 egoiliar-txartel berritu edo eskatu zituzten, eta 501 jarduera-txartel.  Sektoreen arabera, egoiliarrendako 1.895 aparkatze-txartel Alde Zaharreko auzokideentzat izan ziren (1. sektorea); 4.647, bi zabalgunetako edozeinetan bizi diren egoiliarrentzat (2. sektorea); 3.531, Milagrosari eta Azpilagañari egokitu zitzaizkien (3. sektorea); 6.547, kopururik handiena, Iturramari (4. sektorea); 4.641, Ermitagaña, Mendebaldea eta Ipar Etxabakoitzi (5. sektorea); eta, azkenik, 4.446, Donibane auzoari (6. sektorea).

Udalak, gainera, Ospitale aurreko aparkaleku-eremura eta Kanpo Kontsultategietara zabaldu zuen aparkatze murriztuko eremua, eta horrek uztailean hartu zuen indarra.  2014ko azaroan, Udalak eta Gobernuak hitzarmen bat sinatu zuten, ospitale-barrutiko 681 aparkatze-toki arautzeko.  Haietatik, 542 aparkatze arautuari zegozkion; 306, alde laranjari, eta 236, alde urdinari.  Gainerakoak anbulantzia, minusbaliatu, taxi edo beste batzuentzat erreserbaturikoak dira, bizikletendako eta ziklomotoreendako berariaz dauden tokiez landara.  157.798,35 euro inbertitu ziren, ospitale-eremuan aparkatze arautua ezartzeko; eta ustiapen-kostuek, berriz, 249.350,44 euro joko dute urtean.

Gainera, ospitale-barrutian dabiltzan herritarren segurtasuna areagotze aldera, oinezkoendako pasabide berriak sortu ziren aparkalekuko hainbat eremutan, hala nola G pabilioiaren aurrean eta Kanpo Kontsultetako Zentroaren parean.  Nafarroako Ospitalearen aurreko eremuan (G pabilioia), oinezkoendako pasabidea zebra-pasabideen bitartez sortu zen, aparkalekua alderik alde eta zuzen zeharkatzeko, nondik eta, ospitale-barrutian sartzeko eskuinera biratu eta bertan dagoen pasabidetik, eraikineko ate nagusiaren ondoan dagoen berdeguneraino.   Halaber, oinezkoendako pasabideak margotu ziren; zehazki, moto eta bizikletentzat erreserbaturiko aparkalekuetatik berdegune horretaraino joateko eta ospitalean sartzeko. 

Kanpo Kontsulten eremuan, F alderantzikatuaren forma duen pasabide bat sortu zen oinezkoentzat, han aparkatzen duten pertsonen segurtasuna hobetze aldera haien ibilgailuetatik jaitsi eta igotzean, eta era berean, aulki gurpildunen, haur-gurditxoen edo mugikortasun urrituko pertsonen joan-etorria errazte aldera.  Goialdea eraikinaren egungo sarbideari dagokio, eta era paraleloan, aparkalekuaren erdialdean, beste pasabide bat sortu zen oinezkoentzat.  Azkenik, oinezkoendako beste pasabide bat ezarri zen lehen aparkatze-poltsa bikoitzari dagokion aldean, aparkatzeko toki batzuk birkotatuz eta oinezkoendako esparrua handituz. 

Era berean, 2014an, José María Iribarren kiroldegiaren eta Helduendako Ikastetxearen artean aparkatze-eremu arautu gisa erabiltzen zen tokia auzokideen erabilerarako esparru bihurtu zen; horren ondorioz, aparkatzeko ehun toki inguru kendu ziren 5.sektoreko alde laranjan. 

 

Jarduketa Urdazubiko Monasterioaren kalean

Zirkulazioari eta mugikortasunari dagokionez, hirian 2014an egindako jarduketa nagusia Iturrama Berriko berrurbanizazioaren inguruan egin zen.  Honatx aldaketarik handiena: Pio XII.aren etorbidearen eta Urdazubiko Monasterioaren kalearen arteko bidegurutzea irekitzea dago aurreikusita, erdibitzailea irekiz eta oinezkoendako bi basabide berri sortuz; bidegurutzea, gainera, semaforoen bidez erregulatzeko asmoa zegoen. 

Pio XII.aren etorbideko erdibitzaile hori irekitzearen karira, eta Urdazubiko Monasterioaren kalearen eta Barañaingo etorbidearen arteko bidegurutzean zirkulazioa ongi garatze aldera, bidegurutze horretan errotonda berria sortu, eta egoerak hobera egin zuen, zeinean zilegi baitzen ezkerretara biratzea bidegurutzerako lau sarbideetariko hirutik.  Jarduketak eraginda, oinezkoendako lau pasabideak tokiz aldatu, beheragune berriak sortu, eta  egungo beheraguneak birjarri ziren, eta era berean, Urdazubiko Monasterioaren kaleko oinezkoendako bi pasabideetan, erdibitzaile-aterpeak moldatu ziren. Horrez gain, argiztapena aldatu eta hobetu zen, bai eta seinaleztapen bertikala eta horizontala ere.

Gainera, Urdazubiko Monasterioaren kaleko bide berria Gaztelugibelekoari batu zitzaion; lehena lau erreiz osatua dago, bi norabide bakoitzean, eta erdibitzailea ere badu. Bigarrenak bi errei ditu, bat norabide bakoitzean.  Ezabatu egin zen Gaztelugibeletik, Erruki Etxearen aldetik, datozen eta Fuente del Hierro-ra doazen ibilgailuen ezkerreranzko biraketa. Obrazko erdibitzailea pintura bidez luzatu zen bidegurutzeko oinezko-pasabideraino; hainbat zebra-pasabide egin ziren, eta lerroan aparkatzeko eremuak ezabatu ziren bidegurutzeko bi oinezko-pasabideetara iritsi baino lehen; horien ordez, hainbat errei egin ziren Gaztelugibel-Fuente del Hierro aldera joateko.   Lan horiek guztiak bi fasetan egin ziren, eta horrela, egungo trafikoak bere horretan jarraitu zuen Pio XII.aren etorbideko erdibitzaile ireki arte.

Gaztelugibelen, bestalde, norabide bakarrekoa izatera pasatu zen Pio XII.aren etorbidearen eta Urdazubiko Monasterioaren kalearen arteko tartea, Erruki Etxerantz doana, eta lorategi-eremutik hurbilen dagoen erreia erabiltzen da.  Urdazubiko Monasterioaren kalera sartzen diren ibilgailuak bakarrik sar daitezke Glazietako eta Gaztelugibel zeharkaleetaranzko norabidean, edota berriz ere, Pio XII.era, eta ez daiteke erdibitzailea zeharkatu Erruki Etxeranzko norabidera sartzeko.

 

Mugikortasuna, bide-segurtasuna eta bidegorria

Bizikletaz mugitzeari dagokionez, Gipuzkoako etorbidean bidegorri bat moldatu zen, kale Nagusia-Basotxo kalearen eta Kosterapea pasealekuaren artean, Trinitarios parke berrian.  Jaitsieranzko norabidearen aldean dago, eta 2,4 metro da zabaleran, eta mutiloiz margoturiko ertzez dago babestua alde banatan.  Bidegorria egite aldera, ibilgailuak ibiltzeko lau erreitatik bi kendu dira tarte horretan, bat norabide bakoitzean, 3,6na metrokoak zabaleran, eta erreiak bereizteko erdibitzaile bat egokitu da. 

2014an, segurtasuna areagotze aldera, Iturrama Berri aldean eta Urdazubiko Monasterioaren kalean sorturiko pasabide berriez gain, Udalak oinezkoendako pasabide berriak egin zituen, bai eta semaforo berriak ezarri ere, hiriko hainbat tokitan.  Zehazki, honatx oinezkoendako pasabide berriak: La Olivako Monasterioaren kaleko 7 eta 9 atarien artean; Leoncio Urabayen kaleko 68an Belosogoitin, Irunlarrea kalean, eta Arakil Ibarraren kalearen eta Erronkaribar kalearen artean, eta Erronkaribar kalearen eta Zaraitzu Ibarraren kalearen artean Zabalguneko Argarai auzoan.  Halaber, oinezkoendako pasabide semaforodun berri bat sortu zen Gipuzkoako etorbidean, Trinitarios parkearen eta Dona Grazia zubiaren arteko joan-etorria errazteko, eta horrela, jarraipena eman zaio Arrotxapea eta Sanduzelai lotzen dituen oinezkoendako pasealekuari.

Ekainean, argazki gorri bat ezarri zen Pio XII.aren etorbidearen eta Armada etorbidearen arteko bidegurutzean, inguru horretako semaforoak gorri pasatzen dituzten gidariak atzemateko eta zehatzeko.   Argazki gorri hori idazkunen bidez dago seinaleztatuta bidegurutzerako lau sarbideetan.  Semaforoa gorri pasatzen duten ibilgailuei argazkia atera, 200 euroko isuna ezarri (100 euro, laster ordaintzen badute), eta gidabaimeneko lau puntu kentzen zaizkie. 2014an, 6.551 zehapen bideratu ziren.

 

Zirkulazio-txostena Alde Zaharrean

Iruñeko Alde Zaharrean kale Berrian barna sartzen diren ibilgailuen % 42 lanak eraginda sartzen dira, Herritarren Segurtasuneko Alorrak egindako inkestaren emaitzen arabera. Inkesta Iruñeko Hirigune Historikoko Mahaiak eskaturik egin zen, Alde Zaharreko zirkulazioarekin loturiko hainbat alderdi aztertzeko.   Kale Berria aukeratu zen, aurreko azterlan batean ikusi baitzen karrika hori dela sarbiderik erabiliena.  495 gidarik emaniko erantzunak oinarri harturik, Alde Zaharrean ibilgailuz sartzen direnen % 38k Iruñeko beste auzo batzuetan dute jatorria; % 27, berriz, Iruñerrikoak dira, eta % 25, egoiliarrak.  Sartzen diren ibilgailuetatik, ia % 71 enpresakoak dira, eta gainerakoak, partikularrak.  Sarreren % 42 lanak eraginda egiten dira; % 26, beste ardura batzuek eraginda; % 19, etxera iristeko, eta % 13, aisiak eraginda.  Lanak eraginda sartzen diren gehienek (% 33) hornikuntza-zerbitzua egiten dute; % 27k, obra- edo konponketa-lanak; % 20 autonomoak dira eta beren lokala dute; % 14, besteen konturako langileak dira; % 3, funtzionarioak; eta gainerako % 3k gainontzeko kasu guztiak barnebiltzen ditu.

Beste ardura batzuek eraginda sartzen direnen artean, % 30 senitarteko baten bila joaten dira haren helbidera; % 12 senitartekoa zaintzera doa; % 17 adingabeen bila doa ikastetxera; eta % 8, senitartekoak edo lagunak bisitatzera. Gainerako % 40 beste ardura batzuek eraginda joaten da.  Aisiak eraginda egiten diren sarreren % 13ari dagokionez, % 73 erosketak egitera joaten da; % 17, gastronomiak eraginda; % 5, turismoak eraginda, eta % 5 beste jarduera batzuek eraginda sartzen da.

Datuei jarraiki, ibilgailu inkestatuen % 75ek eremu publikoan aparkatzen du, eta gainerako % 25ek, aparkaleku batean.  Gainera, ibilgailu gehienak (% 65) zama-lanetarako orduetatik kanpo sartzen dira; eta % 35, berriz, ordutegi horren barnean.  Zama-lanetarako orduetatik kanpo iristen direnen(321, inkestaturiko 495etatik) % 79 partikularrak dira, eta % 21, enpresako ibilgailuak; azken horien % 90 lanak eraginda sartzen dira; % 6, beste ardura batzuek eraginda, eta % 4, etxera iristeko.  Gidari partikularren % 79ri dagokionez, % 37k badauka egin beharreko arduraren bat; % 30 bere etxera joaten da; % 19, aisiak eraginda iristen da, eta % 14k, lanak eraginda.

 

Besterik

  • Erakusketa: Udaltzaingoaren 50. urteurrena

Iruñeko Udaltzaingoak jarduera-egitarau oparoa antolatu zuen bere 50. urtemuga ospatzeko. Ekitaldi nagusia Ziudadelako Armen Aretoan egindako erakusketa izan zen.  Hainbat iturritatik hartutako informazioa eta argazkiak panel bidez jarri ziren ikusgai, Udaltzaingoaren ibilbidea, haren antolaketa-formak eta hamarkadaz hamarkada nola bilakatu den azaltzeko. Honatx iturriak: Udaltzaingoaren Argazki Artxiboa, Iruñeko Udal Agiritegia, Diario de Navarra, eta udaltzain ohiek nahiz herritarrek utzitako materiala).  Erakusketan, gainera, askotariko objektuak jarri ziren ikusgai, guztiak ere udaltzainek beren lanean erabilitakoak, hala nola defentsak, plakak, pistolak eta zorroak, uniformeak, intsigniak, ibilgailuak edota 70eko hamarkadako plinto bat, zeinaren gainetik zirkulazioa erregulatzen baitzen. Erakusketako atal bat, gainera, dokumentazioari eskaini zitzaion: ordenantzak, erregelamenduak, akta-liburuak, isun-aleak, etab.

1964an, hiria demografian eta hirigintzan handitzen ari zela ikusita, Iruñeko Udaltzaingoa sortu zen, Landa Guardiak eta Hiri Guardiak batzeko eta berrantolatzeko.  Bi kidego horiek arduratzen baitziren polizia-lanak egiteaz esparru ezberdinetan.  Lehen udaltzainburua Valeriano Navarro Miranda izan zen 1964tik 1966ra. Hurrengo urtean, eta Eduardo Fernández Ortegaren zuzendaritzapean, eta behin Barne Araubideko Erregelamendu Orokorra indarrean sartzean, kidego berria lau unitatetan egituratu zen:   Staff, Lantalde Nagusia, Trafikoa eta Zaintza. Halaber, Polizia Eskola berri sortu zen,  Alondegi kalean kokaturiko akademia zaharraren ordez. 1973an, Osoko bilkurak emakumeak kidegoan sartzea onetsi zuen, eta urte hartan bertan, bost emakume Trafiko unitatean sartu ziren oposizio bidez 2. mailako udaltzain armarik gabeak izateko.  Udaltzainburua Ignacio Moreno Erro zen (1968-1989). Haren zuzendaritzapean, eta 80ko urteetan barrena, udaltzain kopurua handitu zen, harik eta 300 izatera iritsi arte. Halaber, bitartekoak hobetzen joan ziren, eta lan-arlo berriak ere sortu ziren, hala nola Herritarrak Babesteko Unitatea (1981), Auzoetako Polizia (1983) edota Babes eta Laguntza Sozialerako Unitatea, 1989an.

90eko hamarkadan, pertsona hauek izan ziren buru: Félix Eguren (1989-1990), Ignacio Franco (1990 –1995) eta Jesús Ganuza (1995-1999). Urte haietan Ikerketa eta Estupefazienteak Unitatea sortu zen, eta hamarkadaren bukaeran, unitate horrek prebentzio-programak eraman zituen hiriko ikastetxeetara.  1999an, Simón Santamaría izendatu zuten udaltzainburu.  2005etik aurrera, bereziki garrantzitsua izan da teknologia digitalak polizia-lanetan txertatzea, bai eta bestelakoetarako erabiltzea ere: semaforoak edota zaintza-kamerak kontrolatzeko, adibidez.  Datuen indexazioak aukera ematen du prebentzio-ekintzak zehatz-mehatz aztertzeko eta diseinatzeko; esate baterako, puntu beltzen planteamendua trafikoan.  Herritarrekiko harremanei dagokienez, eta Udaltzaingoaren Ekintzen Koordinazio Zentroak 092ren bidez jasotzen dituen milaka deiez gain, webgunez egin daiteke (http//policia.pamplona.es). Webgunea 2011ko abenduan sortu zen, herritarrek zuzenean udaltzaingoekin konexioa egiteko. 

