Eremu publikoaren kudeaketa
Jarduerak eremu publikoan
2013. urtean, guztira, 742 jarduera baimendu ziren eremu publikoan, hau da, 2012. urteko kopuruaren antzera. Horrek erakusten du jardun handia dagoela Iruñeko kaleetan, urte osoan zehar. Jarduerarik ospetsuenetako bat San Blas egunekoa da; 44 postu jartzen dira San Nikolas plazan eta San Migel kalean, opilak eta gozoak saltzeko, goizeko 09:00etatik gaueko 09:00etara. Goizean, gainera, Iruñeko Udalaren ordezkaritza bat bertan dagoela, San Nikolas plazan Santuaren prozesioa egiten da.
Beste adibide tradizional bat gaztainen salmenta da. Udalak, izan ere, 20 kokaleku eskaintzen ditu; gehienak, Alde Zaharrean. Halaber, Udalak urtero baimenak ematen ditu, sanferminetan puxikak postu finkoetan eta salmenta ibiltarian saltzeko, hiriko auzoetako jaiak ospatzeko eta Landabengo azokan, etab.etan saltzeko.
Eremu publikoko terraza eta elementuei dagokienez, 2013ko bukaeran 633 lizentzia zeuden terrazetarako, eta 50 lizentzia, eremu publikoan bestelakoak paratzeko (loreontzi-euskarriak, erakustokiak, etab.). Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari nahiz dendei lotutako beste elementu batzuk jartzea arautzen duen ordenantza 2013ko urtarrilean indarrean sartu zenetik, data hori baino lehenagoko lizentziak berrikusten ari dira, ordenantzarekin bat datozen ikusteko.
Azkenik, Herritarren Segurtasuneko Alorrak txostena ematen du eta zirkulazioa kontrolatzen du, Gobernu Ordezkaritzak Iruñean baimendutako elkarretaratze eta manifestazio guztiak normaltasunez gara daitezen. Guztira, 1.470 ekitaldi egin ziren; 1.303 elkarretaratze eta 167 manifestazio.
| Baimendutako jarduerak | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Kirol-jarduerak | 39 | 45 | 52 | 38 | 64 |
| Eskeko mahaiak eta mahai informatiboak | 20 | 32 | 30 | 44 | 51 |
| Kultur jarduerak | 21 | 8 | 3 | 26 | 12 |
| Erakusketak eta publizitate-kanpainak | 22 | 13 | 14 | 15 | 40 |
| Informazio- eta publizitate-autobusak | 37 | 47 | 29 | 31 | 27 |
| Merkataritza-jarduerak | 16 | 22 | 25 | 36 | 20 |
| Festa-ekitaldiak | 137 | 145 | 200 | 208 | 235 |
| Desfileak | 59 | 60 | 66 | 55 | 50 |
| Filmaketak | 10 | 12 | 6 | 13 | 15 |
| Auzoetako festak | 12 | 12 | 10 | 12 | 11 |
| Askotariko baimenak | 42 | 40 | 32 | 72 | 9 |
| Terrazak | 39 | 52 | 177 | 73 | 117 |
| Sanferminak | 101 | 82 | 83 | 91 | 91 |
| GUZTIRA | 555 | 570 | 727 | 714 | 742 |
Sanferminak
Feria-lekua, seigarren urtez jarraian, Runa parkean ezarri zen, 30.000 metro koadrotik gorako azalera batean, Arrotxapeko eta Vergel zubien artean. Ekainean inguru horretan izandako uholdeen ondotik, Iruñeko Udalak aipatu lurrei buruzko geologia-txosten bat enkargatu zuen. Txostenak baieztatu zuen lur horiek egokiak direla atrakzioak bertan paratzeko. Guztira, 76 atrakzio muntatu ziren. Gainera, Erruki Etxearekin Sanferminetarako egina dagoen hitzarmena handitu zen; horren arabera, Udalak Trinitariosen dagoen 3. poligonoko 1.936 lurzatia laga zion Erruki Etxeari, bertan feria-atrakzioak paratzen dituzten pertsonen etxebizitzak ezartze aldera. Europako noria ez-finkorik altuena Antoniutti parkean jarri zen, Runa parkean jarri ordez.
Aurreko urteetan bezala, kalean ere salmentarako postu finkoak baimendu ziren. Zehazki, 160 postu Taconeran; 7, Bigarren Zabalguneko hainbat tokitan, eta 5, San Nikolas plazan. Gainera, 4.200 m2-tan baino gehiagoan handitu zen eremu publikoan festari eskainitako aldea, betiere kontuan hartu gabe Antoniuttiko eta eskualde-etxeetako ostalaritza-instalazioak. Zehazki, 14 terraza jarri ziren, 13 terraza handitze, 4 terraza barradun Erriberri kalean, 5 karpa barradun Erriberri kalean, 6 karpa Joan Labritekoaren kalean, Ikastolen Elkarteak Taconeran jarritako instalazioak eta Foruen plazan ezarritakoa.
Bestalde, Sanferminetarako Mahai Bereziak, zeinean Udaleko hainbat kidek, udal-talde politikoetako ordezkariek eta hogeita hamarren bat elkartetako kideek parte hartzen baitute, ekimen bat bultzatu zuen: entzierroan izan diren hildako guztien omenezko zutoin bat hesian paratzea. Tafallako Lanbide Heziketako Institutuko ikasleek korten altzairuz egina, zutoina Udaletxe plazako tartean paratu zen, Seminario Etxetik hurbil, testu honekin: Iruñeak, entzierroan hildakoei. Halaber, Iruñeko Udaleko armarria, Peñen Federaziokoa eta Iruñeko peña bakoitzekoa ere ageri dira. Alboetan, halaber, Erruki Etxearen aipamena ageri da, bai eta zutoina egin duen ikastetxearena ere. Lasterketan hildakoak gogoratzeaz gain, zutoinaren bidez entzierroaren arriskua nabarmendu nahi da, hartan era arduratsuan parte hartu behar baita.
Beste urte batez, Udalak inkestak egin zizkien lasterkariei zortzi entzierro-egunetan. 2013an, 517 laguni egin zitzaien elkarrizketa. Emaitzen arabera, % 56k lehen aldiz laster egin zuen, % 21ek noizbehinka, eta % 23k ohiko lasterkaritzat jo zuen bere burua. Parte-hartzaileen % 80, hain zuzen, 18 eta 35 urte artekoak ziren; % 17, 35 eta 55 urte artekoak, eta % 3 bakarrik 55 urtetik gorakoak. Emakumezkoak gero eta gehiago dira; parte-hartzaileen % 9ra iritsi baitira. Era berean, lasterkarien bostenak (% 21ek) aitortu zuen gau hartan lo egin gabe aritu zela entzierroan, eta % 10 inguruk ez dituela ezagutzen edo betetzen entzierroaren arauak.
Tarteei erreparatuta, inkestek diote entzierroetako lasterkarien % 33k San Domingon laster egin zuela; % 27k Udaletxe plaza eta Mercaderes tartean, % 18k Estafeta hasieran, eta % 22k ibilbidearen azken zatian, hau da, Estafeta bukaeran, Telefenican eta kailejoian. Nazionalitateei dagokienez, lasterkarien erdia baino gehixeago (% 53) espainiarra izan zen. Atzerritarren artean, talderik handiena estatubatuarrak izan ziren, lasterkarien % 18rekin, eta ondotik, australiarrak eta neozeelandarrak, % 9rekin. Inkesten arabera, lasterkarien % 70ek lasterkari perfektutzat jo zuen bere burua, hau da, gauez lo egin du, arauak ezagutzen ditu, arriskuez ohartzen da eta jakin badaki bizia arriskuan jartzen duela.
| Lasterkarien adin-tartea | Parte-hartzea |
|---|---|
| 18 – 35 urt | % 80 |
| 36 - 55 urte | % 17 |
| 55 urte baino gehiago | % 3 |
| Lasterkarien jatorria | Parte-hartzea |
| Espainia | % 53 |
| AEB | % 18 |
| Australia eta Zeelanda Berria | % 9 |
| BH | % 5 |
| Frantzia | % 2 |
| Hegoamerika | % 1 |
| Bertze jatorri batzuk | % 12 |
Ganadu-feriak
Beste urte batez Sanferminetako ganadu-feria tradizionala egin zen uztailaren 7an, Iruñeko Agustindarren poligonoko lursail batean. Zaldi-azienda bildu zen; hau da, zaldiak, moxalak, behorrak, astoak eta mandoak. Lehen aldiz, enpresa partikular bati (Hípica Zahorí) eman zitzaion ekitaldia antolatzeko ardura, eta feria bera antolatzeaz gain, hainbat jardueraren bidez girotu zuen, hala nola zaldi-erakustaldiak, haurrendako jinkana bat eta paseoak zalgurdietan feria inguruetan.
Urteko bigarren ganadu-feria Sanmigeletakoa da, irailaren 29an egiten dena, hori ere Iruñeko Agustindarren industrialdean. Feria horretarako, Udalak 122 ukuilu prestatu zituen animaliak hartzeko. Abeltzainek 3 eta 8 euro arteko tasak ordainduta erabiltzen ahal dituzte ukuilu horiek.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
| Abelburuak, San Fermin ferian | 1.312 | 801 | 981 | 790 | 824 |
| Abelburuak, San Migel ferian | 770 | 208 | 510 | 372 | 354 |
Hona feriak direla-eta zenbatetsitako kostua (hesiak, udal-langileak, laguntzaileen kontratuak, karpak, komunak, argiztapena, garbiketa, askak, ur-hornidura, etab.):
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
| Sanferminetako feria | 25.281 € | 16.889 € | 17.000 € | 15.200 € | 19.394,24 € |
| San Migel eguneko feria | 10.028 € | 8.455 € | 8.300 € | 7.800 € | 7.650 € |
| Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak | - | - | - | - | - |
Landabengo azoka
Beste urte batez ere, Landabengo azokak jardunean jarraitu zuen. Aurreko urtean bezala, guztira, 177 saltoki ipini ziren beste horrenbeste titularri esleituta. Haietatik 73 produktu jangarrien eremuan jarri ziren, eta 104k jangarriak ez diren produktuak saltzen dituzte. Azoka hau igandero dago zabalik urte osoan, uztailean eta abuztuan izan ezik, goizeko 9etatik eguerdiko ordu biak arte. Bertan elikagaiak eta ehunak jartzen dira salgai. Ostalaritza-jarduerak ez daude baimenduak. Igandero, 10.000 lagun inguru joaten dira azokan erosketak egitera, eta ingurua trafikorako itxia egoten da goiz osoa.
Objektu galduak
Herritarrek horra eramaten dituzten objektu guztiak erregistratu egiten dira datu-base bakar batean. Gehienak, polizia-zerbitzuek, posta-bulegoek, eskualdeko hiri-garraioaren enpresa esleipendunak eta merkataritzaren arloko beste entitateek –hipermerkatuek, kasu– entregatzen dituzte. Objektuak udal-egoitzetan gelditzen dira gordailuan, eta langileak jabeak aurkitzen saiatzen dira. 2013an, guztira, 6.584 objektu erregistratu ziren; 2012an, berriz, 6.713. Jabeei 3.090 itzuli zitzaizkien (3.262, aurreko urtean)
