Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Alkatearen agurra

Zehaztasun- eta gardentasun-lan nabarmena da Iruñeko Udalak urtebetean garatutako jarduera guztia agiri batean biltzea. Izan ere, gure udal-memoria jartzen dugu internauta guztien eskura esparru digital honetatik, Udalak zer osaera duen, 2013an zer-nolako ekintza nagusiak garatu dituen eta kudeaketa ekonomikoaren zenbakiak zehatz-mehatz azaltzeko. 

Argitalpen hau 2008an plazaratu zen lehen aldiz, urte hartan erabaki baitzen gure udalaren argazki osoa paperaren gainean jartzea eta urte natural batean egindako jarduera guztia antolatzea; horrela, garatutako lan guztien ikuspegi orokor bat lortzen da eta, aldi berean, funtsezko kontsulta-tresna bat osatu da udal-lana ulertzeko. 

Gaur egun, aurtengo agiriak filosofia horri eutsi dio eta, aurreko bi urteetan bezalaxe, formatu digital hutsean aurkeztu da, horrela nabarmen aurrezten baita tokia, papera eta dirua.  Agiri honetan bildutako epigrafeetan, interesa duen edonork  gauza asko kontsulta ditzake; adibidez, Udalaren osaerari buruzko datuak, hala nola lan-alorrak edo alderdi politiko bakoitzak dituen zinegotziak, bai eta udal-jarduerari berari dagozkion datuak ere, hala nola zenbat jendek parte hartu duen Civivox sarean antolatutako jardueretan, zenbat ekimen antolatu diren merkataritza-jarduera dinamizatzeko eta sustatzeko edota zenbat dei jaso diren 010 telefono-zerbitzuan.

Iruñeko Udala osatzen dugun guztiontzat albiste ezin hobea da kudeaketa gardenean sakondu ahal izatea eta hau bezalako formatu ireki eta irisgarri batean eskaintzea gure lana azken urtebetean definitu duten gako guztiak.   Alde horretatik, zinez espero dut informazio-bilketa honen bitartez iruindarrek gehiago jakin nahi izatea urtero haien udalerrian egiten diren ekintzei buruz, guztion artean hiri konprometituago eta parte-hartzaileago bat osatzen jarrai dezagun.

Enrique Maya
Iruñeko Alkatea

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala