Arantzadiko parkeko Soto Etxea – Etxezuria ingurumen-hezkuntzako eta nekazaritza ekologikoko ikasketarako zentro bihurtzeko birgaitze-lanek lau hilabete bete dituzte, eta eraikin nagusiaren egiturazko eta ondoko eraikinak eraikitzeko lanak dituzte ardatz. Lanak azaroaren 18an abiatu ziren, eta urtebete iraunen dute, 2026ko azaroaren erdialdera arte. Inbertsioa 643.782,72 eurokoa izan da.
Gaur goizean bisitatu dituzte obrak Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideek. Lanek baratzezaintzako gune tradizional bat berreskuratu nahi dute, gizarte- eta hezkuntza-osagaia txertatuta: eraikina eta inguruko baratzeak nekazaritzarekin lotutako jarduera eta programa osagarriak garatzeko erabiliko dira, aisia eta herritarren parte-hartzea sustatze aldera (ingurumen-hezkuntzako proiektuak, azterketa- eta esperimentazio-proiektuak, ekoizpen-eredu alternatiboak...). Eraikinaren azalera eraikia 445,50 m2-koa da, honela banatuta: beheko solairua eta bi altuera, 314 m2-ko azalera erabilgarria barne hartuta.
Eraikina eraberritzeko proiektuan erabilitako irizpideak honako hauek izan dira: esku-hartzea ahalik eta txikiena izatea, zegoen eraikina errespetatzea eta haren ezaugarri bereizgarrienak balioan jartzea, hala nola egitura, hutsune mota eta kanpoko estaldurak. Irizpide horiek esku-hartzea baldintzatzen ari dira, eta, hala, erabaki funtzionalak hartu dira, lehendik zeudenetan oinarrituta, hala nola eskailerak eta hutsuneak ezartzea, bai eta ondoko elementuak ere. Xedea da eraikita dagoena ahalik eta gehien errespetatzea, eta, horregatik, ahalik eta eraispen gutxien egin dira erabilera berrira egokitzeko. Erki Construcción Sostenible SL enpresa ari da lanak egiten, Jokine Crespok, Laura Hernándezek eta Nacho Corderok osatutako Voilà! estudioak diseinatutako proiektuari jarraikiz.
Une honetan, eraikinaren egitura nagusian ari dira lanean, beheko solairuko zutabeak eta lehen solairuko forjatuetan zurezko habeak ordezten, baita estalkian ere, habeei, oholeriari eta petralei lotutako lanak egiten eta termiten eta beste intsektu xilofago batzuen aurkako tratamendua aplikatzen. Halaber, saneamendu- eta hornidura-sare horizontalaren trazadurarako lanak eta harguneak bukatzeko lanak ere eginen dira. Eraikinaren kanpoko aldean, guztiz eraitsi dira zeuden ondoko espazioak eta espazio berriak zimendatzeko eta hormak altxatzeko lanak egiten ari dira: aldagelak eta komunak izanen dituzte eraikin berriek.
Eraikin nagusiaren eta ondoko espazioen diseinua eta erabilerak
Eraikin nagusiaren beheko solairuan Arantzadiko meandroaren parkeko nekazal funtzioarekin lotutako erabilera anitzeko guneak egonen dira. Honako espazio hauek egonen dira: harrera-gune bat, komun publikoak, lantegiak egiteko eremu bat eta ekitaldi- eta hitzaldi-areto bat. Gune horiek beheko solairuan egonen dira, ingurumen-hezkuntzako programen barruan eginen diren bisiten eta hiri- eta eskola-baratzeen sareko kideendako edo interesa duten pertsonendako baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaroen eskariari erantzuteko.
Erabilera anitzeko espazio horietarako, eraikin nagusiaren beheko solairuan dagoen azalera erabilgarria eta ondoan eraikitako guneak erabiliko dira. Gune txiki berria lehen oilategi zaharra zegoen plataforman kokatuko da. Modulu prefabrikatu horretan, baratzeetan lan egiten dutenendako aldagelak eta komunak egonen dira. Modulu horretan, halaber, sarbide independente bat ezarriko da lehenengo eta bigarren solairuetan dagoen ikasle-egoitzarako eskailera-gunera sartzeko.
Eraikin nagusiko lehen eta bigarren solairuak ikasleek bizitzeko apartamentuak izanen dira, eta gazteek praktikak egiten ahalko dituzte nekazaritza ekologikorako ikasketa- eta prestakuntza-programen barruan. Lehenengo solairuan, logelak, guztiz egokitutako komun bat eta komun osagarri bat eginen dira. Bigarrenean, berriz, praktiketan dauden ikasleendako etxebizitzaren eguneko gelak kokatuko dira, hau da, gune komunak: sukaldea, jangela, egongela eta estudioa, eta egokitutako komuna, besteak beste.