“¡Pamplonesas, pamploneses, iruindarrok! ¡Viva San Fermín! Gora San Fermin!”; horra, Udaletxeko bigarren solairuko balkoitik entzundako hitzak, La Pamplonesako Jesús Garisoain zuzendariordearen eta Jose Andrés Palacios lehendakariaren eztarrietatik aterata. Hitz horiek eta suziriaren eztandak gaur, eguerdiko 12:00etan, eman dizkiete hasiera Iruñeko bederatzi eguneko jai etengabeari. Bero handiarekin eta milaka lagunen aurrean jaurti den Txupinazoa zuzenean ikusteko aukera egon da hiriko bost tokitan jarritako beste horrenbeste pantailetan.
Garisoain eta Palaciosen ondoren, ehun urte bete dituen Udalaren musika-bandari lotutako beste lau pertsonak izan dute suziri nagusiaren ondoko batzuk jaurtitzeko ohorea izan dute. Jose V. Egea zein Carmen Barásoain eta Luis Sanmartín zein Mikel Juániz. 40 hedabidetako 160 langilek hiriko jaien hasieraren testigantza eman dute, bi udal-eraikinetatik.
Ekitaldi honetara gonbidatutakoen artean hainbat erakunde nafar izan dira, hala nola: Foru Gobernua eta Parlamentua, Nafarroako Gobernuaren Ordezkaritza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Kontuen Ganbera, hainbat merindadetako hiriburuetako ordezkariak –esaterako, Tutera, Lizarra, Tafalla eta Erriberri–; baita ere, Gorteetako hainbat senatari eta diputatu eta Iruñean egoitza duten hiru unibertsitateen ordezkariak. Edurne Tainta jaietako kartel ofizialaren egilea zein Javier Erro abeslaria, Cristina Sánchez toreroa eta kultur munduko beste pertsona ospetsu batzuk ere izan dira ekitaldian. Gonbidatutakoen artean Koreako udal-ordezkarien talde bat izan da.
San Fermin Bezperetarako martxa
Zinegotzien presentzia edukiko duen hurrengo ekitaldia arratsaldean izango da, 20:00etan: San Ferminen Bezpera Nagusietarako martxa, San Lorentzo elizara, ospakizuna Iruñeko Udalaren ekitaldi instituzionaletako bat baita. Bezperek 1599an, Iruña izurritetik babesteagatik, hiriak santuari eskainitako Botoan dute jatorri. Testuan honako konpromiso hau jasotzen zen: “Iruñeko zaindaria modu berezian eta derrigorrean ohoratzeko, hala bere festan nola bezperan ere”; eta, garai batean, haragia jateari uko egitea ere zekarren botoak.
Arratsaldeko alderdi musikala Katedraleko musika-kaperaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren esku egongo da, Mariano García Zalbak (1809-1869) ekitaldi honetarako konposatutako partitura entzungai jarriko baitute, San Fermin kaperan. Aurten, hain zuzen, musikagilearen heriotzaren 150. urteurrena ekartzen da gogora. Musika gregorianoko abestiak ere entzungo dira. Musika-zuzendaria Aurelio Sagaseta Kapera-maisua izango da.
Prozesioa, ekitaldi instituzionala
Eta, bihar, igandean –uztailak 7–, San Ferminen prozesioa izango da, sanferminetan Udalbatzak hiriaren izenenean parte hartuz izaten diren hiru ekitaldi instituzionaletako bigarrena. Goizeko hamarrak hamar gutxitan, Iruñeko Udalbatza –gala-jantzian eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak eta La Pamplonesa Udal Musika-bandak lagunduta– Udaletxetik aterako da Kabildoaren bila, Katedraleraino. Jarraian, San Lorentzo elizara joanen da.
Santuaren irudiarekin honako hauek aterako dira: Udalbatza, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa eta La Pamplonesa Udal Musika-banda, txistulariak, gaitariak, tinbalariak, libreadunak, mazolariak eta peñetako eta Jaunaren Nekaldiaren Ermandadeko ordezkariak. San Lorentzotik abiatuta, honako ibilbide hau egingo dute: Aduanako zokoa, San Anton, Zapatería, Calceteros, Udaletxe plaza, San Saturnino eta Kale Nagusia, amaiera San Lorentzon izango delarik, hor egingo baita meza. Ohiturari jarraikiz, ibilbidean segizioak geldialdi batzuk egiten ditu, omenaldiei lotuta: Al Glorioso San Fermín jota, Txantreako Santiago abesbatzak kantatzen duena, Kontseiluko plazan; eta San Zerningo putzutxokoa, non loreak uzten diren Santuaren oinazpikoan, Agur Jaunak abestia entzuten den bitartean.
Hiriko kaleetan San Ferminen irudiarekin egiten den ibilbidea noiz hasi zen argi ez badago ere, Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko erregelamenduaren eranskinei esker, jakin badakigu santuarekiko prozesioa, uztailaren 7ko goizean, Fernando de Rojas apezpikuak finkatu zuela, behin betiko. Herritarrak jarraitzaile dituen ekitaldia eta feria frankoa bat etortzea, eguraldi hobeko datan, zen helburua.
San Lorentzoko mezan ere, eguerdiko 12:00ak aldera, musika osagai garrantzitsua izango da, Aurelio Sagaseta zuzendari. Katedraleko musika-kaperaren eskutik, Iruñeko Orfeoiaren eta irakasleen orkestraren laguntzaz. Julián Ayesa arituko da organoan bakarlari. Erritu erlijiosoan, zenbait unetan, konposizio-herrikoiak entzungo dira, honako egile hauenak: Juan Mª Guelbenzu, zeinaren jaiotzaren bigaren mendeurrena ospatzen ari baita, Hilarión Eslava eta L. Van Beethoven.