Babes Zibila
Larrialdietarako plangintza
- Uholde Plana ‘NOE’ informatika-aplikazioan ezartzea
2013ko udazkenean, Uholde Plana Tesicnor enpresak garaturiko NOE informatika-aplikazioan ezarri zen. Tresna horrek hainbat hobekuntza dakartza, hirian gertatzen diren uholdeen ondorioak ahalik eta gehien murrizteko.
- Web bidez sartzen da aplikazioan, edozein terminaletatik (finkoa edo mugikorra), eta horri esker, erabiltzaileek edozein tokitatik eta uneoro eskuratu dezakete aplikazioak dakarren informazioa.
- Erabiltzaileak ohartarazteko alarmak jotzen ditu, ibai-emariaren arabera, larrialdi-mailak aldatzen direnean. Horri esker, erabiltzailea berehalakoan has daiteke lanean.
- Halako larrialdi-maila jakin baterako, zehatz-mehatz zerrendatzen dira egin beharrekoak, hurrenkera bati jarraiki, eta jasota geratzen da ongi bete diren ala ez. Horrek koordinazio-lanak errazten ditu tentsio-uneetan, eta arintasunez ekiteko aukera ematen du. Era berean, kudeaketak ez dauka hainbesteko mendetasunik une jakin batean plana koordinatzen duen pertsonarekiko.
- Uneoro aldaketak edo hobekuntzak egin daitezke, larrialdian jarduketak ahalik eta hobekien kudeatze aldera.
- Arga ibaiaren garbiketa, Iruñean
Neguko euriek eta Arga ibaiaren uhaldiek hiriko auzoetan –ibaiak zeharkaturiko haietan– ahalik eta kalterik gutxien eragite aldera, eta aldi berean, ibilguko leku adierazgarri batzuetako estetika hobetze aldera, ibaitik kendu ziren zubi, presa, zaldain eta erdibitzaileetan trabaturik zeuden zuhaitz-hondarrak. Lanak ibilguaren norabidean egin ziren udal-barrutian, uretan gora hasita, eta handik uretan behera; lehentasunez, atxikirik geldituriko zuhaitz osoak, eta enbor eta adar handiak kendu ziren, eta era berean, uretan murgilduriko edo ertzetan geldituriko eite nabarmeneko zuhaitzak.
Lanak Arga ibaiaren zaldainetan eta Club Natación klubeko presan egin ziren, eta era berean, Zigandaren errotan eta aldamenean dagoen erdiko uhartean, San Pedro presan, presa horretatik San Pedro zubira bitarteko tarteetan (erdiko uhartea eta alde bakoitzean bi ibilgu), eta zubi horretatik Vergel zubira bitartekoetan, Vergel zubitik behera dagoen erdiko uhartean, Oblatuen zubian (hegala hertsatzen eta ikusgaitasuna galarazten duten hainbat zuhaitz moztea), Dona Graziako presan, Landabengo zubian, bai eta ibai-ibilguan barrena dauden diametro nabarmeneko motzondo eta enbor batzuetan ere. Diametro nabarmeneko 140 m3 enbor eta zuhaitz-motzondo atera, zerrategira eraman eta zerrauts bihurtu ziren; halaber, 90 tona adar eta zabor, guztiak ere jarduketaren iragazkietan sartuak (zaldainak, zubiak, presak eta uharteak); dena isurtegi baimendura eraman zen.
- Uholdeak eragozteko neurriak
Iruñeko Udalak prebentzioa sendotzeko neurri bat hartu zuen; horrela, Udalak ibaitik hurbileko bost tokitan, beste horrenbeste kartel jarri zituen ibilgailuen jabeei gogorarazteko arriskutsua dela toki horietan aparkatzea uhaldia dagoenean. Kartelak handiak dira tamainaz, kolorez nabarmenak, eta lekuotan jarri ziren: zezen-ukuiluetako disuasio-aparkalekuetan (bi sarbideetan); Alde Zaharreko egoliarrendako aparkalekuan, 1. sektorea, Runan; Anelier pasealekua-Arga ibaia kaleko aparkalekua (bi sarbideetan); Arbizu kaleko aparkalekuan; eta Club Natación klubeko aparkalekuetarako sarbideetan. Kartelean ageri den agindua dagokie uholdeetarako sms bidezko abisu-sisteman alta emanik ez dauden ibilgailuei. Sistema hori publikoa eta doakoa da, eta ia 2.000 erabiltzaile ditu alta emanik.
- Elurretako Plana
Trinitarios aldeko gatz-biltegian bi silo daude, 100na tonarako edukierakoak, eta horrez gain, 350 tona gatz solte eta 20 tona gatz 25 kilogramoko zakuetan gordetzen ditu lokal publikoetan banatzeko (osasun etxeak, ikastetxeak, e.a.). Baliabide materialen artean, nabarmentzekoak dira 7 kamioi eta 3 lur orotako, elurra kentzeko xaflekin eta gatza barreiatzen dutenak; 6 zisterna, gatzuna botatzeko; 20 makina txiki eskuz ongarritzeko; gatza eskuz barreiatzeko 10 makina; 3 kamioi, materiala garraiatzeko eta atzerako hondeamakina bat.
Larrialdi-planaren helburuen artean dago zerbitzu publiko eta pribatuetarako sarrera bermatzea, eta sarbidea erraztea elikagaiak, osasun-produktuak eta energia-produktuak ekartzeko bideetan barna. Hartara, Udalak 17 arlotan multzokatuak ditu hiriko galtzadak, ibilgailuak haietan guztietan ari daitezen, errepide nagusien eta aldapen garbiketa bermatze aldera. Planak, gainera, dio bereziki zaindu behar direla hiriko bide nagusiak, zirkulazio egokia ahalbidetzeko; hartara, kontuan hartzekoa da zirkulazioa ibilgailu astunendako ixteko aukera.
Planean, halaber, osasun-talde bat aurreikusia dago hainbat gaitarako; esaterako, osasun-garraiorako edo izotza edo elurra erortzen denerako, bai eta gizarte-ekintzarako talde bat ere, kalean lo egiten dauden pertsonak antzemateko eta, egoera larria izanez gero, harrera-zentrora edo aterpetxeetara eramateko.
|
|
2010 |
2011 |
2012 |
2013 |
2014 |
|
Elurra kentzeko makinek zenbat egunetan izan duten esku-hartze nabarmena, zuritu duelako. |
5 |
6 |
5 |
7 |
1 |
|
Zenbat egunetan gatza erruz banatu behar izan den, 0º C peko tenperatura zegoelako |
23 |
16 |
8 |
12 |
2 |
|
Urtean erositako gatza |
479 |
600 |
130 |
140 |
200 |
|
Gatz-izakinak, abenduaren 31n |
320 |
456 |
450 |
500 |
350 |
|
Gatz-izakinak, abenduaren 31n |
60 |
35 |
10 |
20 |
40 |
- Sanferminetarako Babes Zibileko Plana
Sanfermin Planak entzierrorako, su artifizialetarako eta festen programako gainerako ekitaldietarako segurtasun-antolamendua hartzen du barne, bai eta zirkulazio-etenak, sorospen zirkunstantzialak eta beste ere. Nobedade nagusia Entzierroaren Ordenantza onetsi izana da; bertan zehatz-mehatz bilduta daude zer baldintza bete behar diren entzierroan laster egiteko, eta zer betebehar dituzten lasterkariek, ikusleek, ibilbideko lokalen eta etxebizitzen jabeek eta auzokideek, e.a. Gainera, arau-hausteak sakonago tipifikatu eta honela katalogatu ditu: arinak, larriak eta oso larriak.
Ordenantza berriaz gain, aldatu egin ziren Udalak ukuiluen eta Udaletxe plazaren inguruan jarri ohi zituen hesiak, lasterkariek jantziei eta entzierroan eraman daitezkeen objektuei dagozkien kontu oro betetzen dutela ziurtatzeko. Udaltzainek Mercadares karrikan lasterkariak iragazteko paratzen zuten hesia Udaletxe plazaren hasierara aurreratu zen. Bestalde, San Domingoko aldapako hasieran paratzen zen polizia-hesia aldatu zen; poliziek berek osaturik, hesiaren xedea zen gutxienezko tarte bat mantentzea lasterkarien eta abelburuen artean, entzierroa hasi arte. 2014tik aurrera, ordea, lurzoruan seinaleztatua dago, eta udaltzainak halako distantzia zuhur batera daude.
Aparkatze-sistema arautuari dagokionez, Nafarroako Ospitalegunearen azaleko aparkalekua erantsi zitzaion hiri osoan 24 orduetarako ezarritako alde laranjari.

