Hemen baditun 14 – Aquí ya 14 erakusketak omenaldia eginen die XX. mendean euskararen alde aritu ziren 14 emakumeri, Kondestablen, abenduaren 10etik 20ra

Hemen baditun 14 – Aquí ya 14 erakusketak omenaldia eginen die XX. mendean euskararen alde aritu ziren 14 emakumeri, Kondestablen, abenduaren 10etik 20ra
Erakusketa arratsalde honetan ireki da, eta bertan izan dira omendutako emakumeak, eta zendu direnen kasuan, horien senitartekoak

Perpetua Saragueta, Maritxu Viscarret, Feli Setoain, Mikaela Labayen, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola, Luzia Goñi, Mikela Gastesi, Ceferina Fontellas, Ana María Echaide, Mirentxu Loyarte, Xole Erbiti, Pakita Zabaleta eta Sagrario Aleman protagonista dira Hemen baditun 14 – Aquí ya 14 erakusketan, non euskararen sustapenean egin duten lana aintzat hartzen baitzaie. Erakusketa arratsalde honetan ireki da Kondestablearen jauregiko bigarren solairuan patioa inguratzen duen galerian, eta abenduaren 20a arte bisitatzen ahalko da.

Inés Castiella Imaz irakasle eta erakusketako koordinatzailearen beraren ideia batetik sortu zen ekimena, 14 emakume hauen lana ikusarazteko, eta gaur, asteartearekin, inaugurazioarekin bat, aintzatespen berezia jaso dute. Inaugurazioan Cristina Martínez Dawe Berdintasuneko zinegotzi berezia, erakusketako koordinatzailea eta omendutako emakumeak beraiek edo, zendu direnen kasuan, senideak izanen dira, eta ekitaldian aintzatespen bana eman zaie egindako lanagatik. Ekitaldiko musika San Fermin abesbatzak jarri du.

Erakusketan profil pertsonal eta profesional ezberdineko hamalau emakume bildu dira, XX. mendean zehar euskararen sustapen eta normalizazioaren alde aritu direnak hainbat esparrutan, hala nola irakaskuntzan eta ikerkuntzan, musikagintzan, kazetaritzan, idazkuntzan eta eta bertsolaritzan, zinemagintzan, administrazioan, merkataritzan edota hizkuntzaren beraren memoria eta testigantza iraunarazten, etxean nahiz plazan. Erakusketan 15 taula daude, lehena erakusketaren beraren aurkezpena delarik eta gainontzekoek argazkiak eta biografiak dituztelarik, euskararen aldeko lanagatik aintzat hartu eta omendutako hamalau emakumeenak.
Taulen ondoko pantaila batean, erakusketako emakume batzuei lotutako ikus-entzunezkoak egonen dira ikusgai. Halaber, bi erakusleiho jarriko dira, non emakume hauek euskara sustatzeko egin zuten lanari lotutako beste material batzuk ikusgai egonen baitira. Iruñeko Udalak erakusketaren edukiak jasotzen dituzten 5.000 ale argitaratu ditu, eta erakusketa urtarrilean edo otsailean ikusten ahalko da berriro Emakumeen Etxean.

Laburbilduz, emakume hauek nahiz euskararen alde lan egin duten eta lanean jarraitzen duten emakumeak omendu nahi dira; eta, aldi berean, saiakera bat da, ikusgarritasunaz bezainbatean emakume eta gizonen artean esparru honetan dagoen aldea berdintzeko.

Emakume bertsolariak eta mahai-ingurua, jarduera osagarriak

Erakusketa abenduaren 3an ospatutako Euskararen Egunaren kariaz antolatu da. Horrez gain, Iruñeko Udaleko Berdintasuneko Alorraren nahiz Euskara Zerbitzuaren helburuekin bat dator. Hain zuzen ere, III. Berdintasun Plana betetzen da, zehazki Emakume euskaldunen kultur ekarpenak ikusgai jartzea delako ekintzan, Emakumeen ikusgarritasuna eta parte-hartzea sustatzea hiriko kultur adierazpenetan, protagonista, kudeatzaile, sortzaile eta kontsumitzaile gisara izenburu duen helburu zehatz honen barruan, eta Emakumeak ahalduntzea eta balio-aldaketa esku-hartze arloaren barruan.

Euskara Zerbitzuari dagokionez, euskara hirian normalizatzeko eta sustatzeko jardueren barruan dago ekimena. Erakusketak ‘Emakumeak izendatu Iruñean’ taldearen bulkada jaso du, hiriko emakume-erreferenteak ikusgai bihurtzeko duen konpromisoaren ondorioz, horretarako haien izenak nahiz haiek ekarpenak egiteko izan zuten ezberdintasun-egoera ezagutarazten duelarik.
Halaber, erakusketaren programak jarduera osagarriak dauzka bai 14 emakume hauen nortasunean eta lanean sakontze aldera bai euskara sustatze aldera. Ostegunean, abenduak 12, bertso-saioa egonen da 18:30ean, Saioa Alkaiza, Irati Majuelo eta Sarai Robles bertsolarien eskutik. Erakusketan barna ibiliko dira emanaldian, eta bertsoak omendutako 14 emakumeei eskainiko dizkiete. Mahai-inguru bat ere egonen da, data eta hizlariak oraindik zehazteko daudela, emakumeek euskara sustatzeko eta normalizatzeko duten paperari buruz.

¿Te ha sido útil esta página?