Udalak ‘Un león anda suelto’ aurkeztu du, Bigarren Hezkuntzako ikasleek Iruñeko Historiari buruz gehiago jakiteko argitalpena

Udalak ‘Un león anda suelto’ aurkeztu du, Bigarren Hezkuntzako ikasleek Iruñeko Historiari buruz gehiago jakiteko argitalpena
Testua Pedro del Guayo irakasleak idatzi du eta ilustrazioak Pello Madozenak dira

Iruñeak beste argitalpen bat du Bigarren Hezkuntzako ikasleek hiriaren historia gertuagotik ezagutu dezaten. Udalak gaur goizean aurkeztu du ‘Un león anda suelto’ liburua, hiriaren jatorria eta bere protagonisten historia aztertzen duen denboran barnako bidaia. Iruñeko armarriko lehoia orainalditik ihes egin eta iraganean barruratu da, hura modu argian, hurbilean eta bisualean erakusteko.

Argitalpenaren aurkezpenean Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkaria eta Pedro Aguayo testuaren egilea izan dira. Zinegotziak sarreran nabarmentzen duen bezala, liburuko orrialdeek aukera ematen dute, besteak beste, bertatik bertara ezagutzeko hiriaren jatorria eta hirian izan diren herriak eta kulturak, gatazkak, hiri-garapena, Iruñean ezagunak izan ziren lehen emakumeen izenak eta Sarasate pasealekuko Foruen Estatuaren aurpegia norena den.

Liburua aztarna zaharrenetatik abiatzen da, Paleolitotik eta Burdin Aroan sortu ziren lehen kokaleku egonkorretatik. Ondoren erromatarren, bisigodoen, musulmanen eta frankoen etorrera eta Aritza eta Ximeno dinastiak azaltzen ditu. Burguen eta judutarren auzoaren sorreraren eta ondorengo gatazken ondoren, Kapetoen dinastia eta Evreux dinastia, izurritea eta katedral berriaren eraikuntza etorri ziren. 

Liburuan beste hainbat gertakari ere jasota daude, hala nola burguen batzea eta Batasunaren Pribilegioa sinatzea, Nafarroaren konkista, Ziudadela amaitzea, Frantziarekin bakea, erreforma ilustratuak eta XIX. eta XX. mendeetako beste hainbat gatazka eta eraldaketa. Hori guztia zehaztasun historikoz eraikitako narrazio batean, pasadizo eta gertakari bitxiz josia, hiriaren historian barna ibilbide atsegin eta entretenigarria egiten duena, kolore guztietako ilustrazio ugariz eta edukia ulertzen laguntzen duten argazkiz maketatua.

Historian sakontzea
Lanaren argitalpena Bigarren Hezkuntzako ikasleendako Iruñeko historiari buruzko berariazko argitalpen baten gabezia detektatu ondoren egin zen, duela hamarkada batzuk Udalak Lehen Hezkuntzarako sortutako "Iruña ezagutu" eskola-programari jarraipena emateko.
Testuinguru horretan, eta Pedro del Guayo Luis Amigó ikastetxeko historiako irakaslearen proposamenari jarraiki sortu zen ‘Un león anda suelto’, LOMLOEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculum berriaren esparruan. Modu horretan, curriculum berria garatzeko erabilgarria den kalitatezko materiala eskaintzen da.

Del Guayo irakaslearen proposamena Pello Madoz ilustratzailearen lan grafikoarekin osatu da. Azken honek testuari eduki bisual oso erakargarria eman dio. Liburuaren lehenengo argitalpenak 400 ale ditu gaztelaniaz eta euskarara itzultzeko prozesuan dago. Iruñeko Bigarren Hezkuntzako 26 ikastetxe publiko eta itunduetan banatuko da eta 135 gramoko paperezko euskarrian egin du Print it – soluciones digitales enpresak, 2.880 euroan, gehi BEZa. 


‘UN LEÓN ANDA SUELTO. HISTORIA(S) DE PAMPLONA’

•    Argitaratzailea: Iruñeko Udala
•    Egilea: Pedro del Guayo
•    Ilustratzailea: Pello Madoz
•    Argitalpenaren kostua, guztira: 8.370 euro gehi BEZa

o    Testua egitea: 1.530 euro gehi BEZa
o    Liburuko irudiak: 1.700 euro gehi BEZa
o    Portadak egitea, osaera, maketazioa, testuen zuzenketak eta amaierako arteak: 2.260 euro gehi BEZa
o    400 ale digitalki inprimatzea: 2.880 euro gehi BEZa

¿Te ha sido útil esta página?