GEOPAMPLONA ERABILTZEKO BALDINTZAK

GeoPamplona

 

GEOPAMPLONA ERABILTZEKO BALDINTZAK

Iruñeko Udalak webgune honetan argitaratzen dituen datuetara sartzeak berekin dakar Erabilera-baldintza hauek onartzea, xede dutenak Iruñeko Udalak sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari begira duen konpromisoa babestea eta sustatzea. Hori horrela, aukera ematen zaie datu-multzoen hartzaileei komunitatearen hazkundean lagun dezaten, datu horiek ustiatzearen ondorioz lortutakoaren ekarpena eginez.

  
Datu-multzoei aplikagarri zaien lizentzia  

Kontrakoa esan ezean, Iruñeko Udalak hemen ikusgai dituen datu-multzo guztiak Creative Commons-Aitortu (CC-by 4.0) lizentziaren baldintzen pean argitaratzen dira, eta horrek honako hauek ahalbidetzen ditu:

•    datu-multzoak erreproduzitu, banatu eta jendaurrean hedatu ahal izatea,
•    haiek oinarri hartu ahal izatea beraien analisien edo azterketen ondorioz lan eratorriak sortzeko, 
•    haiek erabiltzea helburu komertzialetarako zein ez-komertzialetarako 
•    haiek aldatu, eraldatu eta moldatu ahal izatea, betiere aldaketak jendaurrean adierazita. 
 
Halaber, datu-multzoetan bildutako informazioa berriz erabiltzeko, honako baldintza orokor hauek bete behar dira:

•    Informazioaren edukia ez aldatzea 
•    Informazioaren zentzua ez desitxuratzea 
•    Iturria aipatzea 
•    Azken eguneraketaren data aipatzea (edo bestela eguneraketen aldizkakotasuna) 
  
Erabilera-baldintzak onartzeak ez dakar datu-multzoen gaineko egile-eskubiderik ezta jabetza intelektualaren eskubiderik ere. Iruñeko Udalak beretzat gordetzen du ordainpeko erabilerako datu-multzoak argitaratzeko eskubidea. Diru-ordain horiek datu-multzoak bildu, ekoitzi, erreproduzitu eta hedatzeko kostuak estaltzeko erabiliko dira, eta ezin izanen dira izan, inolaz ere, kostuak baino handiagoak. Aplikagarri diren ordainen kopuruak zerrenda publiko batean egonen dira ikusgai datu-multzoak argitaratzen diren une berean.

  
Aitortza

Creative Commons - Aitortu (CC-by 4.0) lizentziaren baldintzekin bat, datu-multzoak erabiltzea, erreproduzitzea, aldatzea edo hedatzeak berekin dakar egilea aitortu eta Iruñeko Udala datu-multzoen iturri gisa aipatzeko betebeharra.

  
Aldaketak datu-multzoetan eta erabilera-baldintzetan

Iruñeko Udalak edozein unetan erantsi, kendu edo aldatzen ahalko ditu hala argitaratutako datu-multzoak nola erabilera-baldintza hauek. Edozein aldaketak indarra izanen du argitaratzen den unetik aitzina, salbu kontrakoa adierazten bada.
Iruñeko Udalak argitaratutako datu-multzoetan egiten den aldaketa edo transformazio oro halaxe identifikatu beharko da hedatzen den unean.
Datu-multzoak erabiltzen, erreproduzitzen, aldatzen edo hedatzen dituzten pertsona zein entitate guztiei eskatzen zaie Iruñeko Udalari eman diezaioten datu-multzoen erabilerari loturik egin dituzten proiektuen berri, jendaurrean erakusgai egon daitezen, eta, horrela suspertzeko sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari buruzko politikak.

  
Datu-multzoen bermea

Iruñeko Udalak ez du inolako bermerik ematen argitara emandako datu-multzoen gainean, eta, hortaz, datu-multzoak egokiro kudeatzeko ahalegindu arren, ezin ditu bermatu datu-multzo horien zuzentasuna, eguneraketa, zehaztasuna edo haietara jotzeko sarbide etengabea.
Orobat, Iruñeko Udalak ez du bermatzen datuek eta datu-multzoek ez dituztenik hirugarrenen egile-eskubiderik edo jabetza intelektualeko eskubiderik. Erabiltzaileek eta berrerabilpen-eragileek beren kontura eta ardurapean erabiliko dituzte datu-multzoak.

  
Erantzukizunik eza

Ez Iruñeko Udalak ez haren erakunde, entitate edo eragileek ez dute bere gain hartzen erantzukizunik datu-multzoen erabilerak zuzen edo zeharka eragiten dituen edo eragin ditzakeen kalte edo galeretan, horietan sarturik kalte ekonomikoak, materialak eta datuei buruzkoak.

  
Erabiltzailearen eta berrerabilpen-eragilearen erantzukizuna

Datu-multzoen erabiltzaileek eta berrerabilpen-eragileek men egin behar diote Sektore Publikoko Informazioa Berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legeari, eta bereziki bertako araubide zehatzaileari, bai eta informazioaren erabilera ukitzen duten arau guztiei ere, hala nola Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko 3/2018 Lege Organikoari eta Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuari.

Baldin eta erabiltzaileek agiri honetan adierazitako erabilera-baldintzak edo datu-multzoak argitaratzeko baliatzen den lizentziaren zehaztapenak bete ez eta horren ondorioz Iruñeko Udala edo haren erakunde, entitate, enpresa edo eragileak akzio legal baten xede bilakatzen badira, edo diru-zigorra jartzen badiete, datu-multzoak erabili, erreproduzitu, aldatu edo hedatu dituen pertsona edo entitateak gastu –prozesukoak barne–, zehapen edo kalte-ordain guztien erantzule izanen dira, halakorik balitz, Iruñeko Udalaren edo haren erakunde, entitate, enpresa edo eragileen aurrean, eta horiek erabat kaltegabe utziko dituzte.

Horrenbestez, datu-multzoak erabili, erreproduzitu, aldatu edo hedatu dizuten erabiltzaile edo entitateek onartu egiten dute kalteak ordainduko dizkietela Iruñeko Udalari eta haren erakunde, entitate, enpresa edo eragile guztiei, eta bereganatu ditzaketen erantzukizun guztietatik salbuetsiko dituztela, halakoen iturburua erabilera-baldintza hauek ez betetzeagatik edo, besterik gabe, informazioa erabili, erreproduzitu, aldatu edo banatzeagatik sor daitezkeen erreklamazioak badira.

Bestalde, Iruñeko Udalak beretzat gordetzen du behar diren lege-neurriak hartzeko eskubidea, bere interesak zaintze aldera, baina horrek ez du berekin ekarriko datu-multzoak erabili, erreproduzitu, aldatu edo hedatu dituen pertsona edo entitateen erantzukizunari eta kalte-ordainei uko egitea.

  
Ezeztapena

Iruñeko Udalak datu-multzoak ezeztu edo horietarako sarbidea eteten ahalko dio edozeini, bere kabuz eta aldez aurretiko abisurik eman gabe, baldin eta Iruñeko Udalak, bere aldebakarreko irizpidearekin bat, jotzen badu ez dituela erabilera-baldintza hauek edo indarreko legeak bete, edo datu-multzoak modu kaltegarri edo desegokian erabili, erreproduzitu, aldatu edo hedatu dituela. Ezeztapen- edo etete-kasuetan, pertsona edo entitate horri ez zaio berriro baimenik emanen datu-multzoak erabili edo erreproduzitzeko, eta, orobat, Iruñeko Udalak bere esku dagoen edozer egiten ahalko du hartutako erabakia bete dadin.

Ezeztapen edo etete horrek ez du eraginik izanen fede onez aritu baina datu-multzoak ezeztapen edo eteteak ukitzen dituen pertsona edo entitateen eskutik jaso dituzten pertsona edo entitateengan, betiere erabilera baldintzak behar bezala betetzen badituzte.
  
Babesik gabe

Pertsona edo entitate batek datu-multzoez egiten duen erabilera edo erreprodukzio jakin batean, ezin izanen da publikoki adierazi, iradoki edo aditzera eman Iruñeko Udala edo horren edozein organismo, entitate, enpresa edo eragile parte-hartzailea, babeslea edo laguntzailea dela; hori horrela, informazioa edo datu-multzoak erabili dituenaren jardueran ezin izanen da egin Iruñeko Udalaren edo horren organismo, entitate, enpresa edo eragileren partaidetza edo babesletzari buruzko inolako aipamenik –ez idatzirik, grafikorik, ikusizkorik, entzunezkorik edo beste ezein izaerakorik– nahasmendurako bidea eman badiezaieke bukaerako erabiltzaileei.