Iruhbi Pilota

PROIEKTUA

Interreg VI Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programa europarraren esparruan Iruñeko Udala gidari duen Iruhbi Pilota proiektuak, euskal pilotaren inguruko mugaz gaindiko ondarea ikuspegi kultural eta turistikotik ustiatzea du xede. 

Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako hainbat entitateren lankidetza izanen duen proiektu horretan, euskal pilota dinamizatzeko ekintzak burutuko dira, elementu historiko kultural horren erakargarritasuna indartzeko eta mugaz gaindiko harremanak hobetzeko. Era berean, mugaz gaindiko produktu turistiko bat garatuko da kirol horren inguruan, lurraldeko eskaintza turistikoa dibertsifikatzen eta urte osora zabaltzen lagunduko duen elementu turistiko bat sortzeko.

Europar Batasunak % 65ean kofinantzatu du IRUHBI PILOTA proiektua, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bitartez. POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldean integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Proiektuak 3.602.895,50 €-ko aurrekontua du, eta horietatik 2.341.878 € POCTEFA programak emandako FEDER funtsei dagozkie.

IRAUPENA

Proiektua 2024ko urtarrilean jarri zen abian eta 2026ko abendura arte luzatuko da.

BAZKIDEAK

  • Iruñeko Udala
  • Biarritzeko Udala 
  • Uharteko Udala 
  • Euskal Pilotaren Nafarroako Federazioa 
  • Iparraldeko Pilota Batzordea 
  • Biarritz Athlétic Club elkartea
     

JARDUKETAK

  • Euskal pilotaren mugaz gaindiko sare bat eratzea. Horretarako, euskal pilotak lurraldean egun duen egoerari buruzko diagnostikoa eginen da, kiroleko, kulturako eta turismoko arloetan mugaz gaindiko lankidetzarako jardunbide egokiak identifikatuko dira eta, azkenik, euskal pilotaren mugaz gaindiko sarea osatu eta abiaraziko da.
     
  • Mugaz gaindiko lurraldean euskal pilota biziberritzeko jarduerak. Proiektu honen esparruan, pilotaren mugaz gaindiko esparruan funtsezkoak diren hainbat ekipamendu eta azpiegitura egokituko dira, hala nola, Uharteko Euskal Jai Berri pilotalekua eta Biarritzeko Jai Alai pilotalekuaren instalazioak.
     
  • Produktu turistiko bat diseinatzea. Euskal pilotaren ondare historikoaren inguruko produktu berri bat definituko da eta hori garatzeko plana eta estrategia landuko dira.