Hiri Kontserbazioa
Hona, besteak beste, Hiri Kontserbazioko zuzendaritzaren jarduera nagusiak: kontserbazio-lanak gauzatzea, bide publikoak, lorategiak, hiri-altzariak, eraikinak, igogailuak, berokuntza eta argiteria publikoak mantentzea eta hiriko garbiketa egitea. 2007tik hona, gainera, Alorra urtero Frantziako Portaleko mekanismoen funtzionamendua berrikusteaz arduratzen da, Errege Kabalgatan erabiltzeko.
Argiztapena eta energia-aurrezpena
2014an, Iruñeko Udalak argiteria publikoa, semaforoak eta udalaren hainbat eraikin energia elektrikoz hornitzeko kontratu berria esleitu zuen, nobedade batekin esleitu ere, Udalari ematen zaion energia elektriko guztiak jatorri berriztagarria izan baitzuen. Kontratuan bost hornikuntza-lote ezarri ziren: argiteriarako eta semaforoetarako argindarra, eraikinetarako argindarra, gas naturala, gasolioa, eta berokuntza-pelletak. On Demand Facilities S.L. enpresa irabazleak aurkezturiko eskaintzak % 2 murriztu du argiteria publikoaren eta semaforoen sarerako energia elektrikoaren irteera-prezioa, eta % 9,5, berriz, pleguko eraikinetara bideratutakoa. Oro har, 145.000 euroko aurrezpena eraginen dute urtean. Kontratua 3.826.250 eurotan esleitu zen 2014ko azken hilabeteetarako eta 2015erako.
Etorkizunean jatorri berriztagarriko energia elektrikoa erabiltzea beste aurrerapauso bat izan da, Udalak kontsumo-esparru nagusietan dirua eta energia aurrezteko abiarazi dituen ekintzen artean: argiteria publikoa eta semaforoak, eta eraikinak. Lehen esparru horrek kontsumo elektriko guztiaren % 65 eragiten du, eta hartutako neurriei esker, energia gutxiago kontsumitzen da. Honatx neurriak: argiztapen-ordutegi zorrotzak ezartzea, lanparak aldatzea, instalazioak oro har egokiro mantentzea, fluxua murrizteko gailuak erabiltzea, goritasun-lanparen ordez led-lanparak jartzea, eta beste. Horren ondorioz, energiaren kontsumoa 100 baino gehixeagotik 73 Kw/h-ra jaitsi da biztanle eta urte bakoitzeko, eta horren ondorioz, dirua aurreztu da, eta atmosferara CO2 gutxiago isuri da.
Eraikinei dagokien kontsumo-esparruan denetariko neurriak hartu dira bai kudeaketan, bai tresna berrietan, azken hiru urtean. Kudeaketa arlokoak: kontsigna-tenperaturak berokuntzan, eraikinetako pizte eta itzaltze orokorrak kontrolatzea, kontrataturiko potentziak murriztea. Eta tresnei dagokienez, gasoliozko galdara zaharkituen ordez gas naturala erabiltzen dutenak jarri dira, pelleta erabiltzen hasi da, kondentsadoreak ezarri, eta fluoreszenteak oro har berritu dira, etab. Horren ondorioz, 2013ko ebaluazioan, energia % 14,5 murriztu zen, 665.000 euro aurreztu ziren (% 19), eta atmosferara 1000 Tn CO2 gutxiago isuri ziren.
Zolaketa-lanak
Iruñeak, guztira, 5.600 espaloi baino gehiago ditu eta, guztien artean, ia 1,9 milioi metro koadro egiten dute; galtzadetan, berriz, 2,5 milioi metro koadro dira. Guztira, 4,9 milioi metro koadro zoladura-elementuetan eta esparru publikoetan. Iruñeko Udalak, 2013an, eremu zolatuak, espaloiak eta udal-esparru publikoak mantentzeko kontratuaren bigarren luzapena sinatu zuen (1,2 milioi euro, Harinsa Navasfalt SA eta Obrum Cib ABEEri esleitua). Luzapenak 2014ko abenduaren 31ra arte izan zuen indarra.
2014aren bukaeran, Udalak 3,7 milioi euroko beste esleipen bat onetsi zuen, BEZa barne, eta haietariko 1,6 2015eko ekitaldian bilduta daude, honela banatuak: 1,1 milioi euro mantentze-lanetan, eta 500.000 euro inbertsio-lanetan. 2016an, halaber, 1,1 milioi euro bideratuko dira mantentze-lanetara, eta milioi bat euro inbertsioetara. Inbertsio-lanak dira epe laburrera programatu daitezkeen lanak, eta esparru publikoen berreraikuntza edo egokitzapena eragiten dutenak. Zenbateko horiek % 25 murritzagoak dira, lizitazioan adierazitako prezioak baino. Enpresa esleipenduna Harinsa Navasfalt SA eta Obrum Cib ABEELa izan zen, eta era berean, 8.700 lan-ordu Enplegu Zentro Berezietako nahiz Gizarteratzeko eta Laneratzeko Zentroetako enpresetan kontratatzea eskaini zuen. Era berean, hobekuntza-lanak proposatu zituen Alde Zaharrean, Aste Santua eta Sanferminak baino lehen, eta zuloak estaltzeko edo espaloiak konpontzeko lanak.
Kontratu barnean sartu ohi dira hiriko esparru publikoak eta zoladurak mantendu, zaindu, konpondu eta berritzeko lanak. Enpresa esleipendunak, besteak beste ondoko lanak egin beharko ditu: galtzada eta espaloietan zulorik, pitzadurarik eta ongi egokitzen ez den baldosarik ez izatea, ezponda eta zubietan konponketa-lan txikiak egitea eta bide publikoetako oztopo arkitektonikoak kentzen jarraitzea. Oraingo honetan, gainera, bestelakoak ere sartu dira kontratuan, hala nola Izotz eta Elurretarako Larrialdi Plana bere osoan edo zati batean gaitzean beharrezkoak diren lanak eta laguntza-bitartekoak; hortaz, enpresak, halaber, eremu publikoak eta espaloiak garbituko ditu, bai eta elurra nahiz izotza urtzeko produktuak barreiatu ere. Era berean, lur orotako hiru ibilgailu jarri beharko dira Babes Zibilaren eskura, aurrean elurra kentzeko hortza dutela, eta atzean, berriz, gatza barreiatzeko gailua, bai eta beste hainbat gidari ere.
Esleipen berriak, halaber, ekarri du bestelakorik, hala nola zoladuren inbentarioa eguneratu beharra, formatu digitala Udalak erabiltzen duen GIS ingurunera egokituz.
2014an, gainera Mendillorri auzoko hainbat kaletako espaloiak berritu ziren. Zehazki, Sarrigurengo Kontzejuaren kaleko oinezkoendako pasabideetan jardun zen, Gorraizko Kontzejuaren kaleko ikastetxearen eremuko espaloietan eta trinketean, eta Elkanoko Kontzejuaren kaleko zenbaki bakoitietan. Lanek 90.000 euroko kostua izan zuten (BEZa kanpo). Zoladuraren azaleko geruza eraitsi eta, haren ordez, baldosa hidrauliko zuri eta gorria jarri zen, auzo bereko beste alde batzuetan gauzaturiko estetikari jarraiki. Era berean, oinezkoendako pasabideen beheragunea indarreko araudira egokitu zen, beheraguneetako granitozko piezak pasatzeko lizentzia duten ibilgailuendako pasabideetarako berrerabiliz, materiala oso gogorra baita. Kale horietako lanei eman zitzaien lehentasuna, hondatuagoak daudelako eta jende asko ibiltzen delako. Jarduketaren ondorioz, 1.300m2-tan dago zoladura berria, eta horrela jarraipena eman zitzaien Mendillorri auzoan espaloiak berritzeko azken urteotan egin diren lanei.
Era berean, 2014an, zoladura berria paratu zen Labriteko aldapako espaloietan, Vergel kalearen eta Burlatako bidearen artean, Magdalenako zubiaren gainean. Galtzadako bi muturretako espaloiak konpondu ziren, zahartuak baitaude bideak berez zahartu zirelako eta, ibai ondoan dagoenez, neguan izotza izaten delako. Gainera, izotzen aurkako tratamenduek tarte batzuetako hondamen azkarragoa eragin dute. Zoladura aldatu bidenabar, euri-ura biltzen den eremu batzuetan izaniko hondoratzeak konpondu ziren. Guztira, 350m2 inguruko azaleran jardun da, eta aurrekontua 55.000 euro izan zen (BEZa barne). Espaloia bere osoan eraisteaz gain, zintarriak eta euri-ura bideratzen duten galtzada-harri ahurrak ere eraitsi ziren. Zoladura, inguruan dauden antzeko baldosa hidraulikoekin egin zen. Zubia ezinezkoa izan zen espaloiak bere osoan eraitsi eta oinarritik berreraikitzea; horregatik, azalean tratamendu berezi bat egin zen, erretxinekin fabrikatua, zeren, agregakinekin nahasita, lodiera milimetrikoko oso geruza gogorra eta malgua sortzen baita.
Tratamendu bera egin zen Erreginaren aldapa eta Plazaola pasealekua lotzen dituzten eskaileretan, errotonda berriaren ondoan; eskailerak ere zaharberritu ziren. Eskaileretako euskarria garbitu eta erregularizatu zen, zaharberritze-mortero bereziak erabilita, eta azalerari ere tratamendua eman zitzaion. Lanek 9.200 euroko kostua izan zuten (BEZa barne).
Gainera, 2014an, Errekoleten kalea berrurbanizatu eta zolatzeko lanak egin ziren. 69.000 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne), lanak Kale Nagusiaren eta Errekoleten plazaren, eta O-ko Andre Maria plazaren arteko tartean egin ziren. Zehazki, eremua estetikoki hobetu eta egokitu zen, Alde Zaharreko beste kale berrurbanizatu batzuetan egin denaren antzera, eta aldi berean, euri-ura biltzeko eta irisgarritasun arloko baldintza egokiak ezarri ziren. Horretarako, bideko zola berritu zen; hartune-hodiak eta jarri gabe zeudenak birdiseinatu ziren, lokaletarako nahiz etxeetarako sarbideek baldintzatuta; eta argiteria publikorako hodia ere gauzatu zen lurpean, kableak etxebizitzetako fatxadetatik kentzen diren unerako. Era berean, oinezkoek gehien erabiltzen duten espaloia zabaldu zen, eta horrez gain, proiektua kota bakar batean garatu zenez (planoan), bete egin ziren irisgarritasunari buruzko araudi indardunean ezarritako baldintzak.
Bestelako ezaugarriak izanik ere, Labriteko oinezkoendako zaldaineko zoladura ere hobetu zen, non jendea ez irristatzeko zerrenda bat paratu baitzen, bi metro zabaleko moketa berde bat, oinezkoen segurtasuna hobetze aldera. Udalak, horrela, behin-behineko konponbidea eman zion bertan gertatzen zen arazoari, behin betiko konponbidea pentsatu arte, jendea irristatzen baitzen zurez zolaturiko inguru horretan. Material berbera erabili zen, Media Lunatik hurbil dagoen igogailura doan zaldainean.
Hiriko beste zaldain batzuetan ere ildo bereko konponbideak ezarri ziren, denak behin-behinekoak, esate baterako Trinitarioen aldea Sanduzelairekin lotzen duen tutuen zubia delakoan, non argi-sare bat paratu baitzen, metro bateko zabalerakoa arrapalaren aldean, eta metro eta erdikoa eremu horizontalean. Sanduzelaiko zaldainean, kirol-eremurantz ere antzeko lana egin zen. Kostuak 1.000 eurotik 2.000ra bitartekoak izan ziren zaldain bakoitzeko; dena den, kostuaren % 70a, materialari dagokiona, berreskuragarria da. Ohikoak izaten dira arazoak zurezko zaldainetan, izotza maiz botatzen duen tokietan, baina arazoaren tamaina handiagoa edo txikiagoa izaten da zaldainak zer toki zehatzetan dauden eta zer zoladura motaz eginak dauden (oholen forma, kokapena, zuraren kalitatea, etab.).
Asfaltatze-lanak
Urteroko asfaltatze-kanpaina eremu publikoan egiten da galtzadak hobetzeko, zuloak konponduz, zolaren toki jakin batzuetan unean uneko konponketak eginez, eta kaleko hainbat kale asfaltatuz. Planak 411.000 euroko inbertsio eragin zuen, eta lanak hainbat fasetan egin ziren hiriko 40 kaletan baino gehiagotan, uda bukatu arte. 2014an, lanak hiru fasetan banatu ziren.
Lehen lana bide batzuetako zolak berritzea izan zen; zehazki, zoladurari bakarrik eragiten dion azaleko jarduketa behar duten tokietan; horretarako, 25.000 euroko aurrekontua bideratu zen. Lanak Iruñerrian berritzailea den metodologia bati jarraiki egin ziren. Asfaltoak berritzeko sistema termiko bat da, zolak birziklatzera eta berrerabiltzera bideratua dagoena; horrela, isuriak murriztu, eta ingurumenaren kalitatea hobetzen da. Makina berezi batek azalera berotu, eta ondoren, zola zahartua eskuz eraitsi eta xehatzen da. Gero, beharrezkoa den asfaltozko materiala eransten da. Materiala labe berezi batean eramaten da, egun osoa tenperaturan mantentzen duena, eta dena behar bezala trinkotzen da. Lan-sistema hau beroan egin behar denez, eraikuntza-junturak ezabatzen dira, eta horri esker, lanaren kalitatea hobetzen da.
Lehen faseko lanak hogei bat kaletan egin ziren, hala nola Alde Zaharrera Zumalakarregiren Portalean barna sartzeko bidean edo garabiaren lehenagoko aparkalekuaren sarreran. Txantrea eta Ezkaba aldean, Juan de Tarazona, María Auxiliadora eta Kanalea kaleetako nahiz Atarrabiako etorbideko toki zehatzetan jardun zen; Arrotxapean, Olaten zubiko, Joaquín Beunza, Errotazar eta Bernardino Tirapu kaleetako nahiz Julio Caro Baroja plazako zuloak konpondu ziren; Milagrosan eta Azpilagañan, Buenaventura Iñiguez, Sadar eta Aranguren Ibarra kaleetako zoladura konpondu zen; Donibane-Ermitagañan, Ermitagaña, Arcadio Mª Larraona, Iratxeko Monasterioaren, Uxueko Andre Maria eta San Alberto Magno kaleetan nahiz Baionako etorbidean. Azkenik, Taconera eta Iturrama kaleetako zuloak konpondu ziren.
Ondoren, eremu publikoan jarduteko bigarren faseari ekin zitzaion; unean uneko saneamenduak izan ziren, baina galtzada bere osoan berritzea eragin zutenak. Aurrekontuetako kontu-sailak 86.000 euro jo zuen. Saneamendu-lanak hiriko zazpi auzotako 13 kaletan egin ziren. Txantrean, Mugazuri karrikan jardun zen, Burlatako mugaren ondoan, eta Ezkaba kaleko bidegurutzean, eta Atarrabiako etorbideko 2 eta 78 zenbakien artean. Arrotxapean, Julio Caro Baroja plaza saneatu zen, Ximenez de Rada kalearekiko bidegurutzean, Vergel kalean, Telleriako parkearen ondoan, eta Trinitarios aldean, Gipuzkoako etorbidean Cuatrovientos eta Olaten artean. Donibanen, horrelako lanak Biurdana karrikan egin ziren, institutuaren aurrean, eta Irantzuko Monasterioaren kaleko 1ean eta 2an. Iturraman ere bi kaletan, Abejeras, Serafín Olaveko bidegurutzearen eta Foruen Plazaren artean, eta Fuente del Hierron Pedro I.aren kalearen eta Unibertsitateko errotondaren artean. Milagrosan, Taxoare kaleko 1 eta 31 zenbakien artean esku hartu zen, eta Mendaur Mendiaren (10. zenbakia) eta Lakartxela Mendiaren (1. zenbakia) kaleetako oinezkoendako bi pasabideetan. Azkenik, saneamendu-lanak, halaber, Etxabakoizko Concepción Benítez kalean egin ziren, Barañaingo etorbideko errotondaren eta 30. zenbakiaren artean, hala igoerako zentzuan nola jaitsierakoan.
Zolak berritzeko hirugarren fasea honako kaleetan egin zen: Pio XII.aren etorbidea (Gaztelugibel eta Urdazubiko Monasterioaren kalearen artean), hirian sartzeko norabidean; Urdazubiko Monasterioaren kalearen eta Antso Azkarra artean, sarreraren norabidean; eta Antso Azkarra eta Iturrama artean (sarreraren norabidean ere bai); Iturrama (Fuente del Hierro eta Pio XII.aren artean, Pío XII.aren etorbiderantz), Zaragoza etorbidea (Foruen eta Bianako Printzearen plazen artean); Aranguren Ibarra (udal-barrutiaren mugatik Sadarreraino, sarreraren norabidean); Taconera (Portale Berriaren eta Basotxoaren artean, jaitsieraren norabidean), Aróstegui (Irunlarrea eta Concepción Benítez artean, hiritik kanpora ateratzeko norabidean), Mendigorria (Torralba del Río eta etorkizuneko Corella etorbidearen artean), eta Foruen plaza (bere osoan). Jarduketarik garrantzitsuena azaleko tratamendua zeutzan; kasu batzuetan, errodadura-geruza handitu zen, eta beste batzuetan, berriz, zola bere osoan aldatu zen, beharrezkoa ikusi zenean.
Lorategiak
2014an, hiria lorez hornitzeko kontratua mantendu zen udaberriko eta udazkeneko landaketetarako, maiatzean eta urrian egiten direnak, eta esleipen berrirako deialdia egin zen 2015 eta 2016rako. Urtero, Udalak ia 90.000 ale berritzen ditu bi landaketa-kanpainen artean. Lizitazio berriaren prezioa 67.098 euro da urteko, honela banatuta: 35.589 euro udaberri-udazken kanpainarako, eta 31.509 euro, udazkenekorako. Lehen kasuan, 37.100 ale inguru landatuko lirateke, eta udazkenean berriz, 49.400 inguru. Iruñeko Udaleko Lorategi Zerbitzua saiatzen da diseinuak toki berberetan ez errepikatzen; horregatik, landare kopurua eta motak aldatzen ditu, eta landare apaingarriaren munduan hibridazio berriekin agertzen diren nobedadeak erabiltzen ditu.
2014an, Udalak jarduketa bereziak egin zituen, hala nola Munduaren parkean udan egindakoa, landare-hesiak, txorkoak eta zuhaitzak berrituz, aisia-gune hori gaztetzeko asmoz, bertako landare-egitura batzuek hasierako forma galdua zutelako. Lan horiek ohiko mantentze-lanetan eragin zuten, eta parkea zabaldu zenetik hamar urtera baino gehiagora egin ziren, Orvinako hiri faseetako nahiz Txantreako auzokideek erruz erabili ondoren. Munduaren parkea bost aldetan banatua dago, eta bost kontinenteak ordezten dituzte, haietako bakoitzean landatua dagoenarekin bat: Afrika (palmondoak, akaziak eta Atlaseko zedroak), Ozeania (eukaliptoak eta akaziak), Europa (urkiak, basakak, makalak, altzifreak, etab.), Amerika (araukariak, magnoliak, sekuoiak, etab.) beta Asia (gereziondo japoniarrak, pauloniak, sahatsak). 550 txorkotan jardun zen, jorratzeko eta landare-material xehatua eransteko; 90 metro koadro, hain zuzen. Halaber, bideen eta parterreen ertzak profilatu ziren, eta parkean sartzeko ateak garbitu ziren, lurra kenduz. Landare-hesiei dagokienez, egoeraren arabera, batzuetan garbiketa-lanak soilik egin ziren; beste batzuetan, berriz, ederki inausi ziren, hasierako eginkizuna eta itxura berreskuratzeko, edo beste toki batean landatu ziren, edo haien ordez, beste zuhaixka mota bat jarri zen, belardi edo parterre berriak sortuta. Bestelako lanak ere egiten dira, hala nola zuhaitzak ohi baino sakonago inausi eta garbitzea, edota adar eta zuhaitz iharrak ezabatzea.
Era berean, uda partean, Yamaguchi Parkea oro har hobetzeko lan handiak egin ziren, hala nola ertzak moztea, profilatze-lanak, edo inausketa aukeratuak, eta era berean, lan bereziagoak egin ziren: oinezkoendako bidexka bat finkatzea, drainatzeak, eta hobekuntzak ur-jauziaren inguruan. Bidea egin zen parkearen erabiltzaileek berek sortutako xenda baten gainean, eta lotua dago parkeak dituen 85.000 m2 koadroak zeharkatzen dituzten gainerako bideekin. Inguru horretan egindako hobekuntza-lanen artean, halaber, drainatze-sistema berriak jarri ziren, adar iharrak sakonago inausi dira, eta bestelako lanak ere egin ziren urmaelaren eta ibaiaren iragazpenak eragozteko. 2013an, drainatze-sistema berria jartzen hasi zen ur-putzuak sortzen ziren belardi batzuetan. Behin neurri horren eraginkortasuna ikusitakoan, beste hiru belarditan ere ezarri zen; zehazki, Azella kalearen eta lakuaren artekoan, Planetarioaren ondokoan, era ur-jauziaren aldamenekoan. Urmaelari eta erreka txikiari dagokienez, lehenik sakon garbitu ziren; horri esker, ura iragazten den arrailak atzeman, eta zigilatu ziren. Bukatzeko, bideen, parterreen eta harrien ertzak moztu eta profilatu ziren, salbu eta ur-jauziaren ondoan daudenak; harri kaltetuen ordez, legar txiki horia paratu zen.
Lan horiez gain, urte bukaeran beste batzuk ere egin ziren, Iruñeko berdeguneetan espazioak moldatzeko eta ureztapena automatizatzeko. Hiriaren iparraldean, kontagailuak multzokatzeko eta Orvina II urez hornitzen duen ureztapen-sarea automatizatzeko bigarren faseari heldu zitzaion, eta era berean, Arrotxapeko Tiburcio de Redín eta Barkazio Gurutzeko kaleetako txorkoak berritu ziren. Txorko-forma horiek eremu publikoa era handiagoan okupatzen dute, eta traba dira ibilgailuak aparkatzeko; ibilgailuei kalteak eragiten zaizkie aparkatzeko unean. Lanek 80.000 euroko kostua izan zuten.
Hiriaren hegoaldean, berriz, Udalak cuatro chopos esaten zaion alderdia moldatu zuen; garai bateko makaldia da, Iruñetik Zizurrera joateko irteeran, Donejakue Bidean. Orubean zeuden denetariko hondarrak kendu, zuhaixkak landatu, eta soropil errustikoa erein zen. Hiriaren hegoaldean, bestalde, Zaragozako etorbidean jardun zen; etorbidea eta unibertsitatera doan errepidea gurutzatzen diren berdegunean, hain zuzen. Zedroaren inguruan lur emankorra bota, soropil-nahasketa bat erein, eta ureztapen-sistema bat ezarri zen. Etorbidearen erdibitzailean, Buenaventura Iñiguez kalearen eta Unibertsitateko errepidearen artean, etenik gabeko landare-hesi bat landatu zen, erdibitzaileak Foruen plazatik behera duena bezalakoa. Azkenik, Gipuzkoako etorbidearen eta Taconera parkearen artean dagoen ezponda moldatu zen, eta zuhaixka-espezieak landatu ziren. Lan horiek guztiak egiteko aurrekontuak 70.000 euro jo zuen.
2014an, halaber, Sarasate pasealekuko lorategiak birjartzeko lanak hasi ziren, eguraldiak eta ekintza bandalikoek eraginik hondatzen joan baitira, 2011n diseinatu zirenez geroztik. Koloretako legar apaingarrietan jardun zen, ekintza bandalikoak batez ere legarretan gertatu baitira, eta alternatiba bat pentsatu zen soropil-obaloetarako, jarri zirenetik hiru urtera hondatzen joan baitira, bertako baldintza bereziak eraginik, hurbil dauden zuhaitzek argia iristea eragozten baitute. Lanen aurrekontuak 10.000 euro inguru jo zuen. Legar-eremuetan, ingurua garbitzeaz gain, legar apaingarriak jarri ziren, osagai itsaskorrekin jarri ere, legarrak erauziak izan ziren toki guztietan.
Azkenik, urtero bezala, behin Sanferminak bukatutakoan, Iruñeko Udalak berdeguneetan, nahiz zuhaitz- eta lore-eremuetan segitu zuen lanean, hondarrak biltzeko, landaketak egiteko eta toki horiek guztiak garbitzeko. 2014ko klimatologia bereziak eraginda (ohi baino tenperatura apalagoak eta euri batzuk), udal-zerbitzuak mantentze-lan gutxiago egin behar izan zituen Sanferminetan, aurreko urteetan baino, eta hasieran uste baino eremu gehiagotan lan egin ahal izan zuten. Saferminetan jende gehiago aritzen da lanean udalaren garbiketa-zerbitzuan; 2014an, 230 lagun aritu ziren guztira, karrikak eta plazak garbitzeko, eta goizetan Alde Zaharreko zabor-bilketa bereziaz arduratzeko. Jaien ondotik, garbiketa-lanik handiena festetan jende gehien ibili ohi den tokietan egiten da: Foruen plaza, Taconera, Media Luna, harresien eta Artxiboaren inguruak, Agoitz kalea, Sarasate pasealekua eta Gazteluko plaza, zeina tokirik kaltetuenetakoa izaten baita, guztira 2.150 m² baitaude ukituak. Kalkuluen arabera, ibaiaren hegoaldean belardiak, loreak eta legarrak birjartzeko aurrekontuk 33.000 inguru jo zuen. Hirian, Argaz iparraldean kokaturiko eremuei dagokienez, berdeguneak berreskuratzeko gastu aurreikusiak 18.000 euro inguru jo zuen; nabarmentzekoa da oso ukitua gelditzen dela Runa parkea feria-lekuak eta Gora Iruñea-k okupaturiko bazterretan. Halaber, Ziudadela areatu zen, su artifizialen jaurtiketak ukituriko tokia baita, eta hondar piroteknikoak lubanarroetatik kendu dira.
Hiriko altzariak, haur-jolasak, aire zabaleko gimnasia-zirkuituak
Udalak Iruñeko hiri-altzariak, haur-jolasak eta gimnasia-zirkuituak jarri, mantendu eta zaintzeko zerbitzua onetsi zuen kontratu bakar batean 2014. eta 2015. urteetarako, 1.116.720 eurotan; 558.360 euro 2014rako izan ziren. Kontratuak batzeko prozesuari jarraipena emate aldera, lehen aldiz batera egin ziren beti bereizita gauzatutako bi kontratu: hiriko altzariak mantentzearena, eta haur-jolasak nahiz aire zabaleko gimnasia-zirkuituak zaintzearena. Goyo Señalizaciones eta Maderplay enpresek osaturiko ABEEri esleitu zitzaion.
Iruñean, haurrendako 109 jolas multzo daude eta atari zabaleko 12 gimnasia-zirkuitu, edozein adinetako jendeak kirola egin dezan eta, era berean, 65 urtetik gorakoek mugikortasuna hobetu eta zaindu dezaten. Gainerakoan, milaka elementu daude hiriko altzarietan, hala nola jarlekuak, hesiak, bizikletak aparkatzeko euskarriak, paperontziak, pergolak, etab., Iruñeko auzo guztietan banatuak. Kontratuan, besteak beste, zurgintza-, igeltserotza-, errementaritza-, pintura-, iturgintza- eta garbiketa-lanak sarturik daude. Mantentzeaz gain, enpresa esleipenduna hiriko altzarien, haur-jolasen eta gimnasia-zirkuituen inbentarioa argazki bidez mantendu eta kudeatzeaz arduratzen da.
Irailean, gainera, moldatze-lanak egin ziren Mendaur mendiaren kaleko 1. eta 3. zenbakiko atarien atzealdean, Santa María las Real auzoan. Asfaltozko material urtu gorrikara erabili zen azalean, zoladura zaharberritzeko, eta gimnasia-zirkuitu bat ezarri zen, hainbat tresnarekin ezarri ere, ariketa fisikoak egiteko. Lanen aurrekontua 45.000 euro izan zen, BEZa barne.
Diziplina-anitzeko esku-hartzeak
Hiri Kontserbazio Alorrak lan asko egin zituen 2014an, hiriko hainbat ekipamendu eta eremutan. Adibidez, zakurrendako eremu berriak moldatu ziren San Roke kalean, Sanduzelain eta Milagrosan. Hiriak, guztira, zakurrendako 26 eremu ditu, auzo guztietan banatuta. Zakurrendako eremu bakoitzak bere identifikazio-kartela du, eta bertan gogoratzen da zeinen garrantzitsua den animalia soltea zaintzea eta haren gorozkiak biltzea. Eremu bakoitzean, gainera, edukiontzi bat dago, logotipoaz identifikaturik, bertan gorozkiak botatzeko.
Donibanen ere, Fiteroko Monasterioaren kaleko horma zaharberritu dute; kale horren eta Iratxe Monasterioaren kalearen artean oinezkoendako dagoen pasealekuan, hain zuzen. Izan ere, 2013ko bukaeran, kalteak atzeman ziren hormaren goialdeko arku apaingarrietan, bai eta artesi bat ere; beraz, bazirudien aurrealdea mugitua zela, ekialdeko mutur perpendikularrekiko. Hormaren atzealdeko lurraren saturazioak eragindako mugimendua izan zitekeen, bertako drainatze-sareek denboraren poderioz gaizki funtzionatzen zutelako. Kalteei erreparatuz geroztik, hormaren bilakaeraren jarraipena egin zen, eta zer-nola garatu zen, eta testiguak paratu ziren, hormako aurrealdea eta muturrak elkarren artetik are gehiago bereizten ari ote ziren ikusteko. Batetik, hormaren bidez, hutsarteak kanporantz ireki ziren lurra drainatzeko (metxinalak), eta bestetik, hormari eutsi zitzaion, altzairuzko ainguratzeak txertatuz, horma lurrari lotze aldera. Ainguratzeak hiru metro eta erditik hiru metro eta erdira jarri ziren, ekialdeko muturrean ukitua zegoen aldean. Lanen kostuak 145.000 euro egin zuen.
Bestalde, Bergamín kalean, Goroabe eta Santa Marta kaleen parean, oinezkoendako pasabide bat egin zen, oinezkoak aterpetzeko. Lanak 5.000 euroko kostua izan zuen, eta herritarrek berek eskatu zuten, Herritarren Segurtasuneko Alorrera eta 010-era deituz. Aterpea bi zirkulazio-norabideen artean egin zen. 1,20 metro da zabaleran, eta luzera bateragarria da trafikoarekin eta hurbil dagoen autobus-geltokiarekin. Indarreko araudira egokitua dago, eta calatorao motako zintarriarekin eta baldosa hidraulikoarekin egin da, hirian dauden beste batzuk bezala; Bartolomé de Carranza kalea, Barañaingo etorbidea edota Eneko Aritza kalea.
Bestalde, El Irati udalaren futbol-zelaiko belar artifiziala konpondu, bertako argiztapena hobetu eta inguruz inguruko hesia goratu zen, hainbat liga eta txapelketatan ari diren taldeek beren jarduera egiten segi zezaten bermatzeko. Batetik, zelaiko zolan jardun zen, belar artifizialean. Alderik hondatuenak konpondu ziren, areak batez ere, eta azalera bere osoan moldatu zen, zolako kautxuzko granulatua berdinduz. Bestetik, argiztapen-sistema hobetzeko lanak egin ziren; zehazki, seigarren argi-zutoina paratzeaz gain, lanparak aldatu, ugaritu eta, haien ordez, errendimendu handiagoko beste batzuk jarri ziren. Azkenik, joko-zelaiaren inguruko hesiaren garaiera luzatu zen etxebizitzak mugakide diren aldeetan, baloikadak etxeetako fatxadetaraino eta kristaletaraino ez iristeko. Gaur egun, 13 taldek erabiltzen dute zelaia.
Udaz baliatuta, hiriko bi ikastetxe publikotan berrikuntza-lanak egin ziren. Batetik, Mendillorri – Elorri I.P.ko patioaren estalkian, eta bestetik, Víctor Pradera I.P.-ko bigarren eta hirugarren solairuetan. Víctor Pradera I.P.ko bi solairu zaharberritzeko lanak Harinsa Navasfalt eta Obrum CIB enpresek osaturiko ABEEri esleitu zitzaizkion 105.528,19 eurotan, BEZa barne, lizitazioan 170.206,76 eurotan atera ondoren. Izan ere, 2013tik aurrera, hainbat lan egiten ari dira ikastetxean, erabilera- eta bizigarritasun-baldintzak hobetze aldera. 2013an, lanak beheko solairuan egin ziren, eta 2014an, bigarren eta hirugarren solairuetan jardun zen. Estaldurak eta zurajeak berritzeaz gain, PVCezko zoladurak terrazo gainean jarri ziren pasabidean eta ikasgeletan, alikatatuaren ordez beste bat jarri zen 1,5 metrora, barnealdeko zurajeen ordez berriak jarri ziren, eta bi solairuak margotu ziren.
Guillén Obras y Proyectos enpresa arduratu zen Mendillorri – Elorri I.P.-ko patioko estalkia berritzeaz, obrak hari esleitu baitzitzaizkion 156.756,50 eurotan, BEZa barne. Estalkiko itxitura metalikoa eta itxitura zeharrargia osatzen duten elementu guztiak desmuntatu eta kendu ziren, eta estalki berria paratu zen; hau da, kirol-pistaren inguru osoan itxitura metalikoa jarri zen, eta itxitura zeharrargia erdialdean, argi natural handiagoa sartzeko.
Ikastetxe berean, pista estaliaren alboak zati batean itxi ziren 96.002 eurotan, eta gauzapen-epea 49 egun natural izan ziren. Egiturak definituriko espazioaren zatirik handiena irekia eta gardena zen patioarekiko, salbu eta iparraldea; horrenbestez, jardun egin zen, eguraldi txarrean haren erabilera sustatzeko.
Sanferminetan izaniko euriek eta tenperatura apalek eraginda, bai eta jende gutxiago ibili izanak ere, hiriko kaleak errazago garbitu ziren festetan; zehazki, udalaren garbiketa-zerbitzuko 230 langile eta 50 makina aritu ziren. Datuen arabera, garbiketa-makinek zikinkeria gutxiago bildu zuten jai-inguruneko eremuetan; 395.120 kilo 2014ko Sanferminetan, eta 428.520, 2013koetan; hau da, % 7,79 gutxiago. Hala ere, zabor gehiago bildu ziren; % 4,65 gehiago, 249.380 kilo. Beirari dagokionez, 352.120 kilo bildu ziren, eta 2103an, berriz, 313.660, % 12,26 gehiago. Alde Zaharreko eguneroko garbiketa-lanak, hau da, zaborrak biltzea, urarekin garbitzea eta makinen bidez zikinkeria biltzea, lehenago bukatzeari esker, udal-zerbitzuak beste eremu batzuetan jarduteko aukera izan du, horren jai-giro handia ez dagoen eremuetan, hala nola Zabalguneetan, Arrotxapean, Iturraman edota Donibanen, eta hiriko garbiketa-egoera orokorra hobetu egin zen.