Iruñeko Udalak Nafarroako Klimaren Astearekin bat eginen du, urriaren 15etik 25era bitarte: larrialdi klimatikoari buruz kontzientziatzeko jarduerak eginen dira

Iruñeko Udalak Nafarroako Klimaren Astearekin bat eginen du, urriaren 15etik 25era bitarte: larrialdi klimatikoari buruz kontzientziatzeko jarduerak eginen dira
Programak honako hauek barne hartuko ditu: erakusketa bat, azoka bat, mahai-inguru bat eta, kontsumoari, energia-birgaitzeari eta etxeko jardunbide egokiei buruzko lantegiak
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak, Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Udal-estrategiaren esparruan, bat egin du Nafarroako Klimaren Astearekin: urriaren 15etik 25era bitarte eginen da klima-aldaketaren aurkako ekintza bultzatzeko xedez. Ekimen horretan administrazioak, ikastetxeak, elkarteak, enpresak eta herritarrak ari dira lankidetzan, eta xede du ezagutzak partekatzea, eztabaida sortzea eta, batez ere, larrialdi horren aurrean Foru Komunitatearen egokitzeko gaitasuna, jasangarritasuna eta erresilientzia errazten duten irtenbideak martxan jartzea. Iruñeko Udalak jarduera-programa zabala antolatu du, eta besteak beste, honako hauek barne hartuko ditu: erakusketa bat eta erakusketara bertara bisita gidatu bat, dirurik gabeko truke-azoka txikia, mahai-inguru bat eta, arroparen kontsumo arduratsuari eta etxeko jardunbide egokiei buruzko lantegi bana (Ingurumen Hezkuntzako Museoan). Programa osatzeko, energia-birgaitzeari buruzko lantegi bat eginen da Arrosadiko Eraldaketa Komunitarioko Bulegoan. Jarduera guztiak doan dira eta bi lantegietarako besterik ez da eman behar izena, 010–948 420 100 telefonoan. 

Nafarroako Klimaren Astearen inguruan antolatutako jarduerei hasiera emateko Kontzientzia ehunduz, ehungintzaren patroiak hautsi erakusketa inauguratu zen, SETEM fundazioaren Arropa Garbia kanpainaren barruan: urriaren 30era arte egonen da ikusgai Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Erakusketa interaktiboa da, formatu fisikoan eta digitalean (3D), eta xede du ehungintzaren industriak duen gizarte- eta ingurumen-eraginari buruz sentsibilizatzea informazioa, ikus-entzunezkoak eta jolasa-jarduerak uztartzen dituen murgiltze-esperientzia baten bitartez. Urriaren 21ean, 18:00etatik 20:00etara bitarte, Jose Luis Mariñelarena kanpainaren koordinatzaileak, ibilbide bat gidatuko du erakusgunean barna.  

Kontsumo arduratsua ardatz gisa hartu eta gai horrekin jarraitzeko, Kapsula armairua izeneko lantegia emanen du Megan Wallsek Ingurumen Hezkuntzako Museoan, urriaren 20an (asteartea), 18:00etatik 20:00etara bitarte. Jarduera parte hartzailea izanen da, eta ehungintzak planetari nola eragiten dion ezagutzera ematea du xede, kontsumo arduratsuago baterako alternatibak eskainiz eta bilduma pertsonal bat sortzea ere proposatuz.

Asteartetik aurrera eta urriaren 23ra (ostirala) bitarte ingurumen Hezkuntzako Museora gerturatzen direnek dirurik gabeko truke-azoka txikian parte hartzeko aukera izanen dute: ekimenak erostearen aurrean alternatiba bat eskaintzea du xede, eta berrerabilpena sustatzea. Baldintza bakarra, egoera onean dauden, dagoeneko erabiltzen ez diren eta beste norbaitendako interesgarriak izaten ahal diren objektuak eramatea da. Gehienez ere sei objektu trukatzen ahalko dira eta teknikariek gainbegiratuko dute, trukeak bidezkoak direla bermatzeko. 

Lantegiak eta mahai-ingurua
Erakusketara bisitaz gain, urriaren 21ean, asteazkenarekin, lantegiak izanen dira protagonista. Lehenengo lantegia, Jardunbide egokiak etxean, 16:00etatik 17:30era bitarte eginen da Ingurumen Hezkuntzako Museoan; herritarrek, keinu txikien bidez, eta energia aurrezte aldera, etxeko kontsumoak murriztera bideratuta dago. Bigarren prestakuntza-jarduera 18:00etatik 19:30era bitarte eginen da Arrosadiko Eraldaketa Komunitariorako Bulegoan, Energia-birgaitzea eta hiri-berroneratzea: esku-hartze globaleko proiektuak lantegia izena du eta, herritarrek auzoko hainbat eremuren diseinuan parte hartzea sustatzen duten proiektu horiek azaltzea xede duen topaketa didaktiko bat da.  Bi lantegietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da.

Nafarroako Klimaren Asteari lotutako udal-programazioa urriaren 22an, ostegunarekin, amaituko da, bi ataletan banatutako mahai-inguru batekin: Eraginak eta alternatibak modaren sektorean eta Erakundeen, marken eta instituzioen erantzunak eta alternatibak. Topaketan tokiko eta nazioarteko gizarte-erakundeen, sindikatuen, marken eta instituzioen ordezkariek parte hartuko dute, eta, hainbat sektoretan, ehungintza sektore globalizatuan kasurako, agerikoak diren gizarte, ekonomia- eta ingurumen-desberdintasunak jorratuko dira, baliabide naturalen eta lan-esku prekarizatuaren gehiegizko ustiapena eta horrek dakarren oinarrizko eskubideen urraketa azpimarratuz. Jarduera hori, bai eta lantegia eta erakusketa ere, Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Europar Batasunak eta Political Watch-ek finantzatzen dute.
 

Klimaren astea. Urriak 15 – 25

  • Urriak 5 – 30

    • Erakusketa.  Kontzientzia ehunduz, ehungintzaren patroiak hautsi

    • Ingurumen Hezkuntzako Museoa

  • Urriak 20 – 23

    • Dirurik gabeko truke-azoka txikia

    • Ingurumen Hezkuntzako Museoa

  • Urriak 20. 18:00 – 20:00

    • Lantegia. Kapsula armairua. Ingurumen Hezkuntzako Museoan.

  • Urriak 21, asteazkena 

    • Lantegia. Jardunbide egokiak etxean. Izen-ematea, 010-948 420 100 zenbakian.

    • 16:00 – 19:30. Ingurumen Hezkuntzako Museoan.Izen-ematea, 010-948 420 100 zenbakian.

    • Bisita erakusketara. Kontzientzia ehunduz, ehungintzaren patroiak hautsi

    • 18:00 – 20:00. Ingurumen Hezkuntzako Museoa

    • Lantegia. Energia-birgaitzea eta hiri-berroneratzea: esku-hartze globaleko proiektuak lantegia.

    • 18:00 – 20:30. Arrosadiko Eraldaketa Komunitariorako Bulegoa
      (Manuel de Falla k. 2). Izen-ematea, 010-948 420 100 zenbakian.

  • Urriak 22, osteguna. 18:00 – 20:00 

    • Mahai-ingurua. Eraginak eta alternatibak modaren sektorean. Erakundeen, marken eta instituzioen erantzunak eta alternatibak

    • 18:00 – 20:00. Ingurumen Hezkuntzako Museoa

¿Te ha sido útil esta página?