Babes Zibila
Uholdeei aurre egiteko plana
2013an, Iruñeko Udalak Plana ezartzen jarraitu zuen, arrisku-egunetan Arga ibaiaren emariaren igoeraz ohartarazteko. Abisu horiek sms bidez egiten zaizkie abisu-zerbitzuan alta emanda dauden erabiltzaile guztiei (1.200 inguru, gehienak, Arrotxapeko, Sanduzelaiko eta Txantreako auzokideak). Sistema horrek baimena ematen dio Udalari alertak eta abisuak herritarren mugikorretara bidaltzeko, sms masiboen bidez.
Bestalde, eta neguko euriek nahiz Argan izan daitezkeen uhaldiek ahalik eta kalterik txikienak eragin ditzaten ibaiak zeharkatzen dituen auzoetan, urteko azken hiruhilekoan ibaitik kendu ziren zubi, presa, zaldain eta erdibitzaileetan trabaturik zeuden zuhaitz-hondarrak, honako inguruotan, hain zuzen: Club Natación elkarteko zaldainen eta presaren eremuetan, Zigandaren errotan, San Pedro presatik zubira bitarteko tartean, eta zubi horretatik Vergel zubira bitartean, Oblatuen zubian, Dona Grazia zubian eta Landabengo zubian, bai eta ibai-ibilguko toki batzuetan ere. Guztira, 140 m3 enbor eta zuhaitz-motzondo atera ziren, eta 90 tona adar eta zabor.
Sanferminetarako Babes Zibileko Plana
Sanfermin Planak entzierrorako, su artifizialetarako eta festen programako gainerako ekitaldietarako segurtasun-antolamendua eta zirkulazio-etenak, sorospen zirkunstantzialak eta beste hainbat hartzen ditu barne. 2012an bezala, Babes Zibileko Toki Batzordeak Txupinazora beirazko ontziak sartzea debekatu zuen. Bestalde, Babes Zibileko 95 laguntzaile kontratatu ziren jaietarako, naranjitoak deritzetenak. Kontratazioa 2011n egindako deialdia gainditu zutenen zerrenden bidez egin zen.
Elurretako Plana
Trinitarios aldeko gatz-biltegian bi silo daude, 100na tonako edukierakoak, eta horrez gain, 350 tona gatz solte eta 20 tona gatz 25 kilogramoko zakuetan gordetzen ditu lokal publikoetan banatzeko, hala nola osasun etxe eta ikastetxeetan. Baliabide materialen artean, nabarmentzekoak dira 7 kamioi eta 3 lur orotako ibilgailu –elurra kentzeko xaflekin eta gatza barreiatzeko gailuekin–, 6 zisterna gatzuna botatzeko, 20 makina txiki ongarritzeko, gatza eskuz barreiatzeko 10 makina, 3 kamioi, materiala garraiatzeko eta atzerako hondeamakina bat.
Larrialdi-planaren helburuen artean dago zerbitzu publiko eta pribatuetarako sarrera bermatzea, eta sarbidea erraztea elikagaiak, osasun-produktuak eta energia-produktuak ekartzeko bideetan barna. Hartara, Udalak 17 arlotan multzokatuak ditu hiriko galtzadak, ibilgailuak haietan guztietan ari daitezen, errepide nagusien eta aldapen garbiketa bermatze aldera. Planak, gainera, dio bereziki zaindu behar direla hiriko bide nagusiak, zirkulazio egokia ahalbidetzeko; hartara, kontuan hartzekoa da zirkulazioa ibilgailu astunendako ixteko aukera. Halaber, osasun-talde bat aurreikusia dago hainbat gaitarako; esaterako, osasun-garraiorako edo izotza edo elurra erortzen denerako, bai eta gizarte-ekintzarako talde bat ere, kalean lo egiten dauden pertsonak antzemateko eta, egoera larria izanez gero, harrera-zentrora edo aterpetxeetara eramateko.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|
| Elurra kentzeko makinek zenbat egunetan esku hartu behar izan duten | 5 | 6 | 5 | 7 | 5 |
| Gatza zenbat egunetan barreiatu den | 23 | 16 | 8 | 12 | 6 |
| Urtean erositako gatza (tonak) | 479 | 600 | 130 | 140 | 100 |
| Gatz-izakinak, abenduaren 31n | 320 | 456 | 450 | 500 | 350 |
|
Gatz-izakinak, abenduaren 31n, 25 kiloko zakuetan |
60 | 35 | 10 | 20 | 40 |
