Zer zegoen hemen?
Giza-aztarnaren testigantzak ugariak dira inguru honetan. Ilundaingo errotaren eta haren hornidurarako ubidearen aztarnek erakusten dutenez, leku horretan mendez mende aprobetxatu izan da ibaiaren energia.
XII. mendearen amaieratik dokumentatuta dago Arga ibaiaren ertzean errota bat zegoela; Jerusalemgo San Joan ordenaren jabetzako 1195eko dokumentu batek rote moliendinis de Baranien izenez aipatzen du.
1570ean berreraiki egin zuten eta Errota Berria izena hartu zuen. Dirudienez errotaren ekoizpena ez zen une batez ere eten, eta XIX. mendean, berritu egin zuten eta jabe berrien eskuetara igaro zen. Besteak beste, Erruki Etxearena izan zen, eta azkenik, 1899an, Ilundain familiak erosi zuen.
Nafarroan mota honetako lehenengo instalazioetako bat izanik, XX. mendearen zati handi batean irin-fabrika izan zen, eta ekoizpen bikaina eduki zuen urte luzez.*
Hornidurarako ubideak ibaian gora garraiatzen zuen ura, duela gutxi ibaia berroneratzeko estrategiaren barruan eraitsitako presa txiki bateraino. Irin fabrika osatzen zuen eraikin-multzoa eraiki zenean, Ibaia itxuraldatu egin zen, eraikin horiek hein batean ubidearen hormen gainean bermatu baitzituzten. 1989an, Landabengo zubia eraikitzean, 35 m-ko zati baten ordez zubiaren oinarrien artean dagoen hormigoizko ubide bat eraiki zuten.
Irin-fabrika XX. mendeko 80. hamarkadan itxi zen. Eraikinak biltegi gisa erabili ziren denbora batez, eta errotan eta ubidean ez zen gehiago mantentze-lanik egin. Ingurua abandonuan geratu zen.
Zenbait suteren ondoren, 2021ean, Iruñeko Udalak, arrisku handiko tokia zela iritzita, eraisteko agindua eman zuen. Instalazioak eraisteko lanetan, jarraipen arkeologikoari esker, XVI. mendeko errotaren hormak aurkitu ziren eta zutik kontserbatu ahal izan ziren.
Ibai-erreserba sortzeko egindako zaharberritzean XVI. mendeko higiezinaren ezaugarri arkitektonikoak mantendu, eta kaltetutako edo eraldatutako alderdiak leheneratu dira. Errotaren hormak finkatu dira eta zurezko egitura bat gehitu da, jatorrizko elementuekin kontraste argian, eraikinaren gailurra eta estalkia lehengoratzeko. Horrela, XVI. mendeko eraikinaren balizko silueta berreskuratu da.


Errotaren egoera obrak hasi aurretik. Fotogrametria bidezko hiru dimentsioko eredua, Gabinete Tramak egina
Zaharberritzea egiteko errotaren barruko garbiketa lanek agerian utzi dituzte errotaren turbina (Kaplan sistemakoa dirudiena) eta hormigoizko “barraskiloa” (XX. mendekoa, Ilundaindarrek errota erosi eta irin-fabrika bihurtu zuten garaikoa). Sistema berri horrek erabat aldatu zuen aurreko errotaren itzulerako sistema. Errota haren elementurik ez da kontserbatzen, kanalaren sarrerako eta irteerako arku bana salbu. **
Ez da aurkitu barruko ehotze-makinen arrastorik, bai ordea irin-fabrika eraitsi aurreko haren argazkiak. Irin fabrikaren arrastorik ere ez dago, hormetako batena izan ezik.
Errota eta errotaren hornidurarako Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan (IPAN 12077) sartuta daude 2024az geroztik; beraz, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak ezarritakoaren mende.
* Irin-fabrika eraisteko lanetarako Gabinete Tramak idatzitako Esku-hartze Arkeologikoaren Memoria.
** Tesela Arqueologíak Ilundaingo Errotaren inguruko Ibai-erreserbaren obretarako idatzitako Esku-hartze Arkeologikoaren Memoriatik hartutako datuak.
* Irin-fabrika eraisteko lanetarako Gabinete Tramak idatzitako Esku-hartze Arkeologikoaren Memoria.


Obrak hasi aurreko errotaren egoeraren argazkiak
Hurbildu Ibai-erreserbara irin-errota zaharra eta hornidura-ubidea ikustera.
Gogoratu oso garrantzitsua dela kultur-ondarea zaintzea.
Lagundu Ibai-erreserbak gure historiaren parte diren errota eta ubidea baldintza onetan gordetzen.
- Ez sartu ubidearen eremuan
- Gunea garbi eduki
- Ez margotu eta ez narriatu harriak eta hormak
RUNA 2025 proiektua, B8 ekintza: IBAI-ERRESERBA ILUNDAINGO ERROTAN, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITECO) Biodibertsitate Fundazioaren babesa erdietsi du, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Espainiako hiriak birnaturalizatu eta erresiliente bihurtzeko 2021eko esku-hartzeak sustatzeko ekintzetarako dirulaguntzen deialdian, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia planaren barruan.