Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Hiria

Iruñeko udal-mugapeak 23,55 kilometro koadroko azalera dauka eta bertan ia 200.00 lagun bizi dira. Hiriaren alde handi bat meseta batean kokaturik dago eta itsasoarekiko garaiera, bana beste, 449 metro da. Hiru ibaik zeharkatzen dute Iruña. Arga ibaiak iparraldea egituratzen du eta Txantrea, Arrotxapea eta Sanduzelai auzoetan barrena doa; Sadar eta Elortz ibaiek hiriaren hegoaldea gurutzatzen dute. Iruña eta eskualdea mendiz inguraturik daude, eta gailurrak ez dira mila metrotik gorakoak: Ezkabamendi (892 metro), Taxoare (668 metro) edo Badostain (590 metro).

Hiri berdea Parke eta lorategiek hiriko azaleraren ia % 20 hartzen dute, Iruñean. 250 arbola-espezietik gora daude, Arga ibaiaren parkean, Ziudadelan, Gaztelugibelen, Mendillorrin, Taconerako parkean, Yamaguchin, unibertsitateetan edo Buztintxurin.

Iruñeak, bestalde, konpromisoa hartua du garapen iraunkorraren alde. Horren erakusle dira hainbat ekimen: Arga ibaiaren pasealekuaren moldaketa, panel fotovoltaikoen instalazioa ikastetxeetan, bizikletak alokatzeko udal-zerbitzua, kontsumo txikiko hiri-argiteria, bidegorria, gurpilen pneumatiko birziklatuez egindako zoladurak, edo Europako Engage (Konpromisoa) proiektuan parte hartzea Europako beste hamaika hirirekin batera CO2-aren isurpenak murrizteko.

Hiri unibertsitarioa. Iruñeak hiru unibertsitate ditu eta, horregatik, erreferentziazko hiri bat da goi-mailako ikasketetan. Nafarroako Unibertsitatea 50eko hamarkadan sortu zen; Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala, 1973an; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa 1987an lotu zitzaion bideari. Hiruren artean 20.000 ikasle unibertsitario inguru bildu zituzten 2013an.

Hiru unibertsitateetako jarduera akademikoak eraginda, hirian biltzarrak, bilerak, mintzaldiak, topaketa zientifikoak eta jardunaldiak egiten dira, zeinetan arlo honetako eta hartako Espainiako eta nazioarteko adituek beren ikerlanak, esperientziak eta iritziak agertzen baitituzte.

Abangoardiako hiria, osasungintzaren arloan Osasun-langileen prestakuntzak eta ospitaleetako ekipamenduak erreferentzia bilakatu dute Iruña, Espainian. Nafarroako Ospitaleguneak osasun-zerbitzu publikoak biltzen ditu eta bertan abangoardiako ebakuntza kirurgikoak egiten dituzte. Bertan da, baita ere, Nafarroako Odol eta Ehunen Bankua, Foru Erkidegoko ospitaleak hornitzen dituena.

Erietxe Unibertsitarioak ospea du nazioartean, eta aitzindaria da medikuntza-aurrerabideetan. Bestalde, Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroak (CIMA) ikerketa erabilpen klinikora hurbiltzen du, eta industria farmazeutikoarekin aritzen da elkarlanean, sendagai berriak garatzeko.

Hiri solidarioa. Behartsuenendako laguntza hiriko auzo guztietan barna kokaturik dauden auzo-unitateen sarearen bitartez bideratzen da. Sare horretan, laguntza ematen zaie haien egoera pertsonala, familiarra edota soziala medio arreta berezia behar duten pertsonei. Horrez gain, Udalak baliabideak ditu herritarretan behar bereziak dituzten multzo jakin batzuei laguntza emateko, hala nola minusbaliatuei, etxerik gabekoei, etorkinei eta bakarrik bizi diren adinekoei. Hona baliabide batzuk: Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa Trinitarios aldean, apartamentu babestuak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta beste.

Udalak, 2013an, ia 1,4 milioi euro bideratu zituen garapenaren aldeko lankidetzara, diru-laguntzen lau deialdiren bidez. Deialdiok hegoaldeko herrialdeetan giza garapenerako proiektuetan diharduten Garapenaren Aldeko Gobernuz Kanpoko Erakundeei zuzenduta daude, eta barne hartzen dituzte, halaber, Iruñean bertan jendea hezteko eta sentsibilizatzeko egiten diren proiektuak.

Hiri abegikorra. Iruñeak 200.000 biztanlera iritsi gabe jarraitzen du.  2013ko abenduan,  hirian 197.781 lagun erroldaturik daude.  Iruñean bizi diren 33.482 lagun atzerrian jaio dira, eta 21.653 lagun, biztanleriaren % 10,9, etorkintzat jotzen dira.   Immigrazio-tasarik apalena da 2006tik hona.  2013an, 1.392 lagun nazionalizatu ziren; hau da, espainiar nazionalitatea hartu zuten.  2012an, nazionalizazioak 2006ko kopurura (844) jaitsi ondoren, 2013an berriz ere gora egin zuten.  Iruñean, 130 nazionalitateko jendea bizi da, eta multzorik handienak bulgariarrek, errumaniarrek, boliviarrek, ekuatortarrek, portugaldarrek eta marokoarrek osatzen dituzte.

Kultur hiria. Iruñeak 130 instalaziotik gora ditu, publikoak nahiz pribatuak, kulturaren, aisiaren eta denbora librearen esparruetan eskaintza askotarikoa garatzeko. Hiriaren kultur izaerak hiru mugarri ditu: Sanfermin jaiak, Donejakue Bidea eta Iruñearen historiari lotutako ondarea (harresiak, Ziudadela, Alde Zaharra), Erdi Aroko hiria eta Nafarroako Erresumako hiriburua izan baitzen.

Sanferminek munduko erdigunean jartzen dute Iruña uztailaren 6tik 14ra, entzierroen sonak eraginda, batez ere, baina baita jaiei darien alaitasunak eta algarak direla medio ere. Milaka bisitari etortzen baitira hirira, iruindarrekin batera zuri-gorriz margotutako bederatzi egunez gozatzeko. Iruña, halaber, Bidean, lehena da Donejakue Bidean. Ongi merezitako titulua da, mendez mende Santiagorantz zihoazen erromesak hartu dituelako. Erromesek aterpetxeetan hartzen dute atseden Jesus eta Maria aterpetxean, esaterako; ibilbidea Done Jakueren izarrarekin markatua dago hiri osoan, Magdalenan hasi eta Nafarroako Unibertsitatean barna kanporantz ateratzeraino; eta erromesek Iruñeko elizak, parkeak, harresiak eta txokoak zeharkatzen dituzte Santiagora bidean. Donejakue bidearen historia, azken finean, hiriak mendeen joan-etorrian izandako bilakaerarekin dago lotua, erresuma izan baitzen Iruña, bai eta erresumako hiriburua eta probintzia-hiriburua ere, eta egun, autonomia-erkidegoko hiriburua. Kristo aurreko arora garamatzan historia da, mendeek ekarritako garai berrietara egokitzen jakin izan duena, burguak batuz, harresien eta Ziudadelaren bidez bere burua babestuz, auzo berriak zabalduz eta hirigintza-garapen berrietan hedatuz.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala