Iruñeko Udalaren 2014ko Memoria

Hiria

Iruñeko udal-mugapeak 23,55 kilometro koadroko azalera dauka eta bertan ia 200.00 lagun bizi dira. Hiriaren alde handi bat meseta batean kokaturik dago eta itsasoarekiko garaiera, bana beste, 449 metro da. Hiru ibaik zeharkatzen dute Iruña. Arga ibaiak iparraldea egituratzen du eta Txantrea, Arrotxapea eta Sanduzelai auzoetan barrena doa; Sadar eta Elortz ibaiek hiriaren hegoaldea gurutzatzen dute. Iruña eta eskualdea mendiz inguraturik daude, eta gailurrak ez dira mila metrotik gorakoak: Ezkabamendi (892 metro), Taxoare (668 metro) edo Badostain (590 metro).

Hiri berdea. Parke eta lorategiek hiriko azaleraren ia % 20 hartzen dute Iruñean. 250 arbola-espezietik gora daude, Arga ibaiaren parkean, Ziudadelan, Gaztelugibelen, Mendillorrin, Taconerako parkean, Yamaguchin, unibertsitateetan edo Buztintxurin. Azken urteotan, berdegune gehiago ezarri dira herritarren gozamenerako, hala nola Arrosadiko aintzira, Trinitarios, Arantzadi  eta Alfredo Landa parkea Lezkairun.

Iruñeak, bestalde, konpromisoa hartua du garapen jasangarriaren alde. Horren erakusle dira hainbat ekimen: Arga ibaiaren pasealekuaren moldaketa, panel fotovoltaikoen instalazioa ikastetxeetan, bizikletak alokatzeko udal-zerbitzua, kontsumo txikiko hiri-argiteria, bidegorriak, ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua edota CO2-aren isurpenak murrizteko parte hartu duen eta hartzen ari den Europako zein Espainiako plangintzak eta proiektuak.

2014an, Iruñeak Hiri Jasangarriaren sari nazionala jaso zuen hainbat esparrutan bideratutako jarduketengatik, hala nola mugikortasunean, energia-aurrezkian, berdeguneetan eta ingurumen-heziketan. Sari horiek Forum Ambiental fundazioak ematen ditu urtero, Ingurumen Ministerioaren laguntzaz, eta haien bidez eskerrona helarazten zaie jasangarritasuna indartzera bultzaturiko proiektuak eta jarduketak egin dituzten Estatuko udalerriei eta toki-erakundeei.   Iruña aintzat hartua izan da "udal-esparruan azken urteotan jasangarritasunari modu integralean heltzeko izan duen ibilbide eredugarriagatik".

Hiri unibertsitarioa. Iruñeak hiru unibertsitate ditu eta, horregatik, erreferentziazko hiri bat da goi-mailako ikasketetan. Nafarroako Unibertsitatea 50eko hamarkadan sortu zen; Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala, 1973an; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa 1987an lotu zitzaion bideari. Hiruren artean 20.000 ikasle unibertsitario inguru bildu zituzten 2014an.

Hiru unibertsitateetako jarduera akademikoak eraginda, hirian biltzarrak, bilerak, mintzaldiak, topaketa zientifikoak eta jardunaldiak egiten dira, zeinetan arlo honetako eta hartako Espainiako eta nazioarteko adituek beren ikerlanak, esperientziak eta iritziak agertzen baitituzte.

Abangoardiako hiria, osasungintzaren arloan Osasun-langileen prestakuntzak eta ospitaleetako ekipamenduak erreferentzia bilakatu dute Iruña, Espainian. Nafarroako Ospitaleguneak osasun-zerbitzu publikoak biltzen ditu eta bertan abangoardiako ebakuntza kirurgikoak egiten dituzte. Bertan da, baita ere, Nafarroako Odol eta Ehunen Bankua, Foru Erkidegoko ospitaleak hornitzen dituena.

Erietxe Unibertsitarioak ospea du nazioartean, eta aitzindaria da medikuntza-aurrerabideetan. Bestalde, Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroak (CIMA) ikerketa erabilpen klinikora hurbiltzen du, eta industria farmazeutikoarekin aritzen da elkarlanean, sendagai berriak garatzeko.

Hiri solidarioa. Behartsuenendako laguntza hiriko auzo guztietan barna kokaturik dauden auzo-unitateen sarearen bitartez bideratzen da. Sare horretan, laguntza ematen zaie haien egoera pertsonala, familiarra edota soziala medio arreta berezia behar duten pertsonei. Horrez gain, Udalak baliabideak ditu herritarretan behar bereziak dituzten multzo jakin batzuei laguntza emateko, hala nola minusbaliatuei, etxerik gabekoei, etorkinei eta bakarrik bizi diren adinekoei. Hona baliabide batzuk: Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa, Trinitarios aldean; apartamentu babestuak; etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta beste.

Udalak 1,2 miloi eurotik gora bideratu zuen, 2014an, garapen-bidean diren herrialdeentzat. Aurrekontu horren % 74,2 Hegoaldean erabiltzen da giza-garapenaren aldeko lankidetza-proiektuetan; % 10,5, sentsibilizazio- eta heziketa-kanpaietan, eta % 5,3, giza larrialdietarako jarduketetan. Udalak lau deialdi egiten ditu, diru-laguntzetarako, Udaleko Garapenaren aldeko Lankidetza Programaren barruan honako hauek egiteko: Giza Larrialdietarako jarduketak, Sentsibilizazio- eta Hezkuntza-jarduketak, Garapen-bidean dauden Herriekiko Lankidetza proiektuak, eta Garapenaren aldeko  Sentsibilizazio- eta Hezkuntza-proiektuak.

Hiri abegikorra. 34.008 lagun dira atzerrian jaio eta Iruñean egoitza duten pertsonak, barne harturik etorkinak, nazionalizatuak eta Espainiatik at jaiota guraso espainiarrak dituztenak.  Erroldan izena emandako etorkinen kopurua, 2014an, % 10,5ekoa da, eta 21.002 pertsona izatera jaitsi da. Iruñean, 131 nazionalitatetako jendea bizi da. Etorkinen artean multzorik ugariena bulgariarrek osatzen dute, 3.157 lagunekin, gero errumaniarrek, 2.751rekin. Jarraian portugesak datoz, 1.132 pertsonarekin, eta, laugarren tokian, ekuadortarrak, 1.115ekin. Iruñeko atzerritarren populazioa adinaren eta sexuaren arabera aztertuz gero, atzeman daiteke oso alde txikia dagoela gizonen eta emakumeen kopuruen artean –% 51,1 eta % 48,9, hurrenez hurren–. Datu hori, nolabait ere, aldakorra da, atzerritarren jatorria zein den. Adinari dagokionez, etorkinen multzorik handiena 19 eta 40 urte bitarteko multzoan sartzen da, % 53,4rekin.  65 urtetik gorakoak, ordea, oso gutxi dira, % 2,3 inguru. Buztintxuri da, oraindik ere, atzerritar gehien dituen auzoa, nahiz eta 2013ko % 20,3tik 2014ko % 18,9ra jaitsi den; gero, Milagrosa dator, % 16,7rekin, eta, jarraian, Etxabakoitz, zeina hirugarren postura igaro baita, % 16,6rekin.

Kultur hiria. Iruñeak 130 instalaziotik gora ditu, publikoak nahiz pribatuak, kulturaren, aisiaren eta denbora librearen esparruetan eskaintza askotarikoa garatzeko. Hiriaren kultur izaerak hiru mugarri ditu: Sanferminak, Donejakue Bidea eta Iruñearen historiari lotutako ondarea (harresiak, Ziudadela, Alde Zaharra), Erdi Aroko hiria eta Nafarroako Erresumako hiriburua izan baitzen.

Sanferminek munduko erdigunean jartzen dute Iruña uztailaren 6tik 14ra, entzierroen sonak eraginda, batez ere, baina baita jaiei darien alaitasunak eta algarak direla medio ere. Milaka bisitari etortzen baitira hirira, iruindarrekin batera zuri-gorriz margotutako bederatzi egunez gozatzeko. Iruña, halaber, Bidean, lehena da Donejakue Bidean. Ongi merezitako titulua da, mendez mende Santiagorantz zihoazen erromesak hartu dituelako. Erromesek aterpetxeetan hartzen dute atseden Jesus eta Maria aterpetxean, esaterako; ibilbidea Done Jakueren izarrarekin markatua dago hiri osoan, Magdalenan hasi eta Nafarroako Unibertsitatean barna kanporantz ateratzeraino; eta erromesek Iruñeko elizak, parkeak, harresiak eta txokoak zeharkatzen dituzte Santiagora bidean. Donejakue bidearen historia, azken finean, hiriak mendeen joan-etorrian izandako bilakaerarekin dago lotua, erresuma izan baitzen Iruña, bai eta erresumako hiriburua eta probintzia-hiriburua ere, eta egun, autonomia-erkidegoko hiriburua. Kristo aurreko arora garamatzan historia da, mendeek ekarritako garai berrietara egokitzen jakin izan duena, burguak batuz, harresien eta Ziudadelaren bidez bere burua babestuz, auzo berriak zabalduz eta hirigintza-garapen berrietan hedatuz.