Finantza kudeaketaren balantzea
Honako alderdi hauek azpimarratu behar dira Iruñeko Udalaren eta haren Erakunde Autonomoen 2014. urteko informazio ekonomiko bateratuaren analisiari dagokionez:
- Egindako gastu bateratuak 192,2 milioi euro jo zuen, hau da, % 4,5 murriztu zen 2013ko likidazio bateratuaren aldean. Diru-sarrera bateratuek 193,9 milioi euro jo zuten guztira, hau da, aurreko urtean baino % 1,6 gutxiago.
- Jarduneko langileei zein langile pasiboei dagozkien ordainsarien gastuek 80,9 milioi euro jo zuten, hau da, gastu guztiaren % 42,1. Kapitulu honek % 0,2ko beherapena izan du aurreko urtearekin alderatuta.
- Ondasun arrunten erosketak eta zerbitzuak emateak eragindako gastu arruntek 66 milioi euro jo zuten, hau da, gastu osoaren % 34,3. Kapitulu hau pixka bat jaitsi zen 2013ko gastuaren aldean, gastua % 0,3 txikiagoa izan baitzen.
- Interesen finantza-gastuek 2,2 milioi euroko gastua eragin dute, 2013an baino % 8,8 gutxiago, 2013an 2,5 milioi euro izan baitziren. Jaitsiera, gehienbat, interes-tasak jaitsi izanari zor zaio. Maileguen amortizazioak 7 milioi euro jo zuen, hau da, 2013an baino % 3 gehiago. Guztizko finantza-zamak, interesak eta amortizazioa barne hartuta, 9,2 milioi euro jo zuen, hau da, aitortutako guztizko gastuaren % 4,6.
- Transferentzia arruntek 15,7 milioi euro jo zuten, aurreko urtean baino % 3,2 gehiago, eta gauzatutako gastu guztiaren % 8,2 egin zuten.
- Kapital-eraketa gordinerako zuzkidurak, hau da, Udalaren inbertsioetarako zuzkidurak zein hirugarrenek egindakoen finantzamenduan parte hartzekoak, 19,2 milioi euro izan ziren, eta hala izan zen jarduketa-eremu orokorraren mugak gorabehera. Bere osoan, 9,2 milioi euro gutxiago izan ziren 2013an baino. Zehazki, inbertsio errealei dagokien kapituluaren betetze-maila % 45,7 murriztu zen aurreko urtekoaren aldean. Izan ere, 12,7 milioi euro izan zen, hau da, egindako guztizko gastuaren % 6,6. Eta kapital-transferentziak 6,5 milioi euro jo zuen, hau da, 2013an baino % 29,2 gehiago.
- Diru-sarrera bateratuetan zenbateko handiena, 96 milioi euro, 4. kapituluko transferentzia arruntei egokitu zitzaien. Kopuru horrek eta kapital-transferentziei dagokien 7. kapituluko 5,9 milioiek, batera hartuta, likidatutako guztizkoaren % 52,6 egin zuten (% 49,5, 4. kapituluan, eta % 3, 7. kapituluan).
- Zuzeneko zergei dagozkien likidazioak % 2,2 igo ziren, 51,7 milioi euro bitarte; zeharkako zergen bidezko diru-sarrerak, berriz, (EIOIZ, eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga) % 25,4 jaitsi ziren 2013arekin alderatuta, 4,4 milioi euro bitarte.
- Diru-sarreren 3. kapitulua % 1,4 igo zen, 29,7 milioi euro bitarte; 8. kapitulua, berriz, % 5 murriztu zen (60.000 euro inguru).
- Diru-sarreren 5. kapitulua % 64,4 igo zen 2013koarekin alderatuta. Aldaketa ez da gertatu oinarri fiskala handitzeagatik, diru-sarreren ohiko maila berreskuratzeagatik baizik; izan ere, 2013an maila hori jaitsi zen, diru-sarreren itzulketak zirela medio.
- Azkenik, diru-sarreren 6. kapituluak –non ondare-besterentzeen zenbatekoa jasotzen baita– 2,2 milioi euroan gauzatu zen.
2014an ez zen mailegu berririk kontratatu; beraz, finantza-pasiboen diru-sarreren 9. kapitulua zero da, 2013an bezala.