Udaletxe plaza festen epizentroa izanen da berriz ere ostegunean, sanferminetako azken egunean, eguerdian konpartsari agurra eta gauerdian Gaixoa Ni eginen baitira

Udaletxe plaza festen epizentroa izanen da berriz ere ostegunean, sanferminetako azken egunean, eguerdian konpartsari agurra eta gauerdian Gaixoa Ni eginen baitira
Udalbatza hiriaren izenean aterako da, festetan hirugarren aldiz, San Ferminen Zortziurrenean parte hartzeko
pOBRE DE MI

 

Sanferminak bihar, ostegunarekin, amaituko dira. Festen azken egunean hainbat hitzordu tradizional izanen dira, hala nola San Ferminen Zortziurrena, agurra Erraldoi eta Buruhandien konpartsari edo Gaixoa Ni, baita errotzen ari diren beste zenbait ekitaldi ere, kulturen kalejira kasurako. Halaber, uztailaren 14a Hauek festak hauek!, Juego Rejuego eta Sport Kids haurrendako guneen azken astinduak aprobetxatzeko eguna izanen da, baita zezensuzkoarekin azken korrikaldiak egiteko eta azkeneko kontzertu eta dantzaldiak gozatzeko ere. 

Miura ganadutegiko zezenen azken entzierroaren ondoren, Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren txanda izanen da, zeina, egunero bezala, 09:30ean aterako baita. Ezpeletaren jauregitik abiatu eta Kale Nagusitik Udaletxe plazara joanen da, han Zortziurrenaren desfilearekin bat egin eta Udalbatza hiriaren izenean lagunduko du, 10:45ean. 11:00etan, elizkizuna eginen da San Fermin kaperan.

Zortziurrenak, San Ferminena barne, Miguel Périz de Legaria apezpikuak 1301ean deitutako Iruñeko elizbarrutiko sinodoan dauka jatorria. San Ferminen festa antzinakoa bazen ere, sinodo hartaz geroztik bete beharreko bilakatu zen, eta ospakizunari zortziurrena gehitu zioten. 1689ko uztailekoa da Udalak zortziurrenean parte hartu zueneko lehen erreferentzia. Festak iristeko zirela, hiria doluan zegoen Orleanseko Maria Luisa erregina, Karlos II.a Sorginduaren emaztea, urte hartako otsailean hil zelako. Hori horrela, ezinbestekoa zen zezenak, suak eta dantzaldiak bertan behera uztea. Udalbatzak erabaki zuen, uztailaren 5eko bilkuran, bertan behera utzitako ekitaldietan aurreztutako dirua Zaindariaren gurtza osatzera bideratzea, eta Zortziurren bat ezarri zuen, meza kantatu, sermoi eta guzti. Halaber, arren eskatu zien hurrengo udalbatzei ospakizun berriari euts ziezaiotela.

Mezaren ondoren, Udalbatza Iruñeko Udaletxera itzuliko da, eta harekin batera joanen dira, besteak beste, La Pamplonesa, Erraldoi eta Buruhandien konpartsa eta udal-dantzariak. Udaletxe plazan konpartsak zenbait dantza eskainiko dizkio hiriari; plazan bertan herritarrak egonen dira ikusten, eta Udaletxeko balkoietan, agintariak. Ondoren, Erraldoi eta Buruhandiei agurra eginen zaie, eta haurrei agur esanen diete, bederatzi egun sutsuren ostean, eta ia hiru urtez sanferminetan atera gabe egon ondoren.

Kulturen kalejira

Sanferminetako tradizioan festen azken egunean jada erroturik dagoen beste hitzorduetako bat ‘kulturen kalejira’ da. Iruñearen eta sanferminen kultur aniztasuna inoiz baino agerikoagoa egiten da ikuskizun koloretsu eta folkloriko horretan, zeinetan parte hartzen baitute hiriko dozenaka talde eta entitatek, hainbat geografia-jatorri eta kulturatakoak. Kalejira 18:00ak aldera abiatuko da Descalzos eta San Lorentzo kaleen elkargunetik, eta Alde Zaharreko hainbat kaletan barna ibili ondoren, 20:30 aldera Gazteluko plazara iritsiko da.

20:30 eta 21:00ak bitarte itxiko dira Sport Kids, Juego Rejuego eta Hauek Festak Hauek! haurrendako guneak. Uztailaren 6tik adin ezberdinetarako jarduerak eskaini dituzte, atrakzioak, aisialdi jasangarria eta hurbilpen bat dozena bat kirol baino gehiagora. 21:45ean, San Domingoko aldapatik zezensuzkoa azken aldiz aterako da joan-etorriko korrikaldi politak egiteko Udaletxe plazatik Kale Berriraino.

Gaixoa Ni

Eta gaueko hamabietan, ordubete lehenago su artifizialen azken bilduma erre ondoren, festei amaiera emanen zaie Udaletxe Plazan. Iruñeak ‘Gaixoa Ni’ abestu eta zapi gorriaren korapiloa askatuko du, sanferminetako bederatzi egunen ostean. Argiztatutako kandelekin beteko dira Udaletxe plaza eta hiriko beste hainbat gune santuari agur esateko, gauerdi hunkigarri batean, non aho batez abestuko baita ‘Pobre de mí, pobre de mí, que se han acabado las fiestas de San Fermín’ kantu tradizionala.

Une horretan, Udaletxeko balkoitik, Iruñeko alkateak 2022ko sanferminen amaiera aditzera emanen du, eta herritarrei gonbit eginen die hurrengoei urte batez itxoin diezaieten ‘Gutxiago falta da’ 2023ko sanferminetarako kantuarekin. Traka batek Burgoen plazan eta ‘Gaixoa Ni’ eta ‘Gutxiago falta da’ kantuen errepikapenek amaiera emanen diete aurtengo sanferminei.

¿Te ha sido útil esta página?