Iruñeak ostegunetik Los Iruña’ko taldeari eskainitako parke berri bat du. Iruñeko folklorearen funtsezko abestien egileak eta hiriko enbaxadoreak izan ziren Amerikan 50eko eta 60ko hamarkadetan. Parke berria Azpilagaña hegoaldean dago, Zaragozako etorbideko hiri garapen berriaren ondoko lurzatian, Sabicasen biribilgunetik gertu eta etorbidearen beste aldean dagoen Iruñeko Orfeoiaren parkearen parean.
Gaur goizean inauguratu dute parkea, eta Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea eta Rudy Goroskieta Kulturako Alorreko zuzendaria bertan izan dira. Los Iruña’ko taldekoen ordezkari gisa jada hilda dauden taldeko bost kideen senideak bertaratu dira. Joaquín Zabalza, Alberto Huarte, Enrique Abad, Iñaki Astondoa eta Enrique Los Arcos izan ziren taldekideak. Haien izenean Jokin Zabalzak hartu du hitza.
‘Que hizo a San Fermín llorar’ jotak girotu du plaka estalgabetzeko ekitaldia, Mari Cruz Corral solistak Jokin Zabalza Joaquin Zabalza Los Iruña’ko taldeko kidearen semearekin batera interpretatu duena. Abeslariak hiru hamarkadaz jarri dio ahotsa jota horri San Ferminen prozesioan, eta gaurkoan bere maisu izandako Joaquín Zabalzari eta tradizio horren sustatzaile izan ziren Los Iruña’ko taldekoei omenaldia egin die.
Bi plakek adierazten dute Los Iruña’ko parkearen izena, bata Sabicasen biribilgunetik gertuago eta bestea ibaiaren gainetik Sadar kalea Azpilagañako ingurabidearekin lotzen dituen oinezkoendako bidean.
Los Iruña’ko taldeari buruz
Los Iruña’ko Joaquín Zabalzak, Alberto Huartek, Enrique Abadek, Iñaki Astondoak eta Enrique Los Arcosek osatutako Iruñeko musika-talde bat izan zen. Jardunean egon ziren 50eko eta 60ko hamarkadetan eta oihartzun handia izan zuten Nafarroan bai eta maila nazionalean eta nazioartean ere. Abuztuaren 6an Enrique Los Arcos akordeoi-jotzailea hil zen 90 urte zituela; Los Iruña’ko taldeko azkena zen.
250 abestitik gora grabatu zituzten eta Europako eta Amerikako 20 herrialde baino gehiagotan kontzertuak eman zituzten, 1.5000 gala eta emanaldi baino gehiagorekin. Bere konposizioetako batzuk gogoangarriak dira, hala nola Sanferminetako entzierroen aurretik abesten den ‘A San Fermín pedimos...’ kanta, Osasuna Klub Atletikoaren ereserkia eta ‘La Javierada’ jota, Xabierko gaztelura egiten den erromesaldiari buruzkoa.
Taldea 1965ean banatu zen. Profesional gisa egin zuten azken kontzertua otsailaren 1ean izan zen Tuterako Moncayo zineman, Erriberako hiriburuko Lourdes auzoko behartsuen aldeko ongintzako jaialdi batean. 1980an beste emanaldi bat egin zuten Udaletxe plazan, taldeko kideei hiriko ohorezko zapia eman zietelako. Azkenik, 2003an, azken emanaldia egin zuten Gayarre antzokian, taldearen 50. urteurreneko omenaldia zela eta. Urte berean, Sanferminetako bigarren txupinazoa jaurti zuten.
Musikaren txokoa
Los Iruña'ko parke berriak musika-txoko txiki bat osatzen du Iruñean, musikarekin lotutako hainbat espazio eta elementurekin partekatzen baitu eremua. Zaragozako etorbidearen beste aldean, Arrosadiako hiri garapen berrian, Los Iruña'ko parkearekin berarekin lurpeko pasabide baten bidez komunikatuta, Iruñeko orfeoiaren parkea dago, bere geiser bereizgarriarekin. Parkeak izendapen hori dauka 2015etik.
Bi parkeen artean, Zaragozako etorbidea, Sadar kalea eta Mari Abrego kalea elkartzen diren biribilgunean, 2022ko martxoan, Agustín Castellón Campos "Sabicas" Iruñeko gitarra-jotzailearen eta flamenkoa bultzatu eta nazioartean hedatu zuenaren omenezko eskultura bat instalatu zuten. Carlos Cirizak egindako monumentu-multzoa Corten altzairuzko hiru pieza handitan eraikitako gitarra baten dekonstrukzioa da, gehienez 8 metroko altuera eta gehienez 9 metroko zabalera duena.
Azkenik, Los Iruña'ko parkearen iparraldean, Sadar ibaiaren beste aldean, Miguel Astráin kalea amaitzen da, 1850ean jaio eta 1895ean hil zen konpositore, instrumentu-jotzaile eta konpositore iruindarra. "La alegría de San Fermín" baltsaren egilea da. Gaur egun, "Astraingo balsa" izenez ezagunagoa da, eta uztailaren 6an sanferminetako Bezperetarako martxan abestu ohi da.