San José udal-hilerriko errausketa-labe berria martxan da dagoeneko, azken egunotan egindako proben ondoren. Lau hilabete ondoren, errausketa-eraikinak berriz ere bi labeak martxan ditu dagozkion hileta-zerbitzuak egiteko. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziak eta Hirigintza Batzordeak gaur goizean bisitatu dituzte errausketa-labearen instalazioak, labearen instalazioari buruzko xehetasunak eta gunea egokitzeko eta hobetzeko lanak ezagutzeko.
Labeak zazpi errausketa egin ditzake 12 orduko lanaldi bakoitzeko. Aurreko labeak, oraindik ere erabilgarri dagoenak bezala, egunero gehienez ere lau hilkutxa erraustu zitzakeen, eta, beraz, edukiera orain ia % 50 handitu da. Labeak, berez, paralelepipedo-itxura dauka, oinarri angeluzuzenekoa, altzairu herdoilgaitzeko kanpo-inguratzailearekin, eta osorik garraiatzeko diseinatua dago, horrela, haren instalazioa errazte aldera. Ordezkatutako labea 2000. urtekoa zen, eta errausketa-eraikinean jarri zen lehen labea izan zen. Bigarren labea 2003an instalatu zen. Aurreikuspenaren arabera, bigarren labe hori ere 2022an zehar ordezkatuko da. Orduan, ia bikoiztu eginen dira San José udal-hilerriko errausketak: aurreko urteetan, egunero 8 izaten ziren, eta bi labe berriekin 14 izan litezke.
Ordeztea hornidura- eta obra-kontratu misto baten bidez egin da. Hornidura-kontratua labea instalatzeari dagokio, berez, eta obra-kontratua, kanpoaldean eta ingurunean egindako jarduketei. Sandwich-panelez egindako estalkia altxatu eta 5 x 6 metroko zulo bat ireki behar izan da hormigoizko forjatuan labea gaur egungo kokalekuan sartzeko, eta, ondoren, desmuntatu daitekeen egitura bat egin da, metalezko habeekin eta sandwich-panelekin, itxitura gisa. Halaber, gas-instalazioa aldatu behar izan da, labe berriak errauste-potentzia handiagoa duelako. Horri gehitu zaizkio ibaitik sartzeko estalkia iragazgaizteko lanak eta eraikinaren kanpoaldean egin behar izan den obra zibila, etorkizunean, bi labeendako gasa arazteko sistema bat instalatzeko.
Erki Construcciones enpresak instalatu du labea eta gainerako egokitze-jarduketak egin ditu. Lanen aurrekontuak 391.558,92 euro jo du. Aldatu den labearen kanpoko ganga 2021eko azaroaren 15ean hondatu zen; bi aste geroago, labe hori kendu eta gailu berria jarri zen.
Aurten, martxoaren 20ra arte, Iruñeko hilerrian 299 errausketa egin dira, orain arte egindako 450 hileta-zerbitzuen guztizkoaren % 66. 2021eko lehen hiru hilabete osoetan, errausketek 554 jo zuten. 2021ean, errausketen ehunekoa % 77,7raino handitu zen, egindako hileta-zerbitzuei dagokienez. 2.667 hileta-zerbitzutatik 2.072 errausketa egin ziren. Azaroan eta abenduan, hain zuzen ere, labe bat falta zenez, errausketak murriztu egin ziren, aurreko urteetakoekin alderatuta.