 

  • FEMP Federazioaren eta Trafikoko Burutza Nagusiaren arteko hitzarmena

Iruñeak bat egin zuen Trafikoko Burutza Nagusiaren eta Udalerri eta Probintzien Federazioaren arteko hitzarmenarekin, hainbat arlotan informazio trukatzeko eta elkarri laguntzeko, hala nola Ibilgailuen eta Gidarien nahiz Arau-hausleen Erregistroa edo Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren kudeaketa.   Hitzarmenaren xedea da behar bezalako esparrua sortzea, lankidetzan aritzeko eta informazioa trukatzeko, tokiko entitateen eta Trafikoko Burutza Nagusia organismo autonomoaren artean, errolda kudeatzeari dagozkion arloetan; hots, Ibilgailuen eta Gidarien nahiz Arau-hausleen Erregistroa edo Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren kudeaketa. Azken buruan, administrazio-tramiteak arindu nahi dira, Espainian matrikulaturiko ibilgailuen titularren nahiz gidabaimenen titularren helbideak eguneratuak mantentzeko, administrazioen arteko komunikazio errazago eta arinago baten bitartez.

Hitzarmenarekin bat, Udala behartua dago Trafikoko Probintzia edo Toki Burutzari jakinaraztera ibilgailuen edo gidabaimenen titularren helbide- edo errolda-aldaketak, gehienez ere hamar eguneko epean eskaera sartzen denetik aitzina; era berean, Burutzarekin hitzartu behar du zer sistemaren bidez eginen diren jakinarazpen horiek (ahal bada, era telematikoz), nola eskuratuko diren Ibilgailuen Erregistroan ibilgailu matrikulatuei buruz dauden datuak, nola igorriko diren Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga kudeatzeko tributu-eragina duten ibilgailuei dagozkien aldaketak, edota nola jakinaraziko diren garbiketak eragindako bajak, besteak beste.  Hitzarmenak ez dakar berekin uko egin behar izatea Administrazio esku-hartzaile bakoitzaren eskumenei, eta ez ditu ukitzen bi administrazioen artean izan daitezkeen beste akordio edo lankidetza batzuk.

 

  • Salaketa penalak internet bidez

Iruñeko Udalak zerbitzu berria jarri zuen martxan herritarrek salaketa penalak Interneten bidez egin ahal izateko. Tramitea Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin daiteke, www.pamplona.es, edo zuzenean Udaltzaingoaren webgunearen bidez, www.policiamunicipal.pamplona.es, eta jendearentzat eskura dago eguneko 24 orduetan urteko egun guztietan.

Online salatu daitezkeen egintzak dira udaltzain espezialista baten esku-hartzea behar ez duten egintzak edota poliziaren berariazko beste jarduketa batzuk behar ez dituztenak, hala nola dokumentazioaren edo gauzen galera edo lapurreta; ibilgailuen edo ibilgailu barneko gauzen lapurreta; bizikleten lapurreta; etxebizitzetan, trastelekuetan, lokaletan edota auzokide-komunitateetan eragindako kalteak; eta zirkulazio-istripuekin loturik ez dauden ibilgailu edo bizikletetan eragindako kalteak.  Salatzaileak webean sartu behar ditu eskatzen zaizkion datuak, eta Udaltzaingoan zerbitzu horretaz arduratzen diren langileek etengabe gainbegiratzen dituzte bide horretatik iristen diren salaketak.  Behin salaketa baliozkotuta, salaketa-jartzaileari alerta bat bidaltzen zaio SMS edota mezu elektroniko baten bidez. Mezuan salatzailea presatzen da Udaltzaingoaren egoitzan halako epe jakin batean ager dadin, han bertan salaketa sinatzeko, hori ezinbestekoa baita salaketa bideratzeko.  Salaketa telematikoa bideratzeko baldintza bakarra da adinez nagusia izatea.