Pompelo erromatarreko lau emakume hauen izenak grabaturik zeuden 1985ean Navarrería kalean topatu zuten hilarri batean. Iruñeko historian emakumeak agertzen diren idatzizko lehenbiziko lekukotza da, eta hiriaren memoria femeninoaren ikur dira. Gaur egun oraindik ere gogoan ditugu Santa María la Realeko plazan dagoen hilarriaren kopiari esker.

1985eko urriaren 17an, Iruñeko Navarrería kalean hilarri bat aurkitu zen, eta bertan hirian egon ziren lehen emakumeen izenak gordetzen dira: Festa, Rústica, Stratia eta Antonia. Alde Zaharrean bertan aurkitu bazuten ere, antza, Pompelo erromatarraren hegoaldeko nekropolian egon zen, jatorriz, gaur egungo Merced, Telleria eta Labrit kaleen inguruan. Duela ia bi mila urte harrian zizelkatutako izen horiek testigantza paregabea dira: izendatuak eta denboran gogoratuak izateko emakume haien nahia.
Emakume haiek II. mendeko Pompelo baskoi-erromatarreko herritarrak ziren, pil-pilean zegoen hiri batean bizi izan ziren. Hiri hartan karrika lauzatu eta portikatuak zeuden, baita azokak, termak eta eguneroko bizitzan topaleku ziren gune publikoak ere. 2016an, Iruñeko Udalak hilarri horren kopia bat egin zuen, gaur egun Santa María la Real plazan ikusgai dagoena, hiriko lehen emakume horien oroigarri, zeinek, inskripzio horren bitartez, beren tokia galdegin baitzuten hiriaren memorian.