Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Politika eta administrazio antolamendua

Espainiako Konstituzioak  Estatuaren Lurralde Antolamendua VIII. Tituluko hiru artikulu eskaintzen dizkio toki-administrazioari. 137. artikuluak dio Estatua udalerriez, probintziez eta eratuko diren autonomia-erkidegoez osaturik dagoela. 140. artikuluak, bere aldetik, udalerrien autonomia bermatzen du, eta udalerriek nortasun juridikoosoa izanen dute. Haien gobernua eta administrazioa udalbatzei dagozkie. Udalbatzak alkateek eta zinegotziek osatzen dituzte. Zinegotziak auzokideek hautatuko dituzte, bozketa orokor, berdin, aske, zuzeneko eta isilpekoaren bidez, eta zinegotziek hautatuko dute alkatea. Konstituzioak, halaber, dio toki-ogasunek behar adina baliabide izan beharko dutela legeak esleitzen dizkien eginkizun guztiak betetzeko, eta baliabide horiek, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz Autonomia Erkidegoenetanparte hartuz bilduko dituztela.

Hainbat arauren bidez garatu da toki-administrazioei dagokien legeria. Batetik, autonomia mailako arauketa izan da (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea eta Nafarroako toki-araubidea gaurkotzeko 11/2004 Legea), eta bestetik, nazio mailako araudia (Toki Araubidearen Oinarriak Arautzeko 7/1985 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea eta Toki-gobernua modernizatzeko neurriei buruzko 57/2003 Legea). Azken testu horren X. Titulua halako biztanle kopuru jakin batetik gorako udalerrien antolaketari buruzkoa da eta udal-organoen jarduna zehazten du.

Osoko bilkura, alkateaz eta zinegotziez osatua, herritarren ordezkaritza politiko gorena duen organoa da, udal-gobernuari dagokionez. Alkateak eginen du osoko bilkurarako deia eta bertan buru jardungo du, salbu Legeak aurreikusten duen kasuetan. Alkateak, egokitzat jotzen duenean, zinegotzietako bat  eskuordetzen ahalko du osoko bilkuraren deia egiteko eta bertan buru aritzeko. Osoko bilkurak bere erregelamendua eginen du, izaera organikoa izanen duena, eta idazkari nagusi bat izanen du.

Indarrean dagoen araudiaren arabera, hona hemen besteak beste osoko bilkuraren eskumenak: gobernu-organoak kontrolatzea eta fiskalizatzea, izaera organikoko erregelamenduak onetsi eta aldatzea, udal-ordenantzak eta -erregelamenduak onestea eta aldatzea, tributu-izaerako baliabide propioak zehaztea, bere eginkizunak edo jarduerak beste herri-administrazio batzuei eskualdatzea edota plangintza orokorrari hasierako onarpena ematea.

Alkateak du udalerriaren ordezkaritzarik gorena eta kudeaketa politikoaren erantzule da osoko bilkuraren aurrean. Alkateak, besteak beste, eginkizun hauek ditu: Udalaren ordezkari izatea, Udalerriko politika, gobernua eta administrazioa zuzentzea; Osoko bilkuretarako eta tokiko gobernu-batzarraren bilkuretarako deia egin eta bertan buru izatea; Udal-administrazioaren zerbitzura dauden langileen goi-zuzendaritza betetzea eta Udaltzaingoaren buruzagitza betetzea; Udaleko organo betearazleen erabakiak argitaratzeko agintzea, eta erabakiok bete eta betearaztea; bandoak, dekretuak eta jarraibideak ematea; kasu berezi eta oso presakoetan beharrezkoak eta egokiak diren neurriak hartzea, eta Osoko Bilkurari jakinaraztea; eta Udal-administrazio betearazlearen antolakuntza eta egitura ezartzea osoko bilkurak udal-antolakuntzaren gainean egotzita dituen eskumenen aurka joan gabe.

Tokiko gobernu-batzarrak, alkatearen lehendakaritzapean, alkateari dagokion zuzendaritza politikoan laguntzen dio kide anitzeko organo moduan. Alkateari dagokio tokiko gobernu-batzarreko kideak askatasunez izendatzea eta kargutik kentzea; kideon kopurua ezin da izan osoko bilkurako kideen legezko kopuruaren herenetik gorakoa, alkateaz gain. Tokiko gobernu-batzarrak bere kudeaketaren erantzukizun politikoa du solidarioki osoko bilkuraren aurrean, bertako kide bakoitzak bere kudeaketaz duen zuzeneko erantzukizuna alde batera utzi gabe. Eztabaidak isilpean gorde behar dira.

Tokiko Gobernu Batzarrari hauek dagozkio, besteak beste: ordenantzen eta erregelamenduen proiektuak onartzea, organikoak barne, osoko bilkura eta bertako batzordeak arautzeko arauak salbuespen direla; aurrekontu-proiektua onartzea; hirigintza-antolamenduko tresnen proiektuak onartzea, horien behin betiko zein behin-behineko onarpena osoko bilkurari dagozkionean; edozein lizentzia-mota ematea, arloko legediak berariaz beste organoren bati egotzitakoa ez bada; kontratazioak eta emakidak; ondarea kudeatu, eskuratu eta besterentzea, eta kreditu-eragiketak ituntzea ere; lanpostuen zerrenda eta  langile-ordainsariak onestea: edo udal-administrazioko zuzendaritza-organoetako titularrak izendatzea eta kentzea.

Osoko bilkurak batzordeak izanen ditu, talde politiko bakoitzak dituen zinegotzi kopuruaren arabera izendatzen dituen kideez osatuak. Batzordeei eginkizun hauek dagozkie: osoko bilkuraren erabakira jarri behar diren gaien azterketa, txostena zein kontsulta; Alkatearen eta haren gobernu-taldearen kudeaketaren jarraipena, eta legearekin bat osoko bilkurak eskuordetzan emandakoak. Batzordeak iraunkorrak eta bereziak izan daitezke. Iruñeko Udalean batzorde iraunkor hauek daude: Lehendakaritza Batzordea (Zerbitzu Orokorretako eta Herritarren Segurtasuneko alorretako kontuez eta Kirol eta Gazteriako gaiez), Herritarren Aferen Batzordea (Gizarte Ongizatea eta Berdintasuna; Hezkuntza eta Kultura; Enplegua, Merkataritza eta Turismoa; eta, Herritarren Partaidetzari dagozkion gaiak), eta Hirigintza Batzordea (Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumena; eta, Proiektuak eta Hiri Kontserbazioa).

Udalaren beste organo bat Bozeramaileen Batzordea da, alkateaz, udal-talde politikoetako bozeramaileez eta ezein udal-talderi atxikita ez dauden zinegotziez osatuta. Haren bilkurek eztabaidatzeko izaera izanen dute. Eginkizun hauek ditu: alkateak ematen edo agertzen dizkien informazioak eta kontsultak oro zinegotzi guztien artean zabaltzea; udal-talde politikoen eta zinegotzi atxiki gabeen eskari guztiak bideratzea, eta Udalaren osoko bilkuretan zenbat parte-hartze egonen diren eta horiek zenbat iraun behar duten erabaki eta alkateari proposatzea.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala