Iruñeko Udalaren 2014ko Memoria

Proiektuak

Proiektuen alorrak kudeaketa- eta kontrol-prozedurak gauzatzen segitu zuen 2014an; horren ondorioz, bana beste, obren likidazioetako desbideratzea % 3,81 izan zen esleipen-aurrekontuaren aldean, nahiz eta obra horien esleipena bana beste % 24,24 jaitsi zen.  Guztira, 19 obraren harrera egin zen, eta likidazioa guztira, 3.929.799,32 euro izan zen; bestalde, 18 obra lizitatu eta 2.896.272,48 eurotan esleitu ziren.

2014an bururaino eraman zen alorrak sustaturiko proiektu guztien artxibo digital baten antolaketa eta bilduma. Informatika-unitate berria sortu zen, teknikari guztiek barne-sarbiderako aukera zutela, eta proiektu bakoitzean eskura dagoen informazio digitala txertatu du, hiru talde handitan banatuta: urbanizazioa, eraikuntza eta harresiak.

Gainera, udal-ondarea sistematizatzeari heldu zitzaion, udal-lokal eta -eraikin guztien kasuan kasuko datuak informatika-programa batean txertatuz.  Hainbat alderdi barnebiltzen ditu, hala nola kokapena, erregistroa, katastroa, datu orokorrak, deskribapena, egungo egoera, erabilerak eta planoak.  Programaren bidez, lokalari edo eraikinari buruzko informazio guztia eskuratu daiteke, eta informazio horri, gainera, dokumentu erabilgarriak eskuratzeko loturak eransten zaizkio. Dokumentu horiek, aldi berean, erabilgarriak izan daitezke beste alor batzuetarako, hala nola Ondarerako edo Kontserbaziorako, kontsumoen eta hornidura-kontratu kopuruen gaineko datuak ageri baitira.  Diseinatua dago, datu guztiak GIS korporatibo batean txerta daitezen.

Iruñeko harresi-multzoaren zaharberritzea bukatu zen.

2014ko otsailean, Labriten Bastioia eta Magdalenako Aurrealdea zaharberritzeko lanak bukatu ziren, 2012ko abenduan hasitakoak; horrenbestez, Iruñeko harresi-multzoa bururaino zaharberritu zen, Parmako Bastioiko lanak gorabehera, Santo Domingoko Baratzeak garatzeko proiektuan sartuta baitaude.

Labriten Bastioia eta Magdalenako Aurrealdea zaharberritzeko lanak, oro har, Iruñeko Gotorlekuetan Jarduteko Planak (2006) ezarritako ildoei jarraitu zaizkie, ondarea zaharberritzeko lan guztiak ildo horiekin bat gauzatu baitira.    Bi lan mota egin ziren: batetik, Magdalenako aurrealdean dagoen harresia azpi-berritzea, eta harrizko harresi-atalak garbitu eta zaharberritzea, eta bestetik, Labriten bastioia zaharberritzeko lanak.  Bastioiko bonben aurkako ganga berreskuratzeaz gain, Magdalenako aurrealdean ate berri bat zabaldu, eta pasabide bat sortu zen Magdalenako aurrealdearen eremura joateko. Era berean, Andre Maria Erreginaren plaza aldean, 50eko hamarkadako eranskinak ezabatu ziren, eta bastioiaren mendebaldean eraikinaren goialdera igotzeko sarbide jarri zen, hasieran zegoen bezalaxe.   Bastioiaren goialdea belardi bat da, eta badira kanoi-zuloak, harrizkoak kanpoaldean, eta adreiluzkoak, barnealdean, non lurra husteko, adreiluak nahiz harriak desmuntatzeko, eta ondoren, berriz ere finkatzeko eta berreraikitzeko lanak egin baitziren.  Bukatzeko, argiztapen apaingarri berria paratu zen.

Gotorlekuetan egindako gainerako lanek bezala, bertan ere sasiak kendu, eta harresietan hazitako zuhaitz txikiak ezabatu ziren; egitura kaltetua zuten aldeak desmuntatu ziren, lehenik konpontzeko, eta ondoren, antzeko ezaugarrietako materialen bidez berreraikitzeko; eta, era berean, harresi-atal guztiak garbitu, eta junturak karezko morteroa erabiliz berdindu ziren.

Behin Labriten Bastioia eta Magdalenako Aurrealdea zaharberritzeko lanak bukatutakoan, Andre Maria Erregina plazako zoladurak berritzea jo zen beharrezkotzat, lan osoari halako tankera homogeneo bat emate aldera, kontraste handia baitzegoen zaharberritu berri zen aldearekiko.  Horrela, Joan Albretekoaren kaleko eta Andre Maria Erregina plazako asfaltoa aldatzeaz gain, artzapezpikuaren egoitzako eta lorategiko espaloiak eta zintarria inguruz inguru berritu ziren, Labrit Pilotalekuko espaloia ongi baitzegoen, Labriten Bastioiaren inguruz inguruko urbanizazioa egin berria baitzen; zaldaina eraiki zenean, hain zuzen ere.

2014an, halaber, Labriten Bastioiaren eta Magdalenako Aurrealdearen paisaia antolatzeko lanak egin ziren. Bi eremu oso ezberdinetan jardun zen: batetik, bastioiaren ondoko plataforma batean, hiri-tankera handiagoa duena eta kirol-erabilerei eskainia (pilotalekua), eta bestetik, baso-tankerako alde batean, Magdalenako aurrealdean dagoen harresiaren pareko parke batean.   Pasabide bat ireki zen Labriten Bastioitik parkera joateko, eta horri esker, oinezkoendako lotura berri bat moldatu zen Barbazan apezpikuaren ingurabidetik Labrit pilotalekuraino joateko. Honatx, laburbildurik, zer lan egin ziren:

  • Zuhaiztian jardun zen, paisaia arloko irizpideen eta zuhaitzak berak kudeatzeko irizpideen arabera.
  • Azalerak garbitu, saneatu eta birprofilatu ziren, bertan metaturiko zaborrak ezabatze aldera eta bide berriak sortze aldera.
  • Oinezkoendako loturak hobetu ziren, bide berriak sortuz; lotura ezarri zen Guadalupeko Andre Mariaren Behe Bastioiarekin komunikatuko duen etorkizuneko zubiarekin, eta harresian berreskuraturiko sarbide berria erabili zen. 
  • Drainatze-sare iraunkorra ezarri zen, harresiko ur iragazia husteko, eta bideak urez ez putzutzeko.
  • Bastioiaren ondoko inguruan lorategia eta ureztapen-sarea jarri ziren, bai eta Labriteko aldapako ezpondan ere.
  • Labriten bastioian, behe-harresian eta kasernatik ateratzeko ezpondan argiteria apaingarria jarri zen, eta Magdalenako aurrealdeko argiteria-instalazioko kableak berritu ziren.
  • Eremu batzuk erabilera berrietarako aurreikusi ziren, hala nola zakurrendako eremuak, eta seinale irisgarriak paratu ziren.

Labriten Bastioia eta Magdalenako Aurrealdea zaharberritzeko lanak eta Labriten Bastioiaren eta Magdalenako Aurrealdearen paisaia antolatzeko lanak FORTIUS-Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondarearen balorizazio turistiko eta kulturalerako proiektuan sarturik daude. Mugaz gaindiko ekimen horri esker, gotorleku-barrutiaren azkenaurreko zaharberritzea egin da, eta ekimenaren funtsezko helburua da bi hirietako gotorlekuei gizarte- eta herritar erabilerak ematea, eta horren bidez, hiriak turismoarentzat erakargarriagoak izatea. Fortius Europar Batasunaren Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatua da, eta Pirinioetako Lan Elkartearen bidez kudeatua dagoen POCTEFA Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde mailako Programa Eragilearen barnean dago. Bada, proiektuaren barnean, halaber, gotorleku-ondarea, bere inguru naturala, eta erabilerak babestu, kudeatu eta egokitzeko plan bat prestatzen ari da.

2014an, Udalak, lehen aldiz, laguntza eta obrarako kontratu misto bat esleitzeko prozedura bat onetsi zuen, Iruñeko gotorleku-ondarea (harresiak eta ziudadela) eta Erdi Aroko zubiak (Magdalena, San Pedro, Santa Engrazia eta Miluze) zaintzeko eta mantentzeko, bai eta seinaletika guztia ere.   Prozedurari Harresi-multzoa eta ziudadela zaindu eta mantentzeko plana deritzo, eta horren bidez, kontratugilea, udaleko zerbitzu teknikoen zuzendaritzapean, behar adina lanak egiteaz arduratzen da gotorleku-multzoa hondatu ez dadin, behin ia-ia bukatuta dagoenean gotorlekuetan ditugun 5 kilometroak leheneratu eta zaharberritzeko prozesua.   Sistema horrek bi lan mota ezarri ditu: batetik, mantentze-lan programatuak, aldian behin egitekoak, eta bestetik, unean uneko lanak, premien arabera egin beharko direnak, noizbehinka langile espezializatuen parte-hartzea barne.

Era berean, Harresiak kudeatzeko plana azken prestaketa-fasean dago.  Agiri zabal irekia da, eta monumentuaren ikuspegi historikoa proposatzeaz gain, eta azken urteotan hartan egin diren lanak zehatz-mehatz aztertzeaz gain, planteamendu berria dakar, hots, harresi-barrutia erabiltzeko aurrerapauso bat.  Mantentze-lanak aztertu, antolatu eta garatzen ditu, monumentu bizia eta egungoa izan dadin; multzoa bere osoan seinaleztatzeko azterlana sustatu, eta seinaleztapen berria proposatzen du; harresi-multzo osoaren irisgarritasuna aztertzen du, bai eta hartan ibilbideak egitea ere; zaharberritzeko dauden harresietako azken elementuak deskribatu eta garatzen ditu, eta berrerabil daitezkeen elementuen katalogo dokumentatu bat ere badakar, turismoaren, kulturaren, hezkuntzaren... arloan erabiltze aldera.   Era berean, harresi-barrutia garatzea sustatzen du, azterketa eginez huraxe txertatua dagoen paisaia-ingurunearekiko.   Erakuste-azterlan gisara erabiltzen du Magdalenako Paisaia Plana, eta harresi-multzoa hainbat zatitan banatzen du kasuan kasuko paisaia-planak garatzeko, kontuan hartuz bai ingurunea, bai ibaia nahiz ibai-parkea, bai auzoekiko komunikazioak. 

Lanak Arga ibaiaren inguruan

Arga ibaiaren ezkerreko ertza, Runa Parkea (Arrotxapea) babesteko T50 proiektuak hainbat lan aurreikusi zituen Errotazar kalearen bukaera aldean (faro deritzon aldean) eta Runa Parkearen eremuan Ponpeio plazarekiko topagunean, Pergolaren ondoan.  Lan horiek egiten hasi ziren, Argaren ibilgua 2013ko udazkenean garbitu ondoren, eta Trinitarios parkeko lanen ondoren; lan horiek, izan ere, Argaren hobekuntza hidraulikoa eragin dute Cuatrovientos/Dona Engrazia zubien aldean, eta horren ondorioz, ibaiak edukiera handiagoa du.

Errotazar kaleko azken tarteetan, beheko horma bat eraiki zen barandaren oinarrian, eta faroaren plataformara igotzeko eskailera berritu zen.  Horrez gain, defentsarako euste-horma txiki bat egin zen, bankuak inguruz inguru hartzen dituen 25 bat metrotan, eta egin ere, bai defentsa-horma bat, bai malda igotzeko arrapala bat, parkearen irisgarritasuna bermatze aldera.  Era berean, pergolaren banku jarraitua eta erdiko eskailera handitu ziren.

Horrez gain, Iberdrolako bi transformazio-zentrotan jardun zen.  Batetik, Rotxa 7 izenekoan, egun aparkalekutzat erabiltzen den orubean, Arga ibaitik hurbil, eta bestetik, Rotxa 1 izenekoan, Arbizu eta Arga Ibaiaren kaleen artean kokatua.    Funtsean, zoladuraren parean dauden aireztapen-saretak aldatu, eta kota altuagoetara eraman ziren, ur-goraldian urez bete ez daitezen. 

Halaber, Arga ardatz hartuta, ibaia paisaiaren aldetik hobetzeko lanak egin ziren Iruñeko barrutian.  Zehazki, landaredia hila garbitu eta kendu zen bai ibilguan bai jabari publikoaren ertzetan, Burlatako udalerriko mugatik Landaben alderaino, Barañain ondoan (11,5 km).  Eremuan zuhaitz-dentsitate handia dago, sahatsak eta haltzak, batez ere, eta horrek landare-hondar hilak metatzea eragiten du, hala nola enbor eta adar handi-txikiagoak, urlasterrak ekarriak, denetariko zaborrez eta hiri-hondakinez landara.

Funtsean, honatx zer lan egin ziren:

  • Argaren ibilgua eta ibaiertzak oro har eta erabat garbitu ziren Iruñeko barrutian, hau da, ibaiari berariaz ez dagokion gauza oro kendu zen ur-xaflatik eta ibai-bazterretatik.
  • Urlasterrak ekarritako enbor eta adarrak ezabatu ziren, eta era berean, ibilguan eta aldameneko eremuan nahiz uharteetan zegoen landaredia hila.  Halaber, hiri-hondakin solidoak, plastikoak, obra-hondarrak eta beste kendu ziren.
  • Sasi hilak eta belarrak moztu, eta ibaiertzetako landaredia hila kendu zen.

 

2014ko arazoaren erdialdean, oinezkoendako zaldaina hasi zen eraikitzen, Arrotxapea eta Arantzadiko Meandroa lotzeko. San Pedroko Monasterio Zaharraren parean dago, bai eta Arantzadiko baratze sozialetako tresnen etxolen ondoan ere.  Zaldainak 2013aren bukaeran zabaldutako parke berrirako sarbidea hobetuko du, eta huraxe diseinatzeko, ideia-lehiaketa baterako deialdia egin zen, eta Juan José Peralta Graciak, Andrés Ayesa Pascualek eta Raúl Escribá Peyrók aurkezturikoa izan zen irabazlea.  Proiektuak bi beso ortogonal proposatu zituen, kontrajarriak, L moduan egituratuak; bat hormigoizkoa, paraleloa ibai-ibilguarekiko, uhaldiak azpian hartzen duen eremuan, eta bestea, berriz, corten altzairu granailatuz egina; zaldaina zuzena eta horizontala izanen da.  Proiektuaren arabera, halaber, tresnak gordetzeko 60 etxola eraikiko dira meandroaren kanpo-eraztunean, baratze sozialei zerbitzu emateko.

2014an, hirian oinezkoendako beste zaldain bat egin zen Arga gainean, hots, Biurdana-Sanduzelai lotzeko zaldain irisgarria, % 80n Europar Batasuneko 2007-2013 aldiko Kohesio Funtsek-EGEFek finantzatua. Nafarroa etorbideko zubiaren ondoan kokatua, aurretik zegoenaren osagarria da, eta lehengoa ere mantendu da, baina zenbait aldaketa eginda.  Bi trazatu dira, bata zuzena, eta bestea, erdizirkularra, eta goitik ikusita, D maiuskularen antzeko profila osatzen dute.  Horrela, ibilera sustatzen da desgaitasuna duen jendearentzat, haur-aulkitxoentzat eta bizikletentzat Sanduzelai auzoaren, eta Donibane eta Mendebaldea auzoen artean.  Egun Biurdana eta Sanduzelaiko patinodromoaren artean dagoen zaldaina 80ko urteetakoa da eta mutur banatan hormigoizko eskailera-tarteak ditu, gainditzeko zailak.

Erretiratuen Elkartea  Txantrea auzoan eta turismo-bulego berria

2013ko uztailaren bukaeran, obra garrantzitsu bat hasi zen Txantrea auzorako, hots, Erretiratuen Elkartea eraikitzeko lanak.   2014ko martxoan bukatu ziren.  Hainbat aukera aztertu ziren, proiektua garatze aldera, eta behe-solairuko eraikin laukizuzen bat planteatu zen, sarbidea eremu komun batetik daukana.  Bi eremu daude aipatu sarbidetik: alde baterantz, erabilera anitzeko areto handi bat dago, 112 m2 karratukoa, eta biltegi bat; eta beste alderantz, 62,10 m2-ko erabilera anitzeko bi areto, eta  18,35 m2-ko bulego txiki bat, eta 38,30 m2-ko atseden-gela bat. Eraikina 49x8,5 metroko pieza laukizuzena da, zentzu longitudinalean antolatua, ekialde-mendebalde norabidean.    Areto nagusiak, hau da, erabilera anitzeko aretoa eta erabilera anitzeko beste bi aretoak, hegoaldera daude irekita; bukatu berri den parkera ematen duen fatxadara, hain zuzen.  Hegoaldera begira dagoenez, neguan eguzkia sartzen da.  Udako bero handiegia eragozte aldera, markesina handi bat proiektatu da eraikinaren fatxada nagusian zehar, aldi berean euritik babesteko ere balioko duena. 

2006az geroztik, eta apiriletik irailera bitarte, Udalak Turismoko argibide-gune bat jartzen zuen behin-behinekoz Udaletxe plazan.  Hainbat aukera aztertu ondoren, argibide-gunea turismo-bulego bihurtu zen, erabat iraunkorra; eta horretarako, Seminario Etxeko behe-solairua moldatu zen; ordura arte, bertan udal-erregistro bat eta bulegoak zeuden.  Behar adina elementu kendu ziren, areto garden eta argitsua lortzeko.  Turismo-bulegoari bere sarrera egin zitzaion San Saturnino kaletik, eraikinean kokaturiko udal-bulegoetarako sarbideaz bestelakoa. 

Hobekuntzak hainbat ikastetxetan eta Etxabakoizko Liburutegi Publikoan

Etxabakoizko Liburutegi Publikoan igogailu bat ezarri zen, beheko solairutik lehen solairuraino, eta guztira, 2 geraleku.  Horrela, ordura arteko oztopo arkitektonikoak gainditu ziren, eta irisgarria izan zen minusbaliotasun fisikoak dituen jendearentzat. Horrez gain, liburutegiko komunak berritu ziren, irisgarri ere izan zitezen.

Beste urte batez ere hobekuntza-lanak egin ziren udalaren hainbat ikastetxetan, irisgarritasuna hobetzeko eta instalazioak modernizatzeko.  Batetik, aurrera jo zuten 2013an Víctor Pradera Ikastetxe Publikoan hasitako berrikuntza-lanek, non bigarren eta hirugarren solairuak berritu baitziren; zehazki, barneko ateetako zuraje guztiak aldatu, pasabide eta ikasgeletako zoladurak berritu, eremu komunetan zokalo bat sortu, eta bi solairuak bere osoan margotu ziren.

Horrez gain, Mendillorri-Elorri Ikastetxe Publikoko patioko kirol-pistaren estalkia berritu zen; horrela, estalkiko panel zeharrargiak aldatu, egituraren zurezko xaflak konpondu, eta egitura bere ere garbitu eta saneatu zen.   Gainera, kirol-pistaren fatxadaren zati bat itxi zen, eguraldi txarretik babesteko.  Ikastetxe berean, halaber, irakaskuntza-jardueretarako erabiltzen diren modulu aurrefabrikatuak berritu ziren, hala kanpotik nola barnetik.

José Mª Huarte Ikastetxe Publikoan, sotoko komun bat berritu eta egokitu zen jantokiari zerbitzu emateko, eta Amaiur Ikastolan, patiora ematen duten kanpoaldeko ateak berritu ziren, eta leihoetako pertsiana guztiak ere bai.  Ermitagaña Ikastetxe Publikoan, halaber, ipar fatxadako kanpo-zurajeak egokitu ziren, ikasgela eta langeletako baldintza termikoak hobetze aldera.   Azkenik, San Frantzisko Ikastetxe Publikoko bizigarritasun-baldintzak hobetzeko lanak egin ziren: beheko solairuan eta lehenean, barneko zuraje guztiak berritu ziren, eta bigarren solairuan, pasabideko zurezko zoladura konpondu zen. 

Bestelako jarduketak hirian

Komun publiko autogarbigarriak ezartzeko udal politikaren baitan, Sandua pasealekukoa eraiki zen. Proiektua bi fasetan egin zen. Lehenean, harguneak gauzatu ziren, hau da, saneamendua, hornidura, energia elektrikoaren hornikuntza eta lur-lotunea, eta bigarrenean, berriz, komun autogarbigarria erosi eta ezarri zen.

Proiektu alorrak plan pilotu bat abiarazi zuen, udalaren osoko bilkurak hartutako erabakia betetze aldera; hots, bizikletak aparkatzeko postuak hasi ziren alokatzen Gazteluko plazako lurpeko aparkalekuan. Horrela, –1 solairuan, bizikletak aparkatzeko hiru modulu ezarri ziren, Udalak lagatakoak, 18 bizikleta aparkatzeko modukoak.

Gainera, Arantzadiko Parkeko Enplegurako Lantegi Eskolako ikasleek metalezko lorategi-ontzi apaingarri handiak ezarri zituzten Tafalla kalean, corten altzairuz eginak.  Bi fasetan, guztira 21 lorategi-ontzi paratu ziren; Tafalla kalearen alde batean, 9 lorategi-ontzi olibondo txikiekin landatuak, eta bestaldean, 12 ontzi, lorategi-ontzi handi bat eta txikiagoak diren bi tartekatuta.

Hori Proiektu alorrak Udaleko beste zerbitzu batzuekin darabilen lankidetzaren adibidea da. Izan ere, adibidez, Proiektu alorrak prestaturiko hainbat egitasmo Gizarte Enpleguak gauzatzen ditu, eta hainbat jarduketatan ere parte hartzen du, hala nola berrostatatzeetarako udal-etxebizitzak birgaitzeko lanetan San Pedro auzoan, San Pedroko Monasterio zaharreko arkupea zolatzeko lanetan, eta Ziudadelako hainbat lanetan, Udalaren Lantegi Eskolak egindakoak. 

 

2014n hasitako lanak

Izena

Lizitazio-
zenbatekoa

Esleipen-
zenbatekoa

Beherakada

Lurpetik ateratako fusilatu identifikatu gabeen gorpuzkinendako panteoia

35.000,00

35.000,00

0,00

Labriten Bastioia. Inguruko zoladurak egokitzea

48.317,29

33.822,11

-30,00

Ermitagaña I.P. Zurajeak erreformatzea eta iparraldeko fatxadan kristalak aldatzea.

25.000,00

23.227,69

-7,09

Amaiur ikastola Pertsianak erosi eta paratzea

15.500,00

14.989,70

-3,29

Elorri-Mendillorri I.P. Patioko estalkia berritzea

225.548,97

156.756,53

-30,50

Víctor Pradera I.P. Bigarren eta hirugarren solairuak erreformatzea

170.206,76

105.528,19

-38,00

San Frantzisko I.P. Barne-zurajeak eta tarima berritzea

70.665,49

47.044,63

-33,43

Amaiur ikastola Kanpoaldeko ateak erosi eta paratzea

30.486,14

25.355,39

-16,83

Elorri-Mendillorri I.P. Modulu aurrefabrikatua berregokitzea

18.833,27

13.183,29

-30,00

José Mª Huarte I.P. Komun bat eraikitzea

18.678,78

15.316,60

-18,00

Labriten Bastioiaren eta Magdalenako Aurrealdearen
 paisaia-egokitzapena

425.958,33

327.348,98

-23,15

Runa parkea. Ertzak eta 2 transformazio-zentro babestea

235.303,91

164.712,74

-30,00

Arga ibaian, paisaia hobetzeko lanak egitea

72.600,00

47.008,50

-35,25

Komun autogarbigarria Sandua pasealekua

63.628,54

57.244,98

-10,03

Arantzadi - Arrotxapea. Oinezkoendako zaldaina eraikitzeko lanak

1.100.033,74

854.726,21

-22,30

Elorri - Mendillorri I.P. Patioko estalkian fatxadaren zati bat ixtea

97.170,90

96.002,61

-1,20

Iruñeko harresi-barrutia eta Ziudadela Kontserbazioa eta mantentzea

200.000,00

200.000,00

0,00

Sanduzelai - Biurdana. Oinezkoendako zaldaina eraikitzeko lanak

970.006,17

679.004,33

-30,00

GUZTIRA

3.822.938,29

2.896.272,48

-24,24

2014n bukatutako lanak

Izena

Lizitazio-
zenbatekoa

Esleipen-
zenbatekoa

Beherakada

Likidazio-
zenbatekoa

Esleipenarekiko
desbideratzea

Labriten Bastioia eta Magdalenako Aurrealdea zaharberritzeko lanak

2.080.126,97

1.830.511,74

13,64

1.919.825,16

4,88

Txantreako Erretiratuen Elkartea eraikitzeko lanak (2. lizitazioa).

675.711,36

520.297,75

29,87

520.292,29

0,00

Labriten Bastioia. Inguruko zoladurak egokitzea

48.317,29

47.195,02

2,38

47.195,02

0,00

Seminario Etxeko behe-solairua berritzeko lanak Turismo Bulegorako

159.365,40

127.492,32

25,00

127.462,81

-0,02

Lurpetik ateratako fusilatu identifikatu gabeen gorpuzkinendako panteoia

35.000,00

35.000,00

0,00

35.000,00

0,00

Amaiur ikastola Kanpoaldeko ateak erosi eta paratzea

30.486,14

25.355,39

20,24

25.355,39

0,00

Víctor Pradera I.P. Bigarren eta hirugarren solairuak erreformatzea

170.206,76

105.528,19

61,29

98.446,30

-6,71

Ermitagaña I.P. Zurajeak erreformatzea eta iparraldeko fatxadan kristalak aldatzea.

25.000,00

23.227,69

7,63

23.227,69

0,00

San Frantzisko I.P. Barne-zurajeak eta tarima berritzea

70.665,49

47.044,63

50,21

47.044,63

0,00

Amaiur ikastola Pertsianak erosi eta paratzea

15.500,00

14.989,70

3,40

14.989,70

0,00

Etxabakoizko Liburutegi Publikoan igogailua jartzea eta irisgarritasuna moldatzea.

175.022,68

131.267,01

33,33

130.627,02

-0,49

Elorri-Mendillorri I.P. Patioko estalkia berritzea

225.548,97

156.756,53

43,88

168.302,56

7,37

José Mª Huarte I.P. Komun bat eraikitzea

18.678,78

15.316,60

21,95

15.316,60

0,00

Elorri-Mendillorri I.P. Modulu aurrefabrikatua berregokitzea

18.833,27

13.183,29

42,86

13.183,29

0,00

Komun autogarbigarria Sandua pasealekua  (harguneak eta komuna bera batzea)

63.628,54

57.244,98

11,15

57.244,98

0,00

Labriten Bastioiaren eta Magdalenako Aurrealdearen
 paisaia-egokitzapena

425.958,33

327.348,98

30,12

378.575,58

15,65

Elorri - Mendillorri I.P. Patioko estalkian fatxadaren zati bat ixtea

97.170,90

96.002,61

1,22

95.998,22

0,00

Arga ibaian, paisaia hobetzeko lanak egitea

72.600,00

47.008,50

54,44

47.008,50

0,00

Runa parkea. Ertzak eta 2 transformazio-zentro babestea

235.303,91

164.712,74

42,86

164.703,58

-0,01

GUZTIRA

4.643.124,79

3.785.483,67

22,66

3.929.799,32

3,81