Datu orokorrak
Nafarroako Foru Komunitatearen hiriburua da.
Izena: Iruña (euskarazko ofiziala), Iruñea (Euskaltzaindia)
Kokapena
Nafarroaren erdi-erdian dago. Herri hauek ditu mugakide: iparraldean, Berriobeiti, Berriozar eta Antsoain; ekialdean, Atarrabia, Burlata, Eguesibar eta Aranguren; hegoaldean, Galar zendea, Zizur zendea eta Zizur Nagusia, eta mendebaldean Barañain, Oltza zendea eta Orkoien.
- Altitudea: itsas-mailatik 449 metrora dagoen lautada batean dago.
- Hedadura: 23,55 kilometro koadro
- Koordenatuak: 42°49’00’’I; 1°39’00’’M
- Biztanleria: gutxi gorabehera 200.000 lagun
- Jentilizioa: iruindar
- Sorrera: Ponpeio, K.a. 74
- Jaiak: Sanferminak, uztailaren 6tik 14ra
- Zaindaria: San Zernin (azaroaren 20a)
- Ibaiak: Arga, Elortz eta Sadar
- Latsak: Santa Luzia, San Makai, Lezkairu, Garitón de Ripalda edo udal-mintegietakoa.
KLIMA
Iruñeko klima transiziokoa da, mediterraneoaren eta atlantikoaren artean. Epel-hotza da, kontrastez beterikoa, eta aldatzen doa urte batetik bestera. Oro har, klima atsegina da, baina, uztailean eta abuztuan 35 gradura irits daiteke, eta urtarrilean, 0 azpikora.
Tenperatura
Iruñeko tenperatura, batez beste, 12,4 gradu da. Negutik udaberrira eta udatik udazkenera bat-batean gertatzen dira aldaketak, eta ez pixkanaka.
Tenperatura altuenen batezbestekoa 27,1 gradu da, eta abuztuan ematen da, hilik beroenean; baxuenen batezbestekoa 1,1 gradu da, eta urtarrilean ematen da, hilik hotzenean.
Euriak
772,5 litro metro koadroko da eurien kopurua, urtean. Urtean guztira 132 egunetan egiten du euri, eta egun horiek batik bat negukoak dira. Hilabeterik euritsuena abendua da, eta lehorrenak, uztaila eta abuztua.
Horrez gain, azarotik martxora bitarte, batez beste hizoztaldiko 39 egun dira, batez ere abenduan, urtarrilean eta otsailean.
Hodeiak eta haizeak
Iruñeko zeruan odei asko egoten dira; izan ere, urtean batez beste 300 egunetan egoten da zerua hodeitsu eta estalita. Oskarbi gehien bat uztail eta abuztuko egunak egoten dira, hilabete bakoitzean 8 egunez; abenduan, berriz, oskarbiko egunak, batez beste, 2 baino ez dira. Eguzkiko orduak, batez beste, 1.800 eta 2.000 artean izaten dira urtean.
Ziertzoa (ipar haizea) eta hego haizea dira Iruñeko haizeak. Haizearen abiaduraz bezainbatean, oro har, poliki eta bare samar egoten bada ere, haize-erauntsi bortitzak ere badira hainbat egunetan.
HISTORIA
Baskoiak eta Ponpeio generala
Mendiz inguraturik, Iruñerriko ordokia beti izan da gizakiok bertan bizitzeko egokia. Izan ere, Arga ibaiaren terrazetan harrizko tresnak aurkitu dira, eta horiek 75.000 urte inguru garamatzate gibelera. Kristo aurreko lehen milurtean bazen baskoien herrixka bat, egungo hiria dagoen toki berean. Hori izanen da, hain zuzen, Iruña izenaren jatorria, euskaraz "hiria". Cneo Ponpeio Magno general erromatarra K.a. 75. urtean iritsi zen, eta hiria sortu, hirigintza erromatarraren ereduari jarraituz. Haren izena eman zion, Pompaelo, eta indartu egin zuen Iruñeak penintsularen eta Europaren artean betetzen zuen lokarri eginkizuna.
Erresuma bat, kleroaren eskuetan
IV eta IX. mendeen artean, bisigodoak eta musulmanak jabetu ziren Iruñeaz. X. mendean nobleen klanek autonomia nahikoa eskuratu zuten, eta Iruñeko Erresuma sortu: Iruña izena sinbolo politikoa eta erlijiosoa zen hiriaren omenez jarri zioten, hura baitzen garai hartan "baskoien lurraldearen arima". Hirurehun urte baino gehiagoko aldian, hiriko jauna ez zen erregea izan, baizik eta apezpikua. Hori hala izan zen Antso II. Abarkak hiriaren dohaintza egin zuelako, Jainkoari musulmanen aurka emandako laguntza eskertzeko; geroko erregeek berretsi egin zuten dohaintza hura.
Hiru burgu harresiturik
XI. mendearen bukaeran Aragoiko dinastiaren erregeek (Antso Ramirez, Pedro I.a eta Alfontso I.a) lurrak birkonkistatu eta birpopulatzeari ekin zioten, gogotik ekin ere. Frankoak edo burgesak (merkatari eta artisau etorkinak) bertaratzearekin batera, Iruñeak utzi zion katedral inguruko herri handi bat izateari, eta barne-tentsioak sortu ziren. 1100. urtea baino lehenago Midiko frantziarrak hiri zaharraren mendebalean lekutu ziren, eta San Zernin izenarekin sagaratu zituzten hala eliza nola auzo berria, etorri berriak San Zerninenganako jaieradunak baitziren. Horrela sortu zen, bada, San Zernin burgua. Burges horiek aspaldiko nafar biztanleengandik aldenduta zeuden, eta erregeak 1129. urtean eman zizkien pribilegioek areagotu baino ez zuten egin aldentze hori.
Batasunaren Pribilegioa
XII. mendean, San Nikolas hiria sortu zen, izen horretako elizaren inguruan, eta etorkin berriek osatua. 1189an Navarreriak, non "nafarrak" bizi baitziren, frankoen forua jaso zuen, eta San Migel auzoa erantsi zioten. Nobleek, Navarrerian bizileku hartuta eta apezpikuaren laguntzaz, Gaztelarekin nahi zuten aliantza egin; San Zernin eta San Nikolaseko burgesek, ordea, Frantziarekin nahi zuten. Hiru guneak elkarren kontra aritu ziren borrokan, 1423. urtera arte. Urte hartan, Karlos III.a Prestuak hiru burguak entitate bakarrean bildu zituen. Jureria edo udaletxe berria eraiki zuten, eta armarri berri bat sortu, hiriarentzat; halaber, barne-harresiak eraikitzeko debekua ezarri zuten.
Kokagune harresitua
Gaztelak Nafarroa konkistatu eta hara erantsi zutenetik, 1512-1515ean, Iruña espainiar koroaren gune aurreratua bihurtu zen, Frantziaren aitzinean. Hurrengo hiru mendeetan zehar helburu bat izanen zuen Nafarroak: muga babestea, gerta zitezkeen inbasioetatik. Gotorlekuak eta harresiak defentsarako ezinbesteko bitartekoak bihurtu ziren, eta, aldi berean, hiriaren zabalkunde horizontala eragotzi zuten. Ziudadelak eta eremu harresitu berriak (XVI-XVIII. mendeak) gotorleku baten irudia iradokitzen dute, inoiz baino gehiago.
Erreforma neoklasikoak
XVIII. mendearen hasieran, gizarte iruindarra oso tradizionala zen oraindik. Biztanleetatik asko aristokratak ziren, edo klerokoak; ia-ia lauetatik bat nekazariak ziren, eta hiruetatik bat, artisau txikiak. Industrietan, ohial-lantegi bat, paper-lantegi bat eta bolbora-errota bat ziren bakarrik aipatzekoak. 1750etik aitzina modernizazio bidetik jo zuen Iruñeak: Udaletxe berria, estolderia, edateko ura garraiatzeko eroanbideak, iturriak, Katedralaren fatxada neoklasikoa... Hiriaren eztanda hori Napoleonen inbasioak eten zuen, 1808an. Inbasioari Independentzia-gerrak eman zion buru, 1813an. Napoleonen armada izan zen Ziudadela hartu zuen bakarra.
Liberalak eta karlistak, elkarren kontra
Independentzia-gerra amaitu ostean, ideia liberalak nagusi ziren Espainian, eta Nafarroak larri pairatu zituen horren ondorioak. Nafar kopuru handi bat absolutismoa eta foru-erregimena defendatzen zituzten karlisten alde lerratu zen. Iruñeak, ordea, liberalen alde egin zuen, nahiz eta biztanleetako multzo batek karlistak begiko izan. Iruñeko burges gogotsuek eta funtzionario burokratek maniobratzen jakin izan zuten, foruen erreforma baten bidez bere ideiei tokia egiteko (1841eko Lege Hitzartua). Madrilgo gobernua nafarren zerga-autonomia murrizten saiatu zen, eta 1839an manifestazio erraldoia egin zen Iruñean horren kontra. Espiritu horren ikurtzat, Foruen monumentua eraiki zuten. 1888tik aitzina, hiria zabaltzen hasi zen, Lehen Zabalgunea eraikitzearekin batera. Bertako arkitektorik hoberenek proiektu modernistak diseinatu zituzten, Iruñerako. Harresiek, berriz, bere horretan segitu zuten, 1915. urtera arte; izan ere, urte hartan eraitsi zituzten harresietako batzuk.
El siglo XX
XX. mendea hedapenaren aldia izan da, hirigintza, teknologia, ekonomia, gizarte eta kulturaren hazkundearena, hain zuzen. Iruñeak, gaur, gizarte-zerbitzu anitz eskaintzen ditu, bai eta hezkuntza, osasun, aisia, industria edo komunikazio gune asko ere. Azken batean, hiri modernoa da Iruña, bizi-kalitate maila handikoa